2022/10/17

HEZKIDETZA: Hezkidetza: gizarte-aldaketaren tresna.

Nire inguruko hezkidetzari buruz galdetzea nahiko adierazgarria izan da. Galderak adin desberdinetako lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleei egin dizkiet. Zaharrenetako batzuen ustez, kontzeptu horrekin pertsona guztiek ikasteko, lan egiteko eta aisialdiaz gozatzeko eskubide berberak dituztela esan nahi dugu. Hau erantzun dutenek badakite zein den politikoki zuzena den erantzuna. Badakite zer esan. Baina nire zalantza da ea gero egunerokoan benetako berdintasun-balioak praktikatzen dituzten edo ikasgeletako hezkidetzaren gaia denbora-galtze gisa ikusten duten, eta horrek ez ote digun gehiago sakontzen uzten, adibidez, ospe handiko ikasgaietan, hala nola matematiketan. Hala ere, irakasle gazteenek askoz sentsibilitate handiagoa erakusten dute. Jakin badakite curriculum ezkutu bat dagoela, eta aldatu egin behar dela. Badakite eskolan gertatzen denak gizartea aldatzeko balio duela. Badakite xehetasun txikiek, eguneroko ekintza txikiek garrantzi handia dutela berdintasunezko gizarte bat lortzeko. Ibai Fresnedok eta Nagoe Larrazabalek, esaterako, defendatzen dituzten jarreretatik gertuago daude gazteak. Haiek argi daukate Hezkidetza gaur egun hezkuntza sistemak zehazki eta gizarteak orokorrean duten erronkak nagusienetarikoa dela. Etorkizuneko gizartea bidezkoa izan dadin, gizarte hori osatuko duten pertsonak txikitatik genero berdintasunean heztea ezinbestekoa da. Modu horretan, indarkeria matxista desagerrarazi ahalko litzateke (emakumeenganako indarkeria, eraso homofobo zein transfoboak) baita berdintasunerako aukerak bermatu ere. Horrez gain, genero-berdintasunean hezteak beste eratako diskriminazioak murrizteko bidea zabaltzen du ( arrazakeria amaitzeko bidea ere da). Ondorioz, hezkidetzak berdintasunerako eta inklusiorako bideak zabaltzen ditu. Adinarekin betaurrekoak behar dira hobeto ikusi ahal izateko. Agian betaurreko moreak erabili behar dira errealitatea beste begi batzuekin ikusteko eta gaindituta egon beharko luketen moduak aldatzeko beharra hautemateko. Gazte askok ez dute betaurreko moreak erabili behar, beren begiek errealitatea bere horretan ikusten baitute. Behar duten gauza bakarra gizarteak behar duen aldaketaren protagonista izaten uztea da. Gazte hauek entzuteak itxaropena eman dit gizarte hobe baterantz goazela.
#Amaia

1 iruzkin:

  1. Izenburu ederra jarri diozu idatziari, Amaia.
    Poza eragin dizu inguruan dituzun lankide gazteen jarrerak eta etsita-edo zaude, ordea, zaharrenekin. Eskola bakoitza mundu bat da eta nirean adin guztietako konplizeak izan ditut.
    Aitortu behar dizut aspaldi ederki asko aukeratzen nuela guztion gaiak diren hauen inguruan zeinekin jardun eta, gizon gutxi ziren aukeratutakoen artean.
    Egun, ez dizu inongo gaztek, neska nahiz mutil izan, muzin egingo. Nago baina emakume heldu batzuk finago, sakonago ikusten dutela betaurrekodun moredun hainbat gaztek baino.
    Besoak zabalik hartuko ditugu batzuk eta besteak, ongi etorriak guztiak!

    ErantzunEzabatu