#maitane etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#maitane etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/05/02

Laister arte!

22 aste izan dira, bakoitzaren erritmoek eta denborek markatu dute parte hartzaile bakoitzaren intentsitatea. Fin-fin aritu zarete batzuk, ahal izan dugunean besteok. Baina hezkuntza eremuak duen garrantziaz gehiago jabetu eta pertsona bakoitzaren garapen urteetan esku hartzeak duen garrantziaz gehiago ikasi dugu.

Indarkeria estrukturala mantendu eta emakumeen zapalkuntza bermatzen duen heteropatriarkatuari aurre egiteko ezinbestekoak dira estrategiak garatzea. Indarra eta baliabideak bideratu behar dira emakumeen ahalduntzera eta maskulinitate eredu ezberdinen lanketara. Hori da modua jendarteak markatzen dituen rol eta estereotipoen gainetik pertsona bakoitzak bere identitatea modu askean garatu eta lantzeko eta pertsonen arteko harremanak tratu onean oinarritzeko.

Presio sozialak eragiten dituen frustrazioak eta ondorioz garatzen diren botere harremanak amaitzeko bidea horixe da. Pertsona bakoitzaren askatasunetik lortuko dugulako askatasun kolektiboa.

Halere hezkuntza sistemari dagokio estrukturalki hezkidetza proiektuak garatzea eta kurrikulumean txertatzea dagokion garrantzia aitortuz. Horrela ezean, herri bakoitzeko ikastetxearen edo udalaren esku geratzen baita baliabide ekonomikoak jartzea estrategiak garatzeko. Eskumenak hezkuntza sailarenak izanik, hezkuntza sistemak garatu behar du estrategia ikastetxe guztietarako, horretarako beharrezko baliabideak bideratuz.

Bidea luzea da, baina estrategia integralak garatuz lortuko dugu.

Konfidantza, indarra eta adorea. Hiru hitz horiekin eta honako kantarekin deskribatuko nuke sentitzen dudana eta ikastaroan irakurritako testuek eta jendearen ekarpenek eman didatena. Baina batez ere indarra eta adorea, guztiok dakigulako beharrezkoa dela bidean aurrera egiteko.

https://www.youtube.com/watch?v=k6uDEoHucjQ


Plazerra izan da!


2017/03/26

Kolektibotasunetik tratu onak eraikitzen



Norberak bere burua maitatzea ezinbestekoa da besteek maitatu zaitzaten.  

Bere burua goraipatzeko edota maskulinotasunaren ezaugarriak berresteko beste personak zapaldu behar dituenak indarkeria psikologikoa edota fisikoa erabiltzen du. Muinean zapaltzaileak bere intseguritateak estaltzeko zapaltzen du ondokoa, eta askotan pertsona isilagoak edota “ahulagoak” direnak hartzen dira jo puntuan. Norberarengan konfidantza duenak edota bere burua maitatzen duenak ez du permititzen iñork horrela tratatzea.

Beraz, lan bikoitza egin behar da. Alde batetik, erakutsi behar da norberaren askatasuna amaitzen dela ondokoarena hasten den momentuan. Hau da, ezinbestekoa da harreman osasuntsuak  bultzatzea eta elkar zaintzen ikastea eta erakustea. 

Balore indibidualak utzi eta kolektiboak bultzatu behar dira hezkuntza komunitatean. Elkar zaintzen duen sistemak emaitza hobeak emango ditu. Lorpen pertsonalak lortzera begira funtzionatzen duen sisteman egoismoa eta horren ondorioz inbidia nagusitzen da. Horrek zapalkuntza dakar eta ondorioz indarkeria.

Zoritxarrez hezkuntza sistemak konpetibitatea bultzatzen du, eta aurrez aipatu bezala horrek ez du laguntzen tratu onak lantzen. Irakasleekin, gurasoekin eta ikasleekin programa jarraituak egin behar dira ikastetxeetan, tratu onek pertsonen ahalduntzean duen garrantzia ikusteko eta hori indarkeria prebenitzeko eta ekiditeko ezinbestekoa dela nabarmentzeko. Modu horretara gure bizitzetan martxan jartzeko.



maiTasuna
haRremanak
Ausardia
zainTza
Umiltasuna

Osasuna
HarremaNak
laguntzA

Komunikazioa

2017/03/20

Bake faltsu honi nola egin aurre?



Bake faltsu honi nola egin aurre?

Aste honetan zehar indarkeria matxista deseraikitzeko eta horri aurre egiteko estrategien inguruan aritu gara. Maitasun erromantikoa, mikromatxismoak eta LGTBIQ fobia aztertzea ezinbestekoa da aurre egiteko. Sistema kapitalista patriarkalak praktika horien bitartez inposatzen eta legitimatzen du indarkeria. Modu horretara gure eguneroko bizitzetan praktika horiek normalizatzen ditugularik.

Normalizazio egoerak ustezko bake faltsua dakar, eta halaber esan behar da emakumeok ez garela bakean bizi eta ezta sistemak inposatutako heteroarau horiek puskatzen dituzten pertsonak ere.

Guzti horrei aurre egiteko estrategia gisa identifikatzen dira gizonezkoek horrela izateagatik soilik ematen zaizkien pribilegioei uko egitea eta maskulinitate eredu berriak bultzatzea. Bestetik, emakumeen ahalduntzea eta boteretze indibidual eta kolektibo gisa autodefentsa feminista herramienta dela ulertzen dugu feministok.

Indarkeria matxista gisa ulertzen ditut aste honetan emandako bi gertakari hauek: Alde batetik lankide gizonezko batek bere lankide emakumezko eta gazte bati esatea normala dela bere proposamena aurrera ateratzea hain polita izand. Kasu horretan, emakumearen edertasuna bere profesionaltasunari gailendu eta gizonezkoak emakumezkoaren edertasunaren menpe utzi du honen gaitasuna.

Hori ere indarkeria mota bat da, ikusezin bihurtzeaz gain eremu estetikora murrizten direlako emakumearen gaitasunak. Subjektu sexual gisa tratatua izanik, horren ondorioz esfortzu bikoitza egin behar du profesional gisa gizonezkoak bezala baloratua izateko.

Hori ekiditeko honako material hau proposatzen dut, lanbide heziketako zikloetan lantzeko ikasleekin.

http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-613/en/contenidos/enlace/fp/eu_evalua/eval.html

ERRONKA NAGUSIA:

Erronka nagusien artean esango nuke, irakasleak hezi behar direla, egoeraren kontzientzia hartu eta eguneroko lanketan ikuspegi horrekin egiteko lan.
Horrek ahalbidetuko digu ikasleek beren egunerokoan egoerak detektatu eta kontzientzia hartzea

2017/03/12

Gatazken aurrean komunikazioa



Astearen hasieran banekien gatazkak pertsonen arteko konfliktoak zirela. Iritzi ezberdinek edota egoera batzuen aurrean pertsonek dituzten jokabide ezberdinek sortzen dutena. Pertsona bakoitzak ezberdin erreakzionatzen du gatazkaren aurrean, eta batzuk beren burua defendatzeko joera izaten duten bezala, beste batzuk gatazka ekiditu eta bake egoera lortzeagatik akordioa lortzeko jarrera izaten dute. Batzuk eztabaidaren bidez lortzen dute akordioa, eta beste batzuk besterik gabe beren iritzia edo jokabidea utzi eta parekoari ematen diote arrazoia. Gatazka kolektiboak batzuetan gatazka pertsonalen ondorio izaten dira, hau da, gerta liteke pertsona bat ez egotea eroso bere buruarekin eta horrek ezegonkortasuna sortzea. Era berean, ezegonkortasun horrek sozialki ere arazoak sortzen dizkio eta norbere buruarekin eroso ez egoteak, ingurukoekin eroso ez egotea dakar. Horrek askotan intseguritateak eta mesfidantzak sortzen ditu ingurukoekiko eta gatazkak sor daitezke.

Halere astean zehar egindako ibilbidearen ondorioz konturatu naiz gatazkarik ez dagoen egoera askotan sumisioa ematen dela eta bakea dela botere harreman horiek parekatzeko modua. Bake positiboa deiturikoak esan nahi du adiskidetze kultura errotuta egotea, hau da, bizikidetzan sinestea eta, beraz, bakea ulertzea botere harreman orekatu gisa. Inork ez dezala beste pertsona bat baino gehiago balio duela bere generoagatik edo arrazagatik.

Beraz, gai honen garrantzia zehazterakoan ezinbestekoa da botere harremanak deuseztatu behar direla ulertzea, pertsonen arteko zapalkuntzak sortzen dituen gatazkei aurre egiteko.
Gatazkei aurre egiteko estrategia ezberdinak daude, eta ezinbesteako da horiek lantzea, pertsona orok bakea lortzera bidean aterabide demokratikoena bilatzeko. Pertsonak ahalduntzea da lehen estrategia eta entzuketa aktiboa bultzatzea bigarrena.
Pertsonen ahalduntzeak ahalbidetzen duena da norberak bere burua maitatuz eta errespetatuz gainontzekoekin ere horrelaxe harremantzea. Bide horretan entzuketa aktiboak enpatia sustatzen eta pertsonei entzuten ikasteko estrategiak garatzen laguntzen du. Modu horretara entzuten ikasteko.
Ildo horretan, aurreko ikastarokidearen post hau aipatuko nuke: http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2016/02/gatazkak-hausnarketa.html
Era berean, entzuketa aktiboa lantzeko estrategiak martxan jartzeko proposamena luzatuko nuke, komunikatzen eta entzuten ikasteko trebatzean dago gakoa nire ustetan.

2017/01/22


PARTAIDETZA ERE POLITIKA DA



Partaidetza parekidea lortzeko ezinbestekoa deritzot haurrak eta nerabeak klabe horietan heztea. Herritar gisa dituzten eskubideak eta betebeharrak zein diren jakiteko eta horiek praktikan jartzeko ezinbestekoa da horretan trebatzea.

Jaiotzen garenetik irakasten digute zuzenean edo zeharka  gure genero sozializazioa zein den. Generoari atxikitzen zaizkion estereotipoak eta rolak barneratzen ditugu eta horren arabera sozializatzen gara. Horren araberako hizkera, gorputz hizkuntza eta kodeak erabiltzen ditugu.

Hain zuzen ere komunikatzeko erabiltzen ditugun kodeek posizionatzen gaituzte gure ingurunean eta horrek, era berean, besteen parte hartzea baldintzatzen du. Izan ere, parte hartzen ere ikasi egiten da. Erakusten digutenaren arabera ikasten dugu. Hemen ere kodeak daude eta orokortasunetik hitz eginda, ezberdin parte hartzen dugu neskek zein mutilek. Bakoitzak ere generoari dagozkion ezaugarrien arabera hartzen du parte.

Mutilek segurtasun gehiagorekin hitz egiten dute, ahotsaren tonoa ere altuagoa da eta espazioaren erdiguneak okupatzen dituzte. Espazio publikoan erosoago moldatzen dira eta segurtasuna sentitzen dute pentsatzen duten hori adierazteko.

Orokortasunetik at, badira erosotasuna sentitzen ez duten mutilak ere edota erabateko erosotasuna sentitzen duten neskak. Zenbaitetan, sistemak edo gizarteak ezarritako arau horiek jarraitzen ez dituzten mutilak zigortuak izaten dira eta, horren ondorioz sortutako segurtasunik ezak autoestimuan eragiten du. Horrek zuzeneko eragina dauka erabakiak hartzean, jendartean posizionatzeko garaian edota iritzia ematerakoan.

Beste hainbatetan, rol maskulinoak hartzen dituzte neskek espazio publikoan errespetatuak izan daitezen.

Ezinbestekoa da, beraz, haurrei eta nerabeei parte hartzen erakustea. Beren iritzia garatzen lagunduko die, eta, horrez gain genero sozializazio deseraikitzen lagundu dezake.

Hori baita modua, herritar ahaldunduak eta kontzientziatuak edukitzeko.

Aurreko urteko ikastarokideak dioen moduan, partaidetza kontu politikoa da. Erabakiak kolektiboan hartzeko eta herritar orok partre hartzeko segurtasuna izateko pertsona orori eman behar zaio protagonismoa. Horrela ezean ezkutuan daude hainbat kolektibo, existituko ez bailira bezala, eta, beraz, gizon, zuri, heldu eta heterosexualek jarraituko dute protagonismoa izaten eremu publikoan.





Parekidea
Ahalduntzea
HarRemanak
Taldea
Aktiboa
Identitatea
Desioa
Ezagupena
KontzienTziazioa
Zaintza
Askatasuna


2016/11/28



Legeak lege: Ausardia eta baliabideak behar dira

Legeak diseinatzen dira eta arauak ezartzen dira zerbait betearazteko edota erregulatzeko. Politika publikoen kasuan intentzio edo asmoak adierazteko.

Legeak edo arauak ezarri ondoren, horiek betetzeko neurriak ezarri behar dira. Berdintasun erreala lortzeko ezinbestekoa da borondatea dagoela adierazteaz gain, hori betetzeko baliabideak bideratzea. Baliabide ekonomikoak ezinbestekoak dira horretarako. Aurrekontuetan islada izan behar du eta diseinatzen diren berdintasun politikak eraldaketa estrukturala izan behar du helburu. Hortxe dago, nire ustez gakoa: Berdintsun erreala lortzeko ezartzen diren politikek ez dute bultzatzen emakumeen ahalduntzea eta balore aldaketa. Politika guztien erdigunean kokatu behar dira berdintasun politikak

Gero eta lege gehiago egoteak esan nah du konpromisoa gero eta handiagoa dela. Beraz, dugun erronkari aurre egiteko, planteamendu eta plan integralak eta koordinatuak egitea da gakoa. Arlo ezberdinetan modu koordinatuan eragiteko.

Horretara dator hezkidetzaren inguruko legeria. Gakoa hezkuntzan dagoela diogu behin eta berriz. Baina horretarako hezkuntza munduak bere kurrikulumean txertatu behar du hezkidetza lantzea. Horrela ezean, udaleko berdintasun zerbitzuetatik bideratzen da horren lanketa, eta, beraz, lanketa isolatu gisa ikusten da. Hezkidetzaren legeriak ekarriko duena da (edo ekarri beharko lukeena), ikastetxeetako plangintzetan eta lanketetan zeharkako moduan lantzea hezkidetza, eta horretarako ezinbestekoa den formakuntza eskaintzea bertako langileei. Horretarako ezinbestekoa da asmoen berri emateaz gain, hori txertatzeko baliabideak bideratzea. Konpromisoa kasu honetan horrela neurtzen baita.

Hezkuntza-sisteman hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Planak bere baitan txertatzen ditu EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako VI. planak adierazten duena: indarkeriaren prebentziorako eta emakumen ahalduntzerako ezinbestekoa da kurrikulumean txertatzea.

Beraz, legeak ekintzetan gauzatu daitezen, ezinbestekoa da baliabideak bideratzea eta erabaki ausartak hartzea



2016/11/20

Pertsona askeok jai askeak



Jaiak ustez eremu eta egun aske gisa antolatzen dira. Pertsona orok du eskubidea edozertan parte hartzeko nahi duen gisara. Hori guztia egun horietan nabarmentzen den alaitasunarekin eta muturreko emozioekin. Guztiok dakigu, ordea, hori ez dela horrela. Jaietan ere eguneroko rolak erreproduzitzen dira. Eremu publikoan ospatzen diren jaiak ere androzentristak dira eta emakumezkoek ez dute eskubide bera jaiak berdin ospatzeko. Hainbat ekimenetan ezkutatuak dira eta beste hainbatetan baztertuak; guztia tradizioaren izenean.

Jaietako pertsonai erreferenteek jendarteko arau heteronormatibo guztiak betetzen dituzte, eta antolatzen diren ospakizunek ere gizarte kapitalista patriarkalaren  eskakizunei erantzuten diete.
Guztia egun horietan sentitu eta adierazi beharreko alaitasunarekin eta emozioekin lagunduta eta babestuta.
Horrek guztiak zilegitasuna ematen die betiko jaiei betiko ereduetan ospatzeko. Jaiak eta kaleak demokratizatu behar dira, jaiak ospatzeko dauden moduak zilegiak direla aldarrikatuz. Noski, inor iraindu, bortxatu eta diskriminatu gabe. 

Lan hori aldarrikapenekin ikusarazi behar da, eta eguneroko lanketarekin landu hezkuntzan. Bada, ordea, bestelako faktore bat jaien erdigunean kokatzen dena: alkohola. Jaiak androzentristak direnez, alkohola edan ostean askori kalearen jabetza sentsazioa areagotzen zaio. Kaleak eta gauak gizonezkoenak direla sinistu eta  zilegitasun osoa sentitzen dute nahi duten oro egiteko. 

Jaiak ere eremu askatzaileak izan behar dira. Pertsona orori erakutsi behar zaio jaiak nahi dituen modura gozatzen eta bizitzen. Horri lotuta dago kontsumo arduratsua, izan ere, kontsumitzen diren drogek (alkohola barne) jendearen emozioetan du eragin zuzena. Erabateko laguntasunaren goraipamenek eta egoera “normalean” egingo ez genituzken gauzak egiteak ondorioak lagatzen ditu. Biharamun depresiboak dakartza zenbaitetan jaiak, egin denaren eta egin ez denarekiko kastiguaik ezartzen dizkio bere buruarekin zorrotzegia denak.

Jaiak askatasunez gozatzeko jaiak guztionak direla aldarrikatu beharra dago. Kaleak, eguna eta gauak emakumeonak ere badirela adieraziz. Guztiok ditugu eskubide berberak gozatzeko. Hau, ordea, loturik joan beharko litzateke drogen kontsumo arduratsuaren lanketarekin. Izan ere, askotan jai eremuak baliatzen dira egunerokotasunean askatasunik sentitzen ez den gauzak esateko eta egiteko. 

Ahalduntze prozesu integralek horrelakoak ekiditen lagunduko luke. Gizarteak eragindako presioen ondoriozko frustrazio pertsonalak gainditzeko alkohola erabiltzeak, jendarteko rolak erreproduzitzea ekar lezake. Festak askeak izateko aurrena pertsonak askatu behar baitira.

Aipatu ditudan gauza hauek komentatzen ditu aurreko urteko ikastarokide batek honako postean http://hezkeh0506.blogspot.com.es/2015/11/generoa-jaiak-eta-ospakizunetan.html
Berak argi azaltzen du alkohola erabiltzen dela ligatzeko eta egunerokoan ausartzen ez garen gauzak esateko edota egiteko. 

Hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko ezinbestekoa da hezkuntzan eginbeharreko lanketa. Batez ere emozioen lanketa egingo nuke; zein garrantzitsua den egunerokoan norberaren sentimenduak kudeatzen jakitea norbera aske sentitzeko. Horrela ezean, nerabezaroarekin batera alkohol eta droga kontsumoaren erabilera larriagotuz joaten da.

Pertsona askeek osatu eta sortuko dituzte jai askeak.

Jasangarria
Alaia
Indartsua

Parekoa
Ausarta
iRauli
JendartEan
GozatzekoaK
Irauli
Desioa
Errespetua
Askea
Kultura