#Irararri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#Irararri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/04/17

Lagun birtualok, laster arte! Plazera neurea!


Udazkeneko hostoen erortzean, ihes egiten utzi genien gure barnean genituen hainbat ideia kutsakorrei. Neguan, aldiz, kanpoko ekaitzarekin batera, ikaragarrizko ideia-ekaitza jasan beharra izan dugu; hau, hori hura, hamaika ideia josi eta hausnarketarako denbora eman digu neguak, luze joan baita. Baina udaberriaren iritsierarekin batera, gu ere loratu gara. Gure lanketak eman du bere fruitua, udazken eta negu gogorren ondoren,  gure buruak, gorputzak eta azalak ez dute  kolore bera, ez dute janzkera bera.  Betaurreko moreak janzteak, konbinaketa ezberdinaren beharra ekarri baitzigun.

Azken hilabeteetan ikaskuntza esanguratsua jaso dut, banituen hezkidetzaren inguruan hainbat ideia barneratuta, baina askoz gehiago ikasteko eta argitzeko baliagarria izan zait. Nire inguruan eragiteko ausardia ere irabazi dut, eta hori izan da garrantzitsuena.  Hori horrela, ingurukoek ere izan dute ikastaroaren berri, nire ideien berri, eta hamaika eratako erantzunak jaso behar izan ditut: nirekin bat egiten zuten pertsonak aurkitu ditut (emakume zein gizonak), betaurreko moreak jantzi nahi ez dituztenak ere aurkitu ditut (emakume zein gizonak), beraz, elkarbizitza aberasgarria bizitzeko aukera eman dit ikastaroak.
Hilabete guzti hauetako ibilbidearen ondoren kanta hauxe aukeratuko nuke: KOLORE KOLORE (Mixel Ducau eta Zaldibobo)

“Kolore kolore ta gustu guztiak,
Denontzat denontzat ez dira berdinak.
Urdina, zuk nahi duzu urdina,
Nik maiteago horia,
Bien artean berdea sortuko da.
Ezkerra eskuina, gibel edo aitzina
Bakoitzak bere bidea, berarentzat onena!
Kolore kolore ta gustu guztiak
Denontzat denontzat ez dira berdinak
….mundua gaizki egina da!”

Guztiok ezberdinak garela dio kantak, bakoitza den bezalakoa dela eta nork bere gustuak dituela. Eta nahasketetatik aukera berriak sortzen direla, elkarbizitzarekin bezala. Bikain borobiltzen du nork bere bidea egin behar duela esatean, nork bere buruarentzako egokiena dena!

Horrez gain bigarren kanta hau ere aukeratu dut, NIRE GORPUTZA DA_Kantu kolore:


Ea gustuko duzuen, entzun eta gozatu!

Ikastaro-kideak izan dira gure eguneroko bidaide, baina jakin badakigu aisialdian gur jarraitzaile izan zaretenok ere asko zaretela. Asko zarete hezkidetzaren munduan ikertzen zabiltzatenak, hamaika zarete hezkidetza helburu gizartean eragin nahi duzuenak, beraz aurrera,  zenbat eta gehiago izan orduan eta errazagoa egingo zaigu bide, elkartuta beti ere indartuta!

Plazera izan da elkarbizitza birtuala! Ongi segi kuadrilla!

2018/03/21

Hau nik, hori zuk. Gaur zuk, bihar nik. Hau zuk, hori nik. Hau nik, hori nik, hura ere nik. Atzo nik, gaur nik, eta bihar?


Hau nik, hori zuk. Gaur zuk, bihar nik. Hau zuk, hori nik. Hau nik, hori nik, hura ere nik. Atzo nik, gaur nik, eta bihar?

Gure aiton amonen garaian, nire etxean bederen, emakumea zen etxea eramaten zuena. Aitona zen ukuiluan, mendian, auzoan lana egiten zuena, baina amona zen ukuiluan eta mendian lana egiteaz gain sukaldean, komunean eta haur-sehasketan eskua sartzen zuena.  Gaur egun, asko aurreratu dugula esaten da, baina hori horrela ote?  Nire inguruko etxe batzuetan gizonak hasi dira sukaldatzen, baina nork antolatu du asteko menua? Nork erabaki du zer sukaldatu? Gizonak hasi dira erosketa egiten, baina nork egin du erosketa zerrenda? Aurrera egin dute, baina oraindik ere zama handiena emakumeak darama euskal gizarte honetan. 

Nire aburuz guzti horren konponbidea harremanean dago.  Bikote baten kasuan bien artean komunikazio egokia izatea behar beharrezkoa da, horrek ordea konfiantza, enpatia, independentzia, adierazpen askatasuna, erantzunkidetasuna, etab. izatea eskatzen du. Eta hortxe dago gakoa. Hasteko, gizarte patriarkatu honek bikote harremanei ez dizkie ezaugarri horiek atxiki. Bestalde, orokorrean, giza balore hauek ere alboratzen ari izateak ere eragina du.

Hori horrela, bikote harremanetan, zein gainerako harremanetan elkarbizitzarako gakoa tratu onak izatean dago. Baina horretarako lehendabizi nork bere buruarekin duen harremana landu behar du. Ezagutzen al dugu gure burua? Gure barnean komunikazio egokia dugunean hasiko gara ingurukoekin ere harreman osasuntsuak izaten.

Inoiz horrelako gauzez hausnartu ez dugunean tontokeriak iruditu ohi zaizkigu, baina haurrera pausu hau ematean, edo eta egoeraren baten gure burua ezagutzera eramaten gaituenean asko heldutzen gara. Gure inguruan ere azkar detekta daitezke euren buruarekin hausnartu duten pertsonak eta hausnartu ez dutenak. Hau da, jada beren burua ezagutzen dutenak eta komunikazioa dutenak, eta euren buruarena gaitasunak eta mugak oraindik ezagutzen ez dituztenak. 

Inguruan ere harremanetarako arazoak dituzten pertsonak, barne gatazka bat izan ohi dute jatorrian. Beraz tratu onetarako oinarrizko zutabea nor bere buruarekin duen komunikazioa, eta autoezagutza da. Horren kalitatearen araberakoa izango da ingurukoekin dugun harremanaren kalitatea.  Ikasi behar dugu bizitza zoriontsu eta osasuntsua posible dela berdintasuneko tratu onetatik eraikitzea.

Ikusiak ikusirik, ondorengo hizki-zopa honetan aurkitu harremanetan tratu-ona adierazteko 16 hitz. 




Baliabide gisa, harremonak proiektuko bideoa uzten dut, oso mezu esanguratsuak agertzen dira bertan. Eta hizlariak, mutil zein neska gazteak izateak  ikasleentzat gertukoago bihur lezake.

Iazko postari dagokionez,  Leire Garroren hauxe aukeratu dut.  Hausnarketa sakona egiten duela deritzot, eta eskaintzen dituen baliabideak ere interesgarriak dira oso .

Kontuak kontu, aurrera egiteko hamaika dira hau guztia jendeartean lantzeko erronkak. Baina erronka nagusia kalitatezko elkarbizitza lortzea litzateke. Horrek bere baitan puntu asko izango lituzke:

- Harremanetan lan zama orekatua izatea
- Zaintza lanak generorik ez izatea
- Komunikazio egokia izatea, konfiantzazkoa, enpatikoa eta hitz goxoen erabilera nagusi dena.
- Elkar laguntzea.
-…

Jarraian dugun irudia esanguratsua da, baina hemendik urte batzuetara horrelako irudien beharrik ez izatea espero nuke. 

Horretarako guztiok egin behar dugu lan, generorik ez duten burmuina guztiek hartu behar dute parte; izan haur, gazte edo heldu.  

2018/03/14

ITZAL BELTZA



Ezkutuan, agerian, gauez, egun argiz, bakardadean, lagunartean… indarkeria matxistaren pintzeladak ez du ordu ez territorio zehatzik. Etxean, kalean, ikastetxeetan, telebistan, prentsan, edonon eta edonoiz agertu ohi da tupustean. Tupustean diot bai, betaurreko moreak jantzita ditugunon ikuspuntutik hitz egingo dut, beraz tupustean bai. Gizarte patriarkatuak jantzitako betaurrekoak dituztenei ordea ez zaie tupustean agertzen, ondotik, ohartu gabe igarotzen zaien itzal beltza da heurentzat. Hor dago indarkeria matxista, ikusi nahi dugun edo ez ordea norbere baitan dago.
Dena den, geroz eta gehiago gara ikusten dugunak, eta berari aurpegia emateko asmoarekin kalera irteten garenak. Mutil zein neskok irteten dugu lepo-xutik mamu beltzarengana; ez gara emakumeok soilik indarkeria matxista jasatzen dutenak, zenbait gizonek ere pairatzen dute. Gizarte honetako “gizon-gizonaren” estereotipoarekin identifikatzen ez diren hamaika pertsona daude, eta horiek ere biktima dira. Arlo honetan beraz, bi sexuen arteko batzeak ekarriko du iraultzarik handiena. Emakumeok asko aurreratu dugu gure borrokan, baina mutilak gure bidera batzean askoz ere indar handiagoa egingo genuke.
Hamaika dira indarkeria matxista jasaten duten kideak, hamaika dira bortxaketa horretarako bideak, egun ordea salaketak argitara atera ohi ditugu, eta horrek laguntza errazago jasotzea ekarri du. Emakumeon babesa aurkitzea ere errazagoa da kalera atera, eta isilekoa argitara eramatean. Hona emen BEIRA taldearen SAR DADILA KALABAZAN kanta. Kanta honetan hamaika protagonista ageri dira, guztiak gure jainko patriarkatu honek zapalduak.  Entzun eta gozatu!



Ikasleekin lantzeko ondorengo leloa erabiliko nuke, “Zenbat mintzatzen garen zintzilik dugunaz, ta ze gutxi zintzilik geratzen zaigunaz!”. Ikusi den bezala, indarkeria matxistaren heziketa emakumearen aterpetik egin izandu da, baina kasu honetan esaldi hau mutilekin maskulinitate eredu berriak lantzeko erabiliko nuke. Beira taldearen kanta batetik ateratako esaldia da. Honakoa da kanta: BEIRA_Brailean, Lumak. Mutil eredu berriez mintzo da, eta  oso mezu esanguratsua dakar. Jon Martin bertsolariaren letrak dira, bera pertsonaia publikoa izanda, errazagoa deritzot jendearengana iristea, hori baita mutiletan falta dena.






Hezkuntzan gisa honetako gaiak lantzen dira bai, gizarteko hezkuntzaren sormuga bada, goiko agintariek lantzeko beharra ikusten dute, justifikatu beharra dute beraien esku-hartzea. Eskuak garbi ditzatzen. Hau da, hezkuntzatik ikasleak iada indarkeriaren aurrean hezita datoz, beraz kalera irtetean heziak dira iada eta kito. Esan bezala, uste dut lanketa hau errealitatea hezkutatzeko egiten dela.  Gizaretko baloreak galduak dira, etxeetan ere geroz eta balore gutxiago ditugu, eta nire ustez hortxe dago gakoa. Balore, etika eta errespetu kontua da, eta hori ez da ikastetxean soilik ikasten.

Aurreko ikasturteko post bat aipatzekotan hauxe aipatuko nuke. Hainbat ideia interesgarri aipatzen dira bertan, dena den Maite Asensioren hitzaldia dela eta aukeratu dut. Interesgarria benetan!

Aipatuak aiptau, aste honetako guztia laburbiltzeko hona hemen nire hodeia:






2018/03/07

ASKA DITZAGUN GATAZKAK KULTURA HETEROPATRIARKALAK INPOSATUTAKO ITXAROPENETATIK


Gatazkak eta trataera hezkidetzaileari buruzko aste hau ere esanguratsua izan da. Sekula ez nuen hausnartu gatazkei buruz hainbeste, eta ez nuen hain argi gure sistema patriarkalak bertan zuen eragina.  Honi lotuta benetan esaldi esanguratsua iruditu zait Audre Lorderen hau.

“Ez gaitezen jabearen tresnez baliatu jabearen etxea errausteko”

Honez gain hainbat mezu esanguratsu jaso ditut, hona hemen bi adibide:



 Bestalde ikaragarri esanguratsua iruditu zait gatazkak nola kudeatzen ditugun aztertzea. Neure buruaren kudeaketa behatuz, neure burua ezagutzeko balio izan dit. Ingurukoen zenbait egoera birgogoratuz berriz, haien izaerari buruzko zertzeladak ere atera ditut. Interesgarria izan da.  Neure buruan ikusi dut harremanei garrantzia ematen diedala, beraz helburu bera badugu ongi, baina helburu bera ez badugu sarritan ni naizela amore ematen duena. Agian hortik ere ikaskuntza bat atera beharko nuke, eta batzuetan egoeraren arabera harremanei hainbesteko garrantzia eman beharrik ez dagoela ikasi beharko nuke.

Hemen txertatzeko beraz, lankidetzari buruzko irudi bat aurkitu nahi nuen eta hau aurkitu dut. Uste dut argi adierazten dela talde baten barneko konpromezua, adostasuna eta harremanaren garrantzia. Esanguratsua argazkia. 

 Enpresariek horrela lan egiten dute antza.  Baina, galdera bat luzatu nahi nizueke? Gorputz estereotipaturik gabe eraiki diren genitalik gabeko panpin horiek ze generotakoak ikusten dituzue? ….lankidetza adierazteko irudi egokia izan liteke bai, baina lankidetza hezkidetzailea  adierazteko ez da aproposa!


Ihazko posta aukeratzen hasiz, Maiterena aukeratu dut. Oso sakona eta esanguratsua iruditu zait. Hausnarketa sakona egiten du, eta aurkezten dituen baliabideak eta irudiak ere oso egokiak iruditu zaizkit.
Hortik hartutako astoaren irudia ekarriko dut zuen eskura, ederra, ezta?


Baliabideei dagokionez, gai honek hezkuntzan duen garrantzia erakusteko honako artikulua proposatzen dizuet.  Lan potolo eta esanguratsua benetan!

Kontuak kontu guzti hau lantzea beharrezkoa da, eta gizarteak berdintasunerako bidean jarraituko badu gatazken kudeaketei dagokionez hainbat erronka ditugu eskoletan. Honats horietako batzuk, guztiak aipatzea ezinezkoa baita.

-     Gatazkak ezkortasun esparrutik atera, eta maila pertsonalean zein kolektiboan garapenerako tresna direla ulertu,  barneratu eta kudeatzeko gaitasuna  izateko baliabideak  lantzea.

-     Hezkuntza eragileen artean eta ikasleekin  gatazkaren oinarrian dagoen genero ikuspegia  ikusteko gaitasuna lantzea .

-      Gatazken kudeaketan ikasleekin parte-hartze aktiboa eta komunikazio kanalak lantzea, hauen bitartez, neska zein mutilen beharrak eta interesak modu orekatuan partekatuz.

-       Genero ikuspegiaren bitartez, gure antolaketa eremua aztertzea, espazioak, arauak, denborak….



2018/02/27

IRAGANEKO LAZTANAK, ORAINALDIKO ISLADAK




Egun esanguratsuak izan dira hauek, ikusi ditudan bideoek, behatutako materialek zer pentsatu handia eman didate; eta ez niri bakarrik, nire inguruari ere bai.  Bigarren jarduerako proposameneko galderak egin dizkiet ingurukoei eta hortik jaso dudanak sortu dizkit hainbat ideia eta sentipen.
Heziketa edo eta bizipen afektibo-sexualek gugan ikaragarrizko eragina dutela ikusi dut. Haurtzarotik hasitako harreman sexualek eragina dute, gurasoen besarkadek, aiton-amonen muxuek, lagunen elkarrizketek, etab. Galdeketa honekin jabetu naiz, sarritan oraindik honelako gaiez gogoetarik egin gabe gaudela. Ez gara sekula sakon hausnartzen jarri jaso ditugun laztan, muxu eta kilimez; ez dugu pentsatu ea gurasoekin izan dudan komunikazioa ohikoa izan den edo eta beste moduren bateko harreman afektibo-sexuala jaso nahiko nukeen beraiengandik,etab. Orokorrean, kosta egin zaio jendeari erantzutea, eta batzuk ez dira erantzuteko gai izan. Guztiz errespetagarria; baina horren atzean arazo handia dago. Ez dugu gure burua ezagutzen, ez dugu gure burua entzuten eta beharrezkoa da.Eta horrek lanketa eskatzen du.  Gure identitatearen eraikuntzarako oso baliagarria deritzot iraganean izan dugun heziketa afektibo-sexualari buruz gogoeta egitea. Gogoetak bide batera edo bestera eramango gaitu, agian lortutako ondorioak ez dira izan nahi genituzkeenak baina geure  burua ulertzeko baliagarriak izan litezke. Hala nola, inguruko batek baino gehiagok aipatu didate haurtzaroko edo eta nerabezaroko harreman akeftibo-sexual desegokien ondorioak dizuztela beren izaeran. Eta euren seme-alaben hezkuntzan ere eragina izan duela gabezia horrek.

Esan bezala lanketa baten beharra dago, gure zuzeneko esku-hartzea behar beharrezkoa izango da. Gertukoon esperientziak, ahotsak, eta adibideek eragin handia duten arren, badira zenbait baliabide lanketarako ere lagungarri egingo zaizkigunak.
Hala nola, Steilas-en “Askatasun begiradak” izeneko unitate didaktikoa oso aproposa iruditzen zait ikasleekin lantzeko. Bertan hainbat bideo eta ariketa interesgarri daude Lehen eta Bigarren Hezkuntzan lantzeko. 


        Bestalde, maitasun erromantikoaren lanketarako hamaika telebistaren ondorengo bideoa ere esanguratsua da. 


Ikusi nahi duenarentzat hemen Ernaik eginiko bideoa ere, interesgarria.




 Iazko postari dagokionez Auroraren posta aukeratu dut, osoa eta esanguratsua iruditu zait, erronkak argi adierazten ditu eta baliabide egokiak eskaintzen ditu. Dena den, gazteek askatasun sexuala ulertzeko duten moduaren azalpena dela eta aukeratu dut nik. Honela dio berak “Gazteek askatasun sexuala kontzeptua horrela ulertzen ari dira: izan ditzakezun harreman sexual guztiak izan”. Arrazoia duela esango nuke, honela pentsatzen du egungo gure gizarteak orokorrean, beraz hutsune horri helduz hainbat erronka edo jo muga ditugu aurretik.


Erronka aipatzerakoan orain arteko gai guztietan bezalatsuko erronka proposatzen dut. Hau da, helburu nagusiena heteroarauarekin haustea izango litzateke. Heziketa afektibo-sexualean harreman anitzak azaleratu eta ikusarazi behar ditugu. Betaurreko moreak jantzita behatu behar dugu gure ingurua. Eta naturaltasunez bizi harremanak.
Gazteen sexu-heziketa ikastaroak sarritan koitozentrismoan, kondoiaren erabilerak eta sexu bidezko gaixotasunen kutsatzean zentratzen dira. Eta erronka nagusia da herriari harreman afektibo-sexuala zer izan daitekeen irakaslea da. Hasi ama-semeen arteko laztan eta muxuetatik, lagunarteko kilima, zein bikoteen arteko muxu, adostasun, balio eta laztanetaraino.
Sexualitatea hain esparru zabala izanik, zergatik mugatzen gara plazer txikienera? Goza dezagun bere osotasunean, eta izan gaitezen aske!

2018/02/21

AHOPEKO HITZ DARDARTIAK

Txikitatik entzun dugun kontzeptua da SEXUA. Haur, gazte, zein helduen belarri eta ahotan dabil hainbat testuingurutan. Batzuetan esanahi bat izango du, beste batzuetan beste bat. Sexua hitza ahoskatzean ordea guztioi sortzen zaizkigu sabelean tximeletak. Gure gizartean ahoz-gora erabili ezin dugun kontzeptua da, hala ikasi dugu, hala irakatsi baitigute. Egungo gizartea, apurka bada ere aurrera doanez, pertsonon pentsaerak ere garatuz doaz, eta sexu hitzaren erabilera geroz eta normalagoa dela esaten dugu. Gure berbaldietan erabiltzen dugu bai, baina hala ere oilo-ipurdia soinean dugula erabiltzen dugu, guztien gogokoa ez den zerbait esaten ote gabiltzan dudan. Nik bederen horrela ikusten dut, hitz dardartia da oraindik gurean.  Larrua jotzea adierazteko, orientazio sexuala adierazteko, identitate-sexuala, aniztasun sexuala…geroz eta kontzeptu gehiago daude gure hiztegian sexua hitzarekin. Guztiak dira ahopean nahiko isilik erabiltzen ditugunak, edo gizarteak ezkutarazi nahi dizkigunak.  Zergatik bada?

Gure helburuetariko bat sexu hitza eta bertatik eratorriak normaltasunez erabiltzea izango litzateke, hori lortzeak sexu-adierazpen askatasuna, aniztasun sexuala etab.  normalizazio prozesuan doazela adieraziko luke.

Hamaika izan dira aste honetan buruan izan ditudan galderak, zalantzak, eta hausnarketak. Galdera baten erantzuna aurkitzeak, beste bi galdera sortzen ditu, eta hain sakona eta ezezaguna den arlo honetan are galdera gehiago sortzen zaizkit. Horiek guztiak argitzeko, bertatik bertara LGTBIQ+ mugimenduko jendea ezagutzea litzateke onena. Eurak dira beren errealitatea ondoen azalduko digutenak, teoria hutsetik atera eta errealitatera gerturatuz.

Irakurgaian agertu diren Josebe Iturrioz eta Amelia Barquin aipatuko nituzke nire erreferente nagusi gisa. Argi dituzte beren ideiak, eta beren pentsamendu hori plazaratzeko ikaragarrizko ausardia eta nortasuna dituzte, inbidia sanoa sentitzen dut. Amelia irakasle izan nuen lehendik ere eta telebistak Josebe ere gertuko egin du azken urteetan. Izan daitezela gure eredu eta ekin dezagula guk ere bide berean.


Aurreko urteko postei erreferentzia egiten hasiz honakoa aukeratu dut. Postak mezu esanguratsuak dakartza, baina bertan dagoen argazkia dela eta aukeratu dut nik. Gutxi ikusia den arren, oro argia iruditu zait; eta aldi berean gogorra.

Arlo honetan aurrera egiteko bidea, hezkuntza dela diogu; erreferenteak eskaintzea, baliabideak erabiltzea. Hori honela,  hemen uzten dut laburmetraia interesgarri bat. Pertsona transexualek egunerokotasunean topatzen dituzten zailtasunei buruzko laburmetrai bat da.


Aurrera goazen arren, bidean jarraitzeko badira hamaika erroka. Horietan handiena herritar orori betaurreko moreak janztea da. Gure ingurua, eta bertako errealitatea zein den ikusi behar dugu; pertsona oro ezberdina da, eta norbanako bakoitzak bere behar zehatzak ditu. Guztiok ditugu ametsak, beldurrak eta sentimenduak, beraz erronka gure komunitateko kideok elkar PERTSONA gisa ikustea eta errespetatzea da,  honela mundu nahasi honi batera egingo genioke aurre eta guztiontzat errazagoa izango da gizarte garratz honi aurre egitea.

Baina horretarako lanketa handia dago oinarria, hezkuntzak, herriak, familiek, etab. bakoitzak bere aldetik hasi behar du indar egiten eta guztion elkartzeak ekarriko du identitatea eta sexu-aniztasuna ere normaltasunez bizitzea. 

2018/02/14

HAU NAIZ NI, ETA ZER?




  Identitatea eta gorputzaren gaiak ere eman du zer esana egun hauetan zehar. Hainbat gogoeta egiteko baliagarria izan da, baina ohi bezala gogoeta batek bestea dakar, eta hamaika hausnarketa eginak baditut ere gai hauen inguruan, inoiz amaitzen ez den gogo-jarduna da hau. Nire inguruak, etxea eta lagunarteak, izan ditu aurrerapenak gai honi dagokionez. Nire familia oso tradizionala da, pentsaera zaharkitukoak, seme-alaba ugariko baserritarrak etab. Baina lehengusuetan badira lauzpabost homosexualak direnak, beraz, ikuspuntua zabaldu beharra iritsi zaie. Dena den, izan da eta oraindik ere neurri txiki batean bada beste etxe askotan den gaitz bera gurean ere. Zisgenerokoa ez den pertsona onartzen dugu auzokoaren etxean, baina nahiago dugu gure etxeko denak “normalak” izatea. Zergatik? Transgenero bati bere identitatearen aitortza eskatzen zaio. Homosexualak armairutik atera eta lau haizetara gay edo lesbiana dela aitortzeko zain egoten gara. Eta zergatik ez zaie heterosexualei aitortza hori eskatzen? Aurrerapauso handia izango litzateke, pertsona oro den bezalakoa onartzea normaltasunez, eta inoren aitorpen beharrik ez sentitzea.
Egun aurreratuak gaude, nahiz eta asko dugun hobetzeko. Baina hala ere hainbat sinesmen faltsu desikasi ditugu bide honetan, eta hori aurrera pausua izan da. Hala nola, pertsona hauek gaixotzat hartzen ziren, eta medikuarenera eta psikologoarena eraman ohi ziren sendatzera. Gainera kutxakorra zela uste zen, beraz, jendeak askoz arrazoi gehiago zituen herritar hauek alboratzeko. Dena den, geroz eta gutxiago dira gaur egun pentsaera hori dutenak eta eskerrak.
Apurka apurka bagoaz aurrera, ez gaitezen errenditu.

Iazko postari dagokionez hau aukeratu dut. Sarrera osoa eta esanguratsua iruditu zait.  Jada ezagutzen nituen bi bideo interesgarri ditu zintzilikatuak, gomendagarriak benetan. Nik ere hemen utziko ditut zuen eskura.





Heziberri 2020 behatzen hasiz, hamaika kontu daude hona ekartzekoak; nik  izaten ikasteko konpetentzia dakart hona:
“Bizitza zehar agertzen diren sentimendu, pentsamendu eta ekintza personalez gogoeta egitea eta haiek sendotzea eta egokitzea, haien gaineko balorazioaren arabera bere burua etengabe hobetzuz pertsona osorik errealitzatzeko”.
Konpetentzia hau curriculum hezkutuan kontuan hartzeko, irakaslearen sentsibilizazioa da beharrezkoena.  Sentikorra den irakasle baten haurra entzungo du, haurraren beharrak entzungo ditu eta erantzuna ematen saiatuko da; eta hori da kasu honetan egin beharrekoa ere ikaslea entzutea. Behatu berak mugimenduen bidez, ekintzen bidez zein ahoz esaten diguna eta bere  buruak egiten duen guzti hori ulertarazten saiatuko gara haurrari. Egoeren aurrean sentitzen duena interpretatzen irakatsi beharko dio irakasleak, honela haurrak bere burua hobeto ezagutuko du, eta burujabeago izango da.

Kontuak kontu, oso interesgarria iruditzen zaidan baliabide bat utziko dut zuen eskura. Chrysalis Euskal Herria elkarteak kaleratutako ikasmateriala da, “Neskak eta Mutilak: Identitatea eta gorputza” izena du, eta transexualitatearen gaia lantzeko oso baliagarria da. Helbide honetan  dago material guztia eskuragarri.




2018/01/31

HAUR PIJAMA BERDEA?

Gai honi jira eta bira gabiltza. Hamaika gatazka, gorabehera eta hausnarketara garamatzan gai amaigabea da orientazioa eta aukera akademikoena. Bere baitan aurrez landutako arlo guztiak biltzen ditu, beraz, gai potoloa da esku artean duguna.
Nire aburuz, orientazioa eta aukera akademikoa sexu-roletatik banatzea ezinezkoa da gizarte honek horrela darraien bitartean. Noiz edo noiz aipatu dudan bezala, herritik hasi behar dugu iraultza, baina politikariek gure pentsaera berdina izan arte zaila izango da hezkuntza eredua erabat aldatzea. Norbaitek badu interesa gizartearen sailkapen dikotomikoa mantentzeko.
Nire ustez orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronketariko bat guztia naturaltasunez bizitzean dago. Herritar oro kontziente egitea da helburua. Hori lortzean errazagoa izango da balore ezberdinetako hezkuntza duen herria sortzea.
Pijama berdearen adibideari jarraituz. Etxean baditut haurrak, eta beti saiatu izan naiz, ohiko ereduetatik kanpoko opariak egiten, etab. Hala nola aurten guztiei pijamak egin dizkiet. Baina nolako pijamak? Niri kolore biziak gustatzen zaizkit: berdea, laranja, morea… ia ezinezkoa egin zaigu kolore horietako pijamak aurkitzea. Multinazionaletan arrosa eta urdina koloreak gailentzen ziren (noski, eta sexuaren arabera sailkatuak); herriko denda txikietan errazagoa egin zitzaidan  koloreak topatzea, baina hala ere nahiko zail. Hona hemen  googlen “pijama de niƱo” eta “pijama de niƱa”  esaldiak jarrita agertzen diren irudiak:
                                            


                                                                       
Gainbegiratu hutsean argi ikus daiteke argazki bakoitzean ze kolore gailentzen den. Haurren arropetan bi kolore hauek gailentzen direla ikusi ohi dut ikastetxeetan, baina egia da gurasook erosten dugula haurren arropa. Beraz, gurasoen kontzientzia dago horren atzean. Dena den, kontziente izanagatik ere, merkatuan sexu generoa markatzen ez duen arropa aurkitzea oso zaila da. Nahiz eta gurasoak kontziente izan egoeraz, batzuetan merkatuaren engainuan erortzen direla esango nuke.
Hori horrela, gure erabakietan gehiago pentsatzeko eskatuko nieke herritarrei, hau ere erronka gogorra litzateke.  Azken finean haurrei beren bidea zehazten badiegu, ez dute askatasunik sentituko direna izateko, edo eta izan nahi dutena aukeratzeko. Eta horrek ondorioak izango ditu. Txikitatik mugarik eta bide zehatzik ez bagenie erakutsiko errazagoa izango litzateke nor bera den bezalakoa izatea, eta lagun hurkoa den bezalakoa onartzea. Gure hautua eredu ezberdinak erakustea izan behar luke.

Aurrekoa laburtuz honako erronkak zehaztuko nituzke:
-Herritarron kontzientzia zabaltzea
-Heldua haurraren aukerarekin ez lotsatzea
-Mugarik eta bide zehatzik ez irakastea haurrei
-Eredu ezberdinak ikusaraztea (familia ereduak, orientazio sexualak, ogibideak, eta.)

Aurreko urteko postei begira, oso material interesgarriak aurkitu ditut. Dena den, bat aukeratuz, Maite A.S.ren posta aukeratu dut. Hausnarketa osoa eta sakona egiteaz gain, hainbat adibide eta baliabide egoki eskaintzen ditu.


Baliabideekin jarraituz, ipuinak hezkuntzan lantzeko aproposak direnez, ohiko estereotipoak hausten dituzten ipuin batzuk proposatuko ditut:

    

HAUR LITERATURA_Narrazio ez sexistak


IZENBURUA
ARGITALETXEA eta URTEA
EGILEA
ADINA
1
Aitaren sekretua
Emakunde,2008
Karmele jaio
0-6

2
Txanogorritxu eta Otso Beltxu
Ttarttalo, 2005
Kukuxumuxu
4-12

3
Urdaburutarrak
Kalandraka,2006
Antony Browne
4+

4
Norak suhiltzailea izan nahi du
Elkar, 2003
Arantxa Iturbe
0-6

5
Kili Txikia
Ttarttalo, 2013
Mario Ramos
3-7

6
Marixorren deskuidoak
Erein, 1992
Renada Mathieu
5+

7
Mari Joseri zergatik deitzen diote Jose Mari?
Elkar, 1997
Seve Calleja
5+

8
Antton eta neskak
Alberdania, 2008
Ole Kƶnnecke
0-4

9
Pinto oilarraren ezteiak
Txalaparta, 2011
Juan Alfonso Belmontes
5+

10
Arratsalde euritsua
Elkar, 1987
Maria Leonard
5+

11
Arturo Y clementina
Lumen, 2001
Adela Turin
4-8

12
Ni un besito a la fuerza
Populares libros, 1994
Marion Mebes
4-8



HAUR LITERATURA_Familia motak

IZENBURUA
ARGITALETXEA ETA URTEA
EGILEA
ADINA
1
Kamile-aita eta ama ez daude haserre.
Ttarttalo, 2007
Aline de PƩtigny
0-4
2
Kamile-lagun artean
Ttarttalo, 2006
Aline de PƩtigny
0-4
3
Eki adoptatua da
Ttarttalo, 2011
AntxiƱe Mendizabal
0-6
4
Izarrek bi familia ditu
Ttarttalo, 2011
AntxiƱe Mendizabal
0-6
5
Ametsek bi ama ditu
Ttarttalo, 2011
AntxiƱe Mendizabal
0-6
6
Loreak ahizpa txiki bat du
Ttarttalo, 2011
AntxiƱe Mendizabal
0-6
7
Pirritx Maiteminduta
Elkar, 2015
Uxue Alberdi
0-6
8
Kangumea
Ttarttalo, 2006
Diana Kimpton
0-6
9
Kattalin eta amaren tripatxoa
Ibaizabal, 2004
Liesbet Slegers
0-4
10
Matxalen barnetegian
Ibaizabal, 2008
Pierre Le Gall
+5
11
Just like them
Tiny Tornado, 2010
Lawrence Schimel
0-6
12
Anita y sus dos mamas
Molinos de viento, 213
Dario Gernandez
0-6


















Ikusiak ikusi, honakoa da ORIENTAZIOAren nire laburpena edo mezua: