#MSL etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#MSL etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/03/17

Harremanetan tratulari

 


Asko poztu nau aste honetako irakurgaia Amaia Lasaren aipu batekin hasteak, uste baitut euskal literaturan ahaztutako edo baztertutako egilea dela. Amaia Lasa lehenengoa ez bada, lehenengo euskal poeta feministen artean dago. Eta sekulako ekarpena egin badu ere, ez du mereziko lukeen adina itzalik eta horrek, nire ustez, misoginia eta matxismoa du erroan. Berrian Iñigo Astizek egin zion elkarrizketan horri buruz hitz egiten du eta titularretik da lapidarioa: "Idazten utzi ez, eta gure literatura intimista dela esan dute gero".

Eremu hezitzailean lantzeko erronken artean irakasleon ongizate emozionala nabarmendu nahiko nuke, baina ahalik eta gehien ekarrita lurrera, egunerokora. Adibidez, irakurgaian proposatu diguten bibliografian Hikhasiko elkarrizketa bat dago eta horrela hasten da: “ZEINTZUK DIRA HEZITZAILEON BEHARRAK? POZIK AL GOAZ LANERA?”

Irakasleon ongizate emozionalaren hariari tiraka, aipatu nahiko nuke Marisa Barrena Larruzeak motibazioa aztertu zuela, irakasleon motibazioa alegia, eta Argian argitaratuako elkarrizketa interesgarri batean hau adierazi zuen: “Nik motibazioan sinesten dut. Igual erratuta egon naiteke, baina nik hor ikusten dut gakoa, eta lan egin dudan urteetan askotan aipatu didate ikasleen motibazioa, baina nik beti heldu nahi nion beste muturrari: irakasleok zer motibazio daukagu? Gu motibatuta ez bagaude, nola motibatuko dugu parekoa? Lau euskaltegitako ikasleekin bildu nintzen, eta ondorioztatu nuen irakasleen motibazioak eragin handi-handia duela, zalantza barik. Lan egin dudan urteetan ikusi ditut lankide batzuk oso motibatuta, eta beste batzuk, ordea, beste edozein lanetan ari balira bezala, bulegariak balira bezala. Nire ustez, ez da gauza bera”. Ados nago Marisarekin, ez da gauza bera.

Nire ustez, eremu hezitzailean landu beharreko beste ertzetako bat denboraren kudeaketa da. “Ordu asko eta denbora gutxi” deitzen zen 2010. urtean Emakundek martxoaren 8rako prestatu zuen kanpaina eta, hain zuzen ere, denboraren erabileraren inguruko hausnarketa bultzatu nahi zuen, irakurgaian jaso bezala. Hori irakurrita, burura etorri zait duela urte batzuk egin genuen dinamika bat. Aukera izan nuen hainbat emakumerekin tailer bat egiteko eta, aldi berean, gizonak beste gela batean ari ziren tailerra egiten. Ariketetako batean bina erloju borobil handi eman zizkiguten eta eskatu ziguten gure egunerokoa, alegia egun arrunt bateko 24 orduak, deskribatzeko. Zehazki, eskatu ziguten erlojuan tarteak marraztu eta orduak zertan pasatzen genituen adierazteko. Adibidez: 8:30-17:30 lana, 17:30-18:00 etxera buelta, 18:30-19:30 erosketak egin…Gure artean alde handiak zeuden eta horren inguruko hausnarketa egin genuen. Gero, gizonezko taldearekin bat egin eta beraien erlojuak eta hausnarketak ikustean aldea ez, sekulako arrakala zegoela ikusi genuen. Luze joko luke azalpenak, baina orokorrean esan daiteke gizonek lanean ez bazen “beraientzat” ziren ekintzetan pasatzen zutela denbora gehien eta emakumeek, aldiz, “besteentzat” ziren gauzetan.

Denboraren erabilerari buruz EUSTATeko datuak agertzen ziren irakurgaian, baina horrek EAEra mugatzen du gure begirada eta Nafarroako zein Ipar Euksal Herriko errealitatea kanpo uzten dugu. Hortaz, Euskal Herriko ikuspegia izateko, interesgarria iruditu zait Gaindegia behatokiko datuak ekartzea. Batetik, Gaindegiak “Egitura heteropatriarkala: lan formalaren eta informalaren gaineko dualtasuna” artikulua argitaratu zuen eta ondorio argia dakar: “Euskal Herrian egitura heteropatriarkalak sorrarazitako desorekak modu askotan neur daitezke. Lan esparru formalaren eta informalaren gaineko dualtasuna, aipaturiko genero desorekak sortzeaz gain, emakumeentzat pobrezia iturburua ere bada zahartzaroan: alarguntasun pentsioa jasotzen duten euskal herritarren %96,6a emakumeak dira eta alarguntasun pentsioen %82a ez da hilean mila eurora iristen. Etorkizunean familiako zaintza ardurak medio lan profesionala utzi behar izan duten emakumeek ere pairatuko dute pentsio apalegien arazoa, behar baino goizago kotizatzeari utzi izanaren eraginez.”

Bestetik, “Bizikidetza eredu berrien gorakadan familia-politikak egokitzeko premia” artikuluak tratu onak gizarte politiken bidez sustatzeko proposamena (eta, hein batean, ereduak Ipar Euskal Herrian edo Europa iparraldean) dakar: “Bizikidetza eredu berriak eta biztanleriaren zahartze maila handia komunitate zaurgarrien profilak eta beharrak eraldatzen ari dira Euskal Herrian, eta norabide horretan, familia-politiken berregokitzapena premien atzetik doa. Guraso bakarreko familien, bakardade egoeran diren adinekoen, adinekoen zaintzarako zailtasunak izan ditzaketen familien, edo etorkin berrien (etxeguneetan masifikatzeko joera nabarmen batekin) ahuldade eta beharrei so egitea datozen hamarkadetako erronka da euskal gizartearentzat. Berrikuntza teknologikoa eta soziala bidelagun, Europa iparraldean badago non begiratu”.

Ikasleekin lantzeko bideo proposamena Bob Marley abeslariaren "I wanna love you" abestiaren bertsioa egitea litzateke. Musika eta ingelesa oinarri hartu eta letrak dioena landu ondoren bideoa egiteari ekitea litzateke proposamena, labur-labur. Hementxe eredu posible bat:

Bukatzeko, joan den urteko argitalpenen artean Amaiaren "HARREMANAK ZAINDUZ, TRATU ONAK BETI" aukeratu dut jaso duen materiala asko gustatu zaidalako. Gainera, ekofeminismoa eta zaintzaren etika uztartzen dituen Alicia H.Puleoren hitzaldia oso interesgarria iruditu zait.

2023/03/12

Ind-arra

Galdetzen diguten zein den, gure ustez, indarkeria matxista eremu hezitzaileetan/jendartean landu beharraren justifikazioa eta oso argi dut: bizitza dugulako jokoan. Batetik, indarkeriaren izebergaren puntan ikusten dugun bezala, hiltzen gaituztelako eta, bestetik, izerbergaren gainerako atal guztiek erakutsi moduan, bizitza lapurtzen digutelako. Gutxietsi, jo, baliogabetu, estereotipatu eta abar egiten gaituztenean gu izateko aukera lapurtzen digute, gure bizitzaren zati bat funtsean, energia asko behar baita indarkeriari aurre egiten asmatzeko (kasurik onenean). Beraz, bizitza jokoan dugulako da garrantzitsua eta urgentea.

Ikasleekin lantzeko baliabideak pilatzerakoan artera jo dut oraingoan. Izan ere, ikasle mota batzuentzat aproposa izan daitekeela uste dut. Adibidez, Vivir Quintanaren "Vivir sin miedo" abestia entzun eta Sastraka gaztetxeko emakumeek euskarazko bertsioa egin zuten, "Aurre egingo dizueten emakumeak". Hementxe dituzue bi bideoak:


Klasean bi bideootan oinarritutako dinamikak antolatzea izan daiteke aukera bat. Esate baterako, indarkeria matxista lantzen duten abestien erreprodukzio zerrenda egin dezakegu. Beste aukera bat da, bideoak eredu hartuta, abesti baten bertsioa egitea. Hau da, Sastraka gaztetxeko emakumeek egin zutenaren parekoa egiten saiatzea. Horretarako, abiapuntuko erreferenteak beharko ditugu eta aukera paregabea izan daiteke ikuspegia zabaldu eta munduko hamaika txokotako emakumeek jasaten dituzten indarkeria moten inguruko sentsibilizazioa egiteko. Aldiz, modu intimista eta "positiboagoan" landu nahi badugu gaia, halako erreferenteak ere erabil ditzakegu gero gure bertsioa egiteko (zoragarria iruditzen zait abesti hau eta, gainera, ama-alabak abesten aritzea ere oso irudi indartsua da):

Bukatzeko, aurreko urteko posten artean "INDARKERIA INDARREZ GAITZETSI" aukeratu dut, nahiz eta ez jakin izenburua behar bezala ulertu dudan edo ados nagoen. Dena den, aukeratu dut nik abestiekin proposatu dudan ibilibidearen parekoa proposatu zuelako berak literaturaren bidez. Azken finean, ideia berdina da: kulturaren bidez, sormenaren bidez, heztea.


2023/03/06

Gatazkaren beldur

Izugarri gustatu zait aste honetako gaia. Uste dut gatazkaren kudeaketan eta elkarbizitzan lan handia dugula egiteko eta, aldi berean, erronka polita dela. Izan ere, badago "teknikoki" ikasi eta entrenatu dezakegun alderdi bat, behin aplikatuta sekulako inpaktua duena (onerako). Horrez gain, beste alor batzuetan baino errazagoa da bizitzako esparru batean ikasten duguna (demagun, lanean) bizitzako beste esparru batzuetara (adibidez, etxera) eramatea. Esan nahi dudana da, gatazkak hobe kudeatzen ikasten badugu, ziurrenik, ez dugula hala egingo lanean (eskatzen digutela) soilik, baizik eta etxean edo lagun artean ere. Oso pozik nago hemendik aurrera nire inguru hurbilean eragiteko gako batzuk eskuratu ditudalako.

Hala eta guztiz ere, eremu hezitzailean erronka asko ikusten ditut. Esate baterako, zigorraren kultura oso hedatuta dagoela uste dut. Horrekin batera, lankide artean ere, kasu askotan gatazka ekiditen dela esango nuke eta, azkenean, gatazkarik badago ahalik eta azkarren konpondu eta horri buruz ez hitz egitea dela araua. Hau da, oraindik ez gara gai pasatako egoera gatazkatsu bat hartu eta analisi txiki bat egiteko, aurrerantzean berdina gertatu ez dadin. Nahiago izaten dugu pasatakoa pasa dela pentsatu eta atzean uztea eta ez soilik gatazka handietan, baita gatazka txikietan ere. Badirudi betiko komodina dela, baina uste dut formazioa behar dugula honetan, formazio praktikoa, teknikak.

Gai honek hezkuntzan duen garrantzia erakusteko ikerketa, baliabide edo proposamen adierazgarriren bat gomendatzea eskatu digute eta hasi natzaio hariari tiraka. Lehenengo, June Fernandezen "Dogma" artikuluaren zatitxo bat ekarri nahi dizuet: "Iruditzen zait batzuetan feministok oso urrun gaudela emakumeen bizi-esperientzietatik. Diskurtsoa soberan daukagu eta kontaktua falta zaigu, baita gure bizi-esperientziarekin ere. Itxuraz oso ideia argiak eta zorrotzak dituzten feministak ikusten ditut, haien harremanetan korapilatzen direnak. Oso ohituta gaude kanpoko munduarekin borrokatzera eta ideia oso orokor batzuetatik abiatuta emakumeei gertatzen zaiena azaldu nahi izatera. Horregatik eskertu dugu ama feministok Adrienne Richen Emakumeagandik jaioak saiakera: amatasunari kritika feminista sutsuaren aurrean, instituzioa eta esperientzia bereizten dituelako (nahiz eta batak bestea zedarritzen duen).(...)Ondo legoke dogmari dogma berriekin erantzun baino, gaitasun kritikoa indartzea eta errealitatearen korapiloak, ertzak eta argi-itzalak onartzea."

Oso ados nago bertan aipatzen diren bi alderdi nagusiekin: teorizazioa edo gaitasun analitikoa eta esperientzia edo gorputza uztartzea. Bigarrenari helduko diot eta kontua da dena ezin dugula gorpuztu. Hau da, ni banaiz emakume eta gorpuztuko ditut horrek dakartzan indarkeriak, biziko ditut gatazkak gorputz honetatik, baina ez naiz beltza eta ezin ditut horiek gorpuztu, ulertzen? Agian baten batek pentsatuko du ez duela harremanik, baina nire ustez gaitasun kritikoa indartzeko eta, aldi berean, biziko ez ditugun esperientzia horietara hurbiltzeko tresna paregabea da literatura. Ez da gai berria, baina pasa den asteburuko Berrian Anjel Lertxundik idatzi zuen horri buruz eta ekarri nahi dizuet pasarte bat: "Umetan irakurri nituen Dickensen Dorrit txikia eta Oliver Twist. Transmititu zidatena, miseriaren aurreko errukia eta pertsonaien autonomia pertsonala da. Giro gogorra dut gogoan, ahaztuak ditut peripeziak. (...) Eta liburuetatik gizen, zorritsu, hitz-totel, zerri-pertza edo hanka-oker kentzen ari garen bitartean, umeari dena irakurterraza, dena eramangarria, dena gozo-zopa bihurtua ematen ari garen bitartean, istorio lehor bezatuak euskara lehor bezatuan ematen dizkiegun bitartean, bitarte horretantxe hain zuzen, algoritmoak mundu paralelo bat eraikitzen eta eraikitzen ari dira, bitarte horretantxe umeek oso ate zabal-errazak dauzkate eskura mundu digitalean sartu eta eremu arriskutsuenetan nabigatzeko. Guk hamasei urterekin ere usaintzen ez genituen errealitateetan zabuka hasteko trepetak dituzte eskura. Zuzentasun politikoak ez dio ezer umeentzat drogen edo apustuen atzaparra bezain irmoa izatera iritsi litekeen adikzio digitalaz."

Azkenik, teorizazioaren aldean, harreman heterosexualetan (askotan) gatazkak nola kudeatu ohi diren landu zuen Iris Bordak bere Instagramean eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Izan ere, gatazkak ekiditea edo aurre egin nahi ez izatea bada gatazkatsua. Are gehiago, enpatia, gatazkaren kudeaketa eta, oro har, zaintzak barne hartzen duen guztia de facto baliogabetzen du halako jarrera izateak, baina ez gara gai identifikatzeko sistematikoki "ezer ez egitea" badela gatazka sortzea, erantzukizun afektiborik ez izatea. Halaber, fenomeno hau izendatzeko plusbalia erromantikoa terminoa erabiltzen du eta funtsezkoa iruditzen zait, hain zuzen ere behar bezala teorizatu ahal izateko, izena eman ahal izatea.

Aurreko urteko posten artean Amaiaren "Gatazkatik kultura positibora" aukeratu dut oso landuta dagoelako eta teoria zein praktika uztartzen dituelako etengabe. Gainera, eskaintzen dituen baliabideen artean denetarik dago: ikus-entzunezkoak, tira komikoak, hitzaldiak, lan teorikoak... Bereziki deigarria (positiboki) iruditu zait "Ikasle laguntzaile" programan ikasleek adierazi egin dutela asko gustatu zaiela "ahal izan duten neurrian, gure insititutuko arazoak konpontzen saiatzea". 

2023/02/27

Sexua ikasi?


Hitz-hodeirako aukeratu ditudan kontzeptuetan saiatu naiz gaiaren alde positibo edo eraikitzaileak jasotzen. Izan ere, maiz ez dugu jakiten heziketa afektibo-sexualari nondik edo noiztik heldu eta, lotsa edo beldurragatik, azaletik edo bazterretik lantzen dugu.

Bide berberetik, gaiaren inguruko baliabideei dagokienez, abesti pare bat ekarri nahi ditut. Uste dut hurbileko erreferenteak behar dituztela haur eta gazteek, eta oso baliabide interesgarriak ditugu eskura azken urteotan, zorionez geroz eta gehiago, gainera. Adibide pare bat emateko, hona aukeratu ditudan bi abesti:

Haurrekin lantzeko (gure etxean gorrotatzeraino entzun behar izan dugu):


Nerabeekin lantzeko:


Hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka nagusia, nire ustez, formazioa da. Oraindik ere ezjakintasuna da nagusi, bai gaiari dagokionez, bai lantzeko moduari buruz. Formazioak kalitatezkoa izan beharko luke, egiazki kontzeptu batzuk ikasten ari garela bermatzeko eta, aldi berean, aplikaziorako bideak errazteko. Horrez gain, heziketa afektibo-sexuala lantzeko erreferente onak edo praktika onak ezagutu beharko genituzke. Egon badaude eta ez dugu urrunera joan beharrik horien berri izateko. Hala eta guztiz ere, irudipena dut inguruan ditugun ekimen praktiko horietariko asko ez ditugula ezagutzen. Beraz, oinarrizko formazioaz gain praktika errealeko erreferenteak beharko genituzke. Horretarako bide egokia izan daiteke heziketa afektibo-sexuala berariaz lantzen duten kolektiboengana hurbiltzea. Hemen, adibidez, bada eskolarako proposamen zehatz bat:


Bukatzeko, aurreko edizioetako ikastarokideek egindako posten artean "Heziketa afektibo sexuala" aukeratu dut, lehendabizi, asko gustatu zaidalako lehen irudian txuriak ez diren gorputzak irudikatzea (hori gai zentrala ez den testuinguru batean). Gero, irakurtzen hasi naiz eta oso interesgarria iruditu zait baliabideen artean unitate didaktiko edo material zehatza eman beharrean artearen bidez gaia lantzeko proposamena luzatu izana. Zehazki, antzerkiaren bidez. Ez nuen ezagutzen postean aipatzen den antzezlana eta izugarri aproposa iruditu zait. Izan ere, pentsatuz gero, une oro, edonon, norbaitekin harremanetan ari garen momentutik ari gara heziketa afektibo-sexuala lantzen.

2023/02/20

Anitz maite zaitut

Landutako kontzeptuen artean, nire ustez, asko dira hezkuntzarako aproposak. Izan ere, gai asko barne biltzen ditu aste honetako jardunak. Hori dela eta, lelo ahalik eta zabalena sortzen saiatu naiz. Gainera, maitasunetik (ez maitasun erromantikotik, baizik eta maitasun osasuntsutik) sortutako harremanak behar ditugu gizarte gisa eraldatu nahi badugu. Hortaz, "anitz maite zaitut" hitz jokoa da nire proposamena. 

Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post baten artean "Ez dut etiketarik nahi!" aukeratu dut. Izan ere, aspaldian ahotan darabilgun gaia da etiketena. Batetik, zapaldutako edo gutxietsitako kolektiboek etiketak behar ditugu gure burua definitzeko, hegemonikoa denetik ezberdintzeko eta sarea osatzeko. Bestetik, etiketa horiek momentu batean kartzela izan daitezke, definizioak beti egiten duelako orokortzearen alde eta gure kolektiboetan ere badaudelako mikro-hegemoniak eta definiziotik kanpo gelditzen diren ezaugarriak. Hortaz, uste dut nolabait beti mantendu behar dela "tentsio" sano bat etiketak sortu/berdefinitu eta etiketa horiek gainditu nahi izatearen artean, bai "emakume" edo "bollera" etiketarekin, baita "euskaldun" edo "beltz" etiketekin ere. 

Sentsibilizaziorako baliagarria izan daitezkeen baliabideen artean hiru aipatu nahiko nituzke. Batetik, Helena Sotoca arte dibulgatzaile feministak eskaintzen dizkigunak. “Ni musas ni sumisas” liburua idazteaz gain sare sozialetan egiten du lan artea ikuspegi feministatik zabaltzeko eta, hain zuzen ere, “La maja sesuda” podcastean feminitatearen inguruko hausnarketa egin zuen. Azaldu zuen nola artearen historian asko aldatu den, garaiaren arabera, femeninotzat hartzen zena. Dena den, beti gizonezkoen begiradak definitu du feminitatea, botere harremanetan begirada hori gailendu baita eta gizonek izan baitituzte artea egiteko baliabideak (denbora, dirua, formazioa...), artea erakusteko espazioak eta artea interpretatzeko zein zabaltzeko zirkuito ia guztiak duela gutxi arte (eta munduko zenbait tokitan oraindik ere hala da, tamalez). 

Sentsibilizaziorako baliagarria izan daitekeen bigarren baliabidea Miquel Missé-ren “A la conquista del cuerpo equivocado” liburua da, edo irakurri ordez ikus-entzunezkoak nahiago badituzu oso gomendagarria da eta Gasteizen eman zuen hitzaldi bat laburbiltzen duen 6 minutuko bideo hau edo 2021 urtean Alternatibak antolatutako solasaldi hau:


Hirugarrena baliabidea elkarrizketa bera da. Badakit ez dela originala, baina sexu-orientazioaren gaia lantzeko aukera izan dut munduko hainbat txokotako emakumeekin eta ez da harritzekoa (baina bai tristea) nola askotan ez dugun pentsatu ere egiten heterosexualitatetik harago. Gurean ere heteroaraua oso errotuta dago, nahiz eta azken urteotan sekulako lorpenak egin. Elkarrizketa horietan, nire ustez muturrekoak izan ziren adierazpenak ere entzun nituen, gerora zer hausnartua eman didatenak. Buruan iltzatuta dut nola esan zidan behin zazpi seme-alaba zituen emakume batek, normaltasun osoz, ez zuela inoiz plazerik sentitu sexuaren bidez, berak ez zituela inondik inora lotzen sexua eta plazera. Sexua seme-alabak ekartzeko zen, senarrak nahi zuenean egiten zena, gainera. Zur eta lur utzi ninduen eta mataza honetan nondik abiatzen garen berplanteatzeko aukera ematen du. Hori dela eta, oso garrantzitsua iruditzen zait gaia lantzerakoan, lehendabizi, maitasun eta konfiantzatik hastea elkarrizketa eta, gero, argitzen saiatzea nondik abiatzen den bakoitza. Gure aurreiritzi eta usteen erdiak, akaso, ustelak izango direlako.

Bukatzeko, hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronkak aipatu nahiko nituzte. Asko dira eta testuinguruak erabat baldintzatuta daude: ikasleen adina eta egoera, taldea, irakasleen formazioa eta sentsibilidadea... Dena den, aste honetako irakurgaian landutako Raquel Lucas Plateroren aipua nabarmendu nahiko nuke: “(Eskolan) ikasten duzu mundua bitarra dela, bi rol posible daudela, eta bien tarteko gunea, berriz, estua dela. Hezitzaile gisa, tarteko gune horiek zabaltzeko erronka dugu". Oso iradokitzailea iruditu zait "tarteko gune horiek zabaltzeko" proposamena eta gako handia da gure egunerokoari erreparatzeko.

2023/02/09

Zarenaz harro, harrokeriarik gabe

 

        

Argitalpen honetan identitateari buruz hausnartzeko eskatu digute, zehazki lau alorren inguruan, eta banan-banan landuko ditut jarraian. Hasteko, identitateen garapenean curriculum ezkutuak duen garrantziaz aritzea eskatu digute eta sekulako eragina duela iruditzen zait. Gaiak ertz asko baditu ere, uste dut hezkuntzan (eta, hedaduraz, gizartean) oraindik oso erreferente zaharkituak direla nagusi genero-identitateari dagokionez. Are gehiago, identitatearen gaia konplexua denez, gehiegi edo sakonegi ez lantzeko joera dagoela. Horrek, ezkutuan bada ere, hegemoniaren alde egiten du identitatearen alor guzitetan, genero-identitatearenean barne. Nire ustez, lehenik eta behin, ahalegina egin behar dugu gure inguruan egoeraren (auto)diagnostikoa egiteko eta identifikatzeko non ditugun hobetzeko alor nagusiak. Gero, curriculum ezkutuaren alor horiek lantzeko proposamenak landu beharko lirateke taldean eta, akaso, horretarako formazio zehatza beharko genuke.

Bestalde, inguru hurbilean genero-identitateen inguruan behatu ditudanak azaldu eta erronkak nagusiak zerrendatuko ditut. Behaketaren laburpenari dagokionez, uste dut nire ikastetxean badaudela irakasle batzuk aktiboki saiatzen direnak lanketa sakona egiten. Horretarako, bereziki zaintzen dute lantzen dituzten edukietan askotariko erreferente kulturalak agertzea (adibidez, bertsolaritza lantzerakoan “Bollo bertso saioak”), historia irakasgaian identitateari lotutako ikuspegi queer-ak txertatzea (Katalina Erauso zer zen planteatzea ikuspegi kritiko batetik, esate baterako) edo eskolan inklusioa babesteko sinboloak zein arreta zentroei buruzko informazioa ikusgai jartzea (adibidez, irudiko Berdindu!).                              

Erronkei dagokienez aldiz, sistematizazioa da gure lehentasuna, alor gehienetan gertatzen zaigun bezala. Hau da, irakasle partikular baten borondatetik harago, ikastetxean minimo batzuk adostea eta jasotzea komeniko litzateke, bertan lan egiten duen edonork jakin dezan zein den abiapuntua. Hortik hasita, bestelako erronka zehatz hauek ere identifikatu ditugu:

  • Genero-estereotipoak hausteko ekintza espezifiko gehiago antolatu litezke. Horretarako, irakasgaietako batzuk integratzea tresna aproposa izan daiteke.
  • Arreta zentro, elkarte eta abarrei buruzko informazio gehiago jarri daiteke ikastetxean. Batetik, halako babesa behar duenak jakin dezan nora jo. Bestalde, horrek ikastetxea bera posizionatzen duelako babes horren alde eta, beraz, mezu hori bidaltzen dielako bertan dauden guztiei.
  • Eguneroko elkarbizitzan edo irakasgaietako edukiak lantzerakoan egiten diren lotura patriarkalak desegiteko gida bat prestatu liteke.
Bukatzeko, aurreko edizioetako ikasleen posten artean Oihanaren “Identitateaz” aukeratu dut. Orain arte iragan edizioetako postak aukeratzeko edukiak aztertu ditut gehienbat, baina oraingoan ikus-entzunezkoei erreparatu diet gehiago. Batetik, izugarri gustatu zait erabili duen irudia eta leloa, identitatea etengabe eraikitzen ari garen bidea dela bikain irudikatzen du eta. Bestetik, “Barre librea” telebista saioan gaia umoretik nola landu duten asko gustatu zait. Ume baten ikuspegitik eta umorea erabiliz ezin argiago heltzen da mezua.

2023/01/30

Orientatu hezkidetzarantz

Astean zehar agertu eta esanguratsuak diren datu edo ikerketen artean bi ekarri nahi ditut. Batetik, Gaindegiak, alegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, egindako txostena. Bertan irakurri daiteke, adibidez: Hego Euskal Herrian gizonen hileko batez besteko kotizazio-oinarria 2.457 eurokoa da (kotizazio gordina), emakumeena, ordea, 2.065 eurokoa (-%16,1). Gizon eta emakumeen arteko desoreka handiagoa da kotizazio-oinarriaren gainean lanorduko soldatan baino. Besteak beste, lanaldi partzialen feminizazioa -lanaldi partzialen hiru laurdenak emakumeen esku daude-, ezkutuko ekonomia eta lan merkatuan erroturiko beste aldagai batzuk medio. Horrez gain, soldata arrakala jasotzen duen ondoko infografia ere oso esanguratsua dela iruditu zait:



Bestetik, argitaratu berri den “Irautea iraultzea denean” artikulua ekarri nahi izan dut, plaza publikoan lan egiten duten hainbat emakumek sinatu zutena. Nire ustez, primeran jasotzen du feminista publikoa izatearen zama eta, are gehiago, ziur nago plaza publikoan aritzen ez garen askok zerrendako elementu ugari egin ditzakegula gure. Esate baterako:


“Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. (...) Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea. (...) Guapa zatozen (ala ez) mintzagai izatea. (...) Emakumea izateko zakarra zarela esatea. Femeninoa ez zarela entzutea; hurrena femeninoegia zarela. Zuk hitz egin ostean gauza bera errepikatzea, hobeto esango balu eta bere ideia izango balitz bezala. (...) Rola etengabe markatzen dizutela sumatzea. Zeure burua zigortzea gai batean ez duzulako markoa ondo finkatu. Aitortza sozialik ez duzula pentsatzea. Gaizki ulertu daitezkeen hitzak esan dituzulako burua jatea. Ardura indibidualaren gainetik ardura kolektiboa sentitzea. Nekea.“


Aurreko urteko posten artean “Aukera askea orientazioan” aukeratu dut informazio asko (baina asko!) biltzen duelako esteken bidez eta zer pentsatua eman didalako “nesken autokonfiantza falta”-ri erreparatzeak. Gainera, oso interesgarria iruditu zait bertan jaso duen bideoa, ezagutzen ez nituen erreferente berriak eman dizkit.


Bukatzeko, orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkarik nagusiena, nire ustez, paradigma aldaketa da. Lantzat zer dugun berdefinitzen jarraitu beharko genuke, biziraupena bera barne hartzen duten jarduera guzti horiek ere lana direlako, lan konstante bakarra gainera, soldatapeko lanik ez dagoenean ere bertan jarraitzen dutelako. Hortaz, hezkidetzaren ikuspuntutik horiek bizitzan integratu beharko genituzke lanaz ari garenean. Bestalde, kudeaketa emozionala ere erronka handia iruditzen zait, izaki sozialak garen heinean komunikazioan oinarritutako harreman osasuntsuak eraikitzen eta mantentzen ikasi behar dugulako.


Horren harira, Uxue Alberdik botatako hitz batzuk: "Askotan sinetsi nahi izaten dugu maite dugun jendearen artean ez dagoela indarkeriarik edo botere harremanik, baina gure familia, bikote, kuadrilla, lan edo militantzia eremuen desidealizazioa da etorkizun berdinzaleagoa eraikitzeko bide bakarra". Hementxe duzue hitzaldia osorik:




2023/01/19

Baliatzeko ditugun bideak



Hasteko, aipatuko nuke asko gustatu zaizkidala irakurgaian bildutako materialetako batzuk. Adibidez, “Hezkidetza egoerari buruzko diagnosi azterlana Gasteizko Ikastetxeetan (0 eta 18 urte)” edo Amelia Barquinen "ESKOLA FEMINISTARANTZ. Generoaren motxila husten". Azken honetako aipu labur bat besterik ez dizuet ekarriko, niretzat gai honen sintesi itzena dena: "Barquinentzat eskola parekidetasuna lantzeko “leku pribilegiatua” da. “Baina ez da erraza, hori argi eduki behar dugu. Beraz, eskolari ematen zaion berdintasunerako enkargua bete nahi bada, baliabideak ere eman behar zaizkio. Eskolak aukera asko dauzka gai batzuk aurrera eramateko, eta horietako bat da hezkidetza, baina eskolak bakarrik ezin du. Hori da daukagun erronka, eta horretaz kontziente izan behar dugu". Dena den, badira hain erabilgarriak suertatu ez zaizkidanak ere. Esate baterako, “Ikastetxearen hezkidetza-eredua egiteko gida” zaharkituta dagoela uste dut (1997 urtekoa da), baita “Eskola hezkidetzailearen azterketa eta ebaluaziorako jarraibeak” argitalpena ere. Emandakoak osatzeko, oso interesgarria iruditu zait euskal kulturaren inguruko diagnostiko labur eta zehatz hau, baliabide bilduma ere barne hartzen duena: "Genero ikuspegia (gure) kulturan".

Galdetzen ziguten curriculum eta baliabide didaktiko hezkidetzailea txertatzeko zailtasunik handiena zein den eta, nire ustez, formazioa eta denbora dira gakoak. Eraldaketa bat den heinean, hezkidetza prozesu bat da, eta horretan epe ertaineko begirada aktibatu behar dugu. Nire inguruan, gutxienez, asmo on ugari dago, baina formazioa edo ez dago edo ez da kalitatezkoa edo oso puntuala da. Beraz, ez du aukerarik ematen sakoneko eraldaketarik martxan jartzeko. Aldi berean, formazioaz gain hezkidetza prozesuari berari denbora eskaintzea eta prozesuan heldulekuak eskaintzea oinarrizkoa dela iruditzen zait.

Eremu hezitzaileetan/jendartean baliabideetan hezkidetzan oinarrituriko begirada sustatzeko estrategia “erabilgarri” bat aipatzeko, ikasleekin erabili ohi dudan ariketa bat ekarriko dizuet. Behin, kasualitatez, generoa eta diseinua ardatz zituen erakusketa batean egon nintzen eta bertako katalogoko irudiak erabiltzen ditut hausnarketa bultzatzeko. Lehenengo, irudi hau erakusten diet: 



Gero, galdetzen diet: etxean duzun zulagailuaren/irabiagailuaren antzekoa da? Badago alderik? Eta hortik hasten gara eztabaidan, hizketan. 

Diseinuak sekulako garrantzia du gaur egun eta ez dakit kontziente garen zenbateraino indartzen dituen (hala nahi bada) genero-rolak. Askotan hitz egin da publizitatearen inguruan, baina hain ohiko ditugun etxetresnei ez diegu hainbeste erreparatzen, adibidez. Gainera, oso interesgarria da aldea, fisikoki, ikusi ahal izatea. Esan nahi dut, intuizioz pentsatu dezakegula diseinuak baietz, baldintzatzen gaituela, baina agian ez dakigu neurtzen zenbateraino. Kasu honetan, egin dute esperimentua: diseinuari ezaugarri femeninoak jarri dizkiote normalean ezaugarri maskulinoak izaten dituen etxetresnari, alegia zulagailuari, eta alderantziz egin dute irabiagailuarekin. Hala, bi objektuak parez-pare izateko aukera dugu, eta orduan bai, etxean izan ohi ditugun tresnen eta argazkian agertzen zaizkigunen arteko ezberdintasunak neurgarriagoak dira. Hots, hasieran intuizioa zen hori ezaugarri zehatzetara ekar dezakegu, neurtu, zerrendatu.

Aurreko edizioetako ikaskideek egindako sarreren artean, "Ba gera... gu ere bai..." izenburua duena aukeratu dut. Ez soilik gaur Donostian danborrak jotzen hasiko direlako, baizik eta nagusiki, "Euskal curriculuma genero ikuspegitik" dokumentua duelako ardatz. 

Bukatzeko, Ondarrun hezkidetzan egindako bidea eta aurrera begirako asmoak biltzen dituen bideo bat utziko dizuet (agian zuetakoren bat agertuko da bideoan?):



2023/01/17

Zuk aukeratu: parte ala aparte?

 

Hasteko, aurreko urteko blogeko sarreren artean “Eraldaketa partaidetzaren bidez” deitzen dena aukeratu dut gizarte eraldaketa asko interesatzen zaidalako eta, noski, partaidetzak ekarpen handia egiteko duelako alor horretan. Gainera, oso interesgarria iruditzen zait Debagoienan alor horretan egiten ari diren lana, postean aipatzen dena tarteko, eta hurbiletik bizi ditut partaidetza prozesu horietako batzuk. Bide beretik, Iruñeko Udaleko partaidetza saila ere kontuan hartzekoa da, ekimen interesgarri ugari jartzen baititu martxan.

Bestalde, inguru hezitzaileetan partaidetza parekidea sustatzeko erabilgarria izan daitekeen baliabideren bat gomendatzeko eskatu digutenez, nik moldaketa bat egin nahi nuke beste alor bateko ekimen batetik abiatuta. 2016 urtean Donostia Europako Kultur Hiriburu izan zenean martxan jarri zen “Energia olatuak” deitzen zen ekimen bat. Bertan, herritarrek proposatutako ekimenak diruz laguntzen ziren eta zein proiektu finantziatu erabakitzeko errolda bidez aukeratzen zen herritar talde bat. Hemen dago azalduta zehatzago: 



Proiektua bera baino, kasu honetan, herritar talde horrek erabiltzen zuen metodologia da gehien interesatzen zaidana. Izan ere, iruditzen zait hezkuntzarako esportagarriak diren zenbait kontu badaudela. Adibidez, herritarrek (edo, gure kasuan, ikasleek) egindako proposamenak ahalik eta modu sinple eta eraginkorrenean jasotzea. Gero, kuantitatiboki eta kualitatiboki baloratzea jasotako proposamenak eta, horretarako, talde hetereogeneoa osatzea. Gure kasuan, talde hetereogeneo horretan adin desberdinetako ikasleak izan daitezke, kasuaren arabera, edo baita ikas-komunitate osoa ordezkatuko duten kideak ere.

Azkenik, nire inguruan partaidetzaren inguruan behatu ditudan aspektuen artean “Tertulia dialogikoa” deitzen den ekimen bat aipatu nahiko nizueke. Agian “tertulia dialogiko literarioa” da burura etorri zaizuen lehen adibidea, baina ez du literaturarekin lotuta egon beharrik, badaude bestelako tertulia dialogikoak ere. Irakaskuntza dialogikoa oinarri hartuta metodologia bat planteatzen da tertulia dialogikoen bidez. Laburbilduta, zazpi printzipio ditu metodologia honek eta, hain zuzen ere, horietako bat da berdintasunezko elkarrizketa. Hori lortzeko, moderatzaileak banatzen ditu modu orekatuan tertulian parte hartzen duten kideen hitzartzeak. Oso harrera ona du ekimenak eta parte hartze parekidea lortzen da.


2022/12/18

Ez galtzeko bideak

 

Aste honetako hausnarketa espazio eta denboraren ingurukoa izan da eta, lehen-lehenik, aitortu behar dut datuak irakurtzerakoan aulkian mugitzen hasi naizela, ezinegonak edo egonezinak hartu nau: nola da posible kale izendegian hain emakume gutxi egotea? Eta daudenen artean gehienak erlijioari lotutako emakumeak izatea? Are gehiago, emakume handiei hain espazio urrun, txiki edo ezdeusak eskaintzea? Baina memorian arakatzen hasi eta duela gutxi konturatu nintzen Bilbon erdi-erdian dagoen kale baten izena ez dela Casilda Iturrizar kalea, baizik eta "Viuda de Epalza". Oso biografia bitxia du, gainera, emakume horrek, batez ere alderatzen badugu nolako bizimodua zuen ezkondu aurretik, ezkonduta zegoenean eta alargun gelditu zenean. Interesa baduzue  Wikipedian duzue bere biografia. Berriki irakurri dut, halaber, Louise Michel iraultzailearen izena jarri diotela Baionako plaza bati eta zenbat ospatu dugun ikustea bada, agian, zein "arraroa" den neurtzeko termometro ona.

Espazioaren gaiari lotuta, zuzen-zuzenean, burura etorri zaizkit arkitektura eta hirigintza. Hau da, gure etxeak edo lantokiak nork, nola eta zertarako eraikitzen dituen, baita gure herri eta hiriak ere. Oso gomendagarria da, bide horretan, "Urbanismo feminista" liburua (argazkian duzue portada), aste honetako irakurgaian aipatzen den Col.lectiu Punt 6-ek egindakoa. Nahi gabe iritsi zitzaidan esku artera eta ordura arte egin gabe nituen gogoetak ekarri zizkidan. Bide beretik, duela urte batzuk deskubritu nuen Irati Mogollon aditua eta berak ere sakon jorratu du gaia, besteak beste, Emakunderentzat egin zuen "Zaintza arkitekturak eta zaharahalduntze prozesuak plazara" ikerketan. Arkitekturaz gain hirigintzari erreparatu nahi badiozue, eta irakurri ordez nahiago baduzue entzun, Hebe Gonzalez Lasa arkitektoak hirigintza feministari buruzko kolaborazioak egin zituen Hala Bedi irratian duela urte batzuk eta oso kontu interesgarriak aletu zituen. Adibidez, bazenekien zure etxeko sukaldearen diseinua Margarete Schütte-Lizhotzky-ren lanean oinarrituta dagoela (nazien kontrako aktibista feminista ere izan zena)? Berak asmatutako “Frankfurteko sukaldea”-k iraultza eragin zuen duela mende bateko gizartean.

Ziberespazioari dagokionez, uste dut erreferenteak izatea funtsezkoa dela eta horretan bikain ari da "Zulora" saioa, emakumezko erreferenteak lehen planora ekartzen. Saio honetan, bereziki, gaia jorratzen dute:


Aurreko edizioetako sarreren artean "Kanpoa nola, barrua hala" deitzen dena aukeratu dut. Hasteko, izenburua bera oso iradokitzailea iruditzen zait, ongi laburbiltzen du eraldaketa zer den. Gainera, eskolako patioaren eraldaketa prozesuaren faseak "Jabetu-amestu-adostu-eraiki" izan ziren eta beste testuinguru askotara aplikatu daitezke, nire ustez.

Azkenik, eremu hezitzailean gaia lantzeko aipatu dira patioak, baina eskolak ere ez ote lirateke eraberritu beharko? Antzekoegiak dira eskolak, ospitaleak eta espetxeak elkarren artean, denetan kontrola eta botere-banaketa gailentzen baitira. Bideo bat bilatzen saiatu naiz, baina ez dut aurkitu; bertan munduko umeei galdera egin zieten: nolakoa da zure ametsetako eskola? Eta erantzunekin osatutako bideoak hankaz gora jartzen zuen gaur egungo eskola eredua. Dena den, uste dut bidea urratzen hasiak garela, eta agian ikuspegia argitzeaz gain modus operandia sistematizatzea dela orain erronka. Hasieran aipatutako lau faseak baliagarri lirateke eremu hezitzaileko espazioak eraberritzeko, elkarrekin: jabetu-amestu-adostu-eraiki.

2022/12/08

Hitzen "lioa" iruten


     ahoz, 

            belarriz,

             bihotzez

                    ekiteko

                    zuentzat

  proposamena:

           antolatu

                 dezakegu

    Hezkidetzaldia?

 

Aurreko edizioko sarreren artean “Hizkuntza hitzak baino gehiago da” sarrera aukeratu dut izenburuak dioenarekin ados nagoelako eta, gainera, testuan nabarmentzen duelako patriarkatua sistemikoa izan arren norbanakook badugula horri aurre egiteko erantzukizun pertsonala. Hizkuntzak nagusiki komunikazio tresnak direla pentsatzea kolonialista da, nire ustez, eta kalte handia egiten die munduan dauden 6.000 hizkuntzen artean gehien-gehienei. Hizkuntza, gorputza bezala, garenaren parte da eta, aldi berean, egin egiten gaitu. Burura etorri zait hainbat hizkuntzatan argitaratu berri den liburu hau:


Amelia Barquinek Emakunderekin osatutako “Euskararen erabilera ez sexista” gidatik eremu hezitzailean landu beharreko lehentasunezko bi alderdi aukeratu ditut: emakumeen aipamen asimetrikoak eta atsotitzak edo esaera zaharrak. Lehenengoa lankide feministenekin lantzeko aukeratu dut, uste baitut arlo honetan badugula zer hobetua gure ikasketa prozesuan. Hau da, entrenatu dugu burua (edo begirada) beste mekanismo batzuk identifikatzeko, baina nire ustez nahiko ohikoa da oraindik ere emakumeak aipatzea gizonekiko duten harremanaren arabera edo emakumeak txikigarrien bidez aipatzea (iniziala, abizenik ez, neska edo gazte deitzea…). Bigarrena, atsotitzena, aukeratu dut, euskara irakasle naizen heinean, klasean lantzeko oso aproposa iruditzen zaidalako. Batetik, tradizioari begira jartzea behar-beharrezkoa iruditzen zaidalako eta, bestetik, neurri berean aritu behar dugulako tradizioa etengabe eraldatzen, gure egiten, aurrera egin dezan.

Bukatzeko, uste dut nahiko zabalduta dagoela euskaraz genero gramatikalik ez dagoenez “arazo bat gutxiago” dugula hizkuntzaren erabilera ez sexistari dagokionez. Aldiz, sexismoa hain agerikoa ez izateak bidea zabaltzen dio pasibitateari. Duela 2 urte “Euskara eta feminismoa bidelagun” jardunaldietan oso gogoeta interesgarriak egin ziren honen inguruan, tartean Amelia Barquinek berak, eta hementxe utziko dizkizuet (bideo bakarrerako lotura da, baina erreprodukzio zerrenda osoa gomendatzen dizuet):



2022/12/05

Heroi oro oroi

Aste honetan emakumeen eskarpenei buruz hausnartzerakoan konturatu naiz zenbateraino dugun deformatuta diagnostikoa. Hau da, badakigu oro har ez direla kontuan hartzen emakumeek garai batean edo bestean esan edo egindakoak, baina ez dakit hain argi dugun zenbateraino ez ditugun kontuan hartzen. Normalitateak erabat baretu gaitu eta propio lantzen ez badugu ez gara konturatzen gai askotan ez emakumeak, ez emakumeek egindako lanak, aipatu ere ez ditugula egiten. Hori dela eta, ariketa bat egin dut eta zuei ere gonbidapena luzatzen dizuet egiteko (etxean, lanean...). Lehenengo, irakasle batekin egin dut. Historia irakaslea da eta lan mahaiaren atzean apalategi oso bat du klaseak prestatzeko erabiltzen dituen liburuz beteta. Eskatu diot apalategian buruz behera jartzeko gizonek idatzitako liburuak, emakumeek idatzitakoak bistan gelditu daitezen. Hauxe izan da emaitza:


Ez dago apenas libururik zutik. Berak esan du emakume historialari gutxi daudela eta gai espezifikoetan edo espezializatuetan halaxe izaten dela maiz. Hortaz, bigarren ariketa egin dut, oraingoan ikasleekin: eskolako liburutegira joan gara eta, eleberriak edo nobelak direnez gehien irakurtzen direnak, berdina egin dugu liburutegiaren zati horrekin. Hau da, eleberrien artean buruz behera jarri ditugu gizonek idatzitakoak eta zutik utzi emakumeen lanak. Hau izan da emaitza:




Berriz ere oso-oso gutxi izan dira zutik gelditu diren liburuak. Hausnarketa aberatsak egin dituzte ikasleek: bazekitela emakume gutxiago izango zirela, baina ez zutela uste aldea hain handia izango zenik, edo dauden emakumeak nobel saridunak edo oso ospetsuak direla eta horrek gutxieneko langa itogarria ezartzen duela emakumeentzat, adibidez. Horrez gain, hasi dira pentsatzen: buruz behera jarriko bagenitu europarrek idatzitakoak edo txuriek idatzitakoak ere antzerako gertatuko litzateke. Azkenik, ondorio batera iritsi dira: kontzientzia hartzea urrats bat dela, baina eskutik ekintzarik ez badakar nekez aldatuko dela egoera. Alegia, inertziari jarraituz gero, ezer egin gabe, beti jasoko ditugula neurri askoz handiagoan gizonezkoen ekarpenak, beraz guztioi dagokigula ahalegina egitea, nor bere alorrean, emakumezkoen ekarpenak barne hartzeko.

Ildo horretatik, aurreko edizioetako blogeko sarrerak irakurtzen aritu naiz eta Arantxa Urretabizkaiari buruzkoa aukeratu dut hona ekartzeko. “Zergatik panpox” liburuan hasi zen moldeak apurtzen eta ordutik hori besterik ez du egin euskal literaturan. Hala ere, ez du behar adinako osperik.

Eta euskal emakumen aitzindari bat ekartzeko ere bide beretik jo dut. Ospe handiko kontuetan egindako ekarpenaz baino, egunerokoan sekulako eragina duten “txikikeria” horietan bidea urratu duen emakume bat ekarri nahi izan dut lehenengo. Perpetua Saragueta euskaraz idatzi zuen lehen emakumeen artean dago, bai, baina Nafarroan gidabaimena eskuratu zuen bigarren emakumea ere bada (1935ean lortu zuen) eta horrek bizitza goitik behera aldatu zion. Gainera, ohitura eta gaizki ikusien kontra, alabari izena euskaraz jarri zion lehenengoen artean dago Perpetua. Miren Agurtzane deitu zion alabari eta elizako liburuetan hala dago jasota. “Bidegileak” bilduman duzue emakume honen biografia labur eta arina. Aipatzekoa da falangistek senarra jipoitu eta lanerako gaitasunik gabe utzi zutela, beraz Perpetuak 8 kideko familiaren biziraupenaren zama eraman behar izan zuen bizkarrean. Etxeko eta etxetik kanpoko lanen artean aberatsentzat jostun aritzen zen, adibidez, eta horrek gogora ekarri dit “Neskatoak” dokumentala, bertan jasotzen baitira aberatsen etxeetan lanean aritutako emakumeen testigantzak. Ikusi ez baduzue, hona lotura. Azkenik, Bibiana aipatu nahiko nuke “Adunan galtzak jantzi zituen lehen emakumea”, berak ere bidea urratu baitzuen egunerokoan.

Egunerokoan egiten ditugun horiek iraultza txikiak diren heinean, nire ustez, hezkidetzan ere hala jokatu beharko genuke. Ikasleek agian gogoratuko dituzten gure hitzetako batzuk, baina ziur neurri handiagoan gogoratuko dituztela beraiek egindakoak, normaltasun hori urratzera eraman zituen egoera, alegia.

2022/11/23

Genero-indarkeria etxean

Gaurkoan saiatu naiz genero-indarkeriaren gaia lurreratzen. Adibidez, indarkeria psikologikoari dagokionez, paradoxa moduko bat ematen dela iruditzen zait: nire inguruan ikusten dut zenbait emakume ari dela berdintasunerantza bidean ahalegin handia egiten, egunerokoan, eta, gizonezko bikotekideak dituztenen artean, batzuetan gizonak direla etengabe goraipatuak direnak, ez sekulako ahalegina egiten dutelako berdintasunaren alde euren egunerokoan, baizik eta ez direlako espero bezain matxistak edo inguruko gizonak bezain matxistak. Hau da, lan berberak egiteagatik emakumezko horiek ez dituzte inoiz hitz politik jasotzen. Aste honetan bertan eman den adibide batekin hobe ulertuko da: gizonak janaria prestatu du eta, bitartean, emakumeak etxea garbitu. Gero, lagun artean, emakumeari bota diote “zelako zortea duzun” gizonak janaria prestatu duelako eta maiz egiten duelako. Inork ez du baloratu emakumearen lana eta gizon horrek ere ez du adierazi berak zegokiona baino ez duela egin eta, gainera, bitartean emakumea ere ari zela lanean. Deserosotasun puntu batekin, baina gizonak hitz politak jaso ditu eta isildu egin da. Uste dut horrek indarkeria psikologiko bikoitza eragiten diola emakume horri: taldearena eta bikotekidearena. Isiltasuna, batzuetan, oso bortitza da. Uxue Alberdik elkarrizketa honetan horri buruzko hausnarketa egiten du:

“Isiltasun mota ezberdinak daude. Gauza bat da begietara begira, aldamenean isilik geratzea, pentsatzeko... atxikimenduzko isiltasuna. Hori sumatzen dugu batzuengan eta estimatzen dugu, denok behar ditugu isiltasun aroak. Baina beste isiltasun mota bat da ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea, gure bizipenei eta pentsamenduari garrantzia kentzea, propio ezikusiarena egitea, eta horretatik ere badago.”

Niretzat halako korapiloak askatzeko moduak elkarrekin bilatzea funtsezkoa da. Izan ere, emakume horrek egunerokoan frustrazioa pilatzen du, ahalegin guztia eginda ere feminismoan beti baititugu oraindik mila frente pendiente. Hau da, emakume horrek egunerokoan jasotzen duen mezu subliminala da: egiten duzun guztia ez da aski. Aldiz, bere gizonezko bikotekideak, objetiboki askoz gutxiago egin arren, egunerokoan goraipatzen dute eta jasotzen duen mezu subliminala da: ondo ari zara. Agian aldrebes izatea ez litzateke ideala, baina logikatik hurbilago egongo litzateke.

Indarkeriaren beste adibide bat etxebizitzaren “meloia” ireki eta berehala agertzen zait niri. Inguru hurbilean ditudan emakumezko gehienek etxea dute jabetzan (hipoteka ordaintzen ari dira edo beste moduren batean konponduta dute kontua) eta uste dut honen atzean badagoela indarkeria ekonomikotik askatzeko saiakera, hots “etxe bat norberarena” izateko ahalegina. Emakume horien artean:

o   Emakumezko bikotekidea dutenek: bi emakumeek dute etxea jabetzan edo beste nolabait konponduta dute etxebizitzarena, nork bere aldetik.

o   Gizonezko bikotekidea dutenek: etxea beraien kabuz lortu dute, dela momentu horretan bikotekidea baino egoera ekonomiko nabarmen hobea zutelako, dela momentu horretan bikotekiderik ez zutelako. Bi kasuetan gizona emakumearen etxean bizitzea adostu dute.

o   Bikotekiderik ez duten emakumeek: beraien kabuz lortu dute etxea izatea.

Badakit nire inguru hurbilena gizarte osoaren adibide eta, gainera, etxebizitza izatea bera gaur egun badela denen eskura ez dagoen aukera. Dena den, interesatzen zait nire ingurura begira egin daitekeen irakurketa, murritza dela jakin arren.

Uste dut nire inguruan gertatzen denak zerikusi handia duela emakume bati ezartzen zaion bizimoduarekin: emakumeak 25 urteak bete orduko argi izan behar du norantza bideratu nahi duen bere bizitza eta, beraz, espero da bizitza horretarako baldintzak sortzen hastea, tartean baldintza materialak, etxebizitza kasu. Horrek esann nahi du erabaki batzuk hartu behar direla (adibidez, epe motzean etxebizitza erostea ahalbidetuko dizun lan bat izatea, non bizi nahi duzun pentsatzea…), zenbait kontu lehenetsi eta beste zenbait bazterrean utzi. Hori dena espero da emakumeengandik eta ez gizonengandik (edo gizonengandik beranduago espero da, gutxienez).

Gainera, harrigarria da emakumezko bikotekidearen etxean bizi diren gizonek “ardura bat gutxiago” gisa bizi dutela egoera hori “etxarena konponduta”. Aldiz, pareko egoeran ikusi ditudan emakumeak larriago daude, “ezer gabe” daudela uste dute etxerik ez badute jabetzan, babesik gabe daudela bikotekidearen etxean bizi badira. Etxea jabetzan duten nire inguruko emakumeen artean ere “babes” gisa ikusten dute kontua, pasatzen dela pasatzen dela ere etxea beti izango baitute hor. Uste dut hor ahalduntze bat badagoela, independentzia ekonomikoa, baina aldi berean azpiratzea bistakoa dela. Zegatik ez dira gizon horiek “babesik gabe” sentitzen etxea jabetzan ez dutenean? Zergatik aurreikusi dute emakume horiek, ez soilik nolako bizimodua nahi duten, baizik eta baita bizitzarako B plan posible bat ere?

Euskadi Saria jaso duen Maite Mutuberriak hitz gutxi eta esanahi handiko liburu bat egin zuen 2018an eta horrela aurkeztu zuen:

“Izena eman nahi nion. Nola deitu hainbeste nekatzen ninduen horri? Dena zikintzen zuen oinazeari? Zer hitz jarri orban horri? Nire koadernoetara irauli ahal izan nuen, besterik ez. Eta izendatzen jakin gabe jarraitzen nuenez, lohia deitu nion.”

Lohia liburuak ilustrazioak biltzen ditu:


Nik uste dut genero-indarkeria ere lohia dela.




2022/11/22

Mundua azpikoz gora, dena jartzen du aldrebes

Testu luze bat idatzita nuen feminismoari buruz: zer den, zer ez den, zuen hausnarketek nora eraman nauten... baina, gauzak zer diren, akats informatiko baten ondorioz dena ezabatu da. Aldika gorde behar dira sortzen ditugun dokumentuak, badakigu denek, baina nik gaur ez dut egin. Beraz, agur, joan da.

Akaso ez zen hain garrantzitsua kontatu behar nizuena edo, bertzerik gabe, alferregia naiz berriz zerotik asteko. Afera da joan-etorri hauetan konturatu naizela feminismoa zer den, zer izan den eta zer izatea nahi dugun jakiteko milaka irakurketa eta elkarrizketa ditugula, batzuk eginak eta bertze batzuk egiteke oraindik. Baina, funtsean, feminismoak niri egin didan ekarpenaz aritzea da egokiena, horretan bainaiz ni "aditu". Eta, hara, nire hitzak joan direnez Lula Gomezen irudi hau ekarri dizuet feminismoak niri egin didan ekarpena laburbiltzeko: