2022/10/22

Noiztik neska?

Noiztik ote dut neska izatearen kontzientzia?  

Ziurrenik umetan ondotxo bete nituen neska izateagatik konbentzioek eskatzen zidatena, esanekoa ni! Lehen zaplastakoa, aitaren arreba tia Luisak bidalitako mezu-azkonarekin heldu zitzaidan. Hankak zabal-zabalik nituela ikusi ninduen eserita lurrean. Haiek ez ziren neska baten moduak! Izan ere bi andre mota ziren ordurako nire buruan ondo sartuak, ganoradunak eta kafrangak. 

Oraindik ere sumintzen nauen oroitzapena da. Badakit baina, agindu horiek, astiro-astiro bustiak zituztela izeba eta bere aurrekoen arimak. Perbertsoa da gero azpiratuak ohartu gabe nola iraunarazten duen bereen gaineko zapalkuntza!

Zerk egiten ninduen emakume? Ez behintzat neurea izanda inondik ikutu ezin nuen eta izenik ere ez zuen zera horrek.

Eskerrak Jule Goikoetxeak argitu zidan: Emakumeen zapalkuntza kontzeptu materialista feministekin aztertuz gero, deuseztatu egiten da emakumeak “talde natural” bat diren ideia[1], hau da, “mota berezi bateko arraza-talde bat: naturaltzat hautemaniko talde bat, beren gorputzetan materialki espezifikotzat harturiko gizon-talde bat” https://www.susa-literatura.eus/liburuak/lisi0303

Erlijiotik eskapa eta  geure burua entzuten ikastearekin ekin genion gure adinekook lotuta gintuen makinari astunetik askatzen.  Irakasleren bati miresmenez entzundakoak eta irakurketek asko lagundu zuten bidean.

Miren Arangureni  eta Jule Goikoetxeari berari  udan irakurritakoak zer pentsatu eman ditgizon-emakume kategoriaz. Geroa, gizonik eta emakumerik gabe.

Bizi-bizi dira, trans legearen tramitazioaren harira, genero autodeterminazioaz zabaldutako eztabaidak. Bero datorkigu udazkena!

 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina