Sexu-genero sistemak gure bizitzaren esparru gehienetan eragiten du, eraikuntza soziokulturala den aldetik. Hala gertatzen da ere, sexualitatearen eremuan. Sistema patriarkalak ugalkortasunera zuzendutako sexualitate-eredua indartzen du eta kanpo dauden sexulitate-eredu anitzak baztertu, ikusezin bihurtu eta negatiboki baloratuko ditu. Hortaz, desira ugalketari lotuta egongo da eta plazera koitoarekin lotuko du sexualitate-eredu hegemonikoak. Gainera, gizonezko gorputza eta genitalak izango dira erdigune eta klitoriak ugalkortasun horretan funtziorik ez duenez, baztertua izango da ondoriozko botere harremanak sortuz. Hau guztia gutxi balitz, jendarte neoliberal kaptilalistak, sexua kontsumo produktu bihurtu du, jendartea hipersexualizatuz, prostituzioa eta pornografia sustatuz, amatasun subrogatua saleroiz...
Hortaz, heziketa afektibo-sexual hezkidetzailea hezkuntza-eremu guztietan txertatzea eta sexualitateen diskurtsoak beren espresio anitzekin ikastetxeko harreman esparru guztietan integratzea funtsezkoa da, ikasle ororen aniztasuna onartua izan dadin, izendatuak senti daitezen eta giza-sexualitatearen diskurtso normalizatuaren parte bihutzeko.
Heziketa afektibo-sexuala ez dago curriculum esplizituaren barnean, natur zientzetan eta eta biologian soilik ugalketa aparatuen deskripzioaz eta fisiologiaz arduratzeko agindua dute genero estereotipoak erreproduzituz. Esaterako, espermatozoideek maskulinitate hegemonikoa gorpuzten dute borrokalari gisa aitortuz, natura menderatuz eta obuluak pasibo aurkeztuz. Baina azken ikerketek ezagutzera eman dutenez, Mendelen Legeei aurre egin eta obulua otzana ez dela frogatu da, alegia, obuluak espermatozoidearen aukeraketan partehartze zuzena duela.
Heziketa afektibo-sexuala gainera, adin zehatzetara bideratua da eta denbora tarte laburra eskaintzen zaio. Ugalketan, haurdunaldien eta sexu bidezko gaixotasunen prebentzioan zentratu ohi da, alegia, eredu-sexual normatibo eta hegemonikoan, non koito-zentralitatea, heteronormatibitatea eta emakumeekiko mesprezua erreproduzitzen eta aniztasun afektibo-sexuala bistaratzen ez den.
Gauzak honela, heziketa afektibo sexuala ikastetxe eta irakasleen sentsibilitate eta hautu pertsonalaren eskuetan geratu ohi da. Berdintasuna aldarrikatzen duen hezkuntza sistema batean, oraindik ere erlazio afektibo-sexualek estereotipo sexistak erreproduzitzen dituzte eta emakumeen aurkako indarkeriaren oinarrian dauden boterezko harremanak indarrean daude gazteengan, maitasun erromantikoa berproduzitzen delako etengabe.
Gainera, harreman afektibo-sexualen aniztasuna, oro har, ikusezina da eta sexu-orientazioen hierarkia nabaria da, eskola espazio segurua ez dela hautemanez. Horregatik, garrantzitsua da afektibitatea sexualitatearen kontzeptuari lotzea bizipenak era pozgarrian bizitzeko.
Afektibitateaz hitz egitean, nork bere buruarekin, gainontzeko pertsonekin, naturarekin animalia eta objektuekin harreman positibo eta osasuntsuak izateko gaitasunaz ari gara, garapen integralerako oinarrizko osagai dena.
Sexualitateaz aritzean aldiz, plazerraren kudeaketaz ari gara, desioaren espresio eta komunikazioaz. Nork bere buruarekin zein gainerako pertsonekin duena, non desioa eta plazerra abiapuntu eta helmuga aldi berean diren. Komunikazioa, errespetua, konplizitatea, adostasuna eta askatasuna oinarrian dute eta pertsona beste sexualitate dago. Hortaz aniztasunaz eta sexualitateez mintza gaitezke.
Horregatik guztiagatik, ugariak dira hau guztia eremu hezitzailean lantzeko erronkak. Honakoak aipatuko nituzke:
- Sexualitatearen inguruko mitoak deseraikitzea.
- Heteroaraua gainditzea.
- Bestelako ereduak eskaintzea (familia motak, kultura desberdinak, gorputz ez normatiboak... bistaratu hierarkizaziorik gabe).
- Sexualitate anitzen diskurtsoa normalizatzea.
- Gorputzen autoezagutza, onarpena eta guztien edertasuna baloratzea
- Espazio seguruak eraikitzea.
- Komunitate osoaren inplikazioa
Heziketa afektibo-sexuala ikasleekin lantzeko honako baliabideak egokiak iruditzen zaizkit: Haur txikienekin, Arrasateko udalak argitaratutako KILI KONTUAK ipuin bilduma. Sexologia bere osotasunean lantzeko baliabidea da honakoa:
Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari begira, HARIMAGUADA kolektiboaren web gunean material didaktiko interesgarri ugari daude ere. Programa hau, planteamendu informatzaile eta moralista soilen aurrean, saiatzen da ikaslea bera izan dadin bere sexu ezagutza eraikitzen duena, izaki sexudun bezala positiboki kontsidera dezan bere burua, eta bestekiko harreman ganoradunak era ditzan, atseginak eta generoaren elementu diskriminatzailerik gabeak.
Iazko ikastarokideek egindako post-en artean, Garaziren "Ikasia desikasten: normalitatearen mugak zabaltzen" izenekoa aukeratu dut, izan ere, eremu hezitzailean lantzeko baliabide oso interesgarriak aurkezteaz ezezik, berak planteatutako erronkekin bat nator.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina