#EugenBidegain etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#EugenBidegain etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/05/02

AGURRA



 AGURRA

    
                                            Mila esker irakaslegoari eta ikaskideei. Hurrengorarte!






2022/03/16

TRUKO (TXARRA) ALA TRATU (ONA)?

 

 





 

Iazko ikaskideen post-etatik hurrengoko hau aukeratu dot:

“TRATU ONETIK ELKARBIZITZA POSITIBORANTZ”

https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/03/tratu-onetik-elkarbizitza-positiborantz.html

Aukeraketa honen arrazoia testuaren koherentzian dago batez ere. Baina baita proposatzen dituen baliabideen kopuru eta kalitateagatik ere. Bere sarrera ez da batere leuna, horren zuzena den baieztapen honekin kolpatzen baitu irakurlea hasieratik: Ikastaroa aurrera joan den heinean, behin eta berriz agerian geratu da itxuran berdintasunaren aldekoa den arrazoibidea erakusten badu ere, eskolak ez duela berdintasunean hezten”.

Baina arazoa aurkeztu ondoren irtenbidea ere proposatzen du, eta horretan datza post honen  kalitatea nire ustez: Eskolaren azken helburua ikasle bakoitzaren garapen integrala den neurrian, pertsona bakoitzarentzat leku seguru bihurtu behar dugu. Nola? Ikasle bakoitza askatasunean eta berdintasunean heziz. Horretarako gako bat, aste honetako gaia: tratu onak, hezkuntza-komunitatean harremanetarako ardatz. Horren bitartez benetako elkarbizitza positibora iritsiko gara.”

 

Ikasleekin lantzeko aproposa izan daitekeen baliabide eta abesti/bideo bat aurkeztu:

Nik hain ederra den abesti herrikoi hau proposatzen dot: “Maitiak galde egin zautan”.

Kontuz zeren abestia ospetsua bada ere, bere garaian Aita Donostiak jasotako doinua eta egun denok ezagutzen doguna ez dute zerikusirik. Dena dela, atal honetan hitzak aztertuko ditugu, eta ez musika.

Hain ospetsua eta doinu ederra daukan kantu herrikoi honek baditu bertso batzuk zeintzuk gaurko ikuspegi guztietatik ez zutenak pasatuko inolako filtrorik. Horregatik utzi behar al dogu berau abesteari? Ez dot uste hori ere irtenbidea denik. Agian hobeto da ikasleei azaltzea zer dagoen hor azpian, zein den testu horren eratorria eta testuingurua. Bai gaiagatik eta bai eskatzen dabien jakintza mailagatik agian DBH3-4 mailetarako iruditzen zait egokiena.





MAITIAK ERRAN ZAUTAN

TESTU NORMALIZATUA

MAITEAK ESAN ZIDAN

KANTUTEGIA

Cancionero Vasco

ARGITALPENAREN URTEA

1994

ARGITALETXEA

EUSKO IKASKUNTZA

ARGITALPEN TOKIA

DONOSTIA

JASOTAKO TOKIA

SARA

BILTZAILEA

AITA DONOSTIA

(Eratorria: Eusko Ikaskuntza / Euskal Kantutegia)

https://www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/dokumentu-fondoa/euskal-kantutegia/ab-2287/

 




Lehen bertsoa guztiz suntzitzailea da kulturaniztasunaren ikespegitik. Emakumeari bere bikoteak galdetu dio ea polita den, polita bai, baina azal kolore beltza duela… Arrazakeri (eta matxista ere? Ohartu emakumeari atsekituta dagoela hain zuzen ere) kutsua duen testu honen eratorria kristauen bibliaren barnean, Salomonen “El Cantar de los Cantares”-en oinarrituta omen dago. Irakurri dezagun lehenik euskal kantuaren bertsioa:

“Maitiak erran zautan
Pollit nintzanez;
Pollit, pollit nintzela,
Bainan larrua beltz”.

 

Eta orain aztertu ditzagun aipatu dogun bibliako hurrengoko bertsoak:



"Beltza naiz, baina barregarria, Jerusalemgo alabak,

Quedarreko dendak bezala, Salmaren pabiloiak bezala. "

"Beltzarana naiz, baina ederra, Jerusalemgo alabak,

Quedarreko dendak bezala, Salomonen pabiloiak bezala. "

                                                                         1abestia



Hortaz, egun horrenbeste kritikatzen doguzan erregaeton musika erritmoarekin batera datozen hitzak, benetan kritikagarriak badira ere gehienak, agian horrelako adibide bat plazaratzea ere ez legoke txarto. Azken finean KULTURA GUZTIETAN daukagu zerbait aztertzeko eta iritzi kritikoz ber-ikusteko. Dena dela, zein polita den abesti hau Imanol abeslariaren abotsean… (doinu desberdina baina hitz berdinak)

 


https://www.youtube.com/watch?v=bh8Up4J9fQA

 

Zein dira zure ustez hau guztia hezkuntzan/jendartean lantzeko erronkak?

Nire ustez eta aurrekotan behin baino gehiagotan esan dodanarekin bat eginik, zailagoa ikusten dot gai hau tratatzea gizarteko eremuetan hezkuntzan tratatzea baino. Azken fienan, gutxienez Ikasleak irakasleak zer esaten duen entzungo du eta askok kontutan hartu eta barneratu ere. Aldiz, gizartean kontu hauek beste historia bat dira. Erosotasuna, inertziak, pauta kulturalak, erresistentziak, urteetan “irabazitako pribilegioak”,… Hau da, esango genuke zoritxarrez ia guztia kontra dagoela.

Hezkuntzara murgilduz erronka nagusi bat autoestimua lantzea izango litzateke nire iritziz. Hona hemen zer esaten dozkun HEZIBERRI 2020-k autoestimuari buruz IKASTEN ETA PENTSATZEN IKASTEKO KONPETENTZIA atalaren barnean:

 

“Gertatu direnak ulertzen laguntzen dute norberak sortutako ideiek, planteatutako egoerari erantzuna ematen, nork bere jokabidearen ardura hartzen eta autokontzeptu positiboa eta autoestimu baliotsua garatzen”. (76.or.)

Eta aurrerago

NORBERA IZATEN IKASTEKO KONPETENTZIA barnean, autorregulazioari eta autorrealizazioari buruz hitzegiterakoan honako hau diño HEZIBERRI-k:

 

“Autoestimua garatzea, hau da, norbere buruaren gaineko balioespen positiboa eta errealista (dimentsio afektiboa)”. (94.or.)

 



Aurrerago, Norbera izaten ikasteko konpetentzia:

“Adimen emozionala garatzeko aukera handiak ematen ditu ikaskuntza arlo honek. Eguneroko bizitzako egoerak antzezteko aukera ematen digu jolasaren testuinguruak, eta antzeztean bizi dituen egoera askotarikoen bidez, emozioak eta portaera motorra autorregulatzeko aukera izango du ikasleak, baita errealitate-oinarri doitua izango duen autokontzeptua eta autoestimua lantzeko ere. Era berean, autokontzientzia, autokontrola, motibazioa, enpatia eta harremanen kontrola lan­duko ditu, funtsezko direnak gure nortasuna modu harmonikoan eta orekatuan garatzeko”. 145.or.

 

Hortaz, dokumentuetan bada ere bideak nolabait markatuta daude. Orain Laster heldu behar zaigun curriculum berrian agian zerbait aldatzen da eremu honetan ere: onerako izan dadila!

 

 

 

 

 

 

 

 


2022/03/10

MASKULINITATE BERRIAK

 



 

Iazko ikaskideen artean hurrengoko post hau aukeratu dot:

STOP indarkeria matxistei!!

 https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/03/stop-indarkeria-matxistei.html

 Arrazoiak? Denak: bertaratzen duen informazioa, testuaren eta ideien koherentzia, proposatutako estekak,… Dena bikaina.

 

Ikasleekin lantzeko baliabide bat gomendatu. Nola, noiz eta norekin landu?

DBH 3. Mailan, tutoretza saioetan:

FILMA: “To Kill a Mockingbird” (“Matar a un ruiseñor”), 1962. Zuzendaria: R. Mulligan.


 
Harper Leeren izen bereko eleberriaren egokitzapena da filma eder hau. Depresio Handiaren garaian, hegoaldeko herri batean, Atticus Finch (Gregory Peck aktorea) emakume zuri bat bortxatzeagatik akusatutako gizon beltz bat defendatzen duen abokatua da. Gizonaren errugabetasuna agerikoa den arren, epaimahaiaren epaia aurretik dago markatuta. Beste abokatu batek ez luke kasua onartuko, Atticus Finchek izan ezik, hiriko hiritarrik errespetagarriena baita. Errugabe baten defentsa errukior eta ausartak etsaitasunak ematen dizkio, baina bere bi semeen errespetua eta miresmena ematen dizkio. Gizon hau ohiko estereotipo guztien kontra joan arren bere ausardia oso nabarmena da. Hori bai, bere ausardia ez du ohiko gizon estereotipoaren arabera adierazten, inteligentzia eta apaltasunarekin baizik. Ara gehiago, bere emaztea aspaldi hilda dagoenez, etxean aldi berean bi figurak betetzen ditu bere seme alaben aurrean. Nire ustez, benetako gizon eredu alternatiboa aurkezten digu istorio zoragarri honek.


https://www.youtube.com/watch?v=P2yVZRAtaa4



Zein da zure ustez hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean landu beharraren justifikazioa?

Jendarteko eremuan garbi daukat gizonok egin behar dogula ahalegin handiena eredu berriak bilatzeko maskulinitate berriak lortzeko helburuarekin. Eta hau, egia esan, ez da batere erraza. Alde batetik gizonon erresistentziak, tradizioak, inertziak, erosotasuna, besteen zer esanak,… Bestalde, eta aldeko borondatea izanda ere, maskulinitate berrien eredu horiek topatzea ez dirudi hain erraza. Aurreko astetako lan arlo interesgarri bat identitateak sortzen izan zen. Eta hor azaleratu neban identitate hitza bera latinezko idem (identiko) hitzetik zetorrela. Hau da, identitate bat sortzeko, (esaterako maskulinitate berri batetan oinarrituta) eredu bat izan behar da aurrean. Ez dago beste modurik. Ezinezkoa da identitate berri bat sortzea hutsetik hasita.

Hezkuntza eremuan, gizonezkoak diren irakasleak erronka berdina daukate edota are konplexuagoa, beraiek izango baitira, hain zuzen ere, ikasle mutilentzako  maskulinitate berri horien eredu. Zer esanik ez adin txikikoak direnean ikasleak eta agian are gehiago nerabeak direnean.


Eta bukatzeko azken bideo bat:

 Why I'm done trying to be "man enough"

 non gizonezko aktore batek, Justini Baldoni,  maskulinitate berrietaz hitzegiten duen.  Izenburua bera oso esanguratsua da. Bideoa erakargarria egiten da ez bakarrik azalpenengatik, baizik eta humorearekin asko jokatzen duelako. Nire ustez egokia da DBH 3. mailan ipintzeko. Hizketaldia ingeleraz da baina aukera dauka azpitituluak gazteleraz jartzeko. 




2022/03/04

Bakea da bidea

 

 

 



 

Iazko ikaskide baten Blog-eko post-a:

https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/03/gatazkak-hezkidetzaren-ikuspegitik.html

“GATAZKAK HEZKIDETZAREN IKUSPEGITIK HAUSNARTZEN”

 Post hau aukeratu dot lehendabizi bere erakargarritasunagatik. Egia da gero testuan bertan ez dagoela sakontasun gehiegirik eta hori hobetu beharreko izango zala. Baina dauden edukiak, estekak, bideoak eta irudiak oso egokiak iruditu zaizkit, baita modu egokian aurkeztuak.

 

Gai honek hezkuntzan duen garrantzia erakusteko ikerketa, baliabide edo proposamen adierazgarriren bat gomendatu:

 “Conflictos y estrategias del profesorado en la aplicación de planes de igualdad en centros educativos” Luisa Vega Caro. Tesi doktorala da. Hona hemen esteka zuzena: 

“Gure ikerketan, garrantzi berezia du ikastetxeetan berdintasunaren arloko politika berriak ezartzearen ondorioz sortzen diren gatazkak aztertzeak, testuinguru egokia baita irakasleek arauak eta praktikak nola ber interpretatzen eta negoziatzen dituzten aztertzeko. Ikastetxeetan generoa eraikitzean sortzen diren gatazken azterketari esker, gai horretan aldaketa-prozesuak nola gertatzen diren uler daiteke. Berdintasun-politikek eta -legeek gizarte-bizitzarako baldintza berriak sortzen dituzte, baina horien arrakasta eta iraunkortasuna pertsonek gizarte-testuinguru esanguratsuetan egiten dituzten praktiketan eta ohituretan ber interpretatu eta barneratzen dituzten genero-arau eta -kode horien araberakoak dira. Aurkezten dugun ikerketa-txostena bi bloketan egituratzen da; lehenak azterketaren esparru teorikoari heltzen dio, eta bigarrenak azterketaren zati enpirikoa aurkezten du”.

 

 


 

 

Era berean , beste bideo hau ere partekatu nahi dot hemen. Bertan gure erkidegoan eta hezkuntza eremuan hain figura esanguratsua den Neli Zaitegiren hitzaldia dago. Hezkidetzari zuzenenean enfokatuta ez badago ere bai hitzegiten du gatazken irtenbide baketsuetaz.

https://www.youtube.com/watch?v=nNOdDtwY1uM

 

 


 

 

Zein da zure ustez egungo egoera eremu hezitzaileetan/jendartean? Zein erronka nagusiak?

 

Eremua hezitzailean erronka hau litzateke nire ustez garrantzitsuena:

-ikastetxeko bizikidetza bi eremutan landu beharra: alde batetik prebentzio eremua. Gatazkak sortu baino lehen giro ona lortzeko ahaleginak egin behar dira, gatazkak ekidituko dituen giroa hain zuzen ere. Horretarako ikasleentzako tailerrak prestatu ahal dira. Irakaslegoa ere formatua egon behar da gai honetan. Aldi berean ikastetxeak Bizikidetza Plana izan behar du. Bigarren eremua: gatazkak sortu ondoren bilatu behar diren bideak ere baketsuak izan behar dira, noski. Horretarako ikasleen eskubide eta betebeharren 201/2008 Dekretua ezagutzea ere ezinbestekoa da, batez ere DBH-n.

 


-Jendartean gauzak zailagoak ikusten ditut. Egun Europan daukagun egoera nahiko esanguratsua da: uste genuen gure kontinentean bakea deuseztatzea berriro ezinezkoa zela (Yugoslaviako kasua XX.mendekoa izanik uste genuen errepika ezina zela XXI.mendean). Eta begira nondik Errusiak ez du bilatu gudaz aparte beste modu bat bere nahiak bideratzeko Ukraina dela eta.

 

 

 

 

 

 

2022/02/24

HEZIKETA AFEKTIBO SEXUALA

 

Zein izan dira astean zehar bor-bor ibili diren ideia nagusiak?

Aste honetako irakurgaitik jaso ditut parrafo interesgarri batzuk eta horiek komentatzera nator.

“Sexualitatea eta indarkeria bateraezinak dira. Harremanetan indarkeria agertzen denean sexualitatea zena boterekeria-gose eta indarkeriaren erotizazio bihurtzen da.”

Guztiz ados nago adierazpen honekin. Ez dot ulertzen nolatan pertsona batzuk bi kontzeptu hauek elkar lotzen dituzten. Baina tamalez errealitate bat da. Nondik datorren aztertu beharko litzateke baina edozein kasutan oso zaila da ulertzeko.

“Elkarrekiko errespetuan, nahian eta “adostasunean” oinarrituriko edozein sexualite-adierazpen zilegi da. Beti ere “adostasun” horretara benetako askatasunetik abiatu eta inplikaturiko pertsonak botere posizio berdinean baldin badaude”.

Sentitzen dot baina adierazpen hau errena dago. Zuzena bai, baina ez dago osotuta. Adin txikoekin ezin du sexu erlaziorik izan adin nagusiko batek, nahiz eta adostasunean izan. Agian “pertsonak botere posizio berdinean baldin badaude” esaldian sartu genezake adinaren atal hau, baina derrigorrezkoa ikusten dut adieraztea esplizitoki. Horrela inork ez du izango zalantzarik.  Hau adieraztea derrigorrezkoa ikusten dot, batez ere kontutan izanda azkenaldi honetan azaleratzen ari diren adin txikikoen aurkako sexu erasoak. Azken berriak ezagututa norbaitek pentsatu ahal zezakeen zeruaren babesak dena estaltzen eta justifikatzen dabiela…

 

 Azkenik, beste guztizko desadostasun bat irakurgaian erantsi den irudi baten inguruan. Irudi honetan famila eredu desberdinen marrazkiak daude. Pertsonen arteko elkarteak direla familiak uste dot ados gauela, baita hitz egin ahalko dogu txakur familia batetaz, baina inolaz ere pertsona batek eta animalia batek osatzen dute familia bat. Familia bat osatzea afektu kontu bat bada soilik, hortaz, zergatik ez pertsona bat eta landare bat?  Edota pertsona bat eta objektu baten familia?



 

R.A.E.: FAMILIA: “Grupo de personas emparentadas entre  que viven juntas.”

Denborarekin lortu dogu familia ez nuklearra ere onartzea familia definizioaren barne eta kulturalki ere horrela dago dagoeneko onartuta gizarteagatik. Pertsonen arteko familia batetan maskota bat dagoenean ere,  hauek sentituko dute txakur, katu, edo txori hori familiaren parte dela, seguru baietz. Baina hortik abiatuta, pertsona batek eta adibidez txakur batek familia bat osatzen dabiela adieraztea gehiegikeri bat iruditzen zait.

 

Aurreko ikasturteko post-en artean hau aukeratu dot:

https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/03/heziketa-afektibo-sexuala_50.html

“HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALA”

 

Aukeraketa hau alde batetik proposatzen dituen esteka eta bideo kopuruagatik izan da. Eta azken hauen artean oso gustuko izan dot hurrengoko hau:


https://www.youtube.com/watch?v=skp5f6gA_5g

 Lehen aldiz aspaldi ikusi neban goiko bideo hau eta izugarrizko zirrara eragin zidan. Bertan oso ondo ikusten da barnetik DENAK garela berdinak (hezurrezko egitura berberarekin osatuak). Kanpoko itxurak, sexuak eta koloreak ezer gutxi inportatzen dabiela.

 

Aste honetako gaiaren inguruko baliabide (abesti, irudi, bideo), irakurketa edo erreferentea izan daitekeen norbait proposatu ikasleekin erabiltzeko.

Goian aipatu doan bideoaz aparte beste hauek proposatuko nituzke:



“Una jaula de grillos” filma. “The birdcage”, Mike Nichols zuzendaria, 1996.

 

https://www.filmaffinity.com/es/film944478.html

Ez dot ezagutu modu dibertigarriagorik bilatu filma hau baino aniztasun sexuala tratatzeko. DBH-n hezkidetzan jartzen nizkien ikasleei eta izugarrizko arrakasta zeukan beti. Hortaz, hezkidetza gai serioa bada ere, badago humorez tratatzeko aukera ere. Gainera aktore bikainez osatutako filma da. Zer gehiago eskatu ahal da?

Bere parean legoke ere IN & OUT filma (Frank Oz, 1991), baita izugarrizko komedia non irakasle batek deskubritzen duen bere homosexualitatea.



 

Beste filma bat ere oso egokia, baita ere DBH ikasleentzako hurrengoko hau da:

“Antes de que anochezca” “Before Night Falls”, Julian Schnabel zuzendariarena (2000).



Filma hau ez da komedia bat, egia esan errealitatzezko historio bat kontatzen du modu oso gordinean. Javier Bardem aktoreak interpretatzen du Cuba-ko Reinaldo Arenas poetaren bizitza. Bati baino gehiago argituko dio filma honek nolatan tratatzen zuen Cubako diktadurak homosexualak. Garbi dago trataera berezi hau homosexualen aurkakoa diktadura ugarien ezaugarri bat dela (F. García lorca nola bukatu zuen gogoratzea besterik ez dago). Zalantza gehiago baldin badauka norbaitek gai honetaz irakurri dezala G. Cabrera Infantek idatzitako memoriak, Mapa dibujado por un espía, 2013. Gauza bat bada adierazgarria oroipen liburu horretan da Cubako agintarien obsesioa “marikoi”-en aurka.

 


 

Orain arteko gutxi iruditzen bazaio norbaiti, hona hemen beste benetako historia bat, U.R.S.S.en gertatutakoa: Citizen X filma (Chris Gerolmo, 1995). Bertan garbi ikusten da utopia komunista materializatzen duen estatu batetan ezinezkoak direla gay-en esistentzia. Baina uste dot oraingo Errusia eta orokorrean Europa ekialdeko herrialdeak ez direla honetan asko aldatu.



 

 Zein da zure ustez hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusia?

Orain arte esandako guztiarekin uste dot nahiko garbi gelditu dala erronka ANIZTASUNA onartzea dela. Ikasleek, et gizarte osoak, ulertu behar du LEGE-a bakarra dela, guztiontzat berdina. Gu geu, gizabanakoak gara DESBERDINAK. Berdin du zein den desberdintasuna: etnia, kultura, hizkuntza, sexua, generoa,  erligioa... Guztiek berezitasun pertsonalak dira. Baina denok gara desberdinak besteekiko (edo behintzat horren aukera izan beharko genuke beti) eta aldi berean berdinak gara legearekiko.

2022/02/17

ANIZTASUNA NAGUSI

 



Iazko post baten aukeraketa:

https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/03/herri-txikietako-trantsizioak.html

HERRI TXIKIETAKO TRANTSIZIOAK

Post hau aukeratu dot testuinguru kritiko bat lantzen duelako: herri txikiak. Ez gaitezen engainatu: ez dauka zerikusirik hiri handi batetan onartzen den aniztasun maila eta herri txiki batetan onartu ahal dena. Herri txikietako jendea, bere aniztasuna modu askean adierazteko aukera bakarra urrutiko hiri handietara aldendu beharra izan da izan da urte askotan zehar. Gaur egun, ematen du hau apur bat aldatzen doala, baina ez seguru behar haina abiaduran.

 

Sentsibilizaziorako baliagarria izan daitekeen irudi/bideo/gidaren bat gomendatu:

 

STONEWALL

Stonewall-istiluen eratorria azaltzen duen bideoa:


https://www.youtube.com/watch?v=xGR2IJEY098&t=453s

 

“Vestido nuevo corto” bideoa ere dakart honera:


https://www.youtube.com/watch?v=LVdfnQPUYLY&t=28s

 

Eta azkenik gida hau ere proposatze dut:




https://www.steilas.eus/files/2015/05/Genero-eta-aniztasun-sexualerako-GIDA.-STEILAS.2015.pdf

 

Zein dira zure ustez hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronkak?

Ohikoa iruditzen zaidan bezala, errazago bilatzen dot eremu hezitzailean lantzea gai hau eta etekin positiboak ere ateratzea. Jendartean, aldiz, eta gorago aipatu dudanaren ildoan, ez dot uste batere erraza denik sexu aniztasuna lantzea batez ere herri txikitan, eta  lagunartean. Saiatu ahal zara hitzegiten, baina adinaren arabera jaso ahal dozun erantzuna litekeena da negatiboa izatea. Edo okerrago, aldarte erasokorrekin bilatzea. Hortaz, erronkak? Dagoeneko legedian jasota dagoena denbora pasatzen den heinean lortzea gizarteratzea modu natural batetan. Gai honetan bai esango nukeela legedia gizartearen aurretik doala, tristea bada ere.

Baina legedian jasotzea sexu aniztasunaren aldarrikapena izugarrizko aurrerakada da.

 














2022/02/10

IDEM, IDENTIKOA, IDENTITATEA

 






IDENTITATEA, PARADOXA BIKAINA

Ohartzeko gauza bat da IDENTITATE hitzaren etimologiari jarraituz (latinezko idem= gauza berbera, berdina) bukatu duela justu kontrako esanahiarekin. "Nik nire identitatea daukat" esaldiarekin aldarrikatzen al nago DESBERDINA naizela ala BERDINA? Eta edozein kasutan, NOREKIKO? Honekin esan nahi dot nire ustez IDENTITATEA beti eraikitzen dugula norbaitekiko. Ez dagoela erabateko askatasunarekin eraikitzen den identitaterik. Hortaz, benetan bai dela identitatea hitzaren eratorrizko esanahia errealitatea gehien islatzen duena. Ondorioz, agian askatasuna bakarrik egon ahal da NORBERE ERABAKIAN ea NOREKIKO nahi duzun izan berdina.





 

Iazko ikastarokideen arteko post hau aukeratu dot:

“NI HORRELAKOA NAIZ”

 

https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/02/ni-horrelakoa-naiz.html

Lehendabizi tratatzen dituen kontzeptu aukeragatik: elkar errespetua, curriculum ezkutua, eta estereotipoak. Azterketa ez bada sakona ere, modu argian tratatzen ditu. Jarraian berak bere ikaskideekin egindako esperimentu soil bat azaltzen du, emaitza onekin gainera. Azkenik estereotipoak azaleratzen dituen bideo umoretsu bat proposatzen du.

 

Identitateen garapenean zein da curriculum ezkutuaren eragina?

EAEko hezkuntza-sistemarako II. Hezkidetza Plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2019-2023). Plan honek honela diño:

“Berdintasuna sartzea, ezkutuko curriculumean eta ageriko curriculumean. Ezkutuko curriculumetik, bestalde, irakasleek, familiak eta ikasleek besteekiko interakzioan gauzatzen dituzten arauak, balioak, jarrerak eta portaera berrikusi behar dira. Genero-sozializazio desorekatua eta horrek ikastetxeetan ezartzen diren harremanetan duen eragina aztertu behar dira”.

Ez dago inolako zalantzarik ikasleek identitatearen eraikuntzan determinanteak izango direla guztiz curriculum ezkutuko arauak balioak eta jarrerak.

Aipatu itzazu zure inguru hurbilean genero-identitateen inguruan behaturikoak. Zein dira erronkak?


Hezkuntza eremuari dagokionez, azpimarratu ahal dogu azken urteotan egindako ahalegina Hezkuntza Sailetik. Gorago aipatutako Hezkidetza Plana-taz aparte, Ikastetxeei zuzendutako protokoloa, ikasle transei edo genero portaera ez normatiboa dutenei eta haien familiei laguntzeko . (2016) aipatu beharra dago ere. Anistasuna eta Inklusibitatea (hau da hain zuzen ere Hezkuntza saileko azpi atalaren izena) onartzen eta babesten dituzten horrelako plan eta jarraibideek. Eta hauen aplikazioak eragin zuzena izango dute ikasleen identitatearen eraikuntzan, modu positiboan beti ere. Administraziotik ere gai hauen gainean gaude. Eta batez ere adi edozein giza eskubide ez-urratzearen zaindari. Horretarako ezinbestekoa dogu Ikasleen betebehar eta eskubideen 201/2008 Dekretua. (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/hezkuntza_ikuskaritza_dok_haur/eu_def/adjuntos/DECRETO201-2008eu-es.pdf)

Azken finean eskubideak idatzita egotea da benetako bermea ikasleentzako. Eskubiderik gabe ez dago askatasunez norbere identitatea eraikitzeko aukerarik.
Azkenik, hezkuntza eta genero identitatea garatzeko eskubidea lantzeko 10 bideo desberdin proposatzen dira hurrengoko webgunean:


10 bideo horietatik orain hurrengoko hau proposatzen dotzuet:



https://youtu.be/6-eSeKediig
Bideoak Angel eta Jazminen istorioak kontatzen ditu. Angel mutil trans bat da, eta aitzaki hori dela eta  etengabe jazarpena pairatzen duena. Jazmin lesbiana gaztea da, eta askotan gizartearen eta bere senideen presioei aurre egiten die, ez baitute onartzen bere izaera. Film labur honetan, LGTBI siglekin identifikatzen diren pertsonek gaur egungo gizartean gainditu behar dituzten egoerak agertzen dira.

2022/01/31

NONDIK NORAKO KONTZIENTZIA

 

 

 



 

 

 

Aurreko edizioetako post hau aukeratu dot:

NOLA EGIN, NOLA ESAN TA ZER IZAN...EZ DIGUTE ESANGO

 

https://hezkeh0506.blogspot.com/2021/02/nola-egin-nola-esan-ta-zer-izanez.html

 

Lehendabizi oso erakargarria delako bere aurkezpen itxura: kantua, musika pentagrama, estekak, komiki biñeta… Bestalde berak asteko irakurgaitik aukeratu daben esaldia nik aukeratutako berbera delako ere; hau da, ISEC baxuko familiatan genero arrakala txikiagoa dela. Aukeraketaren arrazoia ere berbera da: datu hau ezagutzearen sorpresa. Baina ondorioa oso tristea da: familia batek ISEC baxukoa izan beharra genero arrakala hausteko… Hau ez da bidea, noski. Lortu behar doguna zera da: familia guztien giza eta kultura maila igotzea alde batetik. Eta bestalde nahiz eta indize hori igo, genero arrakala ez handitzea. Are gehiago, arrakala hori desagerraraztea.



 

Hemen plazaratu nahi dot hurrengoko artikulua SCIENCE aldizkarian argitaratutakoa. Bertan aste honetako irakurgaian jasotako datu beldurgarri bat berresten da:  6 urteko neskatilek uste dute beraiek oso langileak direla, baina aldi berean beraien  ikaskide diren mutilak azkarragoak direla. Nolatran heltzen garen horretaraino hain azkar (6 urte!) ulertezina egiten zait. Horrrelako zientzia aldizkari serio batek aztertzea gaia lorpen positiboa da zalantzarik gabe. Arrazoiak ere azaltzen dira. Ez dena lortu oraindik zera da: nola atera zulo honetatik.

“Gender stereotypes about intellectual ability emerge early and influence children’s interests”



https://www.science.org/doi/10.1126/science.aah6524

 

 

Hona hemen artikuluaren sarreran ematen den laburpena:

“Estereotipo komunek goi-mailako gaitasun intelektuala (distira, jenioa, etab.) gizonekin lotzen dute emakumeekin baino gehiago. Estereotipo horiek ez dute adoregabetzen emakumeek karrera entzutetsu asko bilatzea; hau da, emakumeek ordezkaritza txikia dute beren kideek distira (fisika eta filosofia, esaterako) estimatzen duten eremuetan. Hemen erakusten dugu estereotipo horiek 6 urtera arteko haurren interesetan babestuta daudela eta eragina dutela. Zehazki, 6 urteko neskek mutilek baino joera gutxiago dute beren generoko kideak "oso, oso adimentsuak" direla sinesteko. Halaber, 6 urterekin, esaten den bezala, oso adimentsuak diren haurrentzat diren jarduerak saihesten hasten dira neskak. Aurkikuntza hauek iradokitzen dute genero bikaintasunaren nozioak goiz eskuratzen direla eta berehalako eragina dutela haurren interesetan”.

 

Gai honetaz beste El Pais-eko beste esteka-notizia bat, aurrekoarekin zuzenki lotuta dagoena:

https://elpais.com/educacion/2021-09-13/la-brecha-de-genero-en-matematicas-por-que-a-las-ninas-les-gusta-de-promedio-menos-esa-materia.html

 



Orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkarik nagusienak:

Erronka nagusia garbi dago: edozein ikaslek aukeratzea bere etorkizuna genero rolak eragindako muga, aurre-iritzi edota inertziarik gabe.

Dana dala, zerbait azaldu beharra ikusten dot. Inork EZ du aukeratzen EZER inolako KANPO eraginik gabe. Extra-lurtarra izan beharko zen izaki hau horretarako, hau da, Martetik etorri berria den izaki bat. Denok ditugu aurre-eragileak: familia, kultura, ereduak, iragarkiak, lagunak, Irakasle ereduak, irakurketak, filmak… Garrantzitsuena zera da: eragile horiek EZ izatea koertzitiboak edozein aitzaki dela medio (generoa, arraza, erligioa, giza-klasea…)





 

Lan esperientzia desberdinen bideoa:





Valentziako eskola batetan egindako esperimentua: