Azken posta baina bidea ez da eteten.... Edukiz, lanaz, erronkaz, esku hartzez... betetako 22 aste laburtzea zaila egiten zaidanez bideo xume bat egitea izan da nire aukera! Hortxe duzue!
Zein dira hezkidetzaren inguruan etorkizun
hurbilerako dituzun itxaropenak, nahiak eta asmoak? Galdera hau erantzuteko, ezinbestekoa dut eskoletan hezkidetza agenteen lanbidea aldarrikatzea! Eta etorkizunean bertan esku hartzeko aukera izatea gustatuko litzaidake. Etorkizun moreago bat eraikitzen elkar ikustearen esperantzaz agurtzen naiz, besarkada more bat! Eskerrik asko eta laster arte!
Emozioen mundua, uffaa! nagia ematen du batzuetan, gehienetan, oso maiz. Baina, ezin bizi barrura begiratu gabe, droga on batek baino efektu hobea du bidaia horrek. Benetan gorpuzten delako harreman osasuntsuagoak izateko aukera.
Gure burua sakon ezagutzerako orduan eta gure zirrikitu mingarriak distantziarekin baina, maitasun osasuntsuz ezagutu ostean, ez dago atzera bueltarik. Gurekiko harremana orekatu egiten da, autoezagutzak indarra eta haizea ematen digulako, barnean dugun neskatoa onartzen dugulako.
Modu interdependiente batean, besteekiko harremanetan eragin zuzena du, kalitatezko harremanei balioa ematen, eta mingarriak baztertzen hasten gara. Ondorioz, tratu txarrek edo bizipenek emandako motxila horren zama arindu egiten da. Gainera, ditugun aurreiritziak aurrez aurre begiratu eta kudeatzen ikasten dugu, batzutan deseraikiz eta besteetan ez azaleratuz (beti ez baita asmatzen). Eta horrek inguruko elkarbizitza ikaragarri aberasten du, norberaren zilborra ezagutuz eta ondokoaren aniztasuna aukera moduan ikusiz.
Bidaia honetan hauskorrak garela konturatu nintzenetik, norberaren zaintza eta elkar zaintza gero eta presenteago daude. Izaki sozialak gara, beraz tratu onak, berdinkideak, empatiadunak, osasuntsuak, askeak... izan ditzagun gure artean.
Tratu onak hezkuntzan eman ahal izateko erronketako batzuk dituzue jarraian:
1) Hezkuntza emozionala irakasgaia moduan sartu ikastetxeetan. Honela, ikasleek harremanak era parekidean eraikitzeko konpetentziak garatuko dituzte.
2) Ikastetxeetan kalitatezko elkarbizitza positiborako hezkuntza lortzeko plan estrategikoak garatu eta praktikara eraman, denboran ebaluatuz.
3) Hezkuntzaren erdigunean zaintza txertatu; horrela gure ikasleak osotasunean lagunduko ditugu eta zaintzari balio positiboa txertatuko diogu.
Egunerokotasunean bizi dugu indarkeria matxista, modu sotilean (hizkera sexistan, txiste matxistetan, iritziak baliogabetzean...) eta modu esplizituan ere. Famili bazkaritan, egunerokoak dira famili nuklearrarekin edo bikote heterosexualarekin lotuta egon daitezken galderak, eta norma. horretatik kanpo ateratzen bagara orduan zer? Edo metroan joatea eta gizon batek hankak zabal zabalik izatea, zuri lekua kenduta, eta egoera horretan bultzatzen baduzu orduan zer? Edota taberna batean eskatu eta ardoa edateko gogoa duzunean zure kideak eskatutako freskagarria zure parean jartzen dizutenean, eta hori ikusita kamareroari arreta deitzen diozunean, orduan zer? Asko eta maiz jasan behar ditugu zerrenda luzea osatzen duten indarkeriak. Horren aurrean feminismoaren bidea jarraitu, autodefentsa feminista gure motxila barnean sartu eta eguneroko errealitatean, txikiak diruditen baina handiak diren, jarrera aldaketetan esku hartzea besterik ez dugu!
Indarkeria matxisten aurkako baliabide digitalen gomendioak hor dituzue!
Pamela Palenciano Jodarren "No solo duelen los golpes" monologoa hau bertan jartzen dizuet, gaiarekin lotura zuzena duelako eta ona dela iruditzen zaidalako. Helduekin erabiliko nuke, dena den.
Zein dira zure ustez hau guztia eremu
hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronkak?
- Maitasun erromantikoaren oinarriak eta estruktura eskolan landu eta inguratzen gaituzten edukiak arakatu. - LGTBIQ fobiak landu, espazio seguruak sortu eta edozein indarkeria baztertu.
Gatazkak lantzeko baliabideak bilatzen nenbilelaLlanas elkartearekin egin dut topo. Beraien web orrian kuxkuxeatzen ibili naiz, eta gatazkak konpontzeko genero perspektiba lantzen dutela ikusi dut, beraz plazatxo honetan duzue ikusgai.
Bestetik Gasteizko Berritzegunean duten web orrialdea ikusten ibili naiz eta ikaskuntza koperatiboa lantzeko baliabide desberdinak dituztela ikusi dut, hauetariko batzuk interesgarriak iruditu zaizkit. Hainbat euskarri baliagarri guztion eskura jarri dituzte. Sartu eta baliabidez hornitu!
1) Eredu heterosexista ugalkor eta hegemonikoa kolokan jartzeak zer esan nahi du?
Eredu heterosexista, sistema patriarkalak bultzatzen duen eredua da, hau da, gizon eta emakumeen (normatiboen) artean soilik eman daitezke harreman sexu afektiboak. Eta normatibitate horretatik ateratzen den edozein aukerak jazarpena jasan behar du. Ideia hau gutxi balitz, harreman horien helburuak ugalketan du helmuga, hori dio doktrina hegemonikoak. Ondorioz, muga hori gainditzen duen edozein harreman afektibo sexual bazterrarazi egiten da. Eta gure errealitatea askoz anitzagoa da, plazerraz gozatzeko hamaika aukera daude. Ikastetxeetan aukera afektibo sexualen aniztasuna present izan behar dugu uneoro. Bilgune Feministak, sortutako lelo horietako batean esaten zuen bezala, “Ez obeditu! Heteroaraua plazerrez lehertu!”.
2) Eskoletan maitasun erromantikoa desmontatzeko argudio eta edukiak bideratu behar ditugu:
Harreman afektibo sexualetan, lehen esan bezala, ereduek (itogarriek) min handia egiten digute. Horregatik maitasun erromantikoa desglosatu eta desmontatu beharra hezkidetzan sinisten dugun hezitzaileon etxerako lanetako bat da.
Iaz Gernikako institutuko ikastarokideek egindako esteka dakart oraingoan, denboraren makinarekin zerikusia duen ataltxo honetara:
Bertan esku hartze hezkidetzaileak praktikara eramaten dituztela jarri dute eta horrek asko poztu nau. Gainera, egiten dutenaren neurria hartua dutela dirudi, txiri txiri baina pausoak emanez.
Beraiek aukeratutako paragrafoa oso argia da eta horregatik berriro ere hemen duzue:
Heziketa afektibo-sexual hezkidetzaileak heteroarautik, genero jazarpenetik eta sexu binarismotik haratago joan nahi du, pertsonen, harreman eta bizitza modu desberdinen aniztasuna bistarazi eta normalizatu, nor den moduan onartua sentitu eta bere afektibitatea eta sexualitatea aske espresatzen bizi ahal izateko.
Aste honetan heziketa afektibo sexuala landu dugu eta ikastetxeetan erabilgarriak izan daitezkeen bideo edo euskarriak jartzen ditut jarraian:
HARREMONAK: http://www.arremanitz.eus/harremonak/
Bideoak:
Zein dira zure ustez hau guztia eremu
hezitzaileetan/jendartean lantzeko erronkak?
Arau heteropatriarkalak gainditzen dituzten harreman afektibo sexualak sustatu.
Heziketa gunea behatu eta diagnostikatu, heteroarautik, genero jazarpenetik eta binarismotik kanpoko errealitateari espazioa emateko.
Identitate pertsonal anitzak eta aukera afektibo sexualak esperimentatu eta errespetatzeko espazioak sortu.
Ikastetxeko harreman espazioetan sexualitate anitzeko errepresentazioak txertatu.
Beraz, praktikatu dezagun askatasuna gure harreman afektibo sexualekin eta sor ditzagun espazioak hori bera askatasunez bizi ahal izateko!