2021/10/25

INTIMITATEAREN ETA EXTIMITATEAREN ARTEKO LERROA

 INTIMITATEAREN ETA EXTIMITATEAREN ARTEKO LERROA

Sare sozialak gazteentzat bizi-eremu bilakatu diren errealitate honetan, Joseba Gabilondorekin bat etorri, eta elkarrekin harremantzeko modua ere erabat aldatu dela esan nahiko nuke.

 

Anak blogean idatzitakoari erreferentzia egin, eta nik ere ziberespazioaren eta errealitatearen artean dagoen paralelismoa nabarmendu nahiko nuke, espazio digital horretan ere, gure egunerokotasunean jasotzen ditugun mezu, ideia zein jarrera patriarkal berak erreproduzitzen baitira.


Sare sozialak ia guztiok ditugun arren, ez diogu galde egiten geure buruari hauei ematen diegun erabilpenaz edota erabilpen horren helburuaz, ondorioz, hauek saretze tresna gisa ikusi eta erabili beharrean, ekintza ludiko gisa ulertzen ditugularik.

 

Nik neuk ere, onartu beharra daukat, sareen kontsumitzaile huts bat baino ez naizela, ikusle bat alegia, ez baitut hauetan aktiboki parte hartzen, eta egia esan, ez dut gustoko. Hala ere, informazio iturri handi ditut hauek, erreferente potente askotatik edateaz gain, saretze espazio gisa erabiltzen ditudalarik. Olik blogean aipatzen duen Sofatik egindako aktibismoa kontzeptua berreskuratuaz, sare sozialetatik kaleetara, errealitatera dagoen pausuaren garrantzia nabarmendu nahiko nuke; gazteleraz esaten den bezala, sare sozialak, arma de doble filo gisa definituko bait nituzke, sarean anonimotasunetik aldarrikapenak egitera mugatzea kontzientzia garbitzea besterik ez al da?

 

Nahiz eta jakin, sare sozialak borroka espazio ere badirela, pertsonalki, ez naiz oso gustora sentitzen espazio horietan, eta Joseba Gabilondoren elkarrizketan irakurri dudan esaldi honekin identifikatzen naiz:

“Lehen intimitatea babesteko joera zegoen; orain, ordea, badago termino berri bat, extimitatea, justu kontrakoa: sare sozial digitaletan gure bizitza etengabe erakustea, ez izatea intimitaterik”



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina