2023/01/30

Orientatu hezkidetzarantz

Astean zehar agertu eta esanguratsuak diren datu edo ikerketen artean bi ekarri nahi ditut. Batetik, Gaindegiak, alegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak, egindako txostena. Bertan irakurri daiteke, adibidez: Hego Euskal Herrian gizonen hileko batez besteko kotizazio-oinarria 2.457 eurokoa da (kotizazio gordina), emakumeena, ordea, 2.065 eurokoa (-%16,1). Gizon eta emakumeen arteko desoreka handiagoa da kotizazio-oinarriaren gainean lanorduko soldatan baino. Besteak beste, lanaldi partzialen feminizazioa -lanaldi partzialen hiru laurdenak emakumeen esku daude-, ezkutuko ekonomia eta lan merkatuan erroturiko beste aldagai batzuk medio. Horrez gain, soldata arrakala jasotzen duen ondoko infografia ere oso esanguratsua dela iruditu zait:



Bestetik, argitaratu berri den “Irautea iraultzea denean” artikulua ekarri nahi izan dut, plaza publikoan lan egiten duten hainbat emakumek sinatu zutena. Nire ustez, primeran jasotzen du feminista publikoa izatearen zama eta, are gehiago, ziur nago plaza publikoan aritzen ez garen askok zerrendako elementu ugari egin ditzakegula gure. Esate baterako:


“Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. (...) Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea. (...) Guapa zatozen (ala ez) mintzagai izatea. (...) Emakumea izateko zakarra zarela esatea. Femeninoa ez zarela entzutea; hurrena femeninoegia zarela. Zuk hitz egin ostean gauza bera errepikatzea, hobeto esango balu eta bere ideia izango balitz bezala. (...) Rola etengabe markatzen dizutela sumatzea. Zeure burua zigortzea gai batean ez duzulako markoa ondo finkatu. Aitortza sozialik ez duzula pentsatzea. Gaizki ulertu daitezkeen hitzak esan dituzulako burua jatea. Ardura indibidualaren gainetik ardura kolektiboa sentitzea. Nekea.“


Aurreko urteko posten artean “Aukera askea orientazioan” aukeratu dut informazio asko (baina asko!) biltzen duelako esteken bidez eta zer pentsatua eman didalako “nesken autokonfiantza falta”-ri erreparatzeak. Gainera, oso interesgarria iruditu zait bertan jaso duen bideoa, ezagutzen ez nituen erreferente berriak eman dizkit.


Bukatzeko, orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkarik nagusiena, nire ustez, paradigma aldaketa da. Lantzat zer dugun berdefinitzen jarraitu beharko genuke, biziraupena bera barne hartzen duten jarduera guzti horiek ere lana direlako, lan konstante bakarra gainera, soldatapeko lanik ez dagoenean ere bertan jarraitzen dutelako. Hortaz, hezkidetzaren ikuspuntutik horiek bizitzan integratu beharko genituzke lanaz ari garenean. Bestalde, kudeaketa emozionala ere erronka handia iruditzen zait, izaki sozialak garen heinean komunikazioan oinarritutako harreman osasuntsuak eraikitzen eta mantentzen ikasi behar dugulako.


Horren harira, Uxue Alberdik botatako hitz batzuk: "Askotan sinetsi nahi izaten dugu maite dugun jendearen artean ez dagoela indarkeriarik edo botere harremanik, baina gure familia, bikote, kuadrilla, lan edo militantzia eremuen desidealizazioa da etorkizun berdinzaleagoa eraikitzeko bide bakarra". Hementxe duzue hitzaldia osorik:




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina