#Bittor etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Bittor etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/03/29

TRATU ONAK DENBORA GUZTIAN!

 TRATU ONAK


1. Maitasuna ulertzeko indarrean dagoen paradigma.

2. Besteekin harremanetan egoteagatik sortzen duguna.

3. Pertsona orok duen helburu eta eskubidea.

4. Tratu onean hezteko bide bakarra.

5. Izaki sozialak garen heinean etengabe sortzen ari gara.

6. Nork bere buruarekin landu beharrekoa.

 

    #Igorete-ren post-a aukeratu dut izenburuak duen indarragatik: Ondo maite zaitut! Erraza ematen duen esaldi sinple honek konplexutasun handia erakutsi dezake. Zer da ondo maitatzea? Ondo maitatzen dugu/gaituzte? Nire ustez, honek laburbilduko luke hein handi batean tratu onen esanahia. Azken batean maite dugun jendearekin egiten ez badugu norekin egingo dugu ba? Honekin ez dut esan nahi maite dugun jendearekin bakarrik jarri behar direla praktikan. Gai honetan, denok, pertsona bezala, ondo tratatuak izateko eskubidea azpimarratu baitugu. Honekin ere, Post honetan agertzen den Miren Amuriza-ren gogoeta irakurtzera gonbidatu nahi zaituztet. (Berria, 2016)


 

    Tratu onak denbora guztian, hau da aurreko egunean lagun bati bere sare sozialetan aurkitu niona. Zer pentsatu eman zidan, bikote heterosexual baten oinarrituta egon arren, harreman guztietarako erabili daitekeela uste dut. Hori bai, tratu onean trebatzeko tresnak dira garatu behar ditugunak eta gaur egungo gizartean ez dira eredurik onenak erreferente bezala erabiltzen. Telebistan ikusiena diren telesail eta reality-ak aztertzen baditugu honen falta handia dagoela ikusi dezakegu: La isla de las tentaciones, Salvame, Mujeres y Hombres... asko dira harreman toxikoen gorazarrea egiten dutenak. Hori denez jendeak gehien ikusten duena inolako etika eta moralik gabe horrelako programak sortzea besterik ez dute egiten. Hemen gurean ere arrakasta formula hori erabiliz asko izan dira azken urteetan tratu onaren ikuspegitik suspentso argia ateratzen dutenak: El conquistador del fin del mundo, Baserria... 

    Horrelako programak erreferente izaten jarraitzen duten heinean oso zaila izango da hezkidetzak egiten duen lanketa guztiari etekina ateratzea. Harreman toxikoak eta onak ez diren tratuak etengabe erreproduzitu eta normalizatzen ditugulako, horrelako produktuak gure telebista kateetatik at egon beharko lukete. Eta hezkuntza ezin da errealitate horretatik isolatu, horrelako produktuei kritika erreal bat egiteko hezi behar ditugu eta gara. Tratu onak guztientzat.

 

    Eta amaitzeko bertso polit hau aurkitu dut tratu onen ingurukoa, benetan entzuteko modukoa eta ikasgeletara eramatekoa: 

TRATU ONAK BERTSOA




2021/03/20

SUNT HOMINES, HABEMUS MATXISMUN!

 

“Gizonak bere identitate maskulinoari balioa emateko, hiru gauza sinetsarazi beharko dizkie besteei: ez dela emakumea, ez dela haurra eta ez dela homosexuala”                                                                                                                                                                                                                                                          Elisabeth Badinter

 

    Maskulinitate hegemonikoaren ideia esaldi batean laburbildu beharko banu hauxe izango zen aukeratuko nukeena. Sistema patriarkala era sinple batean ulertzeko eta gizon izateak ematen dizun botereaz jabetzeko baliogarria. Maskulinitate eredu nagusia zalantzan jarri eta gizon izatea mila modutan ulertzea beharrezko lanketa bat ikusten dut gure aldetik, emakumeei historikoki zor diegun gutxienekoa. 


 

    Tamalez, nahiz eta maskulinitate eredu berrien inguruan gehiago entzun eta erreferente berriak sortu arren, feminismoak egin duen lanketa eta teorizazio lanaren aldean oso astiro goaz. Eta horrek mugimendu feministak egiten diren eskariei aurre egiteko prestatu gabe egotea dakar. Bereziki garrantzitsua ikusten dut gizon heterosexual zurien interpelazioa, ez baitute behar bat bezala ikusten. Horrek argi erakusten du zenbat kostatzen zaigun gure boterea eta pribilegioei uko egitea, askotan biktima papera hartzeraino. Argi eta garbi hori ez da bidea. (Feminismoa eta gizonen egitekoa , ARGIA)

 

    Hala ere, askotan indarkeriaz hitz egiten denean gizon heterosexual batek emakumeengan sortzen duenaz bakarrik hitz egiten da eta garrantzitsua iruditzen zait beste errealitate batzuk ere mahai gainean jartzea: gizon homosexualen artean ematen den indarkeria adibidez. Gizon identitatea izateak ekartzen baitu indarkeriaren erabileraren asimilazioa eta legitimizazioa. Gabriel J. Martin psikologoak gizon homosexualen harremanen inguruko hainbat bideo ditu.



    Ez dira gutxi eremu hezitzailean maskulinitate berriak lantzeko beharra justifikatzeko argudioak. Hauek dira niretzat garrantzi handiena dutenak:


- Indarkeria matxistak unibertsala eta orokortua izaten jarraitzen du.

- Bizi dugun sistema patriarkalak, edozein gizon, EDOZEIN, bihurtzen du erasotzaile potentzial.

- Oraindik ere indarkeria matxistak lantzean emakumeengan jartzen da fokoa: emakumeei kontuz ibil daitezen esaten jarraitzen dugu gizonei indarkeriaren erabilera ez egiten erakutsi beharrean.

- Agerikoak dira maskulinitate berriak lantzeko banakako zein kolektiboan dauden erresistentziak: oraindik indarrean dagoen sistema patriarkal, matxista eta homofoboaren isla.

- Heterosexuala ez izateak ez zaitu indarkeriaren erabilera egitetik kanpo uzten. Gizon orok landu behar du maskulinitatea.

- Feminismoak aurrera egiten jarraitzen duen bitartean gu atzean geratzen ari gara. Elkarbizitzen jarraitu behar dugunez, gizonezkooi pilak jartzea besterik ez zaigu geratzen.


    #Igorete-ren POST-a aipatu nahiko nuke amaitzeko. Bertan erabili duen izenburuak sortu dizkidan barne deserosotasunak oraindik ere argi uzten duelako egin beharreko lanketa.



2021/03/13

GATAZKARIK? BAI MESEDEZ!

 

Mendelek egindako esaldi honekin hasi nahiko nuke nire gogoeta txiki hau, ados bainago XIX. mendeko naturalista honek egindako baieztapenarekin. Gero, ordea, eskola eremuan gatazkak zuzendu eta agertzea eragotzi beharreko disfuntzio edo patologiatzat hartzen direla irakurri eta gero Egia da eskola garaia dela pertsona bezala garatu eta bizitzan aurrera egiteko estrategiak landuko ditugun etapa. Beraz, orokorrean gatazken kudeaketa estrategia hau bizitza guztiko eremuetara zabaldu dugula uste dut orokorrean . Mendelek dioen bezala gizakiak gatazka berezkoa badu eta eskolak gatazkak saihestu beharrekoak direla erakusten badigu, a zer nolako estresa! Amaieran Neori bezala gertatuko zaigu...

 


Horregatik, Johan Galtung soziologoak gatazken inguruko ikuspegi positiboaren aldeko aldarria gustatu zait. Gatazka gainditzen saiatu beharreko erronka bezala aurkezten du eta honek gure izateari zentzua ematen dion arrazoietako bat omen da, aldaketaren arrazoia. Azken honekin errazago eraman dezakegu Mendelen penitentzia. Gatazkak, orduan, bizitzako eremu guztietan agertuko zaizkigu, hauek saihestu beharrean hauen kudeaketan trebatu beharko! Eta gatazka bera gu pertsona bezala garatzeko ezinbestekoak ditugun aldaketen eragilea bada, pare bat gatazka mesedez, ez asko ez gutxi eginak, bere puntuan!


Gaur egun hezkuntza-komunitatean kezka sakona dago ikasleek gero eta portaera bortitzagoa izaten dute eta, ikaskuntza-giroari eta ikasleen ongizateari kalte eginez. Hori dela eta, irakasleen erronka nagusietariko bat indarkeria saihestea eta eguneroko gatazkak kudeatzea da. Beraien kudeaketa egokia egiteko garatu beharreko gaitasun eta tresnen ezagutzak ezinbesteko garrantzia dauka. Honek eskola barneko bizikidetza hobetzeaz gain, ikasleen ikasketa arrakasta hobetu eta bizitzako edozein eremuetan eragiteko prestatuago egongo dira: eremu profesional zein pertsonalean. Honekin batera irakasleak bizikidetzan trebatzeko material hau aurkitu dut, non gatazken kudeaketen inguruan dinamika desberdinak aurkezten dituen.

GATAZKA. GATAZKAK KUDEATZEKO MATERIALA


 


Bideo honetan Komunikazio Ez bortitzean (KEB) oinarritutako JIRAFEN HIZKUNTZA liburuaren aurkezpena egiten da, non irakasleei ikasleekin lantzeko proposamen sorta eskaintzen die. Emozioak, beharrak, gatazken kudeaketa eta autoestimua lantzeko etapa desberdinetarako dinamikak biltzen ditu. Irakasleentzat ezinbesteko euskarria, zeharkako hezkuntza-gaitasunetan oinarrituta, bizitzarako behar dituzten balioetan sakontzeko. Interesatuak: https://nereamendizabal.eus/baliabideak


Amaitzeko #Ander Alonso-ren POST-a ekarri nahiko nuke hona. Non Rigoberta Menchuren hitzek duten balioa eta garrantzia azpimarratu nahiko nukeen. “La paz no es solamente la ausencia de la guerra, mientras haya pobreza, racismo, discriminación y exclusión difĆ­cilmente podremos alcanzar un mundo de paz”. Bake faltsu batean bizi garenaren beste adibide bat.

 

2021/03/06

HOBE (GAIA) EZ IKUTZEA, EZ?

 

    Heziketa afektibo sexualaren bloke honetan irakurritako denak sentimendu kontrajarriak ekarri dizkit. Alde batetik, amorrua: jaso genuen heziketa afektibo sexual ezagatik edo behintzat ez egoki edo partxe eragatik. Nostalgia: identitate sexuala eraikitzen hasten zaren garaiaren inguruko oroitzapen asko ekarri dizkit gogora. Poza: orokorrean hezkuntzan gabiltzan jendeak hau garatzeko eta benetan lantzeko dagoen beharraz kontzientzia nabaritu dudalako azken urteetan. Guk edukitako gabezi batek sortua edo? 

 

    Aurreko urteetako Post-etan informazio mordoa eta bideo oso interesgarriak aurkitu ditut, bat aukeratzekotan #Jaso- rena aipatu nahi dut. Arrakalak dokumentala oso interesgarria eta hurbila iruditu zait eta kolektibo oso baten hausnarketak, esperientziak eta beharrak ikusteko ezinbestekoa.

    Azken urteetan oso proiektu interesgarriak atera dira alor honetan, asko oso entzutetsuak izan dira: Gasteizko Porno eskola eta Nafarroako Skolae aipatu nahiko nituzke besteak beste. Tamalez kolektibo katolikoek beraien kontra egindako salaketak sortutako oihartzunak estali zuen bi proiektu hauen balio hezkidetzailea. Harrigarria nolako indarra eta legitimitatea duten oraindik ere sistema heteropatriarkal eta katolikoak ezarritako erresistentziek. (Berria, 2017), (Berria, 2020)

12-13 urterekin hasten dira EAEn pornografia ikusten

    Beste artikulu honen izenburuak ere zer pentsatu eman zidan. Harritu ez, nik bizitako errealitatearekin bat egiten duelako baina bai askotan ez dugulako kontuan hartzen heziketa afektibo sexual efektibo bat garatzerako orduan. Gazteengan eragin nahi badugu ezin diogu errealitate honi muzin egin eta Pornoa oso errotuta dago gure gizartean. 


 

    Guzti honekin ere Sex Education telesaila gomendatu nahiko nuke, heziketa sexuala jorratzen dute umorea erabiliz baina errealitatea ondo islatuz.


 






2021/02/27

APUR DITZAGUN HORMAK

     Azkeneko bloke honetan ikusi ditugun bi gaietan kontzeptu eta ideia asko landu al izan dira: asko ezagutzen nituen, beste asko ez, beste batzuk zer pentsatu eman didate eta nituen ideia batzuei ere hautsa kentzeko ondo etorri zaizkit. Irudi bat aukeratzerakoan horma bat etorri zait burura. Identitateen inguruan asko teorizatu dugun honetan praktikan oraindik ere horma bat irudikatzen dut. Errealitatean aurkitzen ditugun erresistentziek eta oztopoek teorizatutakoa eta praktikaren arteko arrakala handitzen dutela esango nuke. Aurreko blokeren batean esaldi batek zioen bezala: “Ez dago teoria onik praktikara eraman ezin bada”


 

    Horregatik horma honek oraindik ere identitatea aske garatzeko momentuan aurkitzen ditugun oztopo guzti hauek irudikatzea nahiko nuke. Nola askotan gu geu garen oztopo hori eraikitzen dugunak eta gero nola sistema oso bat dagoen berau baimentzen dutena. Eta horren ondorioa da identitate hegemoniko batzuen nagusitasuna eta mantentzea.

    #Nagoreren Post hau aukeratu dut izenburuak hasieratik harrapatu nau eta, oso ekarpen interesgarriak dituela iruditu zait. Patriarkatuak oheraino jarraitzen gaituen artikulua asko gustatu zait eta hasieran erabili dudan hormaren ideiarekin lotura duela esango nuke. Horma horiek apurtzeko beharraz eta dauden arrakal horiek gainditzeko beharraz.

    Bi material ekarri nahiko nituzke hona Hezkuntzatik eta hezkidetza ardatz horma guzti horiek apurtzen laguntzeko: bata Steillas sindikatuak ateratako Genero eta aniztasun sexualerako gidaliburua, edozein ikastetxeetan abiapuntu bezala oso material interesgarria iruditzen zaidana.

    Eta bestetik Salón Erotico de Barcelona-k urtero spot bat ateratzen du sexualitatearekin lotutakoa. Nahiko gordinak izaten dira baina mezu potente bat daukate atzetik eta alor honetan transmititu nahi duten mezua oso interesgarria iruditzen zait. Kasu honetan identitatearen garapenean aurkitzen ditugun oztopoak argi eta gordin irudikatzen dituzte.Dituzten besteak ere ikustera animatzen zaituztet Youtubeko adin langa gainditzen baduzue. Sentsibilidadea mindu dezaketen bideo bezala katalogatuta omen daude. Interneteko hormak...


    Eta amaitzeko musika pixka bat...

 


 

 

 

2021/02/20

ARAKATU ZUEN UZKIAK!

 

ARGIAk IƱigo Etxezarretari egindako elkarrizketatik ateratako gogoeta batetik ateratako ideia da, eta identitateekin zuzenki lotura duela iruditzen zaidana. Egia da gizonei zuzenduta egon arren pertsona guztietara estrapolatu daitekeela ideia. IƱigo egindako “hasi ulertzen zu ere subjektu penetrable bat zarela –eta ez naiz ari soilik sarketa unean zure uzkia pixka bat ukitzeaz; hori ere errentagarri izan daiteke–. Kontua da horretarako ez daudela prest.”


Uzkia beti izan da maskulinitate hegemonikoaren antitesia, uzkiarekin plazerra lortzea maskulinitate eredu horretatik kanpo dauden pertsonei egotzi baitzaie. Beste behin, guzti honek, sexu genero sisteman eraiki den gako dikotomiko zurrun bati erantzuten dio eta normaltasun hegemoniko bat ere ezarri du. Metafora bat egin nahiko nuke, ea azaltzeko gai naizen. Uzkia identitatea litzake, tabua den zerbait, esploratu ezin den zerbait eta gizon izan nahi badugu ukatu behar duguna, ez normatiboa finean. Identitateak ere horrela lirateke, normatik ateratzen den guztia, ukatua izan zaigu, ikertu ezina. Horrek pertsona bezala garatzeko aukerak izugarri mugatzen dizkigu eta hortik dator uzkia arakatzearen beharra. Ez sexu praktika huts bat bezala ulertuta (IƱigok dion bezala errentagarria litzateke) baizik eta identitate erreal eta aske bat lortzeko abiapuntua. Behin eta berriz aipatutako identitate zurrun hori hautsi eta irekitzen den abaniko berriak arakatu, sentitu, bizi eta gozatzeko aukera ematen duena. Hori litzateke benetako eraldaketa, eta aipatutako identitateak aske eraikitzen lagunduko ligukeena. 

 


 

Curriculum ezkutuak oraindik ere pisu handia dauka gure hezkuntza sisteman. Gizartea azkar aldatzen ari da azken urte hauetan. Gure ikastetxeetan errealitate gero eta anitzagoak dauzkagu (edo orain ohartzen ari gara) eta protokoloak sortzen ari dira indarkerian eratorri daitezkeen kasuei aurre egiteko. Baina hezkuntza sistema ez da gai gizarteak eramaten duen abiadura jarraitzeko eta edukirik gabeko errespetura bakarrik mugatzen den eremu batera mugatzen garela esango nuke. Hau da, niri berdin dit zer den, klaseko beste ikasle bat da eta berdin tratatzen dut. Jarrera hori hasiera batean ondo iruditu arren, eskola hezkidetzaileak pausu bat gehiago ematera eraman behar gaitu: errealitateak ulertu, desberdintasuna goraipatu, ahaldundu, formakuntza, identitateak ez mugatu, zurruntasunetik ihes egin... horiek azkar batean etorritakoak. Errespetuaren izenean denak berdin tratatze horrek, benetan identitate anitz horien beharren erantzunean oso pobre geratzen garela esango nuke. Ez diogu benetan gizarteak aurkezten dizkigun erronkei aurre egiten. 

 


 

Aurreko urteetako ikaskideen ekarpenetan murgilduta egon ondoren #Marijo-ren sarrera aipatu nahiko nuke, Sistema bitarra gainditzeko garaia azaleratzen du bere ekarpenean. Hori da, nire ustez ere gakoa. Paradigma dikotomikoa suntsitu behar da identitatearen garapen aske bat nahi badugu. Eta amaitzeko Maialen Lujanbioren altxorretako bat:

 


 


2021/02/06

IPARRA GALDU HEGORA JOAN!

 

Aste honetan zehar landu dugun gaian agertzen diren datuek argi eta garbi erakusten dute gazteek orientazioan hezkidetzaile bat jasotzetik urrun gaudela oraindik. Ez dut pisu guztia orientatzaile figura horretan jarria nahi, hein handi batean guztiak garelako ikaslearen orientazio lan horretan eragiten dugunak: gure ikasgaietan erreferenteak emanez, material ez estereotipatua eskainiz, hizkuntza ez sexista erabiliz, beraien sexuagatik mugak ez jarriz... Honek guztiak laguntzen baitu gerora ikasketen datuetan aurkitzen dugun segregazioa ulertzen.

 

Grafiko honetan ikus daiteke, nahiz eta titulazioaren aukeraketa gehienetan generoak eragina duen, ingeniaritza eta irakasle-ikasketak direla genero rolen eragin gehien pairatzen duten titulazioak. Ingeniaritza ikasketetan nabarmenagoa da gizonen presentzia, eta irakasle-ikasketetan berriz, emakumeena. Ikasketa bakoitza lan erreproduktibo eta produktiboarekin lotzeko eskatuko baligute argi eta garbi geratzen da genero arrakal hori.

Debabarrenako Orientazioa Ez Sexista gida hau aurkitu dut eta oso interesgarria iruditu zait. Tradizioz Metalaren industriarekin lotutako eskualdea izanik kanpoko ekonomien oso menpekoa da. Globalizazioak eragin kaltegarriak ekartzen dizkienez ekonomia suspertze aldera beharrezkoa da potentzial baliotsuena garatzen ahalegin garrantzitsua egitea: pertsonak, hain zuzen. Eta horretarako gida hau garatzen dute. Tokian tokiko lan errealitatea aztertzea beharrezkoa izanik, orientazio lan eraginkor bat diseinatzeko eta batez ere generoak sortzen dituen arrakal horiek ekidin gazte guztien talentua ez galtzeko.

Aurreko urteko post-ak saltseatzen ibili eta gero #Nagore-k egindakoa aukeratu dut. Batez ere, bertan lan merkatuaren inguruan egindako gogoetagatik eta gero ere datuak eta informazioa jasotzen duen aurkezpen argiagatik. Zuzena, sinplea eta erraz ulertzekoa. Post hau gozatzeko nire sarrerari izenburua ematen dion abesti hau jarri nahiko nuke!


 

Honekin guztiarekin bukatzearren, ondorio labur gisa esan liteke genero rolek ikaragarrizko eragina dutela ikasketa erabakietan, eta horiekin amaitzea zaila den arren, garrantzitsua dela gutxienez euren eraginaren inguruko kontzientzia piztea, hori izango baita askatasunaren eta berdintasunaren bidearen lehen giltzarria.


 



2021/01/31

(B)ALIA GAITEZEN

 

Curriculuma eta baliabide didaktikoen inguruko hausnarketa honetan hainbat ideia etorri zaizkit burura eta hauek izan dira ni bigarren hezkuntzan lanean egon naizenean izan edo aurkitu izan ditudan zailtasun batzuk. :


- Hasiera batean bilatu ditudan baliabide gehienak hezkuntzako lehen bi etapetara bideratuta daude gehienak.

- Horrek Bigarren hezkuntzan, batxilergoan eta lanbide heziketan dauden interes falta bati erantzuten diola esango nuke, horretara bideratutako baliabide gutxiago sortzen ditugulako.

- Azken etapa hauetan irakasle bakoitza bere materiara mugatzen diren ezagutzak ematera bideratzen gaituzte. Edukiek oraindik ere pisu handia dute, garrantzitsuena curriculumean dauden eduki guztiak ematea dela sinetsita gaude.

- Balioa hezkidetzaileak lantzeko tailerrak eta tutoretza bezalako orduak daudenaren aitzakia askotan entzuten da.

- Ikasleen jarrera eta balio desegokien zergatia azaltzeko eskolaz kanpo dauden errealitatean bilatzen saiatzen gara, errua kenduz. Aurreko etapetako lankideei errua botatzeko joera handia dago.

- Orduan ikuspegi hezkidetzailea txertatzea irakaslearen esku geratzen da. Honek ere hezkidetza zer den eta nola landu irakasle bakoitzaren ezagutzaren menpe uzten du eta orokorrean formakuntza falta dagoela esango nuke.

#Rosana-ren sarrera aipatu nahiko nuke, bertan Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergora bideratutako hausnarketa eta materiala aurkezten duelako.




Askotan zientziaren zurruntasunak gai hezkidetzaileak lantzeko aukerarik ematen ez duela pentsatzen dugu askok. Beti dago aukera ikuspegi hezkidetzailea txertatzeko daukagun material ez hezkidetzailearen inguruko kritika sustatuz, berau moldatuz edo eta egokiagoa den batengatik aldatuz.

Amaitzeko #Igorete proposatutako bideo interesgarri batekin utziko zaituztet.


 

2021/01/24

DABILEN HARRIARI GOROLDIORIK EZ!

 

#Aino-ren sarrera aukeratu dut aurreko urteetatik irakurritakoen artean. Bertan erabiltzen duen lehen esaldiak harrapatu nau. “Munduak ezin du galdu duen ezagutzaren erdia”. Ikastaroan zehar behin baino gehiagotan agertu dira Teresa NuƱo Angosen hitz hauek, eta gai honetan ekartzeak ere partaidetzarekin duen loturaz ohartu naiz. Ezagutza horren ikusezintasuna hein handi batean partaidetza patriarkal baten sistemak mantendu duela esango nuke. Honek ere argi indartu egiten du partaidetza hezkidetzaile batek baimendu egingo du munduak duen ezagutzaren erdia ez galtzen.


Herri mugimenduan izan dudan esperientziagatik gai honi garrantzi handia ematen diot. Pertsona desberdin askok marko berean lan egitea nahi badugu, denon partaidetza sustatu eta bermatuko dituzten estrategiak txertatzea ezinbestekoa da. Horretarako eta izandako esperientziagatik positiboki baloratu eta gero hauek dira aurreko guztia betetzen lagundu izan diguten bide batzuk:


- Bilkura marko horiek gune seguru izan behar dira parte-hartzaile guztientzat.

- Dinamizatzaile batzuk egon behar dira (ez beti berdinak) partaidetza hori bideratuko dutenak.

- Denbora tarteak errespetatu eta errepikapenak saihestu.

- Betaurreko moreak jarrita izan, dinamizazio zein parte hartze prozesu osoan.

- Partaide guztiak baloratuak sentiaraztea, parte hartzea sustatu eta eragin ahalmena handitzeko.


 

Aipatutako guztia nahiko ondo azaltzen da Joxemi Zumalabek ateratako Dabilen harriari goroldiorik ez (2014) liburuan. Bertan militantzia eta horizontaltasunaren inguruko hausnarketak biltzen dituzte eta partaidetzaren inguruan ere gogoeta eta gako oso interesgarriak aurkituko dituzue. Bideo hau ere interesgarria izango delakoan...


2021/01/16

RAPATATA!

 



La Furia Rap feminista egiten duen artistaren hitzekin hasi nahiko nuke sarrera hau. Kultura espazioa haru nahiko nuke abiapuntu gisa errepresentazioaren inguruan hitz egiteko.Kulturalki beti egon dira gauza interesgarriak Gasteizen, baina azken aldian, Rap-ak izan duen gorakada nabaria dela esango nuke. Eta hemen bi altxor deskubritu nituen duela hilabete batzuk: Haizeatxo eta Ningra.


Musika estilo hau beti egon da historikoki talde minorizatuei lotuta: afroamerikarrek kalean famatu egin zuten kultura hau, baina beste behin ere emakumeek ez zeukaten tokirik edo ez zitzaien hau egiteko aukerarik aurkezten. Gaur egun rapera gehiago egon arren beraien lekua egin behar izan dute gizonek agindutako mundu honetan eta horregatik balio hirukoitza ematen diet hau praktikatzen duten artista emakumezko guztiei. Eta bereziki bi neska arabar gazte eta Ningraren kasuan arrazializatu hauei. Rap-ren eszenan beraien espazio hartu eta gelditzeko etorri dira.


 

Hauek izan dira burura etorri zaizkidan erronkaren batzuk ikastetxeetara begira:


- Ahalduntze lanari garrantzia eman, espazioak bereganatu eta bere egiteko, eta besteei alde batera egiten erakutsi, boterea askatzen erakutsi (La Furia), noizean behin bada ere.


- Erabiltzen dugun materialean irudiek, adibideek... zer errepresentatzen duten aztertu eta egokia ez bada alternatiba eman.


- Estereotipoetan edo norman jausten ez diren pertsonaiak ere aurkeztu, aniztasuna ezagutu eta errespetatzen ikas dezaten.


- Espazioa eta denbora librea bideratu egin behar da, eremu pedagogiko bat dela ez ahaztu, bertan erreproduzituko baitira gizarte matxistaren zantzu gehienak.


- Espresio desberdinei ere merezi duten espazioa eman, eta denbora era parekide batean antolatu partaide guztien artean.


Azken bi hauekin aurreko ikaskidea izandako #Yolanda Arto-k egindako sarrera aipatu nahiko nuke. Espazioaren kudeaketaren inguruko hausnarketa interesgarria egiten baitu.


Amaitzeko Haizeatxo eta Ningraren abestia. Bideoklipak jarri nahi izan ditut baina ez dit blog marabilloso honek bideo horiek igotzen utzi. Youtuben bilatuta izango dituzue! Gozatu!

 


 


 

 

 

2020/12/19

HIZKUNTZA EZ DA INOZOA!

 

Hizkuntzak duen indarraz ohartzeko hainbat esaldirekin geratuko nintzateke aste honetako ekarpenean:


“...hizkuntzek gure munduko pertzepzioa baldintzatzen dute eta, are gehiago, gure jokabidea modu zehatz batera orientatzera eraman gaitzake” Maria Luisa Calero


“Hizkuntza herri batek edota pertsona batek bere burua ezagutu eta ulertzeko zein gainerakoak ezagutarazteko sortzen duen bitartekoa da”


Hau dela eta, garrantzitsua da diskurtsoa eta hizkuntza bera begirada feminista batetik aztertzea, hau da, betaurreko moreak jartzea. Hizkuntzan ere gizarte heteropatriarkalaren zantzuak aurki ditzakegu kulturala den heinean. 


 

Hizkuntzaren erabilera sexista denaren aldekoa naizela esango nuke, “kultura/errealitatea da sexista, eta hori aldatuz gero, hizkuntza-sistema ere aldatuko da.” Hala ere, gizartea aldatzen den heinean hizkuntzan ere begirada morea txertatzen joan behar gara, errealitate guztiak barnebilduz eta bazterretan dauden identitateei izena eta ahotsa emanez.


Hauxe da komunikazioa inklusiborako aukeratu dudan gida. Steilas sindikatuarena da eta komunikazio ez sexistarako hainbat baliabide zabaltzea du helburu, labur, argi eta batez ere erabilgarri.


 

Hizkuntza geldi ez dagoen sistema bat da, egunero aldatzen doana eta gizartea aldatzen doan heinean eta errealitate berriak agertzen diren heinean beraiek izendatzeko eta ahotsa emateko moldatzen dena. Garrantzitsua iruditzen zait bide horretan hezitzaileok hurrengo irizpideak kontuan izatea:


- Erreferenteak garen heinean gure hizkuntza sexistaren erabilera aztertu eta ekidin.

- Betaurreko moreak jarrita izatea hizkuntzaren erabilera sexistak identifikatzeko.

- Baliabideak izan erakargarriak diren hizkuntza alternatibak planteatzeko.

- Denon artean hizkuntza eraldatu errealitatea eraldatzeko.


Euskara aberatsa, inklusiboa eta bizia sortu!


 

Amaitzeko #Jarrillera- ren sarrera aukeratu dut, berriro ere Maria Luisa Caleroren beste esaldi honekin geratzen bainaiz.


 


2020/12/13

AMONAK NON EMAKUME INDARTSUAK HAN!

 

    Hainbat sarreratan murgilduta egon eta gero hau da aukeratu dudana: Emakume handi baten atzea ez dago gizonik egon beharrik eta zuk badakizu! esaldi hau gogorarazi dit post honen izenburuak.


 

    Eta honen harira Gloria Steinem nor zen jakiteko aukera aprobetxatu dut, bloke honengatik ez balitz seguru aski ez nuke denbora hori hartuko edo ez nioke garrantzirik emango. Telesail honetara eraman nau bilaketa honek eta hemen gomendatu nahiko nuke: Mrs America.


 

Eta orain niretzako emakume erreferente bat aurkeztuko dizuet.

- Larruskaineko baserri batean sortua 1940.urtean.

- Hamar anai arrebetatik laugarrena.

- Eskolara joan ez eta baserriko lanetan zein gerora etorri ziren anai arreba txikiak zaintzen laguntzen.

- 9 urterekin Elorriora joan zen, eta asto batean ogia saltzen zuen.

- 16 urterekin fundizio batean hasi zen lanean, gehiengo oso handia gizonezkoak ziren.

- 20 urterekin ezkondu eta lan egiteari utzi zion.

- Bi alaba izan zituen eta hauek 8 eta 6 urte zituztenean etxetik kanpo lanean hasi zen berriro. Auzoko elikagai denda batean lehenik eta herriko medikuaren kontsultan ondoren.

- 42 urterekin alargun geratu zen. Lehen bilobak izan eta beraien zaintza lehenetsi zuen.

- 13 urte bikote gabe egon ondoren gizon bat ezagutu eta 20 urte iraungo zuen erlazioa hasi zuen. Ez zuen berriro ezkondu nahi izan.

- 70 urterekin zerbait gertatzen zaiola konturatu eta bere bizitzan zer nahi eta zer nahi ez duen erabaki. Ondorioz, bikotea izandakoa utzi eta Elorriora bueltatu bakarrik bizitzera.

- Handik gutxira Alzheimerra diagnostikatu eta lau urtetan hainbat bizilekuetan egon ostean Otxandioko Zaharren egoitzan ingresatzea erabaki.

- Gaixotasunaren ondorioz nor den eta nor garen ondo jakin ez arren, beti ezaugarritu duen irribarrea erakusten du. Nire amama. 

 


 


Orokorrean arlo guztietan erreferenteak bilatzen ditugunean jende askorengarana heltzen diren pertsonak bilatzen ditugu. Jakintza, militantzia arloetan, arlo artistikoan edo arlo globalago batean egin duen lanagatik merezimendu bat daukana. Asko kostatzen zitzaidan horrelako norbait aukeratzea, eta bere inguruko informazio bilketa soil batean bakarrik geratuko zenez, niretzat benetan garrantzitsuak eta erreferenteak diren emakumeetan pentsatzen hasi nintzen, eta hauxe da emaitza... Uste baino hurbilago dauzkagu kontatzeko moduko bizi ibilbidea duten emakumeak.

Honekin guztiarekin Euskal Herriko gure amona eta emakume indartsu horiei aitortza, askotan ahaztuak izaten baitira.

 


 

Benetan ariketa oso interesgarria izan da amonaren inguruko informazioa jasotzea eta inoiz egin ez baduzue, horretara animatu nahi zaituztet! Gora gure amonak!