2023/03/06

Gatazkaren beldur

Izugarri gustatu zait aste honetako gaia. Uste dut gatazkaren kudeaketan eta elkarbizitzan lan handia dugula egiteko eta, aldi berean, erronka polita dela. Izan ere, badago "teknikoki" ikasi eta entrenatu dezakegun alderdi bat, behin aplikatuta sekulako inpaktua duena (onerako). Horrez gain, beste alor batzuetan baino errazagoa da bizitzako esparru batean ikasten duguna (demagun, lanean) bizitzako beste esparru batzuetara (adibidez, etxera) eramatea. Esan nahi dudana da, gatazkak hobe kudeatzen ikasten badugu, ziurrenik, ez dugula hala egingo lanean (eskatzen digutela) soilik, baizik eta etxean edo lagun artean ere. Oso pozik nago hemendik aurrera nire inguru hurbilean eragiteko gako batzuk eskuratu ditudalako.

Hala eta guztiz ere, eremu hezitzailean erronka asko ikusten ditut. Esate baterako, zigorraren kultura oso hedatuta dagoela uste dut. Horrekin batera, lankide artean ere, kasu askotan gatazka ekiditen dela esango nuke eta, azkenean, gatazkarik badago ahalik eta azkarren konpondu eta horri buruz ez hitz egitea dela araua. Hau da, oraindik ez gara gai pasatako egoera gatazkatsu bat hartu eta analisi txiki bat egiteko, aurrerantzean berdina gertatu ez dadin. Nahiago izaten dugu pasatakoa pasa dela pentsatu eta atzean uztea eta ez soilik gatazka handietan, baita gatazka txikietan ere. Badirudi betiko komodina dela, baina uste dut formazioa behar dugula honetan, formazio praktikoa, teknikak.

Gai honek hezkuntzan duen garrantzia erakusteko ikerketa, baliabide edo proposamen adierazgarriren bat gomendatzea eskatu digute eta hasi natzaio hariari tiraka. Lehenengo, June Fernandezen "Dogma" artikuluaren zatitxo bat ekarri nahi dizuet: "Iruditzen zait batzuetan feministok oso urrun gaudela emakumeen bizi-esperientzietatik. Diskurtsoa soberan daukagu eta kontaktua falta zaigu, baita gure bizi-esperientziarekin ere. Itxuraz oso ideia argiak eta zorrotzak dituzten feministak ikusten ditut, haien harremanetan korapilatzen direnak. Oso ohituta gaude kanpoko munduarekin borrokatzera eta ideia oso orokor batzuetatik abiatuta emakumeei gertatzen zaiena azaldu nahi izatera. Horregatik eskertu dugu ama feministok Adrienne Richen Emakumeagandik jaioak saiakera: amatasunari kritika feminista sutsuaren aurrean, instituzioa eta esperientzia bereizten dituelako (nahiz eta batak bestea zedarritzen duen).(...)Ondo legoke dogmari dogma berriekin erantzun baino, gaitasun kritikoa indartzea eta errealitatearen korapiloak, ertzak eta argi-itzalak onartzea."

Oso ados nago bertan aipatzen diren bi alderdi nagusiekin: teorizazioa edo gaitasun analitikoa eta esperientzia edo gorputza uztartzea. Bigarrenari helduko diot eta kontua da dena ezin dugula gorpuztu. Hau da, ni banaiz emakume eta gorpuztuko ditut horrek dakartzan indarkeriak, biziko ditut gatazkak gorputz honetatik, baina ez naiz beltza eta ezin ditut horiek gorpuztu, ulertzen? Agian baten batek pentsatuko du ez duela harremanik, baina nire ustez gaitasun kritikoa indartzeko eta, aldi berean, biziko ez ditugun esperientzia horietara hurbiltzeko tresna paregabea da literatura. Ez da gai berria, baina pasa den asteburuko Berrian Anjel Lertxundik idatzi zuen horri buruz eta ekarri nahi dizuet pasarte bat: "Umetan irakurri nituen Dickensen Dorrit txikia eta Oliver Twist. Transmititu zidatena, miseriaren aurreko errukia eta pertsonaien autonomia pertsonala da. Giro gogorra dut gogoan, ahaztuak ditut peripeziak. (...) Eta liburuetatik gizen, zorritsu, hitz-totel, zerri-pertza edo hanka-oker kentzen ari garen bitartean, umeari dena irakurterraza, dena eramangarria, dena gozo-zopa bihurtua ematen ari garen bitartean, istorio lehor bezatuak euskara lehor bezatuan ematen dizkiegun bitartean, bitarte horretantxe hain zuzen, algoritmoak mundu paralelo bat eraikitzen eta eraikitzen ari dira, bitarte horretantxe umeek oso ate zabal-errazak dauzkate eskura mundu digitalean sartu eta eremu arriskutsuenetan nabigatzeko. Guk hamasei urterekin ere usaintzen ez genituen errealitateetan zabuka hasteko trepetak dituzte eskura. Zuzentasun politikoak ez dio ezer umeentzat drogen edo apustuen atzaparra bezain irmoa izatera iritsi litekeen adikzio digitalaz."

Azkenik, teorizazioaren aldean, harreman heterosexualetan (askotan) gatazkak nola kudeatu ohi diren landu zuen Iris Bordak bere Instagramean eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Izan ere, gatazkak ekiditea edo aurre egin nahi ez izatea bada gatazkatsua. Are gehiago, enpatia, gatazkaren kudeaketa eta, oro har, zaintzak barne hartzen duen guztia de facto baliogabetzen du halako jarrera izateak, baina ez gara gai identifikatzeko sistematikoki "ezer ez egitea" badela gatazka sortzea, erantzukizun afektiborik ez izatea. Halaber, fenomeno hau izendatzeko plusbalia erromantikoa terminoa erabiltzen du eta funtsezkoa iruditzen zait, hain zuzen ere behar bezala teorizatu ahal izateko, izena eman ahal izatea.

Aurreko urteko posten artean Amaiaren "Gatazkatik kultura positibora" aukeratu dut oso landuta dagoelako eta teoria zein praktika uztartzen dituelako etengabe. Gainera, eskaintzen dituen baliabideen artean denetarik dago: ikus-entzunezkoak, tira komikoak, hitzaldiak, lan teorikoak... Bereziki deigarria (positiboki) iruditu zait "Ikasle laguntzaile" programan ikasleek adierazi egin dutela asko gustatu zaiela "ahal izan duten neurrian, gure insititutuko arazoak konpontzen saiatzea". 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina