#anabelenv etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#anabelenv etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/04/26

AMAITU DA!!! BAI? EDO HASI DA?

Bukaera honetan benetan nekatuta nago, gehi hilabete eta 13 egun etxetik atera barik, ba... oso gogorra da egoera. Asko ikasi dut eta guztion ekarpenak oso interesgarriak iruditu zaizkit. Baina ez dut astirik izan dena irakurtzeko. Orain pixkanaka pixkana joango naiz bloga irakurtzen. Hartutako erreferentziak interesgarriak izango direlakoan nago eta horiek ere irakurtzeko ditut. Beraz, benetan amaitu da? Lan handia oraindik, bai ikastaroa amaitzeko eta, bai eta benetako hezkidetza eta berdintasuna lortzeko. 




2020/03/16

TRATU ONAK ZABALTZEN MUNDU GUZTIARI!


Tratu onak izan behar dira gure harremanen oinarria. Gure ikasleek ondo dakite zeintzuk diren tratu txarrak, baina ez dute horren argi zer diren tratu onak. Orain dela urte batzuk institutuan proposatu nuen ikasleek sortzea euren tratu onen dekalogoa. IK/KIko teknikak erabiliz, gela bakoitzean ikasleek euren dekalogoa irudikatu zuten. Ondoren, egindako horma-irudien erakusketa antolatu genuen denboraldi baterako, eta hori amaitu zenean berriro gelara eraman ziren gela bakoitzeko horma-irudia. Hona hemen Tratu onen dekalogoaren proposamena. Gero, dekalogo batzuk hartuta ondoko bideo hau egin zuten:




Hainbat material gehiago daude tratu onak lantzeko, adibidez, Nafarroako Gobernuak argitaratutakoa:
Ondoko guztietan lantzen dira tratu onak. Sentsibilisaziorako denbora dago, pentsatzeko zer diren tratu onak eta proposatzeko ideiak. Irakasleok landu behar ditugu proposamen hauekT, tratu onak txikitatik landu behar direlako. Horrela dugu BIZIKASI ekimena tratu onak lantzeko: 
Iazkoen artean hauxe gustatu zait, batez ere Maria Lejarragaren irudi hau dagoelako, eta guztiz ados nagoelako:

Oso interesgarriak dira ere planteatzen dituen erronkak eta gaia lantzeko proposatzen dituen bideoak.

Nire ustez, lantzeko erronken artean lehenik eta behin irakaslerien prestakuntza da. Argi izan behar dute tratu onak zer diren eta zein den euren garrantzia. Benetan garrantzitsua da gaia sakonki lantzea. Elkarren arteko harreman positiboak eta tratu onekoak landu behar dira, eta elkarbizitza positibo honetan elkarren arteko zaintza ezin da ahaztu. Uste dut zaintzaren gaia hobeto landu behar dela, eta ekonomian ere, nolabait txertatu beharko litzateke. Horrek zaintzen-iraultza ekarriko luke. Tratu onen artean, bake kultura sustatu beharko litzateke ere. 

2020/03/09

Alternatiba berriak

Niri hitz hauek etorri zaizkit gaia irakurri dudan bitartean. Ingurua aldatu behar da, mikromatxismoak, amodio erromantikoa, abusuak, bortxaketak, indarkeria... guzti hori desagertu behar da, desikasi. Horregatik nire ustez, aldaketa etorri behar da. Aldaketa, berriro ikasteko nola bizi indarkeriarik gabe, mikromatxismorik gabe, bortxaketarik gabe, beste amodio eredua erabiliz... Eta aldaketa hori errespetu osoz, pertsona guztiak aintzat hartzen eta berdintasunean. 

Aurreko posten artean hainbat gustatu zaizkit, gehien gustatu zaidana irudi hau izan da:


Irudi hori Mirenen sarreratik hartu dut. Hortaz aparte, interesgarria iruditu zait bere proposamena, maskulinitate berriak jarrera enpatikoen bidez. Bai eta azpimarratzekoa iruditzenzait normaltasunez hartzen ditugula indarkeria egoerak eta benetan sentsibilizazioa behar da, egoera horiek ikusteko eta aurre egiteko.

Errespetua aipatzen dudanean, batzuetan zalantzak sortzen zaizkit. Hitz potoloa da, eta nire ustez hori egon behar da gauza guztien azpian. Zerbait funtzionatu behar badu, errespetua behar da. Baina batzuetan, ikasleen artean, eta ez horren gazte direnen artean, hitza entzun ondoren barretsuak entzuten ditut eta katxondeoa. Zergatik? Nagusiok gehiegi eskatzen dugulako, ez delako kontzeptu berria? Edo barre egiten duten horiek ez dutelako aldatu nahi, jarraitu nahi dutelako euren botere posizio horretan? Ez dutelako ezer galdu nahi? Ez dakit, beti da dudan zalantza.

Dena dela, txikitatik hasiz gero, errespetua lortuko da. Hona hemen 3-5 urteko umeekin errespetua lantzeko Ana Arribillaga Iriarte eta Rosa Cuesta López-en proposamena:


Nola? Noiz? Eta Norekin landu indarkeria matxisten aurka? Hasi behar gara betaurrekoak ipintzen eta ikasleei ikustarazten egoera. Behin hori egin ondoren ikasle guztiekin, txikitatik hasita, arlo guztietan landu behar da errespetua eta indarkeria matxistaren aurkako proposamenak. Proposatutako modukoak egokituta adin bakoitzari izango dira aproposenak, mundu juxtuago batean bizi ahal izateko.


Zergatik landu guzti hori? Esan bezala mundu juxtuago batean bizi nahi dugulako, eta bakean bizi nahi dugulako, noski. Labur esanda, indarkeria, mikromatxismoak, bortxaketak eta abusuak desagertu behar direlako. Aurreko batean aipatu nuen bezala, oso argia da egoera aldatzea, eta ipini gizonezkoak emakumeen egoeretan. Horrela dugu La majorité opprimée pelikula, bertan egoera oso argi eta garbi ikusten da, eta filme labur hau oso egokia da DBHko ikasleekin lantzeko, adibidez.


2020/03/01

Gatazken trataera hezkidetzailea

Gatazken gaia ez zait inoiz gehiegi gustatu, seguruenik gatazkak ez ditudala gustoko. Baina bizitzan gatazkak ohikoak dira eta irakasle bezala aurre egin eta aurre egiteko tresnak irakatsi behar diegu. Gaia irakurtzerakoan konturatu naiz bake positiboaren kontzeptua ez nuela ezagutzen eta asko gustatu zait gatazkaren trataera egokiaren proposamena. Honen inguruan dio "trataera hori egiten bada, oso lagungarria eta eraikitzailea izan daiteke: 
1. arazoak konpontzeko modu berriak eta hobeak ikasteko. 
2. harreman hobeak eta iraunkorragoak eraikitzeko. 
3. nork bere buruaz eta gainontzekoez gehiago jakiteko." 

Eta hori irakurri dudanean nire buruari galdetu diot ea hori egiteko gai izango naizen eta bai eta hori transmititzeko ere. Urteetan ikertu dut gatazken konponketa baketsua eta gaiak hainbat ikuspuntu berriak, edo niretzat bai behintzat, ekarri dizkit. 

Aurreko urtean egindako sarreren artean Argiñe Alakano Loitirena oso interesgarria iruditu zait. Alde batetik gatazkak kudeatzeko hainbat proposamen egiten dituelako. Eta gehien gustatu zaidana izan da umorea erabiltzen duela, benetan horrelako gai gogorrak tratatzeko modu bakarra. Hona hemen berak erabili duen bideoa:


Azken urteetan ahalegin handia egiten ari da BIZIKASI ekimena martxan jartzeko, baina nire dudak ditut ea egin den ahalegina benetan geletara iristen den. Zuzenean kurtso honetan bizitza pertsonalean bizi izan dudana behintzat, ez da izan oso pozgarria, ikusi dut mezua ez da guztiz iristen irakasleengana, baina ekin eta ekin ea lortzen dugun. Irakasleek erronka asko dituzte geletan "eta egunerokoak jaten gaitu".    https://bizikasi.euskadi.eus/eu/


Nire ustez, giro lasaia lortuz gero, elkarrizketa posiblea da, eta elkarrizketa horrek bakerako bidean ipiniko gaitu. Tertuliak egitea oso komenigarria dela ikusten dut. Giroa lasaitzen dute eta ikasleek sentitzen dutena, kezkatzen zaiena eta liskarrak konpontzeko bidea izango dute. 


Hona hemen pdf-a ezagutzeko tertuliak:

Nafarroan hainbat materiala bila daiteke bitartekaritza lantzeko. Hona hemen batzuk:



Erronka asko dira gatazkei trataera hezkidetzailea emateko, baina nire ustez, garrantzitsuena da ELKARRIZKETA baketsua eta hezkidetzailea lantzea. Behin hori landuz gero, gatazkei aurre egiteko prest egongo ginateke.

2020/02/24

HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALARI BURUZKO HAUSNARKETA



Hainbat hitz heziketa afektibo-sexuala lantzeko orduan ditugu. Hona hemen batzuk hizki sopa honekin hasteko:

Hainbat adituk diote heziketa afektibo-sexuala ez dela behar den moduan lantzen. Gure gazteek ereduak ez izatean, ez erreferenteak, ez heziketarik, pornografiara jotzen dute, eta gaur egun gazteek uste dute pornografian ikusten dutena da beraiek euren harremanetan egin behar dutela. Beharrezkoa da hezkiketa afektibo-sexuala, eta hori txikitatik ikasi behar da. Hona hemen Xabi Iturberen hitzaldia non proposatzen du "maitaleen pedagogia" guztiz lotuta jendarteak behar duen hezkiketa afektibo-sexualarekin, benetan interesgarria:


Aurreko urteko sarreren artean Andurena interesgarria iruditu zait. Bere hausnarketan amodio erromantikoa aztertzen du. Amodio hori ondoko ezaugarriak ditu:
- Heterosexuala.
- Derrigorrezkoa. Bikote harremanetatik kanpo ez  dago zoriontasunik.
- Betirako da.
- Monogamoa. Ondorioak, jeloskortasuna, kontrola, propietatea.
- Sufrimendua guztiaren gainetik normalizatu egiten da.
Eta hori da saltzen dena publizitatean, pelikuletan, abestietan... Beraz, badago lana horrekin amaitzeko!!!

Educación 3.0 webgunean "Recursos para trabajar la aducación sexual en el aula" ditugu: Zinea, bideoak, jokuak... hainbat daude, baina gaztelaniaz dira baliabideak. Euskaraz ez dago horrenbeste, baina osasun orrian badugu "Sexumuxu", materiala interaktiboa da eta  joko interaktibo bat du: abentura grafiko bat da; bertan, ikasleek erronka batzuk gainditu behar dituzte, eta horiei esker, heziketa afektibo-sexualaren eremua ikasi eta sakonduko dute.

Nire ustez, hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusiak: ondoko hauek izango lirateke: 


  • Eskola-komunitate osoaren sentsibilizazioa eta prestakuntza hezkidetza ikuspegitik genero estereotipoak gainditzeko, bai eta heziketa afektibo-sexuala landu irakasleekin euren ikasleekin lantzeko.
  • Sexu-aniztasunaren normalizazioa.
  • Errespetua landu, batez ere, aniztasuna errespetatzeko arlo guztietan, eta noski, LGTBI+ normalizatu eta eurenganako errespetua landu. 
  • Izpiritu kritikoa garatzea jasotako mezu sexistei aurre egiteko 
  • Material didaktikoa bermatua izateko edozein dela gaia, kasu honetan heziketa afektibo sexuala, baina ez bakarrik hori: identitateak, sexu -aniztasuna, emakumeen ekarpenak...
  • Aisialdian eta sare sozialak erabiltzean errespetua aniztasunari irakastea.
  • Sexuen arteko harremanetan dauden mitoak eta estereotipoak aztertu eta deseraiki.

2020/02/17

ANIZTASUNAK AGERIAN


Uste dut argiago geratu zaidala zer den genero identitatea eta zer, sexu identitatea. Argi geratu zait ere, sistema bitarra ez dela dagoen bakarra eta hori konstruktoa baino ez da. Munduan aniztasuna dago, baina patriarkatuak ez du aniztasun hori ikusten utzi. Beste jendarte batzuetan aniztasun hau, edo behintzat, parte bat, betidanik ezagutu da, hirugarren sexua deitua izan da. Antropologo batzuk laugarren sexua eta bostgarrena ere deskribatu dute. Bost sexu honen inguruan interesgarriak dira orain dela urte batzuk irakurri nituen amerikar natiboen inguruko artikuluak.  

Horrez gain, sistema patriarkalak proposatzen du eredu dikotomikoa, eta horren barruan harreman koital heterosexuala proposatzen da. Harreman horretako helburua ugalketa eta horrek markatzen du harremana "ona" ala "txarra" dela. Nire ustez, Hezkuntzak proposamen guzti horiek gainditu behar ditu. Benetan erronka handia da gizartean oraindik pertsona asko daudelako aniztasun hori ez dutelako ez ikusten ezta onartzen. 

Erronka hori gainditze aldera, nire ustez, honako hauek kontuan behar dira : 
  • Sexu-genero sistema anitza. 
  • Heziketa afektibo-sexuala. 
  • Aniztasunaren onarpena.
  • Heteronormatibitateari beste kulturak emandako erantzun desberdinak. 
  • Errespetuzko elkarbizitza sustatzea.

Laguntza handiak dira hezkuntzan laguntzen dituzten elkarteak: Berdindu, Aldarte... Beraiek laguntzen dute hezkuntza komunitatea sentsibilizatzen eta mundu anitza erakusten. Horrela ditugu gaian proposatuko eskubideak:

Sentsibilizazioaren ondoren lanketa errazagoa izango da. Horretarako hainbat gida topa dezakegu: 


Hainbat bideo ere, badaude gaia lantzeko. Adibidez hauxe, institutuan landu genuen eta oso lanketa interesgarria izan zen


Iazko sarreren artean, Yomareren "Normalitate auzian" sarreran egiten duen proposamena ez nuen ezagutzen eta gustatu zait.

2020/02/10

Identitateak eraikitzen


Identitatearen inguruan eztabaida asko eta ziurtasun gutxi daude. Gizon edo emakume izatea zer den ez dago horren argi, bakoitzak zein den bere identitatea esan behar duelako sentitzen duenaren arabera. Ikusi bezala kontzeptu hau eraikuntza da eta prozesu konplexua da hainbat alderdi hartzen dituelako (biologikoak, sozialak, kulturalak, psikologikoak, politikoak...). Oso pertsonala da, bakoitzak txikitatik sentitzen du bere identitatea eta hainbat eredu daude, eta dimentsio indibiduala eta soziala du. Identitateak pertsonak bereizten ditu eta erikuntza soziala, banakakoa eta pertsonala da. 
Ondoko bideo honetan azalpen argia eta sinplea dugu, ulertu nahi badugu zer den sexu-aniztasuna:



HEZIBERRI 2020 dokumentuan hainbat aldiz aipatzen du identitatearen garapena. Nire ustez garrantzitsuenak aipatuko ditut. 17. artikuluan hauxe dio: Hezkidetza-helburuak arloetan eta ikasgaietan txertatzea. 1.– Hezkuntza-eskumenak dituen sailak hezkidetza-proiektuak egitea eta hezkuntza-proiektu eta curriculumetan hezkidetzako helburu hauek sar daitezen sustatuko du: a) Emakumeei eta gizonei esleitutako portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritziak, estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera. b) Emakumeen jakintza eta gizadiaren garapenari egin dioten ekarpen soziala eta historikoa txertatzea, irakatsitako edukiak berrikusiz eta zuzenduz, hala dagokionean.

Geroagoan beste hau dio: g) Oinarrizko Hezkuntzak pertsonaren garapen integralari laguntzen dio, alde batera utziz sexuaren araberako estereotipoak eta rolak, bai eta bereizkeria mota oro ere, generoaren eraginik gabeko orientazio akademikoa eta profesionala bermatuz. Horretarako, ikastetxeek emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko dute alor guztietan: curriculuma, antolaketa eta abar.

Aurrerago, oinarrizko diziplina baitako konpetentzia azaltzerakoan hauxe dio: Diziplina baitako oinarrizko konpetentziak eskuratzea beharrezkoa eta ezinbestekoa da norberaren errealizazioa eta garapena erdiesteko, herritar aktiboa izateko, gizarteratzeko eta enplegua lortzeko, eta, alde horretatik, oinarrizko zehar-konpetentzien parean daude. Biak dira konpetentzia giltzarri eta elkar elikatzen dute; izan ere, zehar-konpetentzia giltzarrien baliabideak izan behar ditu norberak diziplina baitako konpetentzia giltzarriak eskuratzeko, eta, aldi berean, diziplina baitako konpetentzia giltzarrien curriculum-arloetako egoeretan barneratuta soilik eskura daitezke zehar-konpetentzia giltzarriak.

Aipu interesgarri horietan estereotipoak gainditzeko lana egingo dela esaten da, bai eta norberaren errealizazioa eta garapena bilatuko dela herritar aktiboa izateko. Esandako aipu horiek suposatzen dute curriculum ezkutua lantzea: estereotiporik gabe hitz egitea eta ekitea, hizkuntza ez sexista erabiltzea, hitzegiteko modu berri bat eraikitzea, emakumeen ekarpenak aztertzea, aipatzea eta ikastea gizonezkoenak bezala, partaidetza parekidea sustatu, aukera berdinak ematea ikasle guztiei, material eta baliabide hezkidetzaileak erabiliz, eta beste guztiak errespetatzea euren aniztasunean.


Era berean, hainbat gauza desikasi behar ditugu genero-identiteari buruz. Nire ustez, lehenengoa da ez dela existitzen binarismoa. 

Aukeratu dudan iazko posta, Yomara Fanorena, oso interesgarria iruditu zait, batez ere, berak proposatzen duen bidea HEZKIDETZA delako. Post horrek ondoko bideo hau gogoratu dit. Ea gustatzen zaizuen:

2020/01/26

Orientazio akademiko hezkidetzailearen bila


Neskei galdetuta zergatik diren andereñoak ala erizainak esango dute eurek aukeratu dutelako, baina hori noraino da egia? Eurek aukeratu dute askatasunez? Inoren laguntza barik? Zaila da pentsatzea neska guztiak andereñoak edo erizainak izan nahi dutela eta mutil guztiak ingeniariak edo arkitektoak. Txiki txikitatik ikasten ditugu estereotipoak, eta horren barruan erabakitzen dugu gure etorkizuna. Beraz, etorkizunerako aukeratutako hori estereotipatua dago ere.
Benetako orientazio hezkidetzailea nahi badugu kontuan hartu behar dugu zer egiten dugun, eta hori saitu behar ginateke zuzentzen. Orientazioa bigarren hezkuntzarako uzten da, eta, nire ustez, bertan estereotipoak berretsi baino ez ditugu egiten. Haur hezkuntzan hasi beharko litzateke orientazioa. Ondoko bideoan dagoen bezala, horrelako ekintzak behin eta berriro egin beharko litzateke haur hezkuntzan:

Eta bigarren gauza egiteko, nire ustez, sareak sortu hausnarketarako eta benetako orientazio hezkidetzailea lortzeko. Honekin esanahi dut, udaltxeak, Lanbide heziketako ikastetxean, inguruko enpresak, elkarteak eta haur, lehen eta bigarren hezkuntza ikastetxeak, denak batera egin. Hausnarketa egin, helburuak finkatu denon artean, eta neskeei eman benetako aukerak libreki erabakitzeko.
Arlo zientifikoan eta informatikan emakumean atzean geratzen ari dira, eta horrek aukera gutxiago emango dizkie etorkizunean. Emakumeak eta gizonezkoak berdin prestatu behar dira, noski sinestuta berdin balio dutela eta alde batera utzita sarritan esaten direnak: "neskak ez dute matematikarako balio" "mutilak egiten dute hobeto informatikan"...
Iazko sarreren artean Argiñe Alakanorena gustatu zait. Bertan,zer den orientazioa aztertu ondoren, genero arraila aipatzen du. Bere ustez, nesken autokonfindantza ezinbestekoa da. Hainbat material interesgarri aurkezten ditu: PISAko ikerketak, Marina Subiratsen hitzak, Mari Luz Guenagak dioena eta hainbat grafiko datuekin. Guztiak interesgarriak ikusteko baloratzen baditugu gauza batzuk besteak baino, garrantzia ematen badiogu lan batzuei eta zaintzari ez, eta estereotipoak bultzatzen jarraitzen baditugu, ez da aldaketarik egongo.

HETELek, Lanbide Heziketako ikastetxeen Elkarteak, aurten DBHko ikasleek parte hartzeko lehiaketa proposatzen du otsailerako. Lehiaketa hori aurkezten den weborrialdean ereduak eta erreferenteak agertzen dira, eta hori beti interesgarria da.
https://hetel.eus/index.php/eu/aitzindariakfp

Bai eta kurtsorako argitaratu duten egutegia, hilabete bakoitzean emakume baten argazkiarekin
https://hetel.eus/images/PDF-Fitxak/AitzindariakLH_egutegia.pdf



2020/01/20

CURRICULUMA ETA BALIABIDE HEZKIDETZAILEEN BILA

Zertan aldatuko litzateke gure jarduera hezitzailea sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktiko hezkidetzaileak erabiliz gero? Lehenengo eta behin, txiki txikitatik hezkidetza landuta izanez gero, errazago izango litzateke berdintasunean oinarritutako mundua izatea. Emakume eta gizonen arteko harremanak berdintasunean oinarrituta izanez gero, nire ustez, mundu zoragarri baten bizi izango ginateke. Agian, nahiko utopikoa da, ezta?

Dena dela, emakumeen ekarpenak ezagutuko genituzke eta eskolan haiek ikasiko lirateke: emakume zientzilariak, idazleak, filosofoak, historiako protagonistak... Emakumeak izendatuak izango lirateke, duda barik.





Zure ustez eremu hezitzaileetan/jendartean baliabideetan hezkidetzan oinarrituriko begirada sustatzeko estrategia “erabilgarri” bat? Zerbait aldatu nahi badugu, edozein gaian, formakuntza da giltza. Irakasleei betaurreko moreak ipintzen badiegu, begirada desberdinarekin aurrerapausu itzela egingo genuke. Irakasle guztiei II Hezkidetza Planean dauden 8 zutabeak euren eguneroko jardunean landu behar dituztela iristen bazaie, lanaren gehiengoa egina izango genuke. Beraz, formakuntza eta formakuntza beharrezkoa da.
Iazkoen artean Andonik idatzitako postarekin bat nator. Berak dioen bezala, testuliburu hezkidetzaileak egiteko esfortzu txikia egin da oraindik. Eta egia da, formakuntza behar da benetako inplikazioa lortzeko.

2020/01/13

Partaidetza parekidearen bila


Oso gai interesgarria da partaidetza parekidearena, benetan. Aste osoa daramat honetaz pentsatzen eta egia esan, hausnarketa sakonerako gaia dela uste dut. Emakumeak parte hartu behar dute eta ezin dira bizi mundu aparte baten, edo guztiz ikustezinak, orain arte bizi diren moduan. Baina non dago eredu hori? Horren erraza izango da? Emakumeei esan parte hartzeko, eta parte hartuko dute? 

Nire ustez ereduak ez daudenean bidea zailagoa izaten da. Emakumeen elkarte feminista baten partaidea naiz eta batzutan, batez ere kudeatzeko momentuetan, eredu patriarkalak oso argi ikusten ditut. Ikasi dugun hori barru-barruan dugu eta eredu berriak sortzeko denbora behar da, pazientzia handia behar da, guztiak eta guztien ideiak onartzeko prest egon behar gara, eta, garrantzitsuena, entzuteko prest egon behar gara; eta entzun esaten dudanean, entzute aktiboa esan nahi dut. Horiek izango litzateke partaidetza parekidea lortzeko baldintzak. Gure elkartean antolaketa horizontala dela esaten dugu; baina oraindik botere harremanak hor inguruan dabiltza eta ez ditugu berdin entzuten ekarpen guztiak. Oraindik batzuren ekarpenak, besteak baino gehiago balio dute! (Eskerrak ez dutela hauxe irakurriko!!!)

Txiki-txikitatik eman behar diogu bidea emakumeei, gizartean parte hartu dezaten, eredu hezkidetzailea behar beharrezkoa da. Umeak txiki-txikitatik berdintasunean hezitzen badira, ez lirateke arazorik egongo, baina nire ustez oraindik bide luze samarra dago aurrean. Asko aurreratu gara azken 100 urtetan batez ere, azken 20 urtetan, baina oraindik...

Emakumeak oraindik animatu behar dira, eta nire ustez, eredu berri bat sortu behar dugu. Kanpainak badaude, eta dena dela, saiatu behar gara eredu patriarkaletik urruntzen.



Aurreko urtekoen artean sarrera batzuk gustatu zaizkit, bat aipatzearren hauxe aukeratuko nuke oraintxe bertan amaitu dudalako irakurtzen bertan aipatzen diren Las sinsombrero 1 eta Las sinsombrero 2. Bizitza osoa ikasten zein gutxi dakigu emakumeei buruz aurkitzeko. Errepublika aurretik Espainiako bizitza kulturalean hainbat emakume parte hartu zuten eta orain arte gehienak ezezagunak izan dira niretzat. Oso liburu interesgarriak!!!

2019/12/23

Errepresentazioan eta denboraren erabileran ere desoreka?


Iazko Argiñe Alacano Loitiren sarrera oso interesgarria iruditu zait, hainbat materiala ematen duelako: artikuluak, bideoak, argazkiak eta irudiak. Guztien artean, mansplaining eta manterrunting horien inguruko bideoak bene-benetan onak. Umorez ikusita Irantzu Varelaren eskutik, agerian uzten dute oso errealitate gordina. Nire ustez, pentsaera kritikoa lantzeko DBHko ikasleekin oso bideo aproposak dira. 

Duela urte batzuk "Durangaldeko emakume aitzindariak" lana egiteko ikasleekin, konturatu ginen ez zeudela emakumeen izenik Durangoko kaleetan. Ordutik hona hiru agertu dira, eta hori aurrerapausu handia da. Dena dela, ez genuen topatzen Durangaldeko emakume aitzindariei buruz ezer, eta Marisa Barrenaren artikuluari esker, aurkitu genituen hainbat emakume. Hortik hasi ginen tiratzen eta Martina Ibaibarriaga topatu genuen. Berak kale bat zuen Gasteizen, eta horren inguruan klaseko mutil batek polemika latza aurkitu zuen. Emilio Larreinak Martina Ibaibarriagaren legenda desmontatu nahi zuen. Hori zer izango da? Manisalwaystrue? Agian Martinaren historia ez da guztiz egia, baina egiazkoak dira kontatu dizkiguten historia guztiak edo gizonak protagonistak direnez ez da zalantzan jartzen?

Gaiak gogoratu dit aspaldian ikusitako bideoa. Gerra baten ostean, errealitatea gordina bada ere, emakumeena askoz gordinagoa da. Ruandaren gerra zibilaren ostean, emakumeak guztiz txundituta geratu ziren, bakarrik, diru sarrerarik gabe... eta danborrak jotzen hasi ziren. Hasieran gogorra izan zen, danborra jotzea gizonezkoen gauza bat zelako, baina denborarekin sendatzen laguntzeko eta beste negozio batzuk antolatzeko balio izan zaie, hau da, espazioa okupatzen sendatu dira eta aurrera egin dute emakumeek. Hona hemen bideo hunkigarria:


Errepresentazio eta denboraren erabileraren oreka nahi badugu ikasleekin lan dezakegu pentsaera kritikoa lantzeko proposamenen bidez. Iazko aukeratu dudan sarreran dioenez, STEILASek argitaratu duen unitate didaktikoaren bidez, Pertsona guztiak edonon; baina ezin dugu ahaztu gure kideak, familiak eta heldu guztiek ikasteko duten irakasgai dela hemen aztertutakoa eta eurekin ere landu behar dugula. Nola? Gaia elkarrizketetara ekartzen, bideoak erakusten, egoera ikusarazten eta ideia berriak proposatzen, adibidez, patioak eraldatzeko.

2019/12/16

Hizkuntzak sexistak dira?



Hizkuntzak ez dira sexistak, baina euren erabilera bai. Guztiz sartu sartuta dugu eta nahi gabe sexismoa ateratzen zaigu. Horretaz konturatu nintzen aspaldi, asmakizun hau ikusi nuenean (gai honetan agertu dena). Hor agertzen diren moduan geratu nintzen ni, eta erantzuna eman arte ez nintzen ezta konturatu. Ordutik aurrera buruan dut sexismoarena eta saiatzen naiz ahalik eta hezkidetzailea izaten.



Dena dela, euskerak ez duelako genero gramatikala, ezta ingelesak ere, baina begiratu zer interpretatzen duten ume hauek, txiki-txikitatik.


Beraz, argi dago ez dela hizkuntza kontua, baizik eta erabilera.

Aurreko urteko sarreren artean Martarena aukeratu dut, hasieran aipatzen duen artikuluaoso interesgarria iruditzen zaidalako: 

"Inguratzen gaituzten hizkuntzak kutsu sexista daukate. Hik hasiko “ Zergatik erabili behar dugu hizkera ez-sexista?” artikuluan Alvaro Garcia Meseguerrek (hizkera sexistaren gaian espezializatutako espainiar hizkuntzalariak) dioenez, euskarak oso zama sexista txikia dauka. Erdaren artean gaztelaniaren zama sexista % 80koa da, frantsesarena % 40koa, ingelesarena % 15ekoa eta euskararena % 5ekoa. Baina elebidunak garen heinean eta jendarte honetan bizi garenez  gure sinbolikoan berez generorik gabeko hitz askori generoa jartzen diogu. "

Eta ondoren dagoen aipua ere, oso interesgarria da: 

“Hizkuntzan bi sexismo mota agertzen zaizkigu: sexismo linguistikoa eta sexismo soziala. Lehenengoaren barruan maila sintaktikoa eta maila lexikoa dauzkagu. Sexismo linguistikoa forma da eta soziala fondoa, beraz, aurreko paragrafoan aipatu ditugun portzentaia eta desorekak sexismo linguistikoan agertzen zaizkigu. Horrek esan nahi du sexismo soziala berdina dela hizkuntza guztietan, fondo bera daukagu kultura desberdinetan, pentsamolde edo ikuspegi patriarkala barneratuta dago guztion garunetan, izan beltz, eder, aberats, altu, gazte, ekialdeko edo bestelakoa.

Gida asko daude eta guztietan zerbait ikasten da. Aurkitu dudan hau: 
https://www.mugarikgabe.org/wp-content/uploads/2019/03/06.comunicacion_genero_eusk.pdf
ikasleekin lantzeko, adibidez, oso laburpen ona da.


Gaztelaniaz, interesgarria iruditzen zait “GUIA PARA LA REVISIÓN DEL LENGUAJE DESDE LA PERSPECTIVA DE GÉNERO” proposamen hezkidetzaileak ematen dituelako.

Nire ustez, ikastetxeetan  hizkuntza ez sexistak lantzeko bi erronka poposatuko nituzke:
1    - Ikasleek normaltasunez erabiltzen duten hizkuntza sexistaz konturatu behar dira eta kontzientzia hartu behar dute. Hizkuntza ez sexista lantzeaz gain, ikuspegi kritikoa txertatu behar dute, bai hizkuntzak, bai beste arloak lantzeko. 
     -  Helduak, eta kasu honetan irakasleak, eredu izan behar gara hizkuntza hezkidetzailea erabiltzen. Horretarako komunitate osoak kontuan izan behar du era hezkidetzailea erabiltzeko. 
   
      Aukeratutako sarreran, azken aipuan dioen bezala:
  
“     "Hizkuntza hezkidetzailea hizkuntza justuagoa da, pertsona guztiak errepresentaturik daudelako, barneratuak, berdin kontsideratuak, baloratuak eta hitza dutelako. Hori dela eta, hizkuntza hezkidetzailea erabiliz bai igorlearen, bai jasotzailearen ongizatea hobetzen da.”



2019/12/09

Emakumeen historia idazten

Jada aipatu dut Rosa Monterori pasa den udan entzundakoa: "emakume bat hiltzen denean, betirako hiltzen da". Ez dakit bere esaldia den edo beste bati berak entzunda, baina egia da emakumeen ekarpenak ez daude liburuetan batuta gizonezkoeenak batuta dauden moduan. Patriarkatuari esker, emakumeak ikusezinak dira. Ez daude historian, ezta literatura, ezta zientzian, ezta arteetan... Inon! Eta ez dira egon? Bai, emakumeen ekarpenak egon dira, baina ez dira jaso; eta askoren ekarpenak galdu egin dira. Batzuk esaten dute ez direla asko izan, baina ikertuz gero, makina bat agertzen dira.

Emakumeak "ahaztuak" izan dira, "gutxietsiak", "ikusezinak"... Euskal esaera zahar batek dio  «izena badu, bada» edo beste modu batera esanda, izenik ez duena, ez da existitzen. Eta horrela, emakumeak historiatik kanpo geratu dira, ez dira aipatu, horregatik ez dira existitzen. Orain gure lana da emakume guzti horiek "agertu egitea" eta testulibuetara ekartzea. Oso erronka handia, batez ere, estereotipo eta esandakoei aurre egin behar badiegu: "hori emakume batek egina?", "baina hori ez da literatura", "hori emakume batek asmatua?"...

Hori dela eta, aspaldi bota nuen sarera proposamen bat emakumeen ekarpenak ikusgai izateko. Ikasleek, edozein adina izanda ere, kartela egin behar dute ekarpen horiek azaltzeko. Proposamena euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez dago. Hainbeste kartel jaso nuenez Espainiako ikastetxeetatik, blog bat zabaldu zuen ikasleen lanak ikusteko eta emakumeen historia pixka bat zabaltzeko.




Benetan interesgarria da ikasleekin gaia lantzea. Hainbat gauza ateratzen dira, eta piloa ikasten da. Erakusketa bat ikastetxerako prestatzea, inguruko emakumeen informazioa zabaltzeko proiektu simplea da (informazioa aurkitzea ez da agian horren simplea). Hona hemen nire ikasleek, gehienak mutilak, egindako lana:


Iazko posten artean bat aukeratzea zaila egin zait, Maria Erostarberrena aukeratu dut, bat aukeratzearren. Guztiz ados nago berak eremu hezkidetzailea eta jendartean lantzeko erronken artean proposatzen duenarekin: 

- Curriculuma ikuspegi hezkidetzailetik birplanteatu, emakumeen ekarpenak azalaraziz.
- Formakuntza denontzat, hezkidetzan esku-hartzeko ezinbesteko tresna, baliabideak eskaini, inbertsio ekonomikoak...- Egindako lanaren ebaluaketa, hobetzeko.


Emakumeen ekarpenak ikertzen, hainbat emakume zoragarri aurkitu ditut eta bat aukeratzea zaila egiten zait. Ezagutu nahi baduzue emakume euskaldun espioia, Marga D'Andurain, Cautiva en Arabia liburua irakurtzea gomendatzen dizuet. Beste emakume misteriotsua, bai eta euskalduna ere, "Nornai", Ignacia de Zabalo, izango litzateke. Urte askotan pentsatu izan da bere nebak, Txikik, egin zituela berak eginiko ilustrazioak. Gerra Zibilean, bonba baten ondorioz hil egin zen eta gutxi dakigu bere inguruari buruz. Seguruenik bere ilustrazioak ezagutzen dituzuela:



2019/11/24

Hezkidetza eta legedia

Aurreko urteko ekarpenen artean bat aukeratzea zaila egin zait denak oso interesgarriak baitira. Azkenean Aitorrena aukeratu dut, berak egiten duen hausnarketa eta nirea antzekoak direlako. Nahikoa da legea izatea? Batzuetan legeen interpretazioak oso desberdinak dira, eta horrek benetan harritzen nau. Nola egon daiteke lege bat interpretatzaileen eskuetan? Ez da denontzat berdina izan behar? Benetan ezin dut ulertu. Legeak argiak eta transparenteak izan beharko litzateke, denontzat berdinak izateko.


Aipatutako legeak ezagutzen nituen, baina ez nituen puntuz puntu dena ezagutzen. Gehien harritu nauena izan da hauxe irakurtzea: "Testuliburuei eta gainerako curriculum-materialei dagokienez, laugarren xedapen gehigarrian, lege honetan eta Genero Indarkeriaren Aurkako Babes Osoko Neurrien Legean jasotako printzipio eta balioak islatu eta sustatzeko beharra ezartzen du." Hori Hezkuntzari Buruzko Lege Organikoan (2006ko maiatzaren 3a) dago, hau da, orain dela 13 urteko lege batean, eta nire ustez testuliburuak ez dira batere hezkidetzaileak. Egia da zerbait hobeto egiten ari dira azken urteotan, baina oso gutxi aurreratu dugu 3. zutabearekin lotutakoarekin.. Ia ez daude emakumeen ekarpenik testuliburuetan, begiratzea baino ez da, eta zerbait badago eranskinetan dago. Zer dira emakumeen ekarpenak? Eranskinak? Eta zer esaten didazue gizonak serio-serioak, jakintsuak eta emakumeak hanka biluztu politarekin zer egiten dakien erakusten digun testuliburu honen portadari buruz? 


II Hezkidetza Plana aurkeztu zenean, asko gustatu zitzaidan Marian Morenoren aurkezpena:


Aurreko guztiak bezala hau ere gai interesgarria izan da. Ematen du legeak daudenean dena lortua dagoela, baina kasu honetan harritu egin nau ikusteak zenbat lege dauden eta zer gutxi betetzen den. Argitzeko pixkat, legeen arabera berdintasuna lortuta dago eta eskola hezkidetzailea da. Baina benetan hala da? Hezkidetzari buruz nork daki? Noski hezkidetza arduradunak honetaz jantziak daudela, baina klaustroek? Ipini dituzte betaurreko moreak? Nire ustez legeak badaude, baina beste gauza bat da lege horiek betetzen diren ala ez konprobatzea. Nire ustez, legeak betearazteko mekanismoak falta dira.


2019/11/15

Hezkidetzak jai eta ospakizunekin topo egiten





Oso gai interesgarria jaiak eta ospakizunen gai hau. Inoiz ez dut horrenbesterako hausnarketa egin honen inguruan eta uste dut gehiago ikertuko dudala honetaz.

Iazko ekarpenen artean Argiñek egin dituenak hausnarketarako balio izan dit. Berak esaten du askotan, ez bada gehienetan, "ospakizun moreak" 24 ordukoak direla, eta nik ere hala dela uste dut. Horietakoak ez diren ospakizunak, estereotipoz beteta daude, eta askotan ez gara horretaz ohartzen.
Bilgune feminista
Egia da, berak dioen moduan, kultura islatzen dute eta tradizio horien jatorriak gizarte konkretu baten kokatzen dira. Ospakizuna bere garai horretan txertatu behar da, egia da, baina gaur egun gizartea aldatu da eta gauzak eguneratu behar dira, nahiz eta bere jatorriarekin ez izan harreman handirik. Horregatik onartu beharko genuke beharrezkoak diren aldaketak arazo barik. Argi dago aldaketa horien artean emakumeen parte-hartzea dugu, aurreko garaietan bere papera ez zelako oso partehartzailea. 
Beste alde batean, Argiñek esaten duen moduan jaietan hainbat eraso justifikatu egiten dira, baina hori onartezina da. Musika askoren letrak ere aztertzen ditu eta guztiz ados berak egiten duen azterketarekin. Ez du ezertarako balio geletan hezkidetza lantzea, eta gero, denbora librean letra matxistekin dantza egitea.

Jaiak eta ospakizunak hezkidetzaren ikuspuntutik landu behar badugu, eskoletan ospakizun guztien jatorria eta ezaugarriak ikertu beharko genituzke, gehienetan ez dakigu zein diren jatorriak eta. Horrez gain, ikerketa horretan landu behar genuke nola sartu hezkidetza ospakizun horretan.
Ikastetxeetan zer/nola egiten diren ospakizunak aztertu beharko litzateke, eta diskriminaziorik balego, hezkidetza nola sartu erabaki beharko litzateke. Azterketa egiteko dokumentu hauxe ikusi dut iazko proposamenen artean, eta oso baliagarria iruditu zait. Euskeratzea izango zen egin beharreko lana:


Klaustro, ikasle eta familiekin aztertu beharko litzateke hezkidetza nola sartu ospatzen den guztietan. Ondo legoke denon artean diseinatzea hezkidetza txertatzeko jarraibide batzuk diseinatzea eta ezartzea.