#maialen etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#maialen etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016/04/11

Agurra

Konturatzerako 22 aste pasa eta agurra idazteko momentua iritsi da...

Ikastaroarekiko egin dudan balorazioa erabat positiboa da dudarik gabe, bai maila pertsonal eta baita maila profesionalean ere. Hezkidetzaren inguruan lortutako ezagutzak barneratzeak egunerokotasuneko egoera batzuetan (sexismoa batik bat) jarrera aldatzea eragin dit.
Horrez gain, emakumeok emakume izateagatik jasan behar ditugun neurrigabekeria gehiago ikasi ditut, orain inguruan hauek identifikatu eta aldatzen saiatzen naizelarik ahal dudan neurrian.




Hezkidetzan esku hartzen horrela laburbilduko nuke:

ABERASGARRIA
 
                                 ATSEGINA

                                                      ARGIGARRIA

Ikastarokideei eta ikastaro hau egin dutenei MILA ESKER esatea besterik ez zait geratzen!

Aukeratu dudan abestiaren letrari esanahi bat baino gehiago bilatu dizkiot, bizitakoaren prozesuaz gain, hezkidetzak izango duen bidea adibidez!




Ondo izan!



2016/03/13

Tratu onei buruz hausnartzen




Pertsonen arteko harreman-dimentsioa bezain garrantzitsua da pertsona barrukoarena, norberak bere buruarekin bizitza osoko une bakoitza biziko baitu.

Neurozientziaren esanetan:

  • Zoriontsu” izatea, izaki sozialak garen neurrian norberaren izaerarekin, bizipenekin eta inguruarekin lotura duela aitortzen dute.
  • Ikasleek nola ikasten duten ikertzerakoan emozioek berebiziko garrantzia dutela diote, zentzumen anitzeko esperientzien indarra eta ikastea gorputz osoarekin lotuta dagoela adieraziz.
Hezkuntza-eremuan elkarbizitza positiboa egon dadin lorpen hauek burutu behar dira:

  • Eskolako komunitate-kide bakoitza bere identitatearekin gustura egotea, diren bezalakoak onartuak sentitzea, harreman positibo eta autonomoak eskola barruan zein kanpoan eratzea, etab.
  • Neska zein mutil ikasleen konpetentziak pertsona osoak bezala garatzea, eremu pribatu zein publikoan erraztasunez moldatzen direnak.

Kalitatezko elkarbizitzak aldiz, honako hau eraikitzea sustatzen du:

  • Eskolakide guztien ongizatean oinarritutako kultura.
  • Dominazio-mendekotasun paradigmaren erreprodukzioa gainditzen duen hezkuntza-zentroaren estruktura.
  • Harreman positiboak norbere buruarekin eta besteekin.
  • Elkarren arteko arduran eta inguruaren eraldatze zein hobekuntzan oinarritutako konpromiso sozial eta pertsonala.
  • Bake eta indarkeria-eza kultura.



Tratu onak ongizatearen oinarria dira; gure pentsaera estereotipatuen ondoriozko jokaerak dira tratu onen etsairik nagusienak afektibitatezko harremanak eratzeko: nork bere buruarekin, besteekin, hurbilekoen artean, bestelako bizidunekin, gauzekin eta inguruarekin.

Gai honi buruz Mari Jose Urruzolak honako ekarpen hauek iradokitzen ditu:

Norbere buruarekin:
  • Autoezagutza landu
  • Zure gorputza onartu eta maitatu
  • Autoestimua garatu
  • Ez” esan, behar duzun guztietan
  • Etab.
Besteekin (orokorrean):
  • Agurtu eta hitz goxoak erabili
  • Hizkuntza hezkidetzailea erabili
  • Begikotasunez jokatu
  • Elkartasunezko jarrerak erakutsi
  • Etab.
Hurbilekoen artean (lagunak, senideak, ikastetxean):
  • Elkarri lagundu
  • Entzun, ulertzen saiatu, komunikatu
  • Sexismorik gabeko jarrerak erakutsi
  • Manipulazio eta erasoei ezetz esan
  • Etab.
Bestelako bizidunekin, objektuekin eta inguruarekin:
  • Zaindu, arduraz jokatu
  • Animalia eta landareei behar dituzten ongizate baldintzak eskaini
  • Erabilera ona eman objektuei
  • Diruarekiko jarrera arduratsu eta solidarioa erakutsi
  • Etab.


Maitasunezko tratu onen definizioari dagokionez, Nafarroako Gazte Kontseiluak puntu hauek azpimarratzen ditu:

  • Maite izateko ikuspegi desberdinak egotea, maitasun-eredu bakarra ez egotea, alegia.
  • Elkarri begirunea edukitzea.
  • Guretzat nahi dugun askatasuna besteari ere ematea.
  • Independienteak izatea, bikotearekin dena egin beharra ez izatea.
  • Bikotearen kide bakoitzak autonomia izatea bere erabakietan.
  • Eguneroko etxeko lanen banaketa burutzea = Erantzunkidetasuna
  • Beste pertsonarekiko enpatia izatea.
  • Bikote harremanak berdintasunean oinarritzea.
  • Ekitatea, etika edo justiziaren oinarria dena, aplikatzea.
  • Asertzio-komunikazioaren erabilpena.

Azkenik, elkar arduraren inguruan, zaintza hezkuntzaren erdigunean jartzea proposatzen du ekofeminismoak: Pertsona bere osotasunean begiratzen dute eta norberak nahiz besteek izan ditzaketen aurreiritziak identifikatzen eta pertsonaren identitatearen inguruan sortzen diren estereotipoen inguruan kontzientzia hartzen saiatzen dira, baita pertsonei arreta eskaintzen ere.


Hona hemen proposamenak:

- Elkarbizitza jolasak (Haur hezkuntza)
- Amodio zintzoen gida: Amodio osasuntsua eta amodio kaltegarria hizpide
- Indarkeria sexistaren prebentzioa izeneko dokumentua: Autoestimua, berdintasuna eta tratu onen inguruko jarduerak daude

Jardueraren inguruan Mirian Herbonen hitzak azpimarratuko nituzke:


Maitasun ona, genero indarkeriaren aurkako txertoa”.

Indarkeria sostengatzen duten emakumeek, arrazoi nagusi bategatik sostengatzen dute: inork ez die esan maitasun ona merezi dutela. Inork ez die erakutsi nola sortu behar den. Emakumeoi esan digute maitasuna dela gure bizitzaren zentroa eta horrek ematen digula identitatea. Ez digute azaldu nola maitatu behar dugun geure burua.”

Hau guztia ikastetxean/jendartean lantzeko erronkak:

- Elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa bermatu ikastetxeetan.
- Ikastetxeetako kide guztiak gaiaren inguruan formatu.
- Maitasunezko tratu onak nolakoa izan behar duen irakatsi, ikasleak kontziente izateko eta beraien harremanak aldatu ahal izateko.
- Erantzunkidetasuna edo elkar ardura pertsona guztiena bilakatzen saiatu.





2016/03/06

Indarkeria matxistei buruz hausnartzen


Indarkeria matxista: “Menderatzaileak, kasu honetan, gizaki-arrak, bere figuratik eta bere begiradatik erabiltzen duen indarkeria da. Begirada horren bidez desiragarria dena eraiki da, portaerei dagokienez, eta, beraz, definizio horrekin bat ez datozen portaeren desegokitasuna ere bai. Arriskuan daude emakumeak, baita 'andreak menderatzen dituen gizon' izateko arautik ateratzen diren gizon guztiak ere”. (Maitena Monroy)


Indarkeria matxista arazo politikoa da, jendarte osoaren arazoa, mundu mailan ageri dena; beraz guztion ardura da kolektibo zein pertsona mailan.

Arazo honek konponbidea izateko, mugimendu feministak bi estrategia nagusi proposatzen ditu:

  • Gizonen inplikazioa maskulinitate heterosexual hegemonikoa interpelatuz eta berriak eraikiz.
  • Emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa autodefentsa feministaren bidez.

Indarkeria matxista desikasteko, hiru lan-ildo hauek lantzea funtsezkoa da:

  1. Maitasun erromantikoaren mitoen eta ideologiaren deseraikuntza
  2. Mikromatxismoen identifikazioa eta salatu-gainditzeko esku hartzea
  3. LGTBQ-fobiak bistaratzea eta aniztasunaren ereduak baloratu, plazaratu eta normalizatzea.



Jendarte patriarkalek eredu dikotomiko itxia eta hierarkizatuak inposatzen dituzten arren, maskulinitate berrien agerpena aipatzekoa da. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde dauden gizon taldeek eskoletan beraien lana eta esperientzia partekatuz mutilei beraien izateko era aukeratzeko bidea erakutsiko lieke. Horretarako, hiru eremu hauek garatzea oso garrantzitsua da:

  1. Emozioen arloa
  2. Zaintzaren esparrua
  3. Indarkeria matxista

Autodefentsa feminista emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzeko estrategia feminista da. Indarkeria matxista egoera ezberdinetan gainditu duten emakumeak bistaratzea da duten oinarrizko lan-ildoetako bat, emakumeak biktima bezala ikustea deseginez eta indarkeria egoeretatik atera daitekeela adieraziz.



                                                                            Jone Bengoaren ilustrazioa



Aipaturiko gaien inguruko baliabide, ikerketa edo proposamen baten aipamenari dagokionez, indarkeria matxista ekiditeko erakunde ezberdinek har ditzaketen neurriak azaltzen dituen artikulu hau aurkitu dut. Hauek dira aipatzen dituen neurriak:

  1. Salaketaren menpe ez egotea
  2. Hobeto antzeman, ekiditen dakienari kasu egin
  3. Esku hartzen duten profesionalak gehiago formatu
  4. Aldaketa legalak
  5. Gizarte-irmotasun gehiago egunerokotasunean
  6. Gizonezkoak kontzientziatzea
  7. Prebentzioa eskoletan

Jardueraren inguruan jasotako datu eta ondorioak Eusko Jaurlaritzak egindako dokumentu honetan ikus daitezke: Emakumeen kontrako indarkeria matxista EAEn: pertzepzioa, eragina eta segurtasuna.

Hau guztia ikastetxean/jendartean lantzeko erronkak:






  • Arazoaren dimentsioaz kontzientzia hartzea.
  • Emakumeak biktima bezala ikustea transmititzen den ideia desegitea.
  • Indarkeria egoerak nola ekidin edo nola aurre egin irakastea, autodefentsa feministaren garrantzia erakustea.
  • Mutilei indarkeria matxistarekin amaitzeko ardura beraiek ere badutela ikustaraztea eta maskulinitate eredu berriak ezagutaraztea. 

2016/02/28

Gatazkak hezkidetzaren ikuspegitik hausnartzen




Gatazka bi pertsonek helburu bateraezinak ikusirik eta botere-aldeak konpontzeko nahia izanik ematen den prozesu kognitiboa eta emozionala da”. (Redorta).

Gaur egun, gatazkaren zentzu negatiboa hartzen duen ikuspuntua da nagusi; eskola eremuan ere, gatazkak zuzendu eta agertzea eragotzi behar diren patologiatzat hartzen dira. Hala ere, profesional batzuk, Galtung-ek kasu, ikuspegi positiboa ematen diote gatazkari, erronka bat, bi aldeentzat desafioa (bai adimen eta baita emozio aldetik ere) dela diotelarik. Bizitza sozialerako ezinbestekoa da, gure izateari zentzua ematen dion arrazoietako bat.

Bakerako Hezkuntzarako Euskal Liburua:

Bizitzak berezkoa du gatazka, elkarren arteko harremana bera da gatazka”

Gatazka ez da ez negatiboa, ez positiboa. Positiboa edo negatiboa gatazka konpontzeko modua izango da; hau da, pertsonek, desberdinak izanik, elkarren artean duten harreman mota”.

Gatazka gizakiak bizitzan berezkoa duen egoera bat bada, bakea gatazkarekin eta berari aurre egiteko erekin lotua dagoela onartu beharra dago. Gatazka ezinbestekoa da pertsonen eta jendartearen garapenerako; gatazka horiek tratatzeko moduek erakutsiko digute baketsua den ala ez.

Bakea pertsonen artean eta ingurunearekin hainbat mailatan (ekonomikoa, sexuala, etnikoa, kulturala…) berdintasun-harremanak izatea da”.

Bake positiboa ia indarkeria zuzenik ez egotea eta justizia- eta adiskidetze-kultura ongi sustraituta egotea da”.








Gatazkaren trataera egokia egiten bada, oso lagungarria eta eraikitzailea izan daiteke:

- arazoak konpontzeko modu berriak eta hobeak ikasteko.
- harreman hobeak eta iraunkorragoak eraikitzeko.
- nork bere buruaz eta gainontzekoez gehiago jakiteko.

Gatazken trataera horretan, generoa kontutan izan behar da, horrela, gatazken trataeran emakume eta gizonen arteko berdintasun-eza identifikatu ahalko baita, baita gatazketan parte hartzeko dutena ere; gatazkak bizitzeko generoagatik ematen diren modu ezberdinak adierazteko ere balioko du.

Gatazkaren analisia egiterakoan, alderdi hauek hartu behar dira kontutan:

  • inplikatuak dauden pertsonen interesak
  • interes horiek betetzeko dauden aukerak
  • pertsona horien arteko harremana
  • gatazka sortzeko zilegitasuna
  • beraien arteko komunikazioa
  • hartu daitezkeen konpromisoak
  • adostasunez lor daitezkeen irtenbide-aukerak

Zergatiak eta ondorioak ondo identifikatzeak emango die gakoa gatazkan inplikatuak daudenei gatazkari irtenbide positiboa emateko.























Zaintzaren Etika-ren planteamenduak (Gilliganek garatutako teoria), gatazken trataera aberastu du. Baloreetan hezteko eta garapen morala lortzeko beharrezkoa da justizian zein zaintzan eginiko heziketa. Eredu femenino tradizionala gutxiesteak, gatazken aurrean zaintzaren etikari ez begiratzea eta duen garrantzia ez ematea ekarri du.

Ikastetxeetan bizikidetza eta gatazken trataerarako kultura positiboa hedatzeko, Isabel FernƔndez-ek bost eremu landu behar direla dio:



Gatazkaren inguruan, Paco Cascón izan da orokorrean aste honetan gehien azaldu den autorea; hona hemen bere dokumentuak biltzen dituen web ataria.

GEUZ-ek (Gatazkak Eraldatzeko Unibertsitate Zentroa) eginiko “Elkarlanean ebazteko estrategiak” izeneko dokumentua ere interesgarria da elkarbizitzaren eta gatazkaren gaia lantzeko.

Jardueraren inguruan jasotako datu eta ondorioei dagokienez, Arartekoaren “Bizikidetza eta gatazkak ikastetxeetan” dokumentuko ondorio hau azpimarratuko nuke:





 Hau guztia ikastetxean/jendartean lantzeko erronkak:

  • Gatazkaren ikuspegi negatiboa positiborantz aldatzen saiatu.
  • Ikasleei gatazkak konpontzeko tresnak zein diren eta nola erabili daitezkeen erakutsi.
  • Ikasle bakoitzaren iritziak, pentsamenduak, balorazioak… errespetatzen irakatsi.
  • Irakasleak bizikidetza eta gatazken gaietan formatu.   
  • Gatazken trataeran generoa kontutan hartzea eta ikasleei emakume eta gizonen artean dagoen berdintasun-eza erakustea. 



2016/02/21

Heziketa afektibo-sexualari buruz hausnartzen

agnes-cecile:

looking for the courage to put your intimacy on display


Aste honetan, sexualitateari buruz, harremanen egoeraz eta heziketa afektibo-sexualaz jardun dugu.


Sexua eta generoa eraikuntza soziokultural bat diren bezala (continuum-aren ideia), sexualitatea ere bada. Indarrean dagoen sistema patriarkalak ugalkortasunera bideratutako sexualitate-eredu bat sustatzen eta indartzen du. Ugalkortasunera zuzendurik dagoenez, bikote heterosexualak behar dira; desira ugalketari lotuta egongo da eta plazerra berriz koitoari lotuta. Ondorioz, gorputzaren genitalizazioa emango da, gizonezko gorputza eta genitalak zentroa izanik eta klitoria baztertua eta gutxiagotua geratuko delarik.

Horretaz aparte, sexualitate-ereduen aniztasuna ez da kontutan hartzen eta pertsona guztiak heterosexualak direla aurresuposatzen da.

Egungo egoera aztertuz gero, honako hau izango litzateke laburtuz:

  • Afektuen esparruan neskek eta mutilek genero-harremanak barneratu dituzte.
  • Dituzten harremanek gizon askoren oldarkortasuna eta indarkeria sustatu/emakume askok gizon horiek maitatu.
  • Maitasun erromantikoaren ideia sustatzen da.
  • Gazteen artean estereotipo matxistak mantentzen dira.
  • Neska/emakumeen sexualitatea ez da ia existitzen, desioa ez zaie errekonozitzen, ezin dute beraien esperientzia sexualei buruz hitz egin eta maitasuna lortzea bizitzako proiektu zentrala da.
  • Mutil/gizonen sexualitatea desio geldiezinarekin identifikatzen da, lasai hitz egin dezakete beraien esperientzia sexualei buruz eta maitasuna sexualitateari loturik dagoen beste proiektu bat bakarrik da.
  • Harreman afektibo-sexualen aniztasuna ikusezina da.
  • Aniztasun sexualarekiko jarrera hobera doa, nesken jarrerak mutilena baino irekiagoa izaten jarraitzen duelarik.
  • Gazteek askatasun sexualari buruz duten kontzeptua = izan ditzakezun harreman sexual guztiak izan.

Eskolako egoerari buruz berriz:

  • Testu-liburuetan familia heterosexual nuklearrak agertzen dira adibide bezala.
  • Maitasun-eredu bakarra transmititzen dute: maitasun erromantikoa, laranja erdiaren mitoa, derrigorrezko heterosexualitatea.
  • Heziketa afektibo-sexuala natur zientzietan eta biologian bakarrik aipatzen da (ugalketa aparatuaren deskripzioa eta fisiologia).
  • Gehienetan, kanpoko erakunde bat arduratzen da heziketa afektibo-sexualaren inguruko saioak emateko.

Heziketa afektibo-sexualari buruzko ideia batzuk argitu ditugu:


1. Ezer ez egitea, egitea da = Eguneroko ekintzetan (materialak, hezitzaileok zeri ematen diogun garrantzia, gure gorputzak trasmititzen duena...), nesken eta mutilen sexualitatea hezten ari gara.

2. Sexualitatea nola izendatzen dugun, hala ulertzen ditugu sexualitatea zein pertsonek besteekiko hartzen dituzten rolak. Hizkuntzaren bitartez, sexualitatearen espresioa positiboa den zerbait bezala transmititu dezakegu: hitz gozoak erabili, heteronormatibitatea erreproduzitzen duten hizkuntzaren espresioak aztertu, aniztasun afektibo-sexuala irudikatu…

3. Afektibitatea: Nork bere buruarekin, gainontzeko pertsonekin, naturarekin, animalia eta objektuekin harreman positiboak izateko pertsonek duten gaitasuna.
Sexualitatea: Plazerraren kudeaketa, desioaren espresioa eta komunikazioa, nork bere buruarekin, zein gainerako pertsonekin.

4. Dekalogoa:

  • Sexu- eta genero-binarismoen deseraikitze lana.
  • Afektibitatearen garapen berdinkidea.
  • Sexualitatea eta indarkeria bateraezinak dira.
  • Sexualitatea ez da berdin heterosexualitatea, genitalitatea, ezta koitoa egitea ere.
  • Sexualitatea eta ugalketa gauza desberdinak dira.
  • Sexualitatea ez da arriskutsua.
  • Elkarrekiko errespetuan, nahian eta “adostasunean” oinarritutako edozein sexualitate-adierazpen zilegi da.
  • Sexualitatea eta genero-identitatea bizitzan zehar alda daitezke.
  • Sexualitatea jaio eta hil arteko laguna dugu.
Aste honetako gaiaren inguruan aurkitutako baliabide edota proposamenak honako hauek:

  • Heziketa afektibo-sexualari buruzko gida.
  • Irudi Biziak, ikasgeletan zinema tresna didaktiko gisa erabiltzen duen Euskadiko lehen erakundearen proposamenak.
  • Hik hasi aldizkariaren “Afektibitatea eta sexu hezkuntza” liburua.

Hau guztia ikastetxean/jendartean lantzeko erronkak:

  • Eredu heterosexista ugalkor hegemonikoaren inposaketei kritika egin.
  • Botere harremanak eta genero rolak bistarazi-deseraiki.
  • Hedabideek eta sistema ekonomikoek sortzen dituzten “beharrak” aztertu.
  • Sexualitate aniztasuna eta eredu ez-normatiboak helarazi.
  • Norberaren errepikaezintasunaren ideia indartu.
  • Harreman ezberdinen ereduak proposatu.
  • Material didaktikoak aztertu/moldatu.





2016/02/14

Aniztasun sexualei buruz hausnartzen


Patriarkatuak sustatzen dituen bizi-programa ezberdinduen oinarria ez da genetikoa, kulturalki ikasitakoa baizik.
Azken urteotako teoria feministek, bai generoa eta baita sexua ere eraikuntza soziokulturala direla diote.

Identitate sexualei dagokienez, sexu-biologikoa eta sexu-orientazioa aztertu ditugu aste honetan.

Enbrioiaren sexua sexu-kromosomek definitzen dutela ikasi dugu betidanik, horrela XX emea eta XY arra izanik. Baina Jose Antonio Rodriguez EHUko irakaslearen arabera, sexu-banaketa bitarrak ez du genetikoki, fisiologikoki eta anatomikoki dagoen aniztasuna islatzen.
Sexuaren sailkapena “espektro” moduan hartzea proposatzen du Eric Vilain medikuak. Aingeru Mayor sexologoaren ustez, arazo handia sortzen da jaioberritan ezartzen den sailkapena haurrak sentitzen duenarekin bat ez badator.



Maddi Ane Txoperena-ren artikulu honetan ikus daiteke txikitatik dagoen sexu-banaketa bitarrak nola eragiten duen haurren ingurune nagusian: eskolan.

Sexu-orientazioa edo desirarena, pertsonak dituen zaletasun afektibo-sexualak dira. Sistema patriarkalak guztion heterosexualak garela aurresuposatzen du. Beraz, sistema honen ezaugarriak heterosexuala, genitala eta maskulinitatearen plazerera bideratutakoak dira, heterosexuala dena normala izanik eta homosexuala dena anormala.
Gayle Rubin-en “Sexu-hierarkia: zirkulu magikoa versus kanpoko mugak”-ean gaur egun sexualitate ona, normala, naturala… eta sexualitate txarra, anormala, antinaturala zer kontsideratzen den azaltzen da:






































Sexu-aukeren errealitate anitzek kategoria hauek guztiak bilduko lituzke:
  • Homosexuala: sexu bereko pertsonekiko desira afektibo/sexuala
  • Heterosexuala: beste sexukoa den pertsonekiko desira duena
  • Bisexuala: sexu bereko zein beste sexuarekiko desira duena
  • Asexuala: inorenganako eta inolako desira sexualik sentitzen ez duena (kontrakoa alosexuala: besteenganako desira sentitzen duena)
  • Heteromalgua: heterosexuala sentitzen dena baina sexu bereko pertsonekiko desira afektibo/sexuala duena
  • Homomalgua: homosexuala sentitzen dena baina beste sexuko pertsonekiko desira afektibo/sexuala duena
  • Pansexuala/Omnisexuala: sexu- edo genero-identitatearen gainetik pertsonekiko desira afektibo/sexuala duena
  • Demisexuala: hurbileko harremana duenarekiko desira sentitzen duena

Identitate eta aniztasunaz irakurtzean, hezkuntza-eremuan sarritan modu berdinkidean aurkeztu eta aipatu gabe geratzen diren errealitate batzuk ikusi ditugu: LGTBIQ+ errealitateak eta Trans*ak.



Hona hemen LGTBaren onarpenari buruzko datu eta zifrak jasotzen dituen artikulua

Gorputz anitzen inguruan berriz, June hitzak azpimarratuko nituzke: “Gure gorputza eta auto-estimuaz gain, gure desioa ere kolonizatua daukagu. (…) Garrantzitsua da estetikaren eredu hegemoniko horren eragina behatzea eta estereotipoak gaindituz, gorputz anitzen indar erotikoa ikertzea.



Nere ustez, hau guztia ikastetxean/jendartean lantzeko erronka nagusiena ikasleei existitzen diren sexu-orientazio, sexu-aukera eta genero-identitate anitzen inguruan informatu eta guztiekiko errespetua sustatzea da. Askotan, ezjakintasunak eta aurreiritziek uste okerretara garamatzate eta jokabide atzerakoi eta onartezinetara. Hori saihestea eta errealitate ezberdinak onartzen ikastea funtsezkoa izango litzatekela iruditzen zait.