#GorettiEskalza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#GorettiEskalza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/04/06

Pertsona ardatz

Harreman kontzeptuari buruz hausnartzean kanpora begira ohi dugu, baina pertsonen arteko harreman-dimentsioa bezain garrantzitsua da pertsona barrukoarena. Gainera, bizipenen ondoriozko emozio, sentimendu eta ideiek osaturiko oinarriak, hain zuzen ere, pertsonen arteko eta inguruarekiko ditugun harremanen kalitatean eragin zuzena dute. Horregatik bata zein bestearen kalitateak pertsona ororen ongizate emozionalaren mailan zein  bere elkarbizitza kalitatean eragina izango du.
Neurozientziaren ikerketek gainera frogatu dute ez dagoela sexuak baldintzatutako patroirik gizonen eta emakumeen arteko garunetan bi kategorietan sailkatzeko eta hortaz ezaugarri pertsonalek zein norberaren izaera, bizipen eta ingurunearekin duen loturaz osatutako puzzlea da. Hortaz, emozioek berebiziko garrantzia hartzen dute.

 

 
Hezkuntza hezkidetzailearen ardatza ikasle guztiek harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak gara ditzaten bermatu behar du, indarkeria zein dominazio-mendetasun harremanekin kritiko agertu eta elkarbizitza eta pertsona barruko zein pertsonen arteko harreman positiboak eraikitzeko.
Tratu onak garatzea beraz ezinbestekoa da elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa bermatzeko. Teoria ondo dakigun arren egunerokoan sarritan ez da horren erreza aurrera eramatea, izan ere, Arremanitz-eko kideek esaten duten bezala "gure pentsaera estereotipatuen ondoriozko jokaerak dira tratu onen etsairik nagusienak afektibitatezko harremanak eratzeko, nork bere buruarekin, besteekin, hurbilekoen artean, bestelako bizidunekin, gauzekin eta inguruarekin". Hortaz, hezkidetzak genero-ikuspegia erabiliz, ezinbesteko izango du maskulino eta femeninotik hasi eta gainerako estereotipo guztiei uko egitea.
 
Tratu onez ari garen honetan, ezinbestekoa da maitasuna aipatzea, izan ere, maitasuna gure jendarteak ulertzen duen bezala, alegia, maitasun erromantikoa kaltegarria da. Coral Herrera-ren hitzak berrreskuratuz "maitasuna oso fenomeno konplexua da eta asko aldatzen da leku geografikoaren eta garaiaren arabera. Gainera faktore sozial, kultural, ekonomiko, erlijioso, sexual eta emozionalak ere kontutan hartu behar dira. Maitasun erromantikoa ideologia jakin batek eraiki du, patriarkala eta kapitalista denak". Mari Luz Estebanek esaten duenez ere "gizakia ikusteko modu bat da, baina horretaz gain, ordena ekonomiko, politiko eta sozial bat ere bada, gizartea antolatzeko modu bat: elkarbizitza, taldeak, gizon eta emakumeen arteko harremanak, helduen eta umeen arteko harremanak, hezkuntza, sozializazioa... hau da, bizitzeko modu bat da, eta hor erdian daude emozioak eta maitasuna. Beraz, ez da bakarrik amodio erromantikoa eta bikotea, gehiago da". Horregatik, ezinbestekoa deritzot maitasun eredu osasuntsuen bila bide berriak zabaltzea. Marcela Lgarde-k ere maitasun erromantikoa deseraikitzeko apustua egiten du jarraian agertzen den bideoan.

 

Hortaz, tratu onak sustatu eta irauteko erantzunkidetasuna edo ardura litzateke lortu beharreko aspektu garrantzitsuenetarikoa. Ikerketek erakusten dutenez aldiz, zaintzaren ezaugarria emakumeari soilik egotzi zaio. Horregatik, mugimendu feministak, pertsona eta zaintza erdigunean jartzea aldarrikatzen du. Gainera, jendartean zaintzak kutsu negatiboa  duela iruditzen zait. "Zama" gisa ulertua da eta gainera ikusezinak eta prestigiorik gabekoak dira. Baina lan horiek beharrezkoak dira egunerokoan eta garrantzitsua da hezkuntzaren erdigunean ere jartzea, izan ere, pertsona bere osotasunean begiratzen dute eta gainera aurreiritziak identifikatzen eta pertsonaren identiatearen inguruan sortzen diren estereotipoen inguruan kontzientzia hartzen saiatzen dira, baita pertsoeni arreta eskaintzen ere.
Egungo sistemarekin talka egiten du gainera, izan ere hezkuntza sistemak emaitzetan oinarritutako ikasteko modua lehenesten du eta exijentziek eta kontrolak pertsonaren dimentsio osoa galtzea dakar. Pertsona erdigunean jarriz gero, berarengan konfidantza izan eta laguntzen ikas diezaiokegu, bere bidea egiteko gai izanik, ikas-prozesuaren ardura bereganatuz, hobeto sentituz eta bere gaitasunetan konfiatuz.

 

Ikasleekin lantzeko aproposak izan daitezkeen baliabideen artean, Nafarroako Gazte Kontseiluak argitaratutako "Amodio zintzoen gida" zein "Sin mediaas naranjas" izeneko laburmetraia ere aukeratu ditut.

Hezkuntza komunitateak hortaz, erronka ugari ditu gai hau lantzeko. Besteak beste, honakoak aipatuko nituzke:
- Pertsona eta horrekin batera zaintza erdigunean kokatzea.
- Norkbere buruarekiko zein kolektiboarekiko harremanak zaintzeko konpetentziak garatzea.
- Maitasun osasuntsuago baten ereduak aurkeztea eta lantzea.
- Eguneroko harremanetan ematen dien tratu txarrak identifikatzea, hausnartzea, kritika gauzatzea eta tratu onengatik ordezkatzea.
- Erantzunidetasuna eta zaintzaren garrantziaz jabetzea.
- Sitemak inposatzen digun indibidualtasunari kritika egin eta kolektibo osasuntsuaren garrantzian lanean jardutea.


Iazko ikastarokideen post-en artean Leire Garro-ren "Tratu onak elkarbizitzaren oinarria" izenekoa gogora ekarri nahiko nuke, izan ere hausnarketa interesgarria burutzeaz gain bertan agertzen den Coral Herreraren bideoa oso aproposa iruditu zait.

2018/03/19

Indarkeria matxista arazo politikoa da

Indarkeria matxista jendartean egunerokoan eta edonon, pairatzen den errealitate gordina da. Feminismoak indarkeriaren egiturazko kausak zehazten dituen terminologia egokia bilatu eta eztabaidatu ondoren, indarkeria matxista terminoaren erabilera bultzatzen du. Izan ere, ahalik eta garbien  azaldu nahi da matxismoa oinarrian duela eta gizonak  eragile zuzenak direla emakumeenganako indarkeria honetan. Baina indarkeria matxista ez da emakume batzuen banakako arazoa ez emakume guztiena, jendarte osoarena baizik. Indarkeria matxista arazo politikoa da.
 
Menderatzaileek, alegia, gizaki arrek, beraien figuratik eta begiradatik erabiltzen duten indarkeria da. Baina emakumeak ezezik, "emakumeak menderatzen dituen gizon" izateko arautik ateratzen diren gizon guztiak ere arriskuan daude. Hortaz, emakumeen "ezaugarriak" erakusten dituen edozein pertsona indarkeria matxistaren objektua izan daiteke, hala nola, maskulinitate hegemoniko ereduari jarraitzen ez dioten gizonek, agindu heterosexual normatiboa betetzen ez duen edonork, edota sexu zein genero dikotomiak zalantzan jartzen dituzten pertsonek ere. 
Honen aurrean, begira zabaldu beharra dago eta indarkeria matxistarik gabeko jendartea sustatzeko bi lan ildo nagusi proposatzen dira feminismotik: Maskulinitate berrien ezagupena eta autodefentsa feminista. 

 
Maskulinitate hegemonikoa, gizonek gizartean boterea eta agintea edukitzea ahalbidetzen duen gizontasun eredua da, pribilegioak justifikatzen dituen eredua, posizio hegemonikoa lortu duena, talde fenomenoa baina banakakoan gorpuzten dena, balio, sinesmen, jarrera, mito eta jokabide jakin batzuetan oinarritua dena eta oinarrian, gainontzekoei sinetsarazi beharko diena, ez dela emakumea, ez dela haurra eta ez dela homosexuala. 
Baina, eraikitako eredu hau, deseraiki daiteke eta maskulinitatea berdefinitzeaz ezezik pribilegioei uko egin beharraren aurrean aurkitzen dira maskulinitate berriak. Hortaz, egokia begitantzen zait euren ekinbidez sortutako askatze prozesu hau eta feminismoarekiko hurbiltasuna eta sentsibilizazioaz gain, konpromezua hartu nahi duen gizona antolatzea. Hala ere, eszeptiko xamarra naiz oraindik ere ideia honekin eta Federico Abreu Silveira-ren hitzak gogora ekarriz, pribilegioei uko egiteko prozesuanren konplexutasuna azpimarratu nahiko nuke; "Historian ez dago talde zapaltzaile bakar bat ere pribilegioei bere kabuz uko egin dienik. Horregatik da hain garrantzitsua mugimendu feminista". Ildo beretik, agertzen da Jokin Aspiazu Carballo aipatzen duenean "Lehenago egingo die uko bere pribilegioe klase burgesak, gizonok baino".  Horregatik, maskulinitateari pribilegioetatik eta boteretik heltzea proposatzen du "Masculinidades y Feminismo" liburuan.
 
Autodefentsa feminista aldiz, emakumeeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzeko estrategia feminista da. Autodefentsa fisiko soila baino gehiago da, izan ere, jarrerak, emozioak eta autoestimua lantzen baitira. Gorputzaz nola jabetu, botere pertsonalaz eta emakumeen arteko aliantzen botereaz jabetzeko bideak jorratzen ditu, baita erasoak, sotilenak ere, identifikatu eta bakarka zein kolektiboki aurre egiteko moduak ere.
 
 
Gainera beldurrari beldurra nola galdu lantzea ezinbestekoa da, beldurrak generoa duelako. Emakumeak, beldurrean heziak gara eta sarritan kontziente izan barik mezu hori transmititzen jarraitzen da atzean duen mezu guztiarekin: ahula zara, ez zara gai zure burua babesteko, beste norbait edo Estatua beharko duzu. Emakumeengan beldurraren eta autokontrolaren iruditeria sortzen da, emakumeak kontrolpean mantenduz eta gizonei boterea emanez. Emakumeoi ez zaie errekonozitzen ez esateko eskubidea, amorrua estaltzen irakasten da eta oldarkortasuna ezkutatzen. Horregatik eta honi buelta eman asmoz, autodefentsa feminista funtsezkoa da.
 
Gauzak honela eta aurretik aipatutako lan ildo hauekin batera, funtsezkoa da ere bestelako esparru hauei aurre egitea, alegia, maitasun erromantikoaren mito eta ideologiaren deseraikuntza, mikromatxismoen identifikazioa eta hauek gainditzeko esku-hartzea burutzea eta LQTBIQ+fobiak bistaratzea eta aniztasunaren ereduak baloratu zein normalizatzea.
 
Maitasun erromantikoa,  sexismoa eta misoginia transmititzeko eta errotzeko sistema patriarkalak duen erreminta eraginkorra da. Emakumeen bizitzak ordenatzeko, lanaren aitorpen eza eta menpekotasunera lotzeko eta maitasun-zaintza musutruk egiteko egitura da.  Botere-harremanak eta indarkeria justifikatzen dituzten mezuak zabaltzeaz gain, gure identitate, estetika, harremanak, desirak arautzen ditu eta maitasun gorputz-subjektu  nor den eta nor ez den definitzeaz gain, noiz, nola eta norekin sentitu behar den arautzen duen diskurtso hegemonikoa ere bada. Gainera, maitasun erromantikoa, sistema kapitalistari sostengatzeko funtsezkoa zaio.
 
 
 
 

Horregatik, maitasuna berdefinitu eta birkokatzeko beharraren aurrean aurkitzen gara. Maitasunaz hitzegitean, zaintza oinarrian jarri behar dela iruditzen zait, alegia, Kattalin Minerrek, "Zer ez dugun nahi maitasunaz" artikuluan plazaratzen duen ideiaren zentzuarekin bat nator: "baina ez edozer pasata hor egongo naiz... Zaintza da, zerbait konpartitzean, garrantzi bereko mailan jartzea. Hor egotea. Besteak zaintzea, zu zaindu zaitzaten uztea da. Ahultasuna eta indarra erakustea, besteekiko maila berean, tokatzen denean". Horregatik, indarkeria matxisten aurka ikasleekin lantzeko leloan ideia hau berreskuratu nahi izan dut. Iruditzen zait maitasun erromantikoaren kritika gauzatzea ezinbestekoa dela, gure sentimendu eta emozioetan kokaturik dugun heteropatriarkatua landu beharra dugu, elkarbizitza eredu sozial berriak eraikiz, maitakorragoak diren harreman ereduak diseinatuz eta norbanakoen arteko borrokak emango ez diren harreman parekideak askatasunean sortuz. Horregatik, maitasun erromantikoaren mitoak deseraiki behar dira eta maitasunaz zer nahi/espero dugu baino, maitasunaz zer ez dugun nahi/espero lantzea garrantzitsua da. Modu honetan gainera, indarkeria matxista bistaratzeko bide emango da eta indarkeriazko jarrerak eta egoerak identifikatzeko aukera zabaldu. Horregatik, gazte nerabeekin lelo hau lantzeko aproposa iruditzen zait, baina helduagoak diren pertsonekin ere egokia dela deritzot, izan ere, maitasunaren inguruan gehiegi hausnartzen ez dela iruditzen zait, arrazionaltasunetik at dagoen fenomenoa bailitzan bezala irudikatzen baita iruditeri kolektiboan.
 
Hortaz, aurretik aipatutako honengatik guztiagatik, uste dut ez duela justifikazio askoz gehiegirik behar zeintzuk diren hau guztia eremu hezitzailean lantzeko arrazoiak, izan ere, indarkeriarik gabeko jendartea sortzea baita hezkidetzaren oinarrietako garrantzitsu bat. Hala ere, honakoak zerrendatzea iruditu zait aporposa:
 
- Autoestimua eta burujabetasuna izateko lan egitea
- Emakumeen arteko ahizpatasuna, elkartasuna, babesa, konplizitatea indartzea.
- Beldurretik aske bizitzeko tresnak eskuratzea
- Indarkeria matxista, identifikatu, salatu eta aurre egitea
- LGTBIQ+fobiak bistaratu eta aurre egin
- Erasoen identifikazioa landu, emozio eta sentipenei garrantzia emanez
- Fisikoki defendatzeko erremintak eskuratu bestelako estretegiak nahikoak ez direnean.
 
Gauzak honela eta aurreko urteetako ikastarokideek egindako post-en artean Amaia Chueca-ren "Maitatzen sehaskatik erakutsiz" izenekoa aukeratu dut, izan ere, ikasleekin gai hau lantzeko baliabide apropos ugari plazaratzen dituela irudditzen zait.
 
 

 
 
 

2018/03/12

Gatazkaren ikusmolde positiboa defendatu

"Bakea" estatuen arteko gerra-gatazkarik eza bezala definitzen du ikusmolde tradizionalak, zuzeneko indarkeriarik gabeko egoera azpimarartuz. Baina "bakea" gerrarik eza gisa hartzeaz gain, edozein motatako indarkeriarik eza bezala ulertzea ere badago. Zuzeneko eta ageriko indarkeriaz gain (fisikoa edo erasoa), ezkutuko indarkeria motak ere badaude, alegia, egiturazko indarkeria (pobrezia, errepresioa, alienazioa) zein indarkeria kulturala (oinarrizko eskubideak mugatzea justifikatzen duena).
 
 
Egun, oraindik ere, gatazkaren zentzu negatiboak indarrean jarraitzen du, zoritxarra, arazoa edo nahi ez den zerbait bezala ulertzen baita gatazka. Johan Galtung Soziologo norvegiarrak aldiz, gatazkaren ikusmolde positiboa defendatzen du eta erronka bezala ulertzen du gatazka bera, aldaketarako aukera moduan. Hortaz, gatazka ezinbestekoa da pertsonen eta jendartearen garapenerako. EGK-k adierazi bezala, gatazka berez ez da positiboa edota negatiboa, baizik eta gatazken konpontzeko modua(k), hau da, trataerako modua(k). Horregatik, iazko ikastarokideen post-en artean Uxana-rena aukeratu dut, izan ere, ideia hauek berak sortutako infografian modu argian azaltzen dituela iruditzen zait.
 
Gatazkaz hitzegiten badugu, bakeaz hitzegin behar da ezinbestean. Bakea pertsonen artean eta ingurunearekin hainbat mailatan (ekonomikoa, sexuala, etnikoa, kulturala...) berdintasun-harremanak izatea bezala defini daiteke, eta egoera estatikoa baino, prozesu dinamiko gisa uler daiteke. Bake positiboaren kontzeptuaren helburua beraz, zuzeneko indarkeria desagertzeaz gain, egiturazko indarkeria eta indarkeria kulturala desagertzea ere bada, harmonia soziala eta pertsona ororen eskubideen errespetua oinarrian izanik.
 
Gauzak honela, patriarkatuak "bakea" gerrarik eza gisa ulertu du bakea, baina emakumeen kontrako biolentzia da araua sistema honetan, egiturazkoa baita. Jendarte baketsu eta normalizatu batean, emakumezkoak otzanak eta menpekoak baitira. Gainera, gizonezkoek gobernatzen dute, beraiek ezartzen dute norma biolentziaren bidez eta emakumeen sumisioa eza litzateke gatazka.
 
Hortaz, gatazkei aurre egiteko ohiko estiloak ukazioa, lehia zein erasoa izan badira ere, gatazken trataera egokiak, pertsonen zein taldeen identitateak indartzen ditu eta boterea garatzen laguntzen du. Horregatik, gatazka baten irtenbide-aukerak aztertzeko, honako egitura-alderdiak kontutan hartzea funtsezkoa da: inplikatuta daudenen helburua, beraien interesak eta beraien arteko harremana. Horregatik, gatazka baten aurrean lehia, ihes egitea edota sahiestea, etsipena eta lankidetza izan ohi dira aurre egiteko moduak.
 
 
Horien arabera erakutsitako jarrerak ezberdinak izan daitezke eta denak baliagarriak, baina ezinbestekoa da genero-kulturek izan dezaketen eraginaz kontziente izanik, norberarentzat garrantzitsuak diren helburuak eta harremanak generoek baldintzatu ditzatekeela eta baita sistema heteropatriarkalak sexu-generoagatik hierarkizatzea ere.  Iruditzen zait gainera, emakumeak bakearen bila hezi gaituztela, indarkeria egoerak sahiesteko beharrean, agresibitatea ezkutatzen, otzan eta menpeko, isilik geratuz eta amore emanez.Gizonezkoak aldiz, lehian heziz gatazkaren konponbidea gisa.
 
Hortaz, gatazken trataeran Feminismoaren ekarpenak oso lotuta daude Carol Gilligan-en Zaintzaren Etikak duen planteamenduarekin.
 
 
Kulturak eta produkzio eredu liberalak lehia dute oinarri eta hainbat balore baztertu ditu (enpatia, elkar ardura, elkartasuna...). Mendebaldeko Kulturan beraz, "Justiziaren" Etika da nagusi (printzipio, lege, arau, ohitura publikoak). Ondo eta gaizki dagoena, zilegi eta debekatua dena idatzita baitago eta "guztientzat berdina" da edo beharko luke. Bere jatorri patriarkalagatik eta indarkerian oinarrituta dagoelako beraz, hainbat talde uzten ditu kanpoan: emakumeak, umeak, zaharrak, hainbat etnia... Gainera, eredu femenino tradizionala gutxiesteak ekarri du, gatazken aurrean zaintzaren etikari ez begiratzea eta jendartearen garapenerako duen garrantzia kontutan ez hartzea. Labur esanda honakoak liratezke justiziaren etikaren hiru ezaugarri nagusiak: balore unibertsalak, eskubideak eta erantzukizuna. Gatazken ondorioei heltzeko batez ere bideratuak. Zaintzaren Etikaren ezaugarriak aldiz zergaitiei heltzeko bideratuak dira eta honakoak liratezke: testuingurua, beharrak eta elkar ardura. Jarraian agertzen den bideoan azalpena ematen da.
 

 
 
Hortaz, eskolak zeresan handia du honen guztiaren inguruan, izan ere, bizikidetza, ordena eta antolakuntza ulertzeko modu tradizionalek ikastetxeetan indarkeria-giroa sortu ohi dute (egiturazkoa izaten ohi da, sistematizatua eta normalizatua: matxismoa, LGTBfobiak, xenofobiak... onartzen dira ikasleak sailkatu eta araudia erabiliz trataera gisa. Horregatik, gatazken trataerarako kultura positiboa hedatzeko lau ardatz kontzeptu zeharkatu beharko dira: botere eta lidergo partekatua, jarreren berziklapena, aniztasuna eta justizia zein etika. Horregatik honako erronkak planteatzen ditut eremu hezitzaileetan:
 
- Gatazkaren kontzeptuaren berdifinizioa
- Gatazken aurrean genero ikuspegia kontutan hartzea-
- Gatazken trataeran generoen baldintzapenaz ohartzea baita sexu-generoak sortzen duen baloreen hierarkizazioaz ohartzea ere
- Justiziaren eta zaintzaren etika kontutan hartzea
- Irabazle-galtzaile eskema apurtzea
- Indarkeriaren deslegitimizazioa
- Pertsonak subjektu gisa ulertzea
...
 Horretarako, eta hezkuntzan gai honek duen garrantzia ikustarazteko honako baliabide hauek aproposak iruditzen zaizkit:
 
 
Gainera, honako laburmetraiak ikasleekin lantzeko egokiak iruditu zaizkit ere.
 
 
 
 
 
 
 
 
 

2018/02/28

Diskurtso hegemonikoa suntsitu

Sexu-genero sistemak gure bizitzaren esparru gehienetan eragiten du, eraikuntza soziokulturala den aldetik. Hala gertatzen da ere, sexualitatearen eremuan. Sistema patriarkalak ugalkortasunera zuzendutako sexualitate-eredua indartzen du eta kanpo dauden sexulitate-eredu anitzak baztertu, ikusezin bihurtu eta negatiboki baloratuko ditu. Hortaz, desira ugalketari lotuta egongo da eta plazera koitoarekin lotuko du sexualitate-eredu hegemonikoak. Gainera, gizonezko gorputza eta genitalak izango dira erdigune eta klitoriak ugalkortasun horretan funtziorik ez duenez, baztertua izango da ondoriozko botere harremanak sortuz. Hau guztia gutxi balitz, jendarte neoliberal kaptilalistak, sexua kontsumo produktu bihurtu du, jendartea hipersexualizatuz, prostituzioa eta pornografia sustatuz, amatasun subrogatua saleroiz...
 

Hortaz, heziketa afektibo-sexual hezkidetzailea hezkuntza-eremu guztietan txertatzea eta sexualitateen diskurtsoak beren espresio anitzekin ikastetxeko harreman esparru guztietan integratzea funtsezkoa da, ikasle ororen aniztasuna onartua izan dadin, izendatuak senti daitezen eta giza-sexualitatearen diskurtso normalizatuaren parte bihutzeko.
Heziketa afektibo-sexuala ez dago curriculum esplizituaren barnean, natur zientzetan eta eta biologian soilik ugalketa aparatuen deskripzioaz eta fisiologiaz arduratzeko agindua dute genero estereotipoak erreproduzituz. Esaterako, espermatozoideek maskulinitate hegemonikoa gorpuzten dute borrokalari gisa aitortuz, natura menderatuz eta obuluak pasibo aurkeztuz. Baina azken ikerketek ezagutzera eman dutenez,  Mendelen Legeei aurre egin eta obulua otzana ez dela frogatu da, alegia, obuluak espermatozoidearen aukeraketan partehartze zuzena duela.  
Heziketa afektibo-sexuala gainera, adin zehatzetara bideratua da eta denbora  tarte laburra eskaintzen zaio. Ugalketan, haurdunaldien eta sexu bidezko gaixotasunen prebentzioan zentratu ohi da, alegia, eredu-sexual normatibo eta hegemonikoan, non koito-zentralitatea, heteronormatibitatea eta emakumeekiko mesprezua erreproduzitzen eta aniztasun afektibo-sexuala bistaratzen ez den.
 
Gauzak honela, heziketa afektibo sexuala ikastetxe eta irakasleen sentsibilitate eta hautu pertsonalaren eskuetan geratu ohi da. Berdintasuna aldarrikatzen duen hezkuntza sistema batean, oraindik ere erlazio afektibo-sexualek estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte eta emakumeen aurkako indarkeriaren oinarrian dauden boterezko harremanak indarrean daude gazteengan, maitasun erromantikoa berproduzitzen delako etengabe.
 
 
 
 
Gainera, harreman afektibo-sexualen aniztasuna, oro har, ikusezina da eta sexu-orientazioen hierarkia nabaria da, eskola espazio segurua ez dela hautemanez. Horregatik, garrantzitsua da afektibitatea sexualitatearen kontzeptuari lotzea bizipenak era pozgarrian bizitzeko.

Afektibitateaz hitz egitean, nork bere buruarekin, gainontzeko pertsonekin, naturarekin animalia eta objektuekin harreman positibo eta osasuntsuak izateko gaitasunaz ari gara, garapen integralerako oinarrizko osagai dena.
Sexualitateaz aritzean aldiz, plazerraren kudeaketaz ari gara, desioaren espresio eta komunikazioaz. Nork bere buruarekin zein gainerako pertsonekin duena, non desioa eta plazerra abiapuntu eta helmuga aldi berean diren. Komunikazioa, errespetua, konplizitatea, adostasuna eta askatasuna oinarrian dute eta pertsona beste sexualitate dago. Hortaz aniztasunaz eta sexualitateez mintza gaitezke. 
 
Horregatik guztiagatik, ugariak dira hau guztia eremu hezitzailean lantzeko erronkak. Honakoak aipatuko nituzke:
 
- Hezitzaileen formakuntza heziketa afektibo-sexualean.
- Sexualitatearen inguruko mitoak deseraikitzea.
- Heteroaraua gainditzea.
- Bestelako ereduak eskaintzea (familia motak, kultura desberdinak, gorputz ez normatiboak... bistaratu hierarkizaziorik gabe).
- Sexualitate anitzen diskurtsoa normalizatzea.
- Gorputzen autoezagutza, onarpena eta guztien edertasuna baloratzea
- Espazio seguruak eraikitzea.
- Komunitate osoaren inplikazioa
 
Heziketa afektibo-sexuala ikasleekin lantzeko honako baliabideak egokiak iruditzen zaizkit: Haur txikienekin, Arrasateko udalak argitaratutako KILI KONTUAK ipuin bilduma. Sexologia bere osotasunean lantzeko baliabidea da honakoa:
 
  • Emozioak eta hauek identifikatzen ikastea
  • Autoestimulazioa
  • Gorputzarekin jolastea
  • Ugalketa
  • Familia eredu ezberdinak ezagutzea

  •  
    Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari begira, HARIMAGUADA kolektiboaren web gunean material didaktiko interesgarri ugari daude ere. Programa hau, planteamendu informatzaile eta moralista soilen aurrean, saiatzen da ikaslea bera izan dadin bere sexu ezagutza eraikitzen duena, izaki sexudun bezala positiboki kontsidera dezan bere burua, eta bestekiko harreman ganoradunak era ditzan, atseginak eta generoaren elementu diskriminatzailerik gabeak.
     
    Iazko ikastarokideek egindako post-en artean, Garaziren "Ikasia desikasten: normalitatearen mugak zabaltzen" izenekoa aukeratu dut, izan ere, eremu hezitzailean lantzeko baliabide oso interesgarriak aurkezteaz ezezik, berak planteatutako erronkekin bat nator.
     
     

    2018/02/24

    Elementu anitzen kaleidoskopioa

    Natura ez da bitarra, anitza da. Sexua elementu anitzen kaleidoskopio bat da, zehaztutako bi eredutan lerrokatuta ez dagoena eta ez dio patroi bitarrei erantzuten. Pentsamolde patriarkala aldiz, kategoria bitarretan oinarritzen da errealitatea aztertzeko eta sailkatzeko.
     
     
    Amaia Alvarez Uriaren esanetan, sexualitateari buruzko diskurtsoek dogmak sortu dituzte: dikotomia anatomikoak (arra/emea), genero dikotomia (gizon/emakumea) eta genero-estereotipoak (maskulinoa/femeninoa). Baina bi sexuen sailkapenaz harago errealitatea bestelakoa da, horrela aditzera ematen du ere EHUko irakaslea den Jose Antonio Rodriguez-ek "sexu-banaketa bitarrak ez du islatzen genetikoki, fisiologikoki eta anatomikoki dagoen aniztasuna baina legalki bi aukera baino ez daude", horrek eredu horiei lotzen ez zaizkien pertsonengan sortzen duen bazterketa eta sufrimendua eraginez. 
     
    Horrela azaltzen du Onintza Enbeitak ere, aste honetan Berrian, argitaratutako iritzi artikuloan. "Jaio orduko ebaluazio estetikoa egiten digute: zuria, beltza, mutila, neska, normala, ez hain normala... eta horren arabera bizitzera kondenatzen gaituzte. Lehen negarra egiten dugunerako kalkula daiteke zertan izango dugun hegemonia eta zertan ez. Jaio ginenean egin ziguten diagnostiko horren arabera izango ditugu aukera guztiak edo erdiak bizitza duina garatzeko, erdibiderik gabe: edo mutila edo neska, edo normala edo ez-normala, edo zuria edo beste zerbait".
     
    Bi biziprograma jarraitzera kondenatzen gaituzte, baina aste honetan egindako ibilbidearen ondorioz are argiago eta ziurrago dut ikasitakoa desikasi dezakegula. Pertsonek izateko, sentitzeko, agertzeko, egoteko ditugun amaigabeko konbinaketa, aukera eta prozesu horien guztien ondoriozkoa da munduan dagoen aniztasun anitza. Nahiz eta pertsona bat definitzerakoan berak zer den sentitzen duena izan baliagarriena, aniztasuna anitz hori jendarte patriarkalean ikusezin geratzen da askotan baina patriarkatuak eta heteronormatibitateak inposatutako muga zorrotzak apurtzeko eta gainditzeko aukera dugu.
     
     
    Identitareakin ezezik, sexu-orientazioarekin patroi bera jarraitzen da eta sistema patriarkalak aurresuposatzen du guztion heterosexualitatea. Bilgune feministak esaten duenez, sexualitatea eredu neoliberal eta patriarkaletik eratortzen den eredu dikotomikoaren eraginpean dago: harreman koital heterosexuala, ugalketa helburu duena eta "ona" eta "txarra" denaren arteko hierarkia, irudi honetan azaltzen den gisa.
     
     
    LGTBIQ+ sigalk beraz, heteronormatibitatetik haratago daudenen existentzia bistaratu nahi ditu. Ildo beretik bere errealitateak ezagutzea eta sexu-dibertsitatearen eta generoaren arloko lehentasunak definitzeko helburuarekin "Sentsibilizazioa eta prestakuntza" behar direla agerian utzi du Gasteizko LGTBI biztanleriaren errealitateen lehen diagnostikoaren ondorioek. Ikerketa honek ere, euskal nerabeek LGTBI kolektiboen eta aniztasun afektibo-sexualaren inguruan duten ikuspegia, kolektibo horien onarpen-maila eta kolektibo horien aurrean agertzen dituzten jokabideak aztertzen ditu,
     
    Gauzak honela eta hezitzaileak garen aldetik, identitateak eta aniztasun sexuala lantzeko zein sentsibilizaziorako baliagarria izan daitezkeen steilas sindikatuaren honako baliabideak proposatzen ditut:
     
    1. "Ortzadar gara" Unitate Didaktikoa (http://steilas.eus/2017/05/03/unitate-didaktikoa-ortzadar-gara/)
    2. "Askatasun begiradak: genero eta aniztasun afektibo-sexuala modu askean bizitzen laguntzeko" Unitate Didaktikoa (/http://steilas.eus/2016/05/16/askatasun-begiradak-genero-eta-aniztasun-afektibo-sexuala-modu-askean-bizitzen-laguntzeko-unitate-didaktikoa/)
    3. "Genero eta aniztasun sexualerako" Gida (http://steilas.eus/2015/05/14/genero-eta-aniztasun-sexualerako-gida/)
    4. "Esango diozu" Unitate Didaktikoa http://steilas.eus/2014/06/09/lgtbi-taldea-unitate-didaktikoa-esango-diozu/)
    5. "Musuak" Unitate Didaktikoa (http://steilas.eus/2014/01/13/lgtbi-unitate-didaktikoa-musuak/)
    6. "Esterotipoak apurtuz: Hezkidetza, generoa eta transgeneroa" Unitate Didaktikoa (http://steilas.eus/2013/06/26/esteroetipoak-apurtuz-hezkidetza-generoa-eta-transgeneroa-unitate-diaktikoa/)
     
    Iazko ikastarokideek egindako post-en artean Maite Magisteritza-ra ekarri nahiko nuke gogora, izan ere,  honako bideoa sentsibilizazioa gauzatzeko baliabide interesgarria iruditzeaz ezezik, gaia lantzeko ditugun erronka esanguratsuak plazaratzen ditu.
     
     
     
     
    Eremu hezitzailean lantzeko ditugun erronken artean, honako hauek aipatuko nituzke nik:
     
    - Sexu-genero sistema salatu eta gainditu
    - Ikasle bakoitzaren banakotasuna errespetatu aniztasuna modu ez hierarkikoan agertuz
    - Heteronormatibitatetik aldendu eta eredu anitzak bistaratu
    - Aniztasun ororen alde egin, elkarbizitza positiboa landu eta indarkeria egoeren aurrean esku-hartzeak gauzatu
    - Heziketa-afektibo sexual ez heteronormatiboa burutu
    - Sexu-genero roletara egokitzen ez diren ikasleak babestu eta inguru segurua ekaini
     
     
     
     

    2018/02/14

    DISONANTZIAK

    Nor naiz ni? Zer naiz ni? Nahi dudana naiz? Zerk bereizten nau besteengandik? Zerk egiten nau besteen antzeko? Zerk eta nork definitzen nau?... Identitateekin dantzan aritu gara aste honetan. Baina zer da identitatea?
    Identitatea beste pertsonengandik bereiztea da baina talde baten partaide bihurtzen nau aldi berean. Eraikuntza pertsonala eta banakakoa da, baita eraikuntza soziala ere. Nor bere buruaren zentzua garatzean datza, esperientzia, bizipen ezaugarri eta pertzepzio pertsonalen bidez, kulturak gidatutako balio eta arauen eraginez barneratuz. 
    Bizi garen jendarte heteropatriarkalak pentsamendu dikotomiko eta hierarkikoa erabiltzen du mundua antolatzeko eta banatzeko. Hortaz, sexu-genero sistemak gure identitatearen eraikuntzarengan eragin zuzen, zorrotz eta eskasa du.


    Sexu-identitatea baldintza biologikoetan oinarritutako identitatea da, pertsonari bere genitalen eta ezaugarri fisiologikoen arabera ematen zaiona. Genero identitatea aldiz, estereotipo eta rolei lotutako eraikuntza sozial eta kulturala da, gizateria bi multzotan sailkatu eta nolakoak izan eta jokatu behar dugun inposatzen duena. Hortaz, beste behin ere sexu-genero sistema bitarrak itotzen gaitu  eta nolakotasuna azaltzen duten definizio horiei men egiten ez dionak baztertuko du jendarteak. Zorionez, bi arketipo zurrun hauek baino askoz zabalago, anitzago eta aberatsagoak dira identitateak. Sistema bitarra gainditzean, sexua zein generoa kultura eraikuntza mugatuak direla ohartu  eta onartu ahala, aniztasunarekiko mapa berria zabalduko dugu, aniztasunarekiko errespetua bermatuz. 
     
     
     
    Genero-identitatea beraz, pertzepzio subjektiboari dagokio, indarrean dauden arauak pertzepzio hori bideratzen dutelarik eta une historiko zein geografiko ezberdinetan aldatu daiteke, beraz eraikuntza soziokulturala da. Horren adibide honako artikulua, non  kolonizazioaren aurretik amerikarrek 5 genero ezberdin aitortzen zituztela azaltzen den eta maskulino zein femeninoak ziren ezaugarriak zituzten pertsonak goraipatzen ziren gainera.
    Gauzak honela, gizarte orok genero-eskemak, arauak, jarraibideak edo estereotipo kulturalak dituztela onartuta, gizarte bereko gainerako kideekin identitate soziala osatzeko erabiliak dira eta ondorioz genero-identitatea sortzen da. Eredu hauek idealizatuta daude iruditeri kolektiboan eta komunitatean onartuta sentitzeko, jendeak ahal duen moduan egokitzen zaio generoen tiraniari. Baina zientziek (psikologia edo medikuntza kasu) teoria hauek legitimatu egiten dituzte eta pertsonen garapen integrala baldintzatzearekin batera, patologizatu eta sexu-diskriminazioa iraunarazten dute. Teoria feministak aldiz, genero-kontzeptuak kolokan jarri ditu eta identitatearen izaera aldakorra, anitza, erlatiboa eta etengabeko erikuntza mahaiganeratu eta aitortu du.
     
     
    Genero-identitatea zer den eta bere garapenaren inguruko teoria ezberdinek azpimarratzen dutena kontutan izanik, norbanakoarengan ezezik, gizartearen eraikuntzarekin, gizarte-ereduarekin eta egiten dugun hautuarekin zer ikusia du.
    Hortaz, heteropatriarkatuak pertsonen identitateak definitzeko eta sailkatzeko sexu-genero sistema oinarrian hartzen duen heinean, hierarkizazioak ahalbidetzen ditu.  Jule Goikoetxeak aipatzen duen bezala, bien arteko aldea zenbat eta handiagoa izan gero eta des-demokratizazio sakonagoa emango da sistema kapitalista eta patriarkalaren barnean, pertsonak objektu gisa eta ez subjektu politiko moduan ulertzeko bide eginez, (sexu-genero, atzerritar-bertako, kultura maila, diru sarrerak, etabar-en arabera). Hortaz, jendartean eraldaketarako subjektu kategoria da gakoa eta izakia produktu kulturala dela pentsatuta, eraiki-deseraiki-eraiki prozesuan, aldakorra eta sortzailea da. Kultura moduak zalantzan jar daitezke zapalkuntza jarreren kontra joanez identitate anitzen askatasunean ezezik, instituzionalizazioa hautsiz ere, subjektu politiko gisa.
    Honen guztiaren aurrean, berriz ere hezkuntza da jendartea eraldatzeko dugun tresnarik eraginkorrenetarikoa. Heziberri 2020 aztertuta, identitateen garapenaren inguruan islatzen duen honako esaldia aukeratu dut (126.orr:):
    "Nork bere burua, norberaren taldea eta bizi duen mundua ezagutu eta ulertzea da, gizarte-zientzien jakintza eskuratuz, kritikoki erabiliz".
    1) Norbera banakako pertsona dela eta gizartean beste pertsona batzuekin bizi dela ulertzea, eta pertsona horiekin lanean aritzea eta antolatzea askotariko ezaugarriak eta xedeak dituzten taldeetan, maila bat baino gehiagotan (familian, eskolan, auzoan, herrian, nazioan eta gainerako mailetan).
    Aurretik aipatutakoa, aintzat hartzeko, funtsezkoa izango da curriculum ezkutuan ikasle guztiei aukera berdintasuna luzatzea eta genero-estereotipoak alboratzea. Hezitzaileak garen aldetik, inkontzientean barneratuta ditugun rol eta estereotipo horiek deseraikitzea eta eredu berriak ikasleei aurkeztea ezinbestekoa da. Norbanako bakoitzaren nahiak errespetetatzea eta bide horretan tutorizatzea eta orientatzea aurretik ditugun espektatibak bete ez daitezen. Norberaren banakotasuna onartu eta aniztasunaren aberastasuna kontutan hartu. Gainera, ikasleen identitatearen eraikuntzan, gure jarrerak neurtu, hizkuntza inklusibo eta hezkidetzailea erabili eta baliabide berriak sortu zein osatu beharko dira, aukera aniztasuna zabalduz eta eredu berriak eta ugariak eskainiz, beti ere, aniztasunaren trataera landuz eta errespetua oinarrian izanik.
     
    Nire errealitate hurbilean eta genero-identitateen inguruan emandako aurrerapenak gogora ekarriz, ugariak dira desikasi behar izan diren eta oraindik desikasteko dauden sienesmenak. Aniztasunaren aurrean errespetua hazi bada ere, oraindik lan handia egiteko dagoela iruditzen zait. Diskurtso egokia zein den kontziente bagara ere, praktikan oraindik zailtasunak eta erresistentziak daudela iruditzen zait. Honekin harremanduta, adibide bat ekarri nahiko nuke gogora: Ikasle transgeneroena. Diskurtso teorikoa ondo badakigu ere, errealitate horrekin eskolan aurrez aurre topatzen garenean, kezka, ardura eta zailtasunak dira nagusi. Ondo egin nahi baina nahikoa formatuta ez gaudela ikusten dut. Soilik pertsona horren kasiustika azaltzeko hizkuntzarekin sortzen dira lehenengo zailtasunak. "neska jaio zen baina mutila sentitzen da"(!?!); transgenero eta transexual kontzeptuen arteko ezjakintasuna, zein aldagela erabili behar duen... ugariak dira egunerokoan agertzen zaizkigun erronkak eta gertatu izan zait aniztasuna arazo bezala ulertu duten hezitzaileekin aurkitzea. Antzeko fenomenoa gertatzen da intersexualitatearekin ere, ezjakintasuna handia da.
    Gainera, iruditzen zait erresistentziak  askotan norberaren sinesmenak kolokan jarri behar izatetik datozela. Orain arte eztabaidaezinak eta determinanteak ziren sinesmen horiek deseraiki beharrean aurkitzen gara eta gutako bakoitzaren gorputza eta burua zeharkatu behar duen prozesutik eratorriak behar dute izan. Beraz, hautu pertsonaletik pausua eman beharrean gaudela uste dut, gure eskema tradizionalak zalantzan jarriz eta kuestionatuz, ezjakintasunari formakuntzaren bidetik aurre eginez eta aniztasuna aberastasun gisa ulertuz.
     
     
    Aurreko urteetako ikastarokideek egindako post-en artean, Identitateen garapena izenekoa aukeratu dut, izan ere, genero-identitateen inguruan emandako aurrerapenen zerrenda interesgarria iruditu ezezik, honen inguruan burututako hausnarketa gogora ekarri nahiko nuke: "prebentzio lana badago, baina sistematik ikasleei beraien lekua onartzen ez diegun bitartean, pertsona oso kontsideratzen ez ditugun bitartean, galdetzen ez diegun bitartean "zein dira zuen premiak?... beraiek obeditzen ikasten dute. Horrekin barneratzen den mezua honakoa da: "handiagoa naizenean txikiago bat mendean hartuko dut". Orduan planen eta programen bidez adabakiak jartzen ari gara, baina muinari oraindik ez diogu heldu".
     
    Bukatzeko Napoka Iria taldearen "Disonantziak" kanta partekatu nahiko nuke, izan ere letra esanguratsua duela iruditzen zait.
     

     
    DISONANTZIAK
    Gustu, desio eta pentsaera
    irakatsi eta ikasiak dira
    lerrokatuz, sailkatuz hurkoa
    hala eraiki dute mundua

    ta nik, koloreztatuko nuke
    nik nahi ditudan margoez
    behin gau batez amestutakoa
    norbaitek ezabatu baino lehen, inork ezabatu baino lehen

     

     


    2018/01/31

    Generoa gure bizitzaren gidari?


    Orientatzeak, neska-ikasle eta mutil-ikasleekin harreman jarraituak izatea suposatzen du, hain zuzen ere, entzun, informazioa eman, lagundu, izateko, espresatzeko eta aske aukeratzeko espazioak zabaltzea da.

    Eskola mistoa gainditu eta hezkidetzaile bihurtu nahi badugu, orientazioan ere genero ikuspegitik, ikertu, pentsatu eta planifikatu beharra dugu, bestela sexu bakoitzaren bizipenak murriztutako gune eta rol jakinetara mugatuko ditugu eta horregatik funtsezkoa da batzuen zein besteen ekarpenak, sentimenduak eta interpretazioak onartzea. Hortaz, orientazioak ere, esku hartze hezkidetzaile, kontziente eta etengabea behar du, curriculumean integraturik eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazioaz.

    Hezkuntzan dihardugunon helburu nagusienetarikoa ikasleak beraien bizitza proiektuetan orientatzea bada, alegia, bizitzan, ikasketetan eta lanbidean bidea aukeratzea, funtsezkoa da askatasuna eta aukera-aniztasuna errespetatuz, genero-baldintzarik gabe heztea. Pertsona anitzen garapen integrala lortzea dugu helburu, nork bere bizitzan zehar bere burua orienta dezan, bizitza pertsonalaren, familiarraren, sozialaren zein profesionalaren ardura osoa onartuz.
    Zoritxarrez, hainbat ikerketek argi erakusten dute praktikan ez dela horrela suertatzen. Azken hamarkadetan aurrerapenak izan badira ere, genero estereotipoek eragin handia dute oraindik ikasleen aukera pertsonaletan, profesionaletan eta bizitzakoetan. Beste batzuen artean, Emakundek 2016.urtean ateratako Zifrak Txostenean horren ebidentziak ematen dira datu deigarri eta aldi berean kezkagarrien bitartez. Jarraian datu esanguratsuen bilketa burutu dut bideo baten bidez, aurretik aipatutako txostena oinarritzat hartuz.




    Hortaz, neska eta mutilen inguruan ditugun sinesmenak, beraien ahalmen, gaitasun, jarrera, trebetasun eta jokabideei dagokienez, irakaslegoak aurretik dituen espektatiben ondorioz betearazten dira. Pigmaleon efektu gisa ezagutzen da fenomeno hau. Tamalez, hezitzaile garenak ere jendarte patriarkal batean hazi eta hezi izanaren ondorioz, espektatiba bereziak izaten ditugu sarritan neska eta mutilen artean. Horren ondorioz,  genero-rolak indartzen dira eta ikaslegoaren bizitza proiektuetan eragiten da. Gainera, eskolan ezezik, jendartean, familian zein talde presioaren eraginez ikaskideen artean ere, horiek bultzatu egiten dira. Hortaz, funtsezkoa da genero-rolak alde batera utzitako heziketa beraien bizitzako aukera pertsonaletan eraginik izan ez dezaten.   Hurrengo bideoan, eskola eremuan ematen diren eta sarritan inkontzienteki helarazten zaien mezuen bidezko egoerak plazaratzen dira eta horren aurrean, aukera berdintasunean hezteko garrantzia azpimarratzen da.


     
     
    Aurreko edizioetako ikastarokideen post-en artean, Maite A.-ren "Orientazio eta aukera akademiko parekideak heziketa guztian zehar" izenekoa gogora ekarri nahiko nuke, izan ere, aurretik aipatutako ideiaren ildo beretik doazen hainbat bideo interesgarri aurkezten ditu. 
     
    Egun, oraindik ere genero-estereotipoetan oinarritutako lanbideak indartzen dira. Azken aste honetan gainera, erabat deitoragarria den hau partekatu nahiko nuke; emakumeei soilik bideratutako garbitzaile formakuntza ikastaro batzuk, "Integrando Fundazioa"-k antolatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzarekin.  


    Gauzak honela, hezitzaileak garen aldetik orientazio akademiko hezkidetzailea lantzea ezinbestekoa da. Horretarako ondorengo erronka nagusienak azpimarratuko nituzke:

    - Irakaslegoa hezkidetzan formatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, izan ere, hori bermatu ezean eguneroko praktikan orain arteko moldeak erreproduzituko dira.
    - Curriculum hezkidetzailea sortzea.
    - Emakumeek historian zehar egindako lanak eta ekarpenak bistaratzea.
    - Generoekin erlazionatutako aurreiritzi eta espektatiben kritika gauzatzea eta hauek desagerraraztea.
    - Hezkuntza afektibo-sexuala curriculum-aren barnean txertatzea eta sistematikoki lantzea.
    - Elkar ardura eta zaintzari arreta eta leku berezia eskaintzea egunerokoan.
    - Bizitza, familia, lanbide... mota anitzen eredu ez estereotipatuak aurkeztea.
    - Neskak ahalduntzea (arrakastan, partaidetzan, autonomian, erruduntasun sentimendua baztertzen, autoestima eta autokonfidantza indartzen...)
    - Hezkuntza emozionalean trebatzea (sentimenduen komunikazioa "mutilengan indartuz", komunikazio estilo agresiboa kolokan jarri, botere harremanak ekidin, tratu onak bultzatu, maskulinitate berriak landu...)
    - Parte hartze parekidea bultzatu (lehia baztertu eta lankidetzan eta elkartasunean oinarrituz, nesken eta mutilen denboraren erabilera neurtuz eta kontrolatuz, arreta berdina eskainiz, erantzukizun maila berbera eskatuz, taldekatze mota ezberdinak beharren arabera antolatuz "kopuru orekatuak, talde txikiak, talde bereiziak", ...)
    - Lanaren kontzeptua berdefinitu eta lan erreproduktiboen garrantzia baloratu eta ikasketa egoerak planteatu.
    - Lanbidea izatearen zentralitatea indartu batez ere emakumeen artean.
    - Hizkuntza hezkidetzailea erabili (emakumeen komunikazio estiloa baloratu eta agresiboa baztertu).

     

    2018/01/28

    Curriculum hezkidetzailea eraiki!

    Heziberri 2020 Hezkuntza eredu pedagogikoaren markoan, hezkidetza behin baino ez da aipatzen. Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko Curriculum Dekretuetan izaera hezkidetzailea txertatzen ez bada, sistema patriarkalaren mezuak zein jakintza naturalizatuak erreproduzitzen eta helarazten jarraituko da. Hezkuntza-curriculumak  hezkidetzaren ikuspuntutik egiteko, iturburu soziologikoa, psikologikoa, pedagogikoa eta epistemologikoa kontutan hartzea ezinbestekoa da. Non gizarte antolamendua nola dagoen banatuta aztertu, teoria psikologiko legitimitatuak zalantzan jarri garapen integrala eta nortasunaren garapena mugatua gera ez dadin, hezkuntza ereduak berreraiki eta emakumearen jakintzak, jakintza akademikoaren baitan egituratu beharko diren.
     
     
     
    Mundu ideal batean pentsatzen hasita, pertsona askeak dituen jendarte bat aurkituko genuke. Genero rol eta estereotipoen aginduetatik at aniztasuna oinarri duen eredua. Norbanakoen gaitasunen eta bakantasunaren aitortzan oinarritutakoa. Pertsona guztiak parekidetasunean eta diskriminazio ezan heziak. Hierarkizazioa eta menperatze harremanik eraikitzen ez dituen jendartea, ezberdintasunetik berdintasunean heziko lukeena. Pertsona guztien trebetasunak garatu eta estereotipo eta aurreritziak deuseztatuko lituzkeen ereduan, bakoitzaren ezberdintasunak eta ezaugarri pertsonalak baloratuko liratezke. Hezkuntza ereduak, hezkidetzan oinarritutako curriculum eta baliabide didaktikoak aurrera eramango lituzke eta eskola litzateke guzti hori bermatuta utziko lukeen egitura sozialaren eremu garrantzitsu bat. Horretarako diskurtso androzentrikoa deuseztatua legoke, hezkuntza komunitate osoa gaiarekiko sentsibilizatuta agertuko litzateke  eta curriculum hezkidetzailearen tresna ezinbestekoa dugu. Irakaslego formatu eta konprometitu batetik hasita, material didaktiko zein jarduera hezkidetzaileez lagunduta eta genero ikuspegia txertatuta izango lukeen espazio zein praktikekin osatua.
     

     
    Hala ere, utopikoa da oraindik aurretik aipatutako ideal hori. Sistematikoki curriculum-a eta baliabide didaktikoak egun hezkidetzaturik egotea zaila baino ia ezinezkoa da oraindik. Sistema patriarkal batean bizi gara eta horrek bizitzaren alderdi guztiak hartzen ditu bere baitan. Hezkuntza gainera, sozializaziorako parte garrantzitsua den aldetik ez dio oraindik ihes egin aginte sistemak markatutako ildoari. Teoria egokia zein den jakinik ere, praktikan galdu egiten du beharko lukeen izaera hezkidetzailea, izan ere, patriarkatua sistema osoaren egituran dago eta curriculum-a sistema hori sostengatzen duen duen beste elementu bat da. Artikulu honetan ere argi adierazten da eskola berdintasunean hezteko bidean urrun dagoela oraindik.
    Gainera ez da nahikoa legeak aldatzearekin, hauek aurrera eramateko eta betetzeko borondaterik ez dagoela iruditzen zait. Hitz politak paper gainean idaztea baino errazagorik ez dagoelako, baina horiek gauzatzeko baliabide pertsonal eta ekonomikoak ezinbestekoak dira. Hezkuntza komunitatea osatzen duten profesionalak sistematikoki formatu beharko liratezkeela iruditzen zait. Egun, bakoitzak bere kabuz eta interesen arabera, hautu pertsonal gisa gauzatzen du formakuntza hau eta nekez bihurtuko dugu eskola mistoa hezkidetzaile ez bada sistematikoki formakuntza feminista jasotzen. Intentzioa izatea ez delako nahikoa, jakin egin behar delako, bestela praktika burutzerakoan irakas prozesuan akatsak egiten jarraituko da. 2015ean Europako Parlamentuak, genero berdintasunean heztea eskatu bazuen ere, ez da oraindik formakuntza hezkidetzaileeta feminista sistematizatu.
     
     
    Gainera, Berdintasun legea onartu zenetik 10 urte bete diren honetan eta hezkuntza lege ezberdinetan, emakumearen berdintasuna aitortzeko hainbat aldaketa emanda ere, ez Hezkuntza Minsiterioak ezta Autonomi Erkidegoek ere, ez dituzte beharrezko urratsak eman, textu liburuetan esaterako, emakumeen presentzia ziurtatzeko. Eta oraindik okerragoa dena, ez dute uste beraien konpetentzia denik ere, beraien eskuduntzatik ihes dagoela adierazten dute argitaletxeei errua egotziz. Batzuk besteei pilota pasatzen jarraitzen duten bitartean inork ez du esku hartzen hain garrantzi handia duen gai honetan.
     
     
    Hortaz bai eremu hezitzaileetan baita jendartean ere, baliabideetan hezkidetzan oinarrituriko begirada sustatzeko estrategia betegarri garrantzitsuena formakuntza dela iruditzen zait. Hezkidetzak duen garrantziaz kontzientzia hartu ezean, gaiarekin sentsibilizatutako jendarte bat izan ezean, feminismoa sistematikoki irakatsi, ikasi eta praktikatu ezean, eskola zein gizartea nekez izango baita hezkidetzaile. Irakas prozesu feminista ezinbestekoa da, hasiz hezkuntzaren esparruan poliki jendartera zabaltzeko. Horregatik hezkuntzan dihardugun profesionalok gure buruak formatu behar ditugu eta baliabideak hezkidetzatzen joan. Gainera, erakunde publikoek bere gain hartu beharko lukete sortutako legeak betearazteko borondatea, baina horretarako lehendabizi beraiek ere beraien burua formatu beharko lukete, dagozkien esku hartzeak egoki bete ditzaten. Feminismoan jakitun eta sinesdun diren agintariak izan ezean, paperean idatzita geratzen jarraituko baitute berdintasunaren izenean sortzen dituzten legeriak, curriculum-ak, etb. Ideia hauek guztiak biltzen ditu Marian Moreno-k ere bideo honetan.
     
     
     
    Hala ere, gure esku dauden neurriak hartzen jarraitu beharra dagoela iruditzen zait, gu baikara hezkuntzan dihardugunak eta berau aurrera eramaten dugunak. Horregatik, norbera bere esparrutik, diagnostikoak egiten has gaitezke, materialak hezkidetzaile bihurtuz (moldatuz, osatuz, ordezkatuz, sortuz, sareratuz eta partekatuz) emakumeen presentzia geletara ekarriz, emakumezkoarena den jakintza akademizatuz, hezkuntza ereduak berreraikiz, naturala izan dena desnaturalizatuz,  jendarte antolamendua zalantzan jarriz, etab.
     
    Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post-en artean Ane Leniz-en "Curriculuma eta baliabide didaktikoen inguruan hausnartzen" izenekoa aukeratu dut, izan ere, gaiaren inguruko gogoeta komiki interesgarri baten bidez gauzatu du.