#Lore etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Lore etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/04/26

Bidean elkartuko gara!

 

Plazer bat izan da espazio hau hezkidetzarekiko interesa duten beste hainbat kiderekin partekatzeaz gain, erritmo, pauta edota doktrina zehatzik gabe burututako hausnarketa anitzei denbora eskaintzea.


Azken sarrera hau, ene lagun min batek bere garaian idatzitako olerkitxo bat partekatzeko aprobetxatu nahi nuen, zeinak hitz gutxi batzuen bidez, mila korapilo sortzen zein askatzen dizkidan irakurtzen dudan bakoitzean.


Ez erritmodun, ez pautadun, ez doktrinadun, ez etapadun, zerbait hori, askea.

Konpromezua deseraikitzea erabaki duten hainbat izakiren arteko trukea...

Izan ere, barnetik datorkigu zain bero eta esploratzailea....

Beraz, zergatik aintzat hartu hau eternoa izan behar denaren ustea?

Nik pertsonalki nahiago dut une honetas haratago ez begiratzea

Gaur asetu dezagun hortaz, elkarrekiko daukagun gosea,

Ahaztu gabe gugandik haratago mundu bat badagoela.

Ezin nezake imagina ene desioei uko eginez eternuki zuri begira egotea

Itogarria baitzait pertsonak jabetza bihurtzeko gizakiak daukan grin amaigabea.

Besterik gabe nahiko nuke gure artekoa librea dela aldarrikatzxea,

Eta nahi dugunean hasi eta nahi dugunean amaitzen den harreman sano, errespetuzko zein

konfidantzazko baten gestionamenduan trebeak garela demostratzea.

G.A.


Bidean egingo dugu topo!



2022/03/21

TRATU ONEN BIDEZ HARREMANDUZ

 


 

Hirugarren blokea ixteko modu paregabea iruditu zait tratu onen eta zaintzaren garrantzia azpimarratu, eta hauen inguruan aritzea aste honetan zehar, pertsonalki, asko gustatu zaidalarik irakurgaian zehar norbere buruarekiko daukagun harremanari eskaintzen zaion tartetxoa; harreman kontzeptuaz aritzean, pertsonen arteko harreman-dimentsioa bezain garrantzitsua da persona barrukoarena. Beraz, norbere buruarekin harreman osasuntsu bat izateko, beharrezkoa da “gure mundua” ondo osatuta egotea, honi denbora eskainiz zein hau zainduz.

 

Horrez gain, ikastaroa aurrera joan den heinean, behin eta berriz agerian gelditu da -aste honetan ere bai- eskolak ez duela berdintasunean hezten eta kontzienteki hezkidetzailea den planteamendu batekin esku hartu ezean, eskolak gainerako botere sozialek erreproduzitzen dituzten genero-estereotipo sexista berak hedatuko ditu.

 

Aurreko edizioetako hausnarketak irakurtzen, Martaren Tratu onetik elkarbizitza positibora sarrerarekin egin dut topo, zeinetan baliabide anitzak eskaintzeaz gain, hezkuntzarekiko ikuspegi kritikoa erakusten eta elkarbizitza positiborako proposamenak plazaratzen dituen.

 

Bizbizipen-ikaskuntzaren defendatzaile irmo gisa, jolasak eta gorputz-dinamikak, norberaren bizitzan aplikatutako kontzeptu berriak irakasteko eta ulertzeko tresna zein baliabide lagungarritzat jotzen ditut. Hauen bidez ikasleriaren bizipenekin konektatu genezake, modu horretan gaia lantzeak, eraginkortasun handaigoa izango duelarik.

 

Lan egiten dudan elkartean, Erraietan Barrena izeneko proiektu bat daukagu, zeinaren helburu nagusia, jabekuntzatik zein tratu onen lanketa, analisitik eta sustapenetik, indarkeriaren prebentzioa egitea da. Hona hemen unitate didaktikoa interesik izanez gero.

 

Horrez gain, The Lunch Date izeneko laburmetraia uzten dut eskuragarri jarraian, zeinak harremanen inguruko eztabaidarako bide interesgarria eskaintzen duen:

 


 

Azkenik, hezkuntzaren arloan landu beharreko erronkei dagokienez, autoestimuaren lanketa azpimarratu nahiko nuke lehendabizi, honek eragin zuzena izango baitu pertsona bakoitzaren garapen integralean zein honek bere buruarekin zein besteekin sortuko dituen harremanetan. Horrez gain, irakaslegoaren etengabeko formakuntzaren, material zein baliabide didaktikoen uneoroko ebaluazio zein hobekuntzaren eta hezkuntza komunitate osoaren inplikazio eta erantzukidetasunaren beharra azpimarratu nahiko nuke.

 

Ikastaro osoan zehar, gazteriaren artean ematen diren tratuek zein harreman afektibo-sexualek, bereziki arduratzen nautela adierazi dut, funtsezkoa iruditzen zaidalarik, berdintasunean oinarritutako heziketa afektibo sexuala hezkuntza sistema arautuan txertatzearen alde borrokan dihardugun bitartean, horrelako proiektu, programa, material zein dinamika aurera eramatea.

 

Jarrai dezagun beraz, hezkidetzaren bidean gure aleak uzten!

 

 

2022/03/08

Indarkeria sotilenak salatzearen garrantzia

 

"Hezkuntzaren bidez indarkeria matxistak errotik moztuz" 


Indarkeria matxistak giza eskubideen urratze larriak diren heinean, ezinbestekoa da hauen aniztasuna zein konplexutasuna kontuan hartuko duen legedi baterantz urratsak ematea, egun dauden esparru arauemaileen berrikuspenean, ezarpenean, garapenean zein ebaluazioan sakonduz. Horretarako, beharrezkoa da indarkeria sotilenak ere bistaratu, salatu, eta hau geldiarazteko konponbideak bilatzea, iruditeria kultural matxistaren eraldaketa eta berdintasunaren aldeko jarreretan aldaketa sustatuz.

 

Egun, hezkuntza ez formala, oinarrizko eremua da sentsibilizazioa lantzeko, hau adin eta sexu guztietako herritarrei zuzentzen baita, beti ere, kolektibo bakoitzak dituen beharrak identifikatzeko aukera ematen duen diagnostiko batetik abiatuta. Eskura uzten dut, Donostiako Udaleko Gazteria eta Berdintasun Sailek urtero antolatzen duten Indarkeria Matxistak Nerabezaroan Jardunaldietako 4.edizioan Eider Goiburuk emandako hitzaldia: Nerabezaroa, matxismoa eta prebentzio pilulak.

 

Dena den, gai honetan irakurritako testuetan aipatzen den kasan, indarkeria matxistarik gabeko gizartea sustatzeko, gizonen inplikazioa -maskulinitate heterosexual hegemonikoa interpelatuz eta berriak eraikiz-, eta emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa -autodefentsa feministaren bidez- funtsezkoak direnaren ustea daukat.

 

Gaur bertan iritsi zait Nahiko! Hitzaldien Martxoak 22rako proposamena, zeinetan Jokin Azpiazu, ikasle mutilen eta berdintasunerako heziketaren inguruan arituko den; zergatik eta zertarako, hausnarketak eta irizpideak. Eskuragarri uzten ditut kartela, eta berak idatzitako liburuaren inguruko elkarrizketa bat.

Aurreko urteetako post ezberdinak irakurri ostean, STOP indarkeria matxistei!! Post-a hautatu dut, bertan egindako ekarpenak ugariak eta baliagarriak iruditu zaizkidalako. Nik ere, zenbait proposamen botako ditut, zuen interesekoak direlakoan:

Bigarren Hezkuntzako Ikasleriarekin indarkeria matxisten gaia lantzeko, SETEM-ek emakumeen aurkako indarkeria eragiten duten publizitate-, kontsumo- eta komunikazio-modu guztiak bildu nahi izan dituen Fabricando Mujeres egitasmoa proposatu nahiko nuke. Alde batetik, kontsumo kapitalistan dauden indarkeria matxistei heltzen dien eta estetika- zein etxe-produktuen, elikagaien edota eremu publikoaren kontsumoa aztertzen duen dokumental bat egin dute, hona hemen hau eskuragarri:

 


Bestalde, egitasmoaren web orrian, emakume idealaren prototipo horiek salatzeko kanpaina bat, adibideen katalogo zabal bat zein alternatibak erakusten dituzten bideoak, artikuluak edo bestelako materialak daude eskuragarri.

 

Azkenik, aldez aurretik aipamena egin diodan post-ean eskuragarri dagoen Carmen Ruiz Repulloren Pepa eta Peperen istorioa jarri nahiko nuke mahai gainean, bideo hau, oso egokia zein bisuala baita harreman afektibo-sexualetan eman daitezkeen indarkeria maila ezberdinen kontzientzia hartzeko: 




2022/03/03

GATAZKEI ESKER HAZIZ


 Aste honetan zehar, buelta asko eman dizkiot gatazken aurrean hartzen ditugun jarrera ezberdinei; horrelako egoeretan, deserosotasun sentsasioa nagusitzen da nigan eta neure erraietara joz, honen zergatiaren inguruko hausnarketak pisu handia hartu du nire egunerokotasunean.

 

Adam Curlen ondorengo definizioa nabarmentzea gustatuko litzaidake:

Bizitzak munduan zehar, bakoitzaren abiapuntua aintzat hartuta, ibilbide desberdinak egingo ditu. Aurrera joko du, gehienetan egokituaz, aurkituko dituen errealitateari erantzunez. Bakea, gizarteko pertsonen bizitzako ibilbideak elkarlaguntzea da; gudak eta garrazkeriak, bizitzen ibilbideak elkarren artean talka egitea den bitartean. (Adam Curle)

 

Olik bere blogean dionarekin bat eginez, EAEko hezkuntza sisteman gatazken problematika jorratzen ez denaren sentsazioa daukat nik ere; alde batetik, irakasleek formakuntza falta izateaz gain, ikasleriak ez dauka nahikoa tresna gatazken aurrean modu egoki baten erantzuteko, eta bestalde, gatazkak sozialki duen kuttua negatiboa da.

 

Ukaezina da egungo gizartea geroz eta heterogeneoagoa dela; askotariko jatorri, kultura, sinesmen zein ohiturek presentzia nabaria dute gure egunerokotasunean. Ondorioz, gizartea ere, geroz eta anitzagoa da, eta horrek bai kolektiboki bai bakarka aberasten gaituenaren ustea daukat.

 

Arazoaren oinarria, aniztasuna persona gisa hezten gaituen zein bizitzeko eta pentsatzeko beste modu batzuk erakusten dizkigun gertaera gisa ikusi beharrean, honen aurrean sortzen diren gatazketan dago; zehazki, aniztasun hori kudeatzen ez dakigunean edota hau positibotzat jotzen duen oinarri sozialik ez egitean.

 

Horregatik, gazteei elkarrizketa eta pertsonen arteko elkarreragina sustatzeko tresnak ematearen beharra azpimarratu nahiko nuke, tresna hauen bidez, elkarrekin ezgautzak partekatu, desberdintasunarekiko errespetua landu, eta aniztasunaren inguruan aritzea ahalbidetuko duen giro sozial egokia sortzea ahalbidetuko baita. Nire ustez, ongi ulertutako zein ondo kudeatutako aniztasuna da bizikidetza baketsua izateko eta gizarte-gatazkak murrizteko tresnarik egokiena.

 

Eta noski, bizikidetza lehenesten duten giro eta praktikak sortu zein pentsatzeko, hausnartzeko, errealitatea behatzeko eta gatazkak modu egoki batean kudeatzeko gai den gizarte bat sustatu nahi badira, funtsezkoa da lanketa hau  txiki txikitatik hastea.


Horretarako, batetik, Ikertze Kultur Elkartean daukagun Elkarrekin Bizikidetza Eraikiz Lehen Hezkuntzarako Programa uzten dut eskuragarri, zeinak bizikidetzaren, emozioen, pentsatzeko gaitasunaren zein gatazkaren kudeaketaren inguruko eduki eta proposamen ezberdinak biltzen dituen.

 

Bestalde, Bigarren Hezkuntzara begira, Pentsatzeko Hitzorduak proiektuaren gida partekatu nahiko nuke zuekin; elkarrizketa filosofikoaz baliatuz, lanketa komunitarioa egin, eta taldeak gizarte demokratiko baterako ezinbestekoak diren balioak errespetatzea zein hauek praktikan jartzea duen helburu nagusia.

 

Jarraian ikusgai dauden bi bideoak ere, sarritan erabili izan ditugu txikitxoekin gatazkaren eta honen kudeaketaren inguruan aritzeko:



Azkenik, pasaden urteko Gatazken bidez hasi eta hezi sarrera nabarmendu nahiko nuke. Izan ere, berak aipatzen duen kasan, ikasleen arteko gatazkak egunero ematen dira, eta funtsezkoa da irakasle moduan, hauek detektatzea, ezagutzea eta hauen balio hezitzaileaz baliatzea. Gainera, eduki zein baliabide asko daude eskuragarri bere hausnarketan.

 


2022/02/28

HEZIKETA AFEKTIBO SEXUALA


 

Aste honetan, ideia zein kontzeptu ugari landu ditugu heziketa afektibo-sexualaren inguruan, eta hausnarketarekin hasteko, honako bi hauek azpimarratu nahiko nituzke:


Eskolako materia guztiek maitasun-eredu bakarra transmititzen dute; maitasun erromantikoa, osagarritasunaren ideia, derrigorrezko heterosexualitatea eta dominazio-meneko harremanen naturalizazioa (Lucas Platero) 

Eskolak hezikerta afektibo-sexual hezkidetzailea sustatzeko beharrezkoa da eredu heterosexista ugalkor hegemonikoa kolokan jartzea. Hezkuntzaren erronka nagusia, heziketa afektibo-sexual hezkidetzailea hezkuntza-eremu guztietan txertatzea, sexualitateen diskurtsoak beren espresio anitzekin ikastetxeko harreman esparru guztietan integratzea


Pertsonalki, egungo hezkuntza afektibo-sexualak eta gazteriaren artean ematen diren harremanek, asko arduratzen naute, eta sexu-hezkuntzak nerabezaroan duen garrantziaren ideiak, presentzia nabarmena izan du nigan azken astean. Izan ere, etapa honetan eraikitzen da izaera fisiko, psikologiko, afektibo eta intelektualeko aldaketak dituen identitatea. Nerabezaroa, garrantzitsua da oso bizi-zikloaren barruan; gazteek beraien identitate pertsonala indartzen dute genero-identitatearen bidez, testuinguru soziokultural zehatz batean murgilduta zein honek baldintzatuta, eta identitatea sexuaren arabera prestatzeko edukiak dibersifikatzen dira.


Sexualitatea nortasunaren garapenarekin, gizarte-egiturekin zein harreman sozialekin estuki lotuta egonik, adin horretan, funtsezkoa dela deritzot autoestimuaren eta autokontzeptuaren gaia lantzea, norbere burua ezagutu eta onartzeaz gain, harreman sozio-afektiboak ulertu eta hobeto kudeatzen ikasteko.


Bestalde, Lucas Plateroren erreferentziari heldu, eta esan, maitasun eredu hegemonikoa patriarkala den heinean, heterosexuala dela, eta testuinguru horretan, ordena soziala sortze zein birsortze aldera jabetza pribatua, indibidualismoa, kontsumismoa edota lehiakortasuna oinarri gisa aldarrikatzen dituen unetik, kapitalismoaren parte ere badela. Horregatik, botereak maitasuna ere zeharkatzen duenaren ustea daukat, harreman sozialak ulertzeko eta antolatzeko ideologĆ­a kultural hegemoniko oso bat duelako atzetik.


Beraz, berarekin bat etorri, eta esan, maitasun erromantikoa, mendebaldeko maitasun eredu hegemonikotzat hartzen dela, maitasun modu horrek definitzen dituelarik bi sexuen artean ezartzen diren harreman afektibo-sexualen zuzendaritza politiko, intelektual eta morala, honek eragin zuzena duelarik gazteriaren harreman afektibo-sexualetan.


Egoera honen aurrean, hezkuntzan dauden erronkak honako hauek dira:

- Egungo hezkuntza sistema erreparatuz gero, ez dago sexu hezkuntza aurrera eramateko beharrezkotasunik, eta ondorioz, sexu hezkuntza integralik; gaiarekin lotura duten proiektu gehienak, noizbehinka gertatzen dira, hauen baliabide iturri nagusia, diru-laguntza puntualak direlarik. Nire ustez baina, beharrezkoa da nerabezaroko sexu-hezkuntzari berehala ekin eta edukiak modu argi batean egituratzea.

- Aniztasun afektibo-sexualarekiko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzea

Irakasleen etengabeko formakuntza

- Hezkunza komunitatea ahalduntzea testuinguru sozial- familiar- edota eskolarrean gerta daitezkeen gatazke ezberdinei aurrea hartzeko zein hauek ahalik eta modu egokienean kudeatu ahal izateko.


Baliabideei dagokienez, esan, beti unitate didaktikoak zein eduki zehatzak erabili beharrean, badaudela beste hainbat modu landu nahi den hori jorratzeko. Esaterako, lan egiten dudan elkartean, VaivƩn Produccionesen Lotsagabe antzezlanarekin aritu gara lanean; helburua, antzerkiaren bitartez, nerabeekin eremu honetan eguneroko bizitzan sortzen diren gatazka eta larritasunei buruz komunikatu ahal izatea da, gazteak hausnarketara gonbidatu eta geure ezagupen eta esperientziatik, sexualitatea indarrean sartzen den uneko aldaketa, aztorapen eta euren gorputz eta garunean sortzen diren krisiarekin lagundu ahal izatea, aldaketa hauek guztiak ahalik eta normal eta osasuntsuen bizi ahal izateko asmoz. Behin antzezlana ikusita, dialogo filosofikoaren bidez, hezkuntza afektibo-sexualean especialista den profesional batekin elkarrizketa izaten da. Proiektu hau, Kultura Eskolaren bidez zabaldu eta eskaini dugu aurten. Hona hemen bideo bat:



Bestalde, aipatu, Oihanaren EGIN DEZAGUN blogean eskuragarri  dagoen Nerea sanchoren hitzaldian parte-hartu nuela eta eskura utzi duen bideoa, oso gomendagarria iruditzen zaidala. Arremanitz Kooperatibak izugarrizko lana egiten du gai hauetan, beraz, beraien web orria eskuragarri uzten dut hemen inork kuxkuxeatu nahi badu ere: ARREMANITZ KOOPERATIBA – Tratu Onak, Parekidetasuna eta Sexologia

 

Azkenik, esan, pasaden urteko Osasun Sexuala, Beste osasun mota bat sarrera aukeratu dudala egindako ekarpenak oso ineresgarriak iruditu zaizkidalako.

2022/02/16

SEXU HEZIKETA INTEGRALA ALDARRIKATZEAREN GARRANTZIA

 


Botere sistema juridikoek gerora errepresentatzen dituzten subjektuak ekoizten dituztela kontuan hartuta, nabarmendu, subjektu juridikoak praktika baztertzaile batzuen bidez eratzen direla, xede legitimatzaile eta baztertzaile batzuekin. Gainera, eragiketa politiko horiek, oso ondo ezkutatzen eta naturalizatzen dira, analisi politikoak egitura juridikoak haien oinarriak balira bezala aurkezten dituelako.

 

Praktika baztertzaile horien muinean, sistema heteropatriarkala koka genezake, zeinak edozein genero eta orientazio afektibo sexualen gainetik, genero maskulinoa eta heterosexualitatea ezartzen dituen, sistema soziopolitiko bat zehaztuz. Ondorioz, sistema honek indartzen duen maskulinitate hegemonikoak, izaera normatiboa hartzen du, misoginia, homofobia, matxismoa eta hegemonia elikatzen dituelarik.

 

Sistema horretan, heteroarauak zehazten du orientazio afektibo-sexuala; rolak eta pertsonen artean eratzen diren harremanak “gizon-emakume” sistema bitarrean eman behar direla, eta sexu-biologikoak, genero adierazpenarekin zein sozialki honi onartutako desioekin bat egin behar duela alegia.

 

Plazera zein intimitatea emateko dugun behar fisiko eta afektiboa gizaki guztiok partekatzen dugun arren, hau modu desberdin batean bizi du bakoitzak eta horregatik, beharrezkoa deritzot, entzuteko gaitasuna hartzea, gustoko dugun hori, zein gustoko ez duguna identifikatzeko zein adierazteko gaitasuna lantzea; Ruiz Repullok, sexualitatearen garapen osasuntsu eta atseginaren alde egiteak duen garrantzia nabarmena azpimarratzen du, modu horretan, pertsona baten garapen integrala bultzatzen dela esanez.

 

Sexualitatea nortasunaren garapenarekin, gizarte-egiturekin zein harreman sozialekin estuki lotuta egonik, funtsezkoa deritzot ere, autoestimuaren eta autokontzeptuaren gaia lantzea, norbere burua ezagutu, eta onartzeko, eta era berean, harreman sozio afektiboak ulertu eta hobeto kudeatzen ikasteko; izan ere, hezkuntza afektibo-sexualak duen helburuetako bat, ikasleriaren behar afektiboak asetze aldera, pertsonen arteko harremanak jorratzea da.

 

Beraz, azpimarratu, ezinbestekoa dela genero-identitate guztiak errespetatuko dituen eredu inklusiboan heztea, pertsona guztien errespetua, tratu onak eta eskubide-berdintasuna lortzeko. Hala ere, egungo hezkuntza sistema erreparatuz gero, ez dago sexu hezkuntza aurrera eramateko beharrezkotasunik, eta ondorioz, sexu hezkuntza integralik; gaiarekin lotura duten proiektu gehienak, noizbehinka gertatzen dira, hauen baliabide iturri nagusia, diru-laguntza puntualak direlarik. Nire ustez baina, beharrezkoa da nerabezaroko sexu-hezkuntzari berehala ekin eta edukiak modu argi batean egituratzea.

 

Izan ere, gazteek harreman afektibo sexualekiko jasotzen duten informazioa, ez da giro lasai batean eta taburik gabe transmititzen, eta ondorioz, hau modu irekian eta askatasunez erabiltzeko oztopoak aurkitzen dituzte. Hau da, nerabeek informazioa izan arren, zalantzak izanez gero edota zerbaitekin desados badaude, ez dute adierazten; hau adieraztera iritsiz gero, berdinen taldean egiten dute, antzeko zalantzak dituzten eta egoera berean dauden beste nerabeekin.

 

Familiak duen rola ere aipatu nahiko nuke, hau baita haurra sozializatzen den lehen testuingurua, eta horregatik, funtsezkoa dela deritzot familiako kide guztien artean errespetuzko harremanak sortu eta lantzea. Izan ere, hori horrela bada, haurrak, nola jokatu behar duen ikasiko du eta giro positiboan haziko da, familia, pertsonak babesten eta maitatzen duen babes eremu gisa ulertuko duelarik; oinarrizko ezagutza hori lortzen badu, besteekiko harremanetan ere islatuko da.

 

Pertsonalki, aniztasunak gizartean presentzia nabaria izateak, bai kolektiboki zein indibidualki aberasten gaituela pentsatzen dut; pertsona gisa hazteaz gain, beste izateko, bizitzeko eta pentsatzeko modu batzuk erakusten dizkigu. Arazoaren oinarria, aniztasuna bera pertsona gisa hazten gaituen zein bizitzeko eta pentsatzeko beste modu batzuk erakusten dizkigun gertaera gisa ikusi beharrean, honen aurrean sortzen diren gatazketan dagoenaren ustea daukat; zehazki, aniztasun hori kudeatzen ez dakigunean edota hau positibotzat jotzen duen oinarri sozialik ez egotean.

 

Hortaz, hezitzaile gisa azpimarratuko nituzkeen erronkak hurrengoak dira:

·         Aniztasun afektibo-sexualarekiko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lantzea ikasleriarekin.

·         Sexu hezkuntza integral baten beharra aldarrikatzea, eta horraino iristeko bidea egin bitartean, proposamen, material eta ekintza ezberdinak sortzea.

·         Mota guztietako aniztasuna errespetatzen duen gizarte batean bizitzeko eta parte-hartzeko behar diren trebetasunak lantzea: elkarrizketa, entzutea, gogoeta eta argudioak, enpatia, errespetua edo genero-kontzientzia.

·         Irakaslegoa sexu- eta genero-aniztasunean prestatzea.

·         Elkarrekin ezagutzak partekatuko, desberintasunarekiko errespetua landuko eta harreman afektibo-sexualen inguruan konfiantzan aritzea bermatuko duen giro egokia sortzea.

·         Genero edo sexu arrazoiengatik ematen den edozein egoera, jarrera, gatazka zein bazterkeria identifikatzeko eta honen aurrean ekiteko gaitasuna lantzea.

 

Kasu honetan, pasaden urteko HEZKUNTZA AFEKTIBO-SEXUALA, TABUAK GAINDITUZ sarrera aukeratu dut hausnarketa hau jorratzeko; batetik, erreferentzia eta ekarpen asko dituelako, eta oso interesgarria egin zaidalako bestalde.

 

Irene Ruiz Corpasek gauzaturiko Bilboko emakume gazte feministen maitasun bizipen eta diskurtsoak dokumentua uzten dut eskuragarri, oso interesgarria iruditzen bait zait hau. Horrez gain, aipamena egin nahiko nioke ere, STEILASen Iraultzeko Prest materialari, zeinak hezkuntza komunitateko kide ezberdinei bideratuta dauden jarduera ezberdinak planteatzen dituen.

 

Azkenik, Yes, we fuck! Izeneko dokumentala gomendatu nahiko nuke, patriarkatua, binarismoa, kapazitismoa zein “cis” izatea zalantzan jartzen dituelako. Oso oso interesgarria, nork bere buruaren aurreiritziak kuestionatzeko. Zerbait laburragoa nahi izanez gero, elkarrizketa bat uzten dizuet eskura hementxe




Hemen txertatzen dut ere, gauzatutako kruzigrama:




2022/02/14

Izaki likidoak

 


Identitatearen eta genero-identitateen munduan murgildu gara asteon, irakurri eta jorratu dudan orok, azken hilabetean irakurri dudan Amelia Tiganusen La revuelta de las Putas liburura eraman nauelarik. Izan ere, autoreak aktibista feminista, hezitzaile, eta identitate bila dabilen idazle gisa definitzen du bere burua; “puta zoriontsu” gisa ezarritako identitea ez dena edota “prostituta ohi” gisa erez.

 

Emakume horrek, beste identitate batzuk ezagutzeko zein bizitzeko eskubidea du, biktima-identitate horretatik aldenduz -hori ere inposatua-, nahi duena izatera pasatzeko. Oso interesgarria eta gomendagarria egia esan!

 

Lehendabizi, Eugenekin bat egin, eta azpimarratu, nire ustez ere ez dagoela erabateko askatasunarekin eraikitzen den identitaterik, hau, beti egongo baita faktore ezberdinek baldintzatuta: gizarte motak, kulturak, ezaugarriak, harreman interpertsonalek, familiarrek edota hezkuntza testuinguruak adibidez. Nahiz eta hein batean banakako eraikuntza pertsonala izan, ezin da ukatu eraikuntza soziala ere badenik.

Gainera nabarmendu, identitatea ez dela zerbait estatikoa, guztiz kontrakoa, uneoro aldatzen joango baita hau. Honekin lotuta, hezkuntzaren arloan, identitatearen garapenean ezkutuko curriculumak duen eragin nabarmena jorratu genuen aurreko blokean:

 

Etengabe eta abiadura handiz aldatzen eta berreraikitzen ari den mundo moderno likido baterako hezi beharrean, kultura solidoa transmititzen jarraitzen da, eta legez, hitzez zein teorian berdintasunean bizi garen arren, mezuak, errealitatea eta egunerokotasuna bestelakoa da; sexu-genero sistema bitarraren arabera bizi gara eta egungo hezkuntzako curriculumaren bidez hau iraunarazten da.

 

Horregatik, funtsezkoa da curriculum ezkutuaren bidez modu inkontzientean transmititzen ditugun mezuak aztertu, eta hauek hezkidetzaileak izateko birformulatzea.

 

Kasu honetan, pasaden urteko Ni horrelakoa naiz posta aukeratu dut, zehatza eta sintetikoa iruditu zaidalako, zeinetan kontzeptu garrantzitsu asko barnebiltzen diren; aniztasuna, errespetua, hezkuntza eta bereziki, egunerokotasunean ematen diren egoeren aurrean modu hezkidetzailean ekiteko jarrera.

 

Guzti honen harira, Ikertze Kultur Elkarteak eta Calcuta Ondoan GKE-ak 2020.urtean antolatutako Hezkidetza eta Pedagogia Feministen Kongresuko laburpenaz gauzatutako material didaktikoa uzten dut hemen: Begiradak. Esperientziak. Saretzeak.

 

Zuen interesekoa izango delakoan!




2021/10/25

INTIMITATEAREN ETA EXTIMITATEAREN ARTEKO LERROA

 INTIMITATEAREN ETA EXTIMITATEAREN ARTEKO LERROA

Sare sozialak gazteentzat bizi-eremu bilakatu diren errealitate honetan, Joseba Gabilondorekin bat etorri, eta elkarrekin harremantzeko modua ere erabat aldatu dela esan nahiko nuke.

 

Anak blogean idatzitakoari erreferentzia egin, eta nik ere ziberespazioaren eta errealitatearen artean dagoen paralelismoa nabarmendu nahiko nuke, espazio digital horretan ere, gure egunerokotasunean jasotzen ditugun mezu, ideia zein jarrera patriarkal berak erreproduzitzen baitira.


Sare sozialak ia guztiok ditugun arren, ez diogu galde egiten geure buruari hauei ematen diegun erabilpenaz edota erabilpen horren helburuaz, ondorioz, hauek saretze tresna gisa ikusi eta erabili beharrean, ekintza ludiko gisa ulertzen ditugularik.

 

Nik neuk ere, onartu beharra daukat, sareen kontsumitzaile huts bat baino ez naizela, ikusle bat alegia, ez baitut hauetan aktiboki parte hartzen, eta egia esan, ez dut gustoko. Hala ere, informazio iturri handi ditut hauek, erreferente potente askotatik edateaz gain, saretze espazio gisa erabiltzen ditudalarik. Olik blogean aipatzen duen Sofatik egindako aktibismoa kontzeptua berreskuratuaz, sare sozialetatik kaleetara, errealitatera dagoen pausuaren garrantzia nabarmendu nahiko nuke; gazteleraz esaten den bezala, sare sozialak, arma de doble filo gisa definituko bait nituzke, sarean anonimotasunetik aldarrikapenak egitera mugatzea kontzientzia garbitzea besterik ez al da?

 

Nahiz eta jakin, sare sozialak borroka espazio ere badirela, pertsonalki, ez naiz oso gustora sentitzen espazio horietan, eta Joseba Gabilondoren elkarrizketan irakurri dudan esaldi honekin identifikatzen naiz:

“Lehen intimitatea babesteko joera zegoen; orain, ordea, badago termino berri bat, extimitatea, justu kontrakoa: sare sozial digitaletan gure bizitza etengabe erakustea, ez izatea intimitaterik”



2021/10/22

AURKEZPENA - Lore Etxebarria

 

Kaixo!

 

Ni Lore Etxebarria Etxaburu naiz, 21 urte ditut eta egun, pedagoga gisa aritzen naiz Ikertze Kultur Elkartean. Bertan, genero eta hezkidetzaren gaiekin zuzeneko lotura duten zenbait proiektuetan murgilduta nago, gai honek, presentzia nabaria izan duelarik azken urteotan nire bizitzan.

 

Ikastaro hau aberasgarria izango zaidalakoan eman dut izena, nerabe eta haurrekin lan egiteko orduan hezkidetzan etengabeko formakuntza izatea funtsezkoa iruditzen baitzait. Nire begirada kokatu, zabaldu eta nire eguneroko lanean aplikatu ahal diren estrategia zein baliabide berriak partekatzea da nire xede nagusia!

 

Hala ere, esan, ez naizela trebeegia sare sozialen kontuarekin eta onartu beharra daukat, ez ditudala batere gustoko. Beraz, esan daiteke planteamendu hau erronka bat dela niretzat!

 

Parte-hartzeko gogo handiak ditudan arren, lanez gainezka nabil azken aldian beraz, espero dut blog honetan nire presentzia bermatzeko tartetxoa hartzu ahal izatea.

 

Kolore edo animalia batekin identifikatzea zaila egiten zait, egunero ezberdin bat aukeratuko bait nuke, beraz esan, errusiar mendi (denok ulertzeko, “montaƱa rusa”) gisa identifikatuko nuke neure burua, asko eta modu intentsoan bizi eta sentitzen baitut.

 

Aste askotan partekatuko dugu espazio eta ikasketa prozesu hau beraz, plazer bat eta animo!