GATAZKAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
GATAZKAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/03/06

GATAZKAK: IKASTEKO AUKERAK

 


Hasi nahi nuen gaurko lana mezu positibo batekin, zeren, gaia berez, zerbait negatiboa dela ematen baitu. Horregatik, hasieratik buelta eman nahi diot eta...

"HAR DITZAKEGU GATAZKAK IKASTEKO AUKERAK BEZALA"

Egia da, orain dela asko, ikastaro batzuetan, gatazkak ez direla ez positiboak ez negatiboak, baina bai ikasteko aukerak direla ikasi nuela. Hala ere, batzuetan, egunerokotasunean, hori ahazten zait eta nahiago dut gelan ezer ez gertatzea "bakean" egoteko (kasu askotan bake faltsua baino ez da). Baina ikastaro honek gogora ekarri du nire burura gatazkak aurrez-aurre begiratu behar direla, ezkutatu gabe, konpondu ahal izateko eta ikaskuntza-egoera bihurtzeko. 

Eta planteamendu horren oinarrian gatazkaren ezaugarri batzuk aurkitzen ditugu:

  • Bizikidetzaren parte bat dira. Gizakiaren oinarrian daude.
  • Interesak aurka egiten dituztenean agertzen dira. 
  • Ez dira ez onak ez txarrak.
  • Positiboa edo negatiboa da gatazka aurre egiteko modua.
  • (...)
Ildo horretan bat nator Galtung-ek daukan gatazkaren ikuspegi positiboaren aldeko jarrerarekin, eta guztiz ados nago berak esaten duenarekin: 

“gatazka erronka da; azken batean, helburu bateraezinak edukitzea izugarrizko desafioa da bi aldeentzat, bai adimen aldetik, bai emozio aldetik. Horren arabera, beraz, gatazka gure izateari zentzua ematen dion arrazoietako bat da; aldaketaren arrazoia, aldaketarekin batera gertatzen den zerbait eta aldaketaren ondorioa; bizitza sozialerako ezinbestekoa; bizitzeko arnasa hartzea bezain garrantzitsua”.

Baina gatazkari buruz hitz egiten dugunean bakeari buruz hitz egin behar dugu, bai edo bai, kontzeptu horiek oso erlazio estua mantentzen dutelako, zeren egoera gatazkatsu baten aurrean irtenbideak topatzeko moduek esango baitigute bakea daukagun ala ez. Hare gehiago, gatazken trataera eraikitzaileak eta berdintasunean oinarritutakoak bakea eragingo du, eta horrek suposatzen du pertsonen artean eta ingurunearekin maila desberdinetan (ekonomikoa, sexuala, etnikoa, kulturala, laborala, akademikoa...) berdintasun harremanak izatea. 

Horrekin lotuta oso aproposa da Rigoberta Menchúk esaten zuena: 



Egia borobila. Eta nik gehituke nuke: "(...) sexua eta generoagatik diskriminazioa dagoen bitartean ez dugu bakea lortuko"

Orain arte esandako guztia kontuan hartuta, laster konturatuko gara hezkuntzaren garrantziaz. Hezkuntzak gure ikasleekin lan egiteko aukera ematen digu, gatazka ikaskuntza-egoera bihurtzeko. Horrekin lotuta hona hemen bideo bat non oso ondo azaltzen den ideia: 



Horrekin batera, Marivi Fernandezen ponentzia bat konpartitu nahiko nuke. Ikusi nuenean asko gustatu zitzaidan eta oso baliogarria iruditu zitzaidan, batez ere oso lagungarria iruditu zitzaidan Hezkuntza ikuspuntutik.


Beraz, Hezkuntzan lan handia eta erronka nagusi bat daukagu: gatazkak ikasteko aukera bihurtzea pertsonen hazkunde integralarekin. Horretarako pausu batzuk eman behar ditugu, esate baterako: 

  1. Formakuntza irakasle eta familientzat: lan partekatua izan behar da.
  2. Emozioak, asertibitatea, errespetua, berdinatasuna eta komunikazioa landu ikasleekin.
  3. Gatazka dagoenean:   
  • pertsona guztiak entzun; pentsamenduak zein emozioak jaso.
  • Besteek esaten dutena errespetu osoz entzun.
  • Egoeraren hausnarketa egin.
  • Irtenbideak proposatu inplikatuen artean.
  • Irtenbidea (k) adostu inplikatuen artean. Irtenbide horiek errespetuan eta berdinatasunean oinarrituta egon behar dira beti. 
Prozesu horretan, ezin dugu ahaztu eskubideak/betebeharrak, justizia/zaintza eta indibidualtasuna/harremanak eskutik helduta joan behar direla beti.

Orain, baliabide pare bat konpartitu nahi ditut gure eguneroko lanean lagungarri izan daitezkeenak: 

  1. Gida bat (Garatu): "Ikastetxeetan gatazkak ebazteko estrategiak"
  2. Pelikula bat emozioak lantzeko: 

Amaitzeko, aurreko edizioetako gustatu zaidan post-a Oihanarena da, "Gatazkaren alderdi positiboa hezkidetzaren alorrean", arazo batzuengatik: Genero-ikuspegiari emandako enfokea gustatu zait; gaia ikuspegi positiboarekin tratatu du eta bere ideiak bat datoz nire planteamenduarekin (edo nire planteamendua bat dator bere ideiekin); asertibitatearen landu behar dela aspektu garrantzitsu gisa komentatzen du; lagungarri izan daitezkeen hainbat baliabide jarri ditu. 

Gatazkaren beldur

Izugarri gustatu zait aste honetako gaia. Uste dut gatazkaren kudeaketan eta elkarbizitzan lan handia dugula egiteko eta, aldi berean, erronka polita dela. Izan ere, badago "teknikoki" ikasi eta entrenatu dezakegun alderdi bat, behin aplikatuta sekulako inpaktua duena (onerako). Horrez gain, beste alor batzuetan baino errazagoa da bizitzako esparru batean ikasten duguna (demagun, lanean) bizitzako beste esparru batzuetara (adibidez, etxera) eramatea. Esan nahi dudana da, gatazkak hobe kudeatzen ikasten badugu, ziurrenik, ez dugula hala egingo lanean (eskatzen digutela) soilik, baizik eta etxean edo lagun artean ere. Oso pozik nago hemendik aurrera nire inguru hurbilean eragiteko gako batzuk eskuratu ditudalako.

Hala eta guztiz ere, eremu hezitzailean erronka asko ikusten ditut. Esate baterako, zigorraren kultura oso hedatuta dagoela uste dut. Horrekin batera, lankide artean ere, kasu askotan gatazka ekiditen dela esango nuke eta, azkenean, gatazkarik badago ahalik eta azkarren konpondu eta horri buruz ez hitz egitea dela araua. Hau da, oraindik ez gara gai pasatako egoera gatazkatsu bat hartu eta analisi txiki bat egiteko, aurrerantzean berdina gertatu ez dadin. Nahiago izaten dugu pasatakoa pasa dela pentsatu eta atzean uztea eta ez soilik gatazka handietan, baita gatazka txikietan ere. Badirudi betiko komodina dela, baina uste dut formazioa behar dugula honetan, formazio praktikoa, teknikak.

Gai honek hezkuntzan duen garrantzia erakusteko ikerketa, baliabide edo proposamen adierazgarriren bat gomendatzea eskatu digute eta hasi natzaio hariari tiraka. Lehenengo, June Fernandezen "Dogma" artikuluaren zatitxo bat ekarri nahi dizuet: "Iruditzen zait batzuetan feministok oso urrun gaudela emakumeen bizi-esperientzietatik. Diskurtsoa soberan daukagu eta kontaktua falta zaigu, baita gure bizi-esperientziarekin ere. Itxuraz oso ideia argiak eta zorrotzak dituzten feministak ikusten ditut, haien harremanetan korapilatzen direnak. Oso ohituta gaude kanpoko munduarekin borrokatzera eta ideia oso orokor batzuetatik abiatuta emakumeei gertatzen zaiena azaldu nahi izatera. Horregatik eskertu dugu ama feministok Adrienne Richen Emakumeagandik jaioak saiakera: amatasunari kritika feminista sutsuaren aurrean, instituzioa eta esperientzia bereizten dituelako (nahiz eta batak bestea zedarritzen duen).(...)Ondo legoke dogmari dogma berriekin erantzun baino, gaitasun kritikoa indartzea eta errealitatearen korapiloak, ertzak eta argi-itzalak onartzea."

Oso ados nago bertan aipatzen diren bi alderdi nagusiekin: teorizazioa edo gaitasun analitikoa eta esperientzia edo gorputza uztartzea. Bigarrenari helduko diot eta kontua da dena ezin dugula gorpuztu. Hau da, ni banaiz emakume eta gorpuztuko ditut horrek dakartzan indarkeriak, biziko ditut gatazkak gorputz honetatik, baina ez naiz beltza eta ezin ditut horiek gorpuztu, ulertzen? Agian baten batek pentsatuko du ez duela harremanik, baina nire ustez gaitasun kritikoa indartzeko eta, aldi berean, biziko ez ditugun esperientzia horietara hurbiltzeko tresna paregabea da literatura. Ez da gai berria, baina pasa den asteburuko Berrian Anjel Lertxundik idatzi zuen horri buruz eta ekarri nahi dizuet pasarte bat: "Umetan irakurri nituen Dickensen Dorrit txikia eta Oliver Twist. Transmititu zidatena, miseriaren aurreko errukia eta pertsonaien autonomia pertsonala da. Giro gogorra dut gogoan, ahaztuak ditut peripeziak. (...) Eta liburuetatik gizen, zorritsu, hitz-totel, zerri-pertza edo hanka-oker kentzen ari garen bitartean, umeari dena irakurterraza, dena eramangarria, dena gozo-zopa bihurtua ematen ari garen bitartean, istorio lehor bezatuak euskara lehor bezatuan ematen dizkiegun bitartean, bitarte horretantxe hain zuzen, algoritmoak mundu paralelo bat eraikitzen eta eraikitzen ari dira, bitarte horretantxe umeek oso ate zabal-errazak dauzkate eskura mundu digitalean sartu eta eremu arriskutsuenetan nabigatzeko. Guk hamasei urterekin ere usaintzen ez genituen errealitateetan zabuka hasteko trepetak dituzte eskura. Zuzentasun politikoak ez dio ezer umeentzat drogen edo apustuen atzaparra bezain irmoa izatera iritsi litekeen adikzio digitalaz."

Azkenik, teorizazioaren aldean, harreman heterosexualetan (askotan) gatazkak nola kudeatu ohi diren landu zuen Iris Bordak bere Instagramean eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Izan ere, gatazkak ekiditea edo aurre egin nahi ez izatea bada gatazkatsua. Are gehiago, enpatia, gatazkaren kudeaketa eta, oro har, zaintzak barne hartzen duen guztia de facto baliogabetzen du halako jarrera izateak, baina ez gara gai identifikatzeko sistematikoki "ezer ez egitea" badela gatazka sortzea, erantzukizun afektiborik ez izatea. Halaber, fenomeno hau izendatzeko plusbalia erromantikoa terminoa erabiltzen du eta funtsezkoa iruditzen zait, hain zuzen ere behar bezala teorizatu ahal izateko, izena eman ahal izatea.

Aurreko urteko posten artean Amaiaren "Gatazkatik kultura positibora" aukeratu dut oso landuta dagoelako eta teoria zein praktika uztartzen dituelako etengabe. Gainera, eskaintzen dituen baliabideen artean denetarik dago: ikus-entzunezkoak, tira komikoak, hitzaldiak, lan teorikoak... Bereziki deigarria (positiboki) iruditu zait "Ikasle laguntzaile" programan ikasleek adierazi egin dutela asko gustatu zaiela "ahal izan duten neurrian, gure insititutuko arazoak konpontzen saiatzea". 

2023/03/05

Gatazkan hazi


Buruz dakigun isiltasun bakoitzaren atzean, askotan, gatazka bat ezkutatzen da; edo bi; edo hiru; edo lau; edo hamaika. Eta gatazka bakoitzaren atzean, eremu gutxietsi bat: plaza debekatuak, hizkuntza zigortuak eta politika azpiratzaileak.  Gatazka lokatzetan. Pentsamendu feministan narrasean podakasteko hitzak dira.

Obedientzian eta ordenean hezitakook bagenekien isiltasunak beren lekuan eroso zirenen botere nagusitasunak sortutakoak zirela. Haien iritzirako gatazka ezarritakoa, ustez bakea dena, apurtzean sortzen da.
Horregatik nator bat podcast berean esaten duten honekin: Hitzak sor dizkiogu gatazkak mututzen dituen isiltasunari eta horretarako aukeratzen dugun hizkuntzan ere gatazka bat izkutatzen da; edo bi; edo hiru; edo lau; edo hamaika.


Gatazken generizazioaz irakurritakoak burutik kendu ezinda ditudala ederra izan da Ixabel Alkainek Hondarribiko alardearen etorkizunaz hitz egiten entzutea, amorruan gotortu gabe, Audre Lorde-nen aipuari jarraiki, elkarrizketa aldarrikatzen. 

Bide berari ekin zioten Ahotsak taldeko emakume politikariek eta horregatik piztu zuen Maria Villellas ikerlariaren arreta. «Bestearekin akordioak lor daitezkeela eta lortu behar direla ikusaraztea izan da ekarpenik garrantzitsuenetako bat» zioen BERRIAn argitaratutako  «Emakumeak subjektu politiko direla aitortu zuen Ahotsak taldeak»  elkarrizketan.


Susa argitaletxearen blogean argi ilunez betetako hausnarketa zintzoa irakur dezakegu  Gatazka eta gatazkak: itun feminista berritzeko unea iritsi da sarreran.

 Egiturazko indarkeriak sortutako gatazkek askotariko erantzunak behar dituzte ziurrenik. Eremu hezitzailean nahitaez ematen direnak bideratzeko erronka nagusia tratu onen kultura sustatzea da, gatazken ebazpen baketsuaren ekarpenez ohartzea eta ikaslea eskolaren parte dela sentiaraztea. Gatazka bakoitza desberdina denez gero haren analisitik abiatu, aurreiritziak alde batera utzi, isiltasunak apurtu, zaurgarritasunak onartu, genero ikuspegia txertatu, urkoa zaindu eta indarkeria adierazpen oro gaitzetsi.


Gatazkari aurre egitea, beraz, hezitzailea da:

Hainbeste trebezia lantzen lagunduko digu: gure emozioak aztertzen, adierazten, entzuten, irtenbideak adosten, irekiagoa izaten aniztasunaren aurrean, ezarritakoa zalantzan jartzen edo eraldatzen . 



Hezkuntza arloan oso ezaguna da Paco Cascón-en lana. Hona haren ikuspuntua argi erakusten duen Educar en y para el conflicto  dokumentua eta bideo pare bat.



          


Aurreko urteetako sarreretan Gatazkak hezkidetzaren ikuspuntutik aukeratu dut. Gatazka-bakea dikotomiaren irakurketa kritikoa egiten du,, feminismoaren ekarpenak azpimarratu eta ezagutzen ez nituen baliabideak eskaini.




2023/03/04

GATAZKETATIK IKASIS

Gatazka hitzak betidanik kutsu negatiboa izan du, eta askotan gatazka saihestea izaten da gure joera. Gaiaren lanketari esker ikasi dut, Galtung-ek dioen moduan, gatazka erronka bat dela. Ez du zertan gauza txarra izan behar. Gatazkak ikasteko baliagarriak izan daitezke: bestea entzun, ikuspuntu ezberdinak ulertu…azken finean, gatazka nola konpondu pentsatzeak akordioak bilatzera bultzatuko gaitu. Horrexegatik ezinbestekoa kontsideratzen dut gatazken lanketa eta lanketa hau modu aproposean egiteko guneak eta tresnak izatea.

Nerea Mendizabalek argitaratutako Jirafa hizkuntza gomendatu nahiko nuke. Liburu honetan, etapa ezberdinetako ikasleen emozioak, beharrak, gatazken kudeaketa eta autoestimua lantzeko dinamika ezberdinak bildu baititu. Dinamika hauen helburua norberarekin eta gainerako pertsonekin enpatiaz erantzuteko trebetasuna indartzea da, eta guztien artean lankidetzan aritzeko gogoa piztea, gatazkak modu eraginkorragoetan konpontzea erraztuz.



Bestetik Leioako udalak Geuzekin batera sortutako gida ere oso interesgarria iruditu zait, gatazkak konpontzeko estrategia ezberdinak proposatzen baititu.


Gatazken erresoluzioa jokoen bidez lantzen erakasten duen bideotxoa ere partekatu nahiko nuke:


Eremu hezitzaileetan/jendartean daukagun erronka nagusiak honakoak direla pentsatzen dut:

  • Gatazkei zentzu negatiboa kentzea eta tresna baliagarri moduan ikusten ikastea.
  • Gatazkak bideratzen ikastea eta zigorra ez izatea bidea.
  • Gatazkak bideratzeko erreminta ezberdinak eskuratzea.
  • Gatazka bateko parte hartzaile GUZTIEI entzunak izateko aukera ematea.
  • Aurreiritziak baztertzea.

Aurreko edizioetako GATAZKATIK KULTURA POSITIBORA posta gomendatu nahiko nuke, baliabide ugari eskeintzen dituelako gatazkak ikastetxean lantzeko.

Azkenik, ‘Snack Attack’, film laburra uzten dizuet eta hausnarketarako zenbait galdera:

Zer gertatzen da istorio honetan? Zein da arazoa? Gaizki ulertu eta eta aurre-iritziek gatazkak sor ditzakete? Zertaz konturatzen da emakumea? 



2023/03/01

GATAZKAK IKASBIDAI

 

Azken urteotan, eskolan, bagabiz gatazken inguruan bueltaka eta gai honek hausnarketarako bidea eman dit. Egia esan uste nuen gure eskolan, gatazkak era egokian bideratzen saiatzen ginela, baina egia esan, pausu batzuk eman ditugu bai, baina garrantzitsuena falta zaigula konturatu naiz, jarraipena egitea eta formakuntza hain zuzen ere.

Asko gustatu zait Galtung-ek erronka moduan planteatzen duela gatazka irakurtzeak. Erronka moduan hartzen badugu, daukan kutsu negatiboa baztertuko dugulako eta gatazka konpontzeko erari emango diogulako garrantzia.

Eta gatazkak bideratzeko moduari buruz ari garenean, genero-analisia ezinbestekoa da, neska zein mutilen beharrak kontutan hartuz eta emakumeei esleitu zaien gatazken trataeraren modua kontutan hartuz. Eta biolentzia eta agresibitatea ekiditu, gatazkak bideratzeko modu berriak eraikiz, elkarrizketa, elkar entzutea, sentimenduetaz hitz egitea, enpatia,…bultzatuko dituena.

Hori guztia ikusita, eskoletan erronka nagusiak hauek dira nire ustez, giroa eta harremanak hobetzeko asmoarekin:

·         Gatazkak bideratzen ikasi eta irakastea

·         Horretarako irakaslegoaren eta beste agente batzuren (jantokiko begiraleak, familiak,...) etengabeko formakuntza behar da.

·         Herramientak eskeini behar zaie ikasleei.

·         Eta Isabel fernandez-ek aipatzen dituen 5 eremuen lanketa: kontzientzia hartzea, curriculuma, banakako tutoretzak, partaidetza eta antolakuntza.

Gatazkak era eraikitzailean konpontzeko eta bideratzeko baliabide bat, ADOSTOKIAK dira. Bertan ikasleek kontzientzi hartzen dute gertatu denaz, elkar entzutea dago, denek daukate hitz egiteko beraien momentua, sentimenduetaz hitz egiten da, enpatia lantzen da eta ikasleak dira konponbideen protagonistak.


Horrela, gatazken bideratze erailitzaile batekin, eta berdintasunean oinarritutako gatazken bideratzearekin, harreman osasuntsuagoak lortu daitezke.

Bestalde, Paco Cascon-en hitzaldi bat partekatu nahiko nuke, luzea da baina merezi du bera entzutea.

Bukatzeko, foroan partekatu dudan bideo batzuk ere oso baliabide interesgarriak izan daitezke ikasleei lankidetzaren garrantziaz ohartarazteko.

Aurreko urteetako post hau aukeratu dut, baliabide ugari, eta interesgarriak partekatzen dituelako: kontzientzia hartzeko bideoak, hitzaldiak, ikasleekin erabiltzeko baliabideak,…

HARTU DEZAGUN DENOK LANKIDETZAREN BIDEA!!




2022/03/07

Gatazkak irakasbide






  • Aurreko edizioetako Begoren "Gatazkak, aberasgarriak" sarrera aukeratu dut, nire lerro beretik doalako. Gatazkak gure bizitzaren parte dira eta ez gara bizi behar hauek desagerrarazteko itxaropenez; hauen trataeratik ikasbide positiboak ateratzen lortzen saiatu behar dugu.

  • Ukaezina da gai honek hezkuntzan duen garrantzia. Eskolan, egunero-egunero hainbat gatazka bizi dira eta hauek kudeatzen lagundu behar diegu ikasleei (eta irakasleei ere bai). Horretarako estrategia polit eta aberasgarria da berdinen arteko bitartekaritza. Oso metodologia polita da, zeinetan ikasle batzuk bitartekari papera hartzen duten, eta beste ikasle guztientzat erreferente bihurtzen dira. Ikasle bi edo gehiagoren artean arazoak sortzen badira, bitartekari hauengana joaten dira (gela bat izaten dute horretarako) eta arazoa kudeatzen laguntzen die. Batzuetan konpondu egiten da, beste batzuetan, ordea, ez. Baina garrantzitsuena da, bidea egin dutela eta arazoa kudeatzen ikasi dutela. Hona hemen adibide bat:

         


  • Eremu hezitzailean ditugun erronka nagusiak ondokoak dira:                    Gatazkaren zentzu negatiboa aldatzea. Gatazka hazteko zein garatzeko beharrezkoa den erronka gisa identifikatzea.                                                Gatazkak modu baketsuan ebazteko bideak erakustea.                                  Elkarbizitza positiborako giroa sortzea.                                                        Genero-ikuspegia txertatzea.
  • Bukatzeko, asko gustatu zitzaidan animaziozko pelikula baten trailerra utzi nahi dut, gatazken kudeaketari buruzko argibide asko ematen digulako.

GATAZKA, EMARI HANDIKO ITURRIA

 

Elkarreraginean bizi garela aintzat hartuta, ezbairik gabe, gatazka naturala bezain onuragarria da: aberastu egiten gaitu.

Hori horrela, hezkuntzari dagokionez, ikastetxeetan bizikidetza eta gatazken trataerarako kultura positiboa hedatzea komeni  da; hala izan dadin,  Isabel Fernándezek bost eremu landu behar direla  dio. Beraz, guri dagokigu, eredu garen heinean, bost eremuok hartu eta jarraibideak ematea, gatazken trataera hezkidetzailea bermatzeko.

Genero-ikuspuntua lagun, hortaz, eremuotan murgildu behar genuke; lehenbizi, baina, KONTZIENTZIA HARTZEAn jarri nahi dut azpimarra. Horretarako, hona hemen ezinbestean aintzat hartu beharreko batzuk:

*      -  irakasleon etengabeko prestakuntza

*      -  aurrez ikastetxean egindako praktika onen eta txarren diagnosia

*      -  askotariko gatazkak, estrategiak, baliabideak, irtenbideak…

*      -  ebaluaziorako genero-adierazleak

*      - …

Gatazka eraldatzeko baliabide eraginkor izan daitekeen seinale da, hain zuzen ere, honako post hau. Baliabide ezin egokiagoak proposatzen ditu, gainera.

Hona hemen hezkuntzan baliagarri izan daitezkeen pare bat baliabide:

*      - Haurrentzako bideo labur-laburra. https://www.youtube.com/watch?v=ZgaidCmzfHk&t=1s

*      - DBHrako egokia den “Gatazka eta krisiak” hitzaldiaren lagintxoa.

 

 


2022/03/06

Berezkoa dugun egoera

  







 Berezkoa dugun egoera.










Hainbat kontzeptu bildu ditut astean zehar. Hauen artean ez galtzeko, hasierara itzuli naiz. Gatazkaren definiziora. Hurbila, bakuna, sakona, neutro, intrapertsonala, interpertsonala,... den definiziora.


“Gizakiak berezkoa duen egoera gatazka da”.(Mendel)


GATAZKAK, ABERASGARRIAK! blog sarrera aukeratu dut:

Gatazkak aberasgarriak! 6. edizioko blog sarrera.







  • Proposatutako baliabide ugari dira.

  • Gatazkaren ikuspegi positiboa kontuan hartzen du. Garatzeko eta hobetzeko beharrezkoak dira gatazkak.

  • Aipatutako erronkak.


Donostiako Berritzeguneko Moodlen Komunikazio ez bortitza nerabezaroan ikastaroa partekatu nahi dut zuekin. Ikastaroa hau aukeratzeko arrazoi nagusia harremanetan komunikazioak duen garrantzia izan da.

Erronka Nagusiak gure eremuan, aukeratutako blogean aipatutakoaz gain, ondoko biak azpimarratu nahi nuke. Alde batetik ezinbestekoak dira gatazkei aurre egiteko eta bestetik liburu bakoitzak gure eremuan erronkei aurre egiteko aukera ematen digulakoan nagoelako.



















Bukatzeko bideo hau topatu dut eta konpartitu nahi dut.

2022/03/05

AHIMSA


Aste honetan besteetan bezala ideiak, kontzeptuak, kontraesanak bor-bor dabilzkit buruan. Berrietan sare sozialetan, zoko guztietan gerra hotsak besterik ez dugunean entzuten   esango nuke,  jendartean dugun erroka nagusia dela  bizitzaren balioa bizitzaren erdigunean jartzea, Gandhiren AHIMSA hitzaren mamia garatzea. Moral maskulino hegemonikoa, “aitaren ahots arau-egilea” gailenduz  gatazken kudeta eta ebazpenetan ama-ahotsa  erabili behar dugu Zaintzaren Etikan oinarrituta. 

Ikastaroan zehar eskainitzako baliabide anintzak eskuragarri ditugu. Aste honetako nire proposamena ikasleekin lantzeko bi liburu dira, literatur liburuak  parada eskainiko dutenak gaiaren inguan solasaldiak garatzeko. Hemez doaz:

  • Gerra ez du emakume aurpegirik, Svetlana Aleksiévih-ena non 2. Mundu Gerran parte hartu zuten  Errusiako emakumeen  testigantzak agertzen diren. Svetlanaren hitzetan, gerra honetan ez dago ez heroirik ez balentria sinestezinik, pertsonak bakarrik daude lan anker batean sartuta

  • Lisistrata, Grezia Klasikoko Aristofanesen komedia: Greziako emakume talde batek erabakitzen du Peloponesoko gerra amaitzeko modurik onena abstinentzia sexuala dela.

Convives-en web-orrialdean  eskainitako bideoak  Bienestar y CUIdadania, elkarbizitzaren inguruko hausnarketa teorikoak egiteaz gain ikastetxe desberdinetako esperientziak jasotzen ditu.  

 Aukeratutako posta, Erantzunkisuna da bidea , benetan beste bide bat ez dagoelako, emakumeen kontrako edozein motatako indarkeria mantentzen den bitartean gatazketan biziko gara; enpatia, elkarrizketak,  tokian tokiko beharrak, elkarerantzunkisuna, benetan uste dut, ez dagoela besterik gatazkeei modu duin batean aurre egiteko!


 

GATAZKATIK KULTURA POSITIBORA

 Aste honetako gaian agertzen diren hainbat kontzeptuekin kultura positibora eramango duten hitz nagusienak aipatu nahi izan ditut osatu dudan hitzen lainoan.


    Oso garrantzitsua iruditzen zait alde batetik gatazka zer den pertsona bakoitzarentzat adieraztea, zer ulertzen dugun bakoitzak; bestetik, gatazka ulertzeko maila intrapertsonala, pertsona bat baino gehiagoren artean ematen diren desberdintasunak identifikatzea. 


Eremu hezitzailean gaur egungo egoera:

Gaur egun ikastetxeetan portaera arazoak eta jokabide desegokiak gero eta ugariagoak direla esango nuke, horien artean errespetu eta autokontrol faltak, agresibitatea, motibaziorik eza, mugarik eza, arlo sozio-emozionalaren esparruarekin erabat lotuta dauden arazoen adibideak dira.


Egoera horietan dauden gataztak aztertzeko, hemen baliabide batzuk: 


Bertan ikasgela (eta ikastetxea) gaitasun kognitiboak eta sozio-emozionalak ikasteko leku gisa aurkezten da; gaitasun kognitiborik eza emaitza akademiko baxuetan islatzen da eta gaitasun sozio-emozionalen falta, berriz, gatazkatan islatzen da, gehienetan pertsonen artekoak; horregatik hezkuntza sozio-emozionalari garrantzia ematen dio, gatazken aurkako antidoto gisa.

Hezkuntza sozio-emozionalarekin lotuta, aukeratu dudan ikasteko aukera  postean , aurkezten den bideoa interesgarria iruditu zait, afektibitatearekin lotuta baitago.


Bestalde, dagoeneko ikastetxeetan ezaguna dugun Ikasle laguntzaile programaren esperientzia aurkezten da ondoko bideoan, gatazken trataerako proposamena.



    Gatazka aldaketarako eragiletzat hartzen da eta ikasleei gatazken trataeran parte-hartze  zuzena ematen zaie; programa honekin elkarbizitza hobetzen da, irakasle eta ikasleen arteko ezagutza eta komunikaziorako bideak sortzen dira, eta  ikasle eta ikas komunitateko afektibitate giroaren hobekuntzan parte-hartzea eta ardura partekatua garatzen da.

    Bitartekaritza ere oso estrategia aproposa eta bideak eraikitzeko erabili daitekela iruditzen zait gatazken trataeran.

Hurrengo bideoan gatazkaren aurkezpena egiten da, eta horren hausnarketa abiatzen da (irakasleentzat eta ikasleentzat ere aproposa izan daiteke).



Postean bertan interesgarria iruditu zait gatazkaren muineraino joatea aipatzea irtenbidea aurkitzeko eta horretarako elkar entzutea zein garrantzisua eta beharrezkoa den.

Ikastetxean gatazken konponketa baketsua planteatzen laguntzeko, Paco Cascón-ek proposatzen dituen estrategietatik hauek  aipatuko ditut:

Besteengana hurbiltzeko orduan berdintasunak edo desberdintasunak nola eragiten duen eta hori egiteko gure irizpideak zein diren jakitea planteatzen du helburu gisa; nola sentitzen garen talde batean sartu edo taldetik kanpo geratu ahala esperimentatzea proposatzen du.


Helburua adostasuna lortzea da, inplikatutako pertsona guztiei dagokien erabaki kolektiboa berdintasunez, sexismorik gabe eta indarkeriarik gabe.


Gatazken trataeran hezkidetzaren ikuspuntutik erronka nagusien artean, gaian aipatutako batzuk azpimarratuko nituzke:  

-Aipatu ditudan proposamen guztietan genero analisia eta genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da.

-Kontzientzia hartzeko gatazka mota desberdinen datu bereiztuak izatea, irakasleen prestakuntza.

- Gatazken irtenbide-eredu positiboak erakustea.

- Sentimenduen eta afektibitatearen inguruan hausnarketa berreskuratzea. 

- Gatazken trataeraren prozesuetan ikasleen (nesken eta mutilen) proposamenak oinarria izatea. 

- Arauak genero estereotipoetatik kanpoko irizpideekin kontutan izatea eta nesken zein mutilen beharrak asetzeko eta eskubideak bermatzeko lagungarriak izatea.