#ainhoa zumeta mendizabal etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#ainhoa zumeta mendizabal etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/04/24

PAUSOKA PAUSOKA

 

Aste hauetan ikastaroari esker bizi izan dudana oso intentsoa izan da. Astero hausnarketa pertsonalerako proposamen interesgarria aurkitu dugu. Pertsonalki nola nago gai honekiko? Nire ingurua? Nire eskola? … eta hortik gure bidea eraikitzen joateko informazio, baliabide ugari eskaini zaizkigu.

Gainera, astez aste oraingo eta aurreko urteetako ikaskideen ekarpenak irakurtzeko beta ere izan dugu. Irakurketa horiek ere oso aberatsak izan dira niretzat.

Denbora aldetik esfortzu handia eskatu didan esperientzia izan da baina egindakoak asko merezi izan duela uste dut. Betaurreko morak jantzita ditudala nabil orain .



Aurkezpenean esan nuen bezala datorren ikasturtean eskolako zuzendaritza taldean egongo naiz eta orain gure eskolak eskola hezkidetzailea izateko eman beharreko pausoak zein diren argiago daukat.

Lan praktikoan eskolan egiteko diagnosia prestatu dut eta gogotsu nago hemen ikasitakoa eskolan aplikatzen hasteko!!

Agur esateko aukeratu dudan abestia honako hau da:




Pausoka pausoka joango garelako bidea egiten irribarrea ezpainetan dugularik!

HEZKIDETZAN ESKU HARTZEN ikastaroa egitea oso aberasgarria izan da. Profesionalez osatutako talde batek eginiko ikastaroa aurkitu dut eta arro nago ibilbide hau egin dudalako. Ikastaroan  zehar egin ditudan hausnarketa pertsonalei esker nire beldur, muga askoren jatorria ezagutu dut eta behin ezagututa hauei aurre egin eta ni ahalduntzeko aukera izan dut. Banoa aurrera!!

Bide honetan aurkitu ditudan ikastaro kideei eskerrak eman nahi dizkiet astero egin dituzten ekarpenengatik. Nekatuta nengoen asteetan ere beraien ekarpenak irakurri eta aurrera jarraitzeko indarra ateratzen nuen.  Asko ikasi dut beraien hausnarketak irakurriz, denon artean irakasleek proposatutako gaiak aberastu ditugulakoan nago.

Gure ibilbidea hemen bukatu da, irrikitan nago hurrengo ikasturteetan etorriko diren kideen ekarpenak irakurtzeko!! Aberastasuna ematen duen ikastaroa da benetan!

 

Ikastaro honen amaieran itxaropenez beteta nago. Erronkaz beteriko bidea dugu aurretik baina bidea oso ilusionagarria da!! Eskola hezkidetzaileak bilakatzeko aukerak ezagutu ditugu eta orain lanerako garaia da!!

Betaurreko moreak eskola komunitate guztietako partaide guztiek janztea da erronka!!

Plazer bat izan da zuek guztiok ezagutzea!!

Ondo izan!!


2021/03/29

INTERDEPENDENTZIA LEHEN LERRORA


Tratu onak nork bere buruarekin hasten ditu. Gure buruari nola hitz egiten diogun funtsezkoa izango da kalitatezko barne bizitza izateko eta besteekin harremantzeko garaian ere baliabideak edo mugak eskainiko dizkigu.

Ikasleekin gabiltzan profesionak orok autoezagutza egoki bat izan beharko genuke, gure burua ondo zaintzeko gai izan beharko genuke eta hortik besteari lagundu ahalko genioke, bestea zaindu ahalko genuke.

Aste honetan beraz zaintzaren etikaz jardun gara. Feminismoak azken urteetan plazara ekarri duen gaia da, baina oraindik ere asko landu behar dugun gaia da. Lehen ikusi genuen bezala pertsonen zaintzara zuzendutako profesio gehienak feminizatuak daude eta zenbat eta feminizatuagoa orduan eta baldintza okerragoetan egongo dira langileak. Adibide garbia dira etxe, eskaileretako garbitzaileak edo gure aiton-amonak zaintzen dituzten emakumeak.

Beraz zaintzaren etika eta justiziaren etika eskutik helduta doaz eta iruditzen zait askotan ikusi nahi ezinik gabiltzala egoeza zail hau.

Beraz, animalia sozialak garen momentutik elkar zaintza batean oinarritutako gizarte orekatu baten alde egin behar dugu.

Arrazonamenduan oinarritutako gizarte matxista bat jaso dugu oinordetzan. Zorionez feminismoak elkarbizitzaren, elkarzaintzaren beharra eta garrantzia ekarri ditu plazara. Zaindua eta zaintzailea erdira ekarri, ikusi, errekonozitu behar ditugu . Lan hauek duindu behar ditugu gizarte humanoago bat sor dezagun. Humanitate horrek elkarbizitza positiboagoa ekarriko du, beste kontzientzia batetik heziak izango garelako.

Ez dut ahantzi nahi ordea ekofeministek honen inguruan landu dutena. Hauek defendatzen duten eran emakumeak bigarren maila batean kokatuak izan garen bezala historian andropozentrismoa gailendu da. Natura, planeta ustiatu zitekeen almazen baten gisan tratatu dugu eta azken urte eta erdian honen eragin zuzena pairatzen hasi gara. Beraz zaintzaren etikaz hitz egiten dugunean pertsonez haratago doan etika batetaz ari gara. Izadi osoaren zaintzaz ari gara.

Hezkidetzak eta ingurugiroaren zaintzak gure egunerokotasunean zeharka jarduera guztiak busti behar dituzten ardatzak izan behar dute beraz.

Orain dela gutxi Alicia H.Puleo-ren hitzaldi bat entzuteko aukera izan nuen eta ekofeminismoa eta zaintzaren etikaz jardun zuen. Egia esan oso interesgarria egin zitzaidan bere ekarpena. 

Hemen uzten dizuet bere hitzaldi bat.


Ekofeminismoa azaltzen duen artikulu hau ere interesgarria da



Aurreko ikaskideeen blogei begira aritu ondoren Maider Avaristoren post hau gustatu zait bertan gai hau  ikastxeetan nola landu daitekeen zerrenda mamitsua egiten duelako.

Bere ideiakin bat nator.

 Gaia Haur hezkuntzako ikasleekin lantzeko bideo hauek aproposak iruditzen zaizkit:




Eta hau helduontzako!!




2021/03/22

Emakumeok indartu, gure tokia hartu

 

Dena botere kontua dela konturatu naiz. Boterea batzuek izatekoa denon sinesmenak eta mundua ulertzeko sistema bat antolatu du patriarkatuak. Hortik ateratzea hain da zaila askotan ez garela jabetu ere egiten zer tranparen barruan bizi garen.

Ahalduntzearen garrantzia hor kokatzen dut. Feminismoa egiten ari den lana ikaragarria dela iruditzen zait. Gizarte osoak begien aurrean zeukan beloa kentzen ari da poliki-poliki eta erresistentzia asko topatu arren bidean honek ez dauka atzera pausorik. Pausoak nahi baino motelagoak izango dira baina pauso bakoitza garaipen bat da.

Aurreko ikasturteetako ikasleen ekarpenen artean Ainararen hau ekarri nahi dut Haur Hezkuntzari lotutako  gustatu zaizkidan proposamenak egiten dituelako.

 

Gizarte demokratiko baten aldeko apustua egin nahi badugu, berdintasunean oinarritutako heziketa baten alde egin beharra daukagu eta hezkuntzan dihardugun guztiok gai guzti hauetan sentsibilizazio lan handia egiteke daukagu.

Botere harreman hauek guztiak nola antolatzen diren gurean ikusi, hauek apurtzeko bideak bilatu, ikasleei korapilo berdinetan ez erortzeko tresnak eskaini behar dizkiegu.

Hezkuntza komunitate osoak lan sistematikoa egin beharra daukagu, egunerokotasunean egiten ditugun jarduera guztiak zeharka ditzan feminismoaren begiradak, berdintasunaren begiradak .

Hausnarketarako Marian Morenoren bideo hau egokia izan daiteke:


Bukatzeko gai serio hau humorez lantzeko proposamena:




2021/03/15

IKASTEKO AUKERA

 

Aste honetako irakurgaiak ere eman du bai hausnarketarako gaia.

Gatazkak egunerokoan ditugu eta hauek nola bizi muga edo ikaspen ugari emango dizkigute.

Oihana Sanchez-ren post hau aukeratu dut gatazkaren inguruan lagungarriak izan daitezkeen baliabide oso interesgarriak partekatzen dituelako.

Norberak edo parte sentitzen den kolektibo batek bere burua ahaldunduta ikusten badu eta behar duen lekua ematen ez zaiola bizi badu bere lekua hartzen , eskatzen saiatuko da eta noski mugimendu horrek gatazka bat ekarriko du ordurarte espazio hori okupatzen zuenarekin.

Adibide garbia da feminismoa . Feministen eskutik emakumea bere lekua eskatzen, hartzen ari den une oro gatazka sortzen da. Lorpenak daudenean taldeak ospatu egiten dugu bai baina hurrengo urratserako bidean jartzen gaitu benetako berdintasun bat nahi badugu eskilarak igotzea tokatzen zaigulako eskilara bakoitza borroka bide bat da, gatazka batean lorpen garaipena dagoenean hurrengoa helburu.

Demokrazia, berdintasuna lortzeko gatazka egongo da ordurarte antolatua egon den sisteman desoreka sortzen duelako.

 

Gatazkak intrapertsonalak, biren artekoak edo kolektiboak izan daitezke.

Interes batzuk egon daitezke atzean, edo sinesmenak edo beharrak…

Unean uneko gatazkaren muineraino joatea interesgarria izango litzateke soluzioa bilatu nahi badiogu eta horretarako aldek elkar entzutea beharrezkoa da.

Hemen ideia honekin lotutako bideotxo bat


Eskola eremuan bitartekaritza lantzea interesgarria izan daitekeela uste dut nik.

Horrela ikasleei bizitzan dagoeneko dituzten eta izango dituzten gatazkak bideratzeko modu interesgarri bat eskainiko diegulako

Hemen duzue horren adibide bat



Bukatzeko bideotxo honekin amaitu nahiko nuke aste hontako post-a. Denok dugun zauri hori nola sendatu erakusten digu eta!! Maita dezagun gure burua eta besteak!!





2021/03/08

HAUTSI, ERAIKI, ASKE BIZI

 


Aste honetako lanarekin hasteko aurreko taldekideen post-ak irakurtzen aritu ondoren  MarĆ­aren post hau aukeratu dut  bere hausnarketarekin bat natorrelako eta gaia lantzeko baliabide interesgarri ugari eskaintzen dizkigulako.

Aste honetako gaiaren inguruko baliabide posibleei dagokionez honako hauek eskaini nahi dizkizuet:

  • Xabier Iturberen hitzaldi hau  interesgarria egin zait klaustroan lantzeko.

  • Haur Hezkuntzako lehen urteetatik lanean hasteko materialen artean honako bideotxo hau erabil daiteke :



  • Eta honako hau LH-ko goi mailetan eta DBH-ko mailetan ikasleek ikusteko modukoa iruditu zait. Aste hauetan landutako hainbat gai oso modu ulergarrian azaltzen direlako.





Eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronka

Nagusiei dagokionez lehenik eta behin norberak konturatu beharko genuke nolako enkortsetazioarekin eraiki dugun gure nortasuna. Hausnarketa prozesu baten ondorioz konturatu gaitezke gure hautuak baldintzatuak izan direla etengabean.

Norbanakoaren afektibitatearen estrukturaketa  egiteko baliabideak eskaini beharko genituzke hezkuntzan eta jendartean.

Horretarako taldean hausnartu, formatu behar gara eta horrela eremu hezitzaile doituak eraikitzera iritsi gaitezke.

Talde lan koordinatuak behar ditugu aniztasunari errespetuz biziko diren eremu hezitzaileak sortzeko.

Lan handia dago estrategia , plan zehatzak garatu behar ditugu ikastetxeetan eta garrantzitsuena: plan horiek gauzatu egin behar dira modu koordinatuan ondoren egindakoa ebaluatu eta hortik hobekuntzak diseinatuaz aurrera egiteko.

 


2021/03/01

ETENGABEKO IBILBIDEAN

 



Errespetua izan da buruan izan dudan lehenengo ideia. Errespetua nire identitateari, nire bidean mugak eraisten joateko.

Norberak ez baditu barrurako bideak egiten zaila izango du kanporakoak egitea.

Oso baliagarriak egin zaizkit sokaren eta trantsitoaren sinbologiak genero-identitatea eta sexu-orientazioaren kontzeptuak barneratzeko.

Pertsona bakoitza bakarra eta anitza delako uneoro.

Aurreko edizioetako ikastarokideek egindako post hau aukeratu dut . Bertan Muriak lanerako baliabide oso interesgarriak eskaintzen dituelako.

Sentsibilizaziorako baliagarriak izan daitezkeen baliabide hauek ekarri nahi dizkizuet:


Gaiari hasiera emateko erabili daitekeen bideo motz hau egokia iruditu zait bideoa ikusi eta ikasleei zer piztu dienaz hitzegiteko.



Hurrengo biak zehatzagoak dira, gela barruan egiteko proposamenak eskaintzen baitizkigute.



Haur Hezkuntzako irakaslea izanik askotan gai hauek gure etapan nola landu zalantzak izaten ditugu . Bidea egiten joateko Skolae- Berdin-bidean proposamena oso lagungarria dela iruditzen zait.

Gainera Oinarriko heziketa guztian zehar egiteko ibilbidea proposatzen du.


Hau guztia eremu hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronkak  beste askoren artean honakoak direla esango nuke:
Jendarte parekide batean bizi gaitezkeela ikusaraztea gure ikasleei eta eskolak izatea horren adibide:
Estereotipoak apurtzeko lanketa hausnartua eta artikulatua eginaz eskola komunitate osoak.
Ikasle bakoitzari bere identitatea sendotasunez eraikitzen lagunduko dion espazio segurua eskainiz.
Errespetuan eta zaintzan oinarritutako eskola eremuak sortu jendartera zabalduko direnaren itxaropenarekin.
Hau guztia gauzatzeko eskola komunitate bakoitzak bere bidea egin beharko du. 
Plan, gida eredu pila bat dauzkagu, bada hauek egunerokoan koherentziaz  inplementatzen joateko garaia.


Bukatzeko oparitxoa...





2021/02/22

NOLA EGON?

 


Aste honetako hausnarketarekin hasteko  aurreko edizio bateko ekarpen hau jaso nahi izan dut. Muriak norbera izaten ikasteko konpetentziaren inguruan eginiko ekarpena interesgarria egin zaidalako.

Haur Hezkuntzatik AUTO- hitzen eraikuntza etengabe batean hasten baita pertsona. 


Haur hezkuntzako hezitzaile naizen aldetik nire egunerokoan ikusten dudanaz

Identitateen garapenean  hausnartu nahi dut; zein den curriculum ezkutuaren eragina gure egunerokoan.

 

3 urteko haurrekin ari naiz lanean eta azkenaldian alua duen ikasle bat zakila duten kideak zutik pixa egiten ikusten dituenez bera ere pixa zutik egiten saiatu da behin baino gehiagotan.

Zer ariko ote da pasatzen bere burutik? Bere identitatea eraikitzeko bidean errealitatean ikusten duena zalantzan jarri du eta bere bidea egiten ari da. Hau nik bai? Ez? Zergatik? Komeni zait?

 

Prozesu guzti hau ari dira bizitzen gure ikasleak eta tarteko hitzik gabeko komunikazioari esker barruan dauzkaten eraikuntza horien erreflexuak ikusteko aukera izaten dugu.

 

Beste adibide bat: Jolas sinbolikorako mozorroak izaten dituzte haurrek eskura egunerokoan eta 2-3 urtetan denek soineko eta jantzi dirdiratsuak jazteko gogoa adierazten duten bezala une jakin batean 4-5 urteetan gutxi gora behera krak bat egoten da eta sozialki onartuta dagokien generoari lotutako jantziak jazten dituzte. Noiz bait ikusi izan dut  haurren bat ezkutuan tokatzen ez zitzaion generoari lotzen zuen  jantzia janzten ikustea . Desira propioa eta gizarteak onartzen zuenaren arteko gatazkan.

 

Kontuan izan behar dugu helduok garela curriculum ezkutu horren erreferentzialtasuna egiten dugunak egunerokoan. Zenbateraino galdegin diogu gure buruari nor garen? NOLA GAUDEN genero identitate kontuan?

 Gure buruari ez badiogu galdegiten nola espero dugu gure ikasleek egitea?

 

 Azken urteetan  ikastetxeetan Identitate sexualak eta aniztasunak ezagutu eta onartze aldeko lanketa handiak egin direla uste dut.

 

Norbanakoaren genero identiatearen eraikuntza ahalbideratzen dugun…  zalantza egiten dut.

Nola egon nahi dugun/duten ahalduntzeko garaia dela uste dut orain.





Bukatzeko "Glaukoma"-ren abesti honekin uzten zaituztet. Aste honetako gaiari ederki datorkio eta!

         

2021/02/08

NORANTZA DA ZAINTZA

 


 Aste honetan Jaso Z.E -ren ekarpena aukeratu dut bere hausnarketarekin bat natorrelako: norbanakoaren gaitasunak garatzeko eskuhartze hezkidetzaile bat nahitaezkoa delako.

 Gainera proposaturiko baliabideak interesgarriak egin zaizkit DBH-ko etaparako.

Orientazio akademiko hezkidetzaile bat lantzeko erronkarik zailenak honakoak direla uste dut:

Ƙ  Helduok ondo prestatzea: formazio sakon eta etengabea behar dugu gai honetan. Baina lehenik motibazioa piztu behar da. Benetako beharra sentitu behar du komunitate osoak.

o   Sarri betebehar bat bezala bizi dute irakasle askok Hezkidetzaren inguruko formazioa jaso beharra. Inposatutako zerbait bezala.

o   Betiko kontu bera entzungo dutela…

 

Ƙ  Eskola komunitatean eragile garen guztion ( Langile- familia-herriko eragile…) koordinazioa egotea.

o   Teorian hezkidetza landu nahi dugu eta pausoak eman nahi ditugu . Saiatzen gara pauso horiek ematen baina artikulazio handia behar duen gaia da. Zeharka eskola eremuan gertatzen den guztia bustitzen duelako.

o   Askotan plana idatzia dago bai baina teorian idatzitakoa benetan gauzatzea eta markatutako helburuak lortzeko egin beharreko irakasleen arteko artikulazio lana ez da teoriarekin fidela.

Ƙ  Gai honek behar den bezalako eragina izateko eskeini behar zaion denbora ez zaio ematen.

o   Eskola-jardunean ditugun hainbat gai garrantzitsuen arteko bat delako eta denbora denen artean banatu behar delako.



ISEI IVEI-ren
 2017ko ikerketa hau ekarri nahi dizuet bertan ikerketa sakona egin   zelako gai guzti honen inguruan. Bukaera aldera dauden gogoetak interesgarriak dira. Nahiko bukaeran honakoa diote eta eman dit zer pentsatua: gauzak pixkanako lortzen direla. 

Eta mezu horrekin geratzen naiz pauso txikiak emanaz , geratu gabe,jendarte berdinzaleago baterantz joango garela.

2021/01/31

GAKOA LAN BATERATUA

 


Mariaren post hau ekarri nahi dizuet ikastaroaren hasieran ikusi genuen “Pepa eta Pepe “-ren ipuina euskaratu duelako eta baliabide erabilgarria izan daitekeelako klaustroekin lanketa egiteko.


Asteroko lanetan hasten naizenean eta  hausnarketa egiterakoan astez aste ondorio berera iristen naiz: hezitzaileon  lanak  koordinatua izan behar duela   eta hezitzaileon begirada  sistematikoki landu behar dugula.

Ikastetxeko bateko kide garen langile guztiok begirada hezkidetzailea landu beharra daukagu bertako ikasle bakoitzaren heziketa integrala lortu nahi badugu.

Aste honetako irakurgaian ere Nafar Gobernuko Skolae programaren koordinatzaileak , Pilar Mayok, dioen modura  “… ez da irakaslegoaren militantziaren araberakoa izango”.

Horretarako ikastetxeak hezkidetza plana egiterakoan diagnosia egitea ezinbestekoa dela ikusi dut. Diagnosi horretan ikusiko dugulako zein diren gure ahulgune eta indarguneak. Indarguneek aurrera jarraitzeko indarra emango digute eta ahulguneek non hobetua erakutsiko digute.

Behin diagnosia eginda, ikastetxerako plan estrategiko bat diseinatu beharko dugu erabakitako helburuak nola lortuko ditugun diseinatzeko.

 Jarduerak zehaztu beharko ditugu, nori zuzenduak egongo diren zehaztu; noiz,  nola gauzatuko ditugun, erabiliko ditugun baliabideak…

Jarduerak aurre-ezagutza batzuetatik hasi beharko ditugu, bakoitza non kokatzen den eta taldea non dagoen ikusteko, eboluzioa gauzatu den neurtzeko adierazle batzuk ere definitu beharko ditugu…

Koordinazio estruktural hau egingo bagenu agian baliabide didaktiko hezkidetzaileak txertatzeko gai izango ginateke modu eraginkor batean. Baina bizkar-hezur hau  hau ez bada ongi eraikitzen  zaila da bidea sendotasunez egitea.

Honako irakurgai hauek gomendatzen dizkizuet bizkar hezur hori diseinatzeko lagungarriak diren pistak ematen dituztelako. Ikastaroan ikusitako hainbat ideia gogoraraziko dizkigute.


 11. ORRIALDEAN


Berritzegune nagusiko helbide honetan 

Lidia Puigvert :Educación para la Igualdad & Prevención de la Violencia de Género

Ikastaroko hainbat bideo topatuko dituzue , hemen sarrerako hitzaldia:

           

2021/01/25

PARTAIDETZARAKO ESPAZIOAK ESKAINTZEN

 

Aste honetako gaia oso interesgarria egin zait. Ikasleen parte hartzea  eskoletan oraindik ere asko landu behar den gaia dela iruditzen zait.

Jarrillerak idatzitako post hau partekatu nahi dut zuekin emakumeak espazio publikoan  lidertza izateko hainbat puntu aipatzen dituelako.

Eskola eremua oraindik ere helduok zehazten eta antolatzen dugu gehienetan ikasleei benetako parte hartze txikia uzten diegularik.

Helduon ikusmoldera eta beharretara eraikitako espazio eta denbora antolaketak ditugu gehienetan. Sistema bera martxan jarri zenetik oinarri oinarrian aldaketa gutxi egiteko egitura zurrunak dauzkagu.

Legeak arautzen digunez ikasleen parte hartzea sustatu behar dugula nolabaiteko moldaketak egiten saiatzen gara eta ahotsa ematen diegu esparru murritz batzuetan baina niretzat ez  da nahikoa. Emakumea ahaldunduaz bat haurra eta gazteei hitza hartzen ahalduntzen lagundu behar diegu baina hor gure begirada irekitzen hasi behar dugu lehenik.

Zenbateraino gaude prest beraien parte hartzea handitzeko? Aukerak zabaltzeko? Entzuteko eta beharrei erantzuna emateko?

Oinherri-k eginiko ekarpen hau ekarri nahi dizuet. Parte hartzea ikuspegi feministatik nola eraiki daitekeen proposatzen du liburuxka honetan.

 

Gure eskolan azken hiru urteetan ikasle batzordea martxan daukagu. Bertan maila bakoitzetik  bi arduradun joaten  dira asanblada batera eta bertan klaustroko eta zuzendaritzako arduradunekin eskolari dagozkion gai desberdinei buruz beren geletan landutako gaiak, beharrak , iritziak ekartzen dira eta erabakiak hartzen dira.

Lehenengo pausoa eman dugu baina oraindik ere urrats asko ditugu emateko. Parte hartzea parekidea den ala ez  dugu hausnartu… aste honetako lanketarekin badugu honetan lana…

Ikasle guztiak beraien ikaskuntza prozesuan zehar noizbait bertatik pasatzeko sistema antolatu behar dugu.

Lanketarako gaiak eta erabakiak hartzeko esparrua zabaltzen joan behar dugu.

Ahaldundu behar ditugu. Gure begirada zabaldu behar dugu.

             

 


2021/01/18

ERALDAKETARAKO GARAIA

 

 Hasteko Ander Alonsoren post hau ekarri dizuet  Hezkidetza planak gai honi buruz dioena ekartzen baitigu gogora.

Nire herrian, Orion eginiko ikerketa hau aurkeztu nahi dizuet:


                                                     Hemen ikusi

Gerora Herrian Ahalduntze eskola Aurrera daramaten bi emakume hauek eginiko diagnosian  informazio mamistu asko azaltzen da. Oraingoan aste honetan dagokigun gaiari lotutako diagnosiaren zati hau aipatu nahi dut:  

(22. Orrian)

d. Espazio publikoaren erabilera

Hasiera batean ez genuen aurreikusita espazio publikoaren erabileraren inguruko azterketa bat

egitea, baina, gorputza, kirola eta indarkeri gaiak lantzean espazio publikoaren erabilera behin eta berriro atera den arloa izan da. Hortaz, gai honi atal bat eskaintzea erabaki dugu.

Atal honetan hiru mezu nagusi ondorioztatzen ditugu:

 Alde batetik, espazio publikoaren erabilera lotsak eta beldurrak limitatuta bizi dugu.

Bestetik, Oriori buruzko iruditegi sinbolikoan ez dago emakumeontzako lekurik. Eta, azkenik, adierazpen kulturaletan genero rol tradizionalak indartzen dira.”


 Irakurgaian ikasi ditugun aspektu asko nire herriko errealitatean nola islatzen diren azaltzeko adibide garbia da ikerketa hau.

Herrian aldaketak egin nahi baditugu ikastetxeoi gure etxekolanak egitea dagokigu.

Alde batetik honako hau aurrera eraman beharko dugu Hezkuntza sistemaren erantzukizuna delako:

● Ikasleei kontsumitzen dituzten entretenimendu bisual desberdinetan sexu-genero

estereotipoak zalantzan jarri eta deseraikitzeko ikus-entzunezko alfabetizazioa eta

literarioa eskaintzea.

● Eredu berdinkideagoak, anitzagoak erakusten dituzten ikus-entzunezko

ekoizpenak eta literarioak bistaratzea.

 

Klaustrokideok hausnarketa sakona egin beharko dugu honi buruz ere eta aste honetan ikusi ditugun baliabide anitz horietatik elikatu gaitezke gure ikasleei hezkidetzaileak izango diren eskeintzak egiteko.

Bestalde  Ikastetxeetako patioak direnez beraien lehenengo espazio publikoak, hauek denentzako diseinatuak izan behar dute. Bertan DENAK protagonista senti daitezen eta harreman osasuntsu eta berdintasunean oinarrituak izan ditzaten.

Gure eskolan TIPI –ren Aholkularitzarekin Kanpo espazioaren eraldaketa aurrera eramaten ari gara. 


Naturarekin kontaktuan eta denenentzako beharrak asetuko dituzten eta elkarbizitza sendo bat bermatuko duen espazioa sortzen saiatzen gabiltza.

Hona genuen patioa ezagutzen aritu gineneko bideoa.


hikhasi aldizkariko azken alean “Patio 1 11” aukera gure eskolaren eraldaketari buruzko elkarrizketa aurkituko duzue: 





2021/01/05

LENGOAIAREN ZIRRIKITUAK

 



Mariak idatzitako sarrera hau gustatu zait aste honetan lantzen ari garen gaiaren hausnarketa sakona egin duelako aukeratu duen gidaren inguruan: “UPV/EHU-n euskararen eta irudien erabilera ez-sexistarako gida. Marije Apodaka Ostaikoetxea”.

Gidenkin jarraituz Honako gida hau aukeratu dut:



Hezkuntzan gabiltzan langileontzako oso erabilgarria dela iruditu zait.

Bidezkoagoa den komunikazio bat lortuko dugu hizkuntza, irudi, eduki eta metodologia bidezkoak erabiltzen baditugu, errealitateen aniztasuna ikustera ematen dutenak eta pertsona guztientzat bidezkoak, berdintasunekoak eta alternatiboak diren imajinarioak eraikitzen laguntzen gaituztenak.”

Komunikazio ez sexista aldaketarako erreminta da liburua. Mamitsua dela iruditu zait. Irakurleak gaiari buruz ikasi dezake, hausnarketarako testu oso erabilgarriak eskaintzen ditu.

Liburuan eraldaketa hau egiteko gakoak aurkezten dira hasieran eta horiek dira gero atal bakoitzean garatuko direnak.

1.- lengoaia ez sexistaren erabilera

2.- gure komunikazio jardunean erabiltzen edo sortzen ditugun irudiak

3.- edukien garrantzia:  desberdintasun eta botereen gaineko hausnarketa erreal bat eginaz ikerketa eta proposamenak egiteko aukera.

4.- metodologiak: gauzak egiteko moduak eragin zuzena du izango duen emaitzan

 

Azalpenak emateaz gain proposamenak daude. Alderdi hau asko gustatu zait, oso lagungarria iruditu zait.


Liburuan azaltzen diren gakoak dira nire ustez lehentasuna duten alderdiak hizkuntza ez sexista baten erabilera landu nahi badugu:

Ikonografiaren garrantzia. Irudiez bonbardatuta bizi garen  garai hauetan berebiziko garrantzia du hauek aztertzen hasteak eta jabetzea zer mezu jasotzen ditugun modu ia inkontziente batean.

Edukien garrantzia da bestea , gida honetan azaltzen den bezala makilaje ariketa hutsalak ekidin behar ditugu eta botereen gaineko hausnarketa errealak egitera bideratu behar dugu gure energia.

Aste honetan landu dugun guztia plazara eramatearen erronka nagusitarikoa daukagun botere desoreka ikusarazten jarraitzea da. Gizartearen gutxiengo bat konturatzen gara desoreka honek ez digula gizarte bezala aurrera egiten laguntzen.

Feminismoak abiaturiko bidearen pedagogia gizarteratzea da gure erronka. Ahalik eta norbanako gehienena iristea hausnarketa egiteko nahi eta beharra.

Ikastetxeetako langileok hausnartu beharra daukagu bakarka, taldean pauso hauek emateko giltzetako bat guk daukagu eta.

2020/12/14

KEN DEZAGUN ZAPIA BEGIETATIK

 

Asteroko irakurgaiak irakurriaz gero eta kontzientzia handiagoa dut nola tapatu dizkiguten begiak patriarkatuaren zapiarekin. Bada garaia begiak argira ohitzen hasi eta gure historia den bezala kontatzen hasteko.

Aurreko edizioetatik anabelenv-ren hau aukeratu dut

Gurea dena ondo ezagutzen dugunean mundua hobeto ezagutzeko aukera izango dugu. Ideia hori ardatza da nire hezkuntzaren ikuspegian. Norberak bere burua eraiki behar du inguru hurbila ezagututa eta hortik mundua ulertzeko gaitasuna lortuko du. Baina berea ez badu eraikitzen oinarri sendoa faltako zaio.

Hori horrela, nire erreferente nagusitarikoak etxean aurkitu ditudala esango nuke. Etxe bakoitzean badugu erreferente ugari eta hauek gure aurrekoen transmisioa ekarri digute gureganaino. Hemen nire amona eta birramona aipatu nahi nituzke:

Nire amonak Euskararekiko maitasuna oparitu zidalako. Baserritarra izanda, ikasketarik apenas izanda ere nortasun handia izan zuen eta guda ondorengo urte zailetan  Donostian nola Euskaraz hitz egiteko apustua egiten zuen kontatzen zigun.

Nire birramona ez nuen ezagutu baina nire amarentzako erreferente handia izan zen, harren aipua ekarri nahi dut hona:

 Ikasi ezazue , hori ezingo dizue inork kendu eta!!

Gure herriko pertsona erreferente bat Maria Camino Arregi izan zen.  "Mari Maestra" deitzen zioten.

Herrian haur eskola bat izan zuen eta Euskaraz irakatsi ezin zenean ere Euskaraz hezten zituen haurrak.

Han ikasi genuen haur guztiek bertso hau ondo ikasi genuen:

Bertso txiki bat bota nahi nuke,
nongoa naizen esanaz,
amak esan dit oriyotarra
naizela bihotz, jaiotzaz.
Hemen hazi naiz,
alai ta mardul
beti euskeraz eginaz,
horregatikan bizi guztian
mintzatu nahi det euskeraz.

Herriko aiton-amonek bilobei erakutsi izan diete eta gaur egun herriko eskoletan irakasten diegu Orioko Curriculum-aren lanketaren ondorioz.

Nire ustez hau guztia eremu hezitzailean eta jendartean lantzeko erronkak honakoak dira:

  •     Historiaren irakurketa kritiko bat egin behar dugu gizarte bezala.
  •     Irakurketa kritiko horren ondorioz historia orekatuago bat kontatzeko gai izango gara (eurozentristaren begirada kritikoa ere egin beharko litzateke,….)
  •     Gizarteak historiaren irakurketa orekatu honi balidazioa eman behar dio. Horretarako hainbat tresna egongo dira…
  •     Hezkuntzan historiaren kontaketa orekatu hau eman behar da.
  •     Bitartean hezkuntzak ikasleen iritzi kritikoa landu eta indartu behar dugu aurkezten, esaten zaiena zalantzan jartzeko gaitasuna landu dezaten.

Bukatzeko herrian izan zen hitzaldi interesgarri bati buruz egindako artikulua ekarri nahi dizet gaiarekin erabateko lotura baitu: Kolektibo femeninotik feministara