#PatriciaOregi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
#PatriciaOregi etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018/03/20

KALITATEZKO HARREMAN POSITIBOAK SUSTATUZ


Gehientsuenoi, “harreman” kontzeptua entzuten dugunean, kanpokoekin dugun hartu-emana etortzen zaigu burura. Baina, askotan, ez dugu kontutan izaten norbanakoaren harreman-dimentsioak honen gain duen garrantziaz.

Norberak bere buruarekin harreman ona izan dezan, autoezagutza eta autokontzeptua lantzea beharrezkoa da. Honek, geure burua onartzea eta berarekin ongi sentitzea ahalbidetuko du. Nola izango ditugu gainerakoekin erlazio positiboak, geure buruarekin izan ezin baditugu?
Gainerakoekin sortzen ditugun harremanak positiboak izan daitezen, saiakerak egitea ezinbestekoa da. Ikaslearentzat ikastetxea eta, batez ere ikasgela, bere gizarte txiki bihurtu dira, hor landuko baititu bere gaitasunen garapena, trebetasun sozialak eta parte hartzeko eta besteekiko errespetuzko balioak. Hori dela eta, hezitzaileok hezkuntza testuinguruko elkarbizitza positiboa eta kalitatezkoa izan dadin lortu behar dugu; hala nola, “Harremonak” bezalako proiektuen bitartez.

Proiektu honen zuzendaria den Asier Bagliettoren hitzetan “prebentzio lana badago, baina ikasleei beraien lekua onartzen ez diegun bitartean, pertsona oso kontsideratzen ez ditugun bitartean, galdetzen ez diegun bitartean “zein dira zuen premiak?”... beraiek obeditzen ikasten dute, eta barneratzen duten mezua da “handiagoa naizenean txikiago bat mendean hartuko dut”. Orduan, programa eta planen bidez adabakiak jartzen ari gara, baina muinari oraindik ez diogu heldu. Era berean, adabaki horiek oso beharrezkoak dira.”
Ikastetxean bizikidetza lantzeko eta giro egoki bat lortzeko, gatazken ebazpenean eta bake kulturan oinarritzen den hezkuntza landu beharko litzateke. Horrek, eskolan aldaketa sistemiko bat sortuko luke, eta ez soilik aldaketa kurrikular bat. Eskola testuinguruko indibiduo guztion arteko tratu onak bermatzea premiazkoa litzateke, ikasleek harremanak era parekide batean eraiki ahal izateko.

Tratu onen barruan, maitasunezko tratu onak aurki ditzakegu. “Maitasun erromantikoa” kontzeptu positibotzat hartu ohi dugu, baina, ez gara konturatzen maitasun erromantikoaren inguruan mito faltsu asko daudela eta horiek desikasi egin behar ditugula.
Iazko edizioetako sarrerei begiradatxo bat bota ostean, Usoarena irakurtzera animatuko nizueke. Oso interesgarriak iruditu zaizkit “Golden programa”ren nondik norakoak eta harremanen inguruan mintzatzen den Ernaik eginiko bideo hau:
Hauetaz gain, hurrengo lerroetan uzten dizkizuet ikasleekin lantzeko aproposak izan daitezkeen baliabideak:

- Steilasek plazaraturiko unitate didaktikoen bilduma

- Harremanen gaia gelan lantzeko aproposak izan daitezkeen baliabideak

- Nafarroako gobernuak sortutako “Bizikidetza positiboaberdinen arteko jazarpenaren eta tratu txarren aurrean” izeneko unitate didaktikoa

Amaitzeko, hau guztia hezkuntzan edota jendartean lantzeko erronka nagusietako batzuk hauek izango liratekeela esango nuke:

- Ikasleen autoezagutza eta autokontzeptua lantzea, nork bere buruarekin gustura senti dadin lortuz.
- Eskola komunitate osoa tratu onen inguruan sentsibilizatu eta honen inguruko lanketa sustatu.
- Maitasun erromantikoaren mitoak deseraikitzea.
- Guztien arteko harremanak positiboak eta kalitatezkoak izateko ahaleginak egitea.
- Zaintza emakumeen ardura ez dela ikustaraztea, berdintasunezko bizikidetza bat bultzatzearren.
- Gainerakoekiko errespetua bermatzea.



Gurutzegramaren soluzioa:

2018/03/14

IZAN GAITEZEN INDARKERIA MATXISTAREN ARERIO!



Aspaldiko garaietatik, zoritxarrez, indarkeria matxista gure inguruan oso presente egon den gai bat da. Aurrez aipaturiko indarkeria hori, gizonek gizartean duten nagusitasun horretaz baliatuz, izaten dituzten emakumeenganako erasoak hartzen ditu bere barne. Eraso guztiak, ordea, ez dira beti esplizituak izaten; asko oharkabean pasatzen baitira (mikromatxismoak, kasu).


Aurreko edizioko Ane Lenizen sarrera uzten dizuet hementxe, Ernaik sorturiko mikromatxismoen inguruko bideo batzuk partekatu baitzituen gainerako ikaskideekin. Oso interesgarriak suerta daitezke ikasleekin landu ahal izateko; baita, askotan nabari ez ditugun edota normaltzat hartzen ditugun matxismo sutil horiek bistaratu ahal izateko.
Gaur egunean, harro esan dezakegu geroz eta jende gehiagok egiten diela aurre honelako egoerei, indarkeriaren zantzuak ageri dituzten ekintzak irmoki gaitzetsiz. Talde feministak lan handia egiten ari dira honen harira, emakumeok ditugun eskubideak bistaratu eta patriarkatuari aurre egin diezaiogun, indarkeria matxista zapaltzeko asmoz.

Amorrua ematen du, ordea, matxismoaren ondorioz sorturiko eta gizonek aurrera eramaten duten indarkeria mota honekin amaitzeko, emakumeei eskatzen zaiela esku har dezaten. Zergatik ibili behar dute emakumeek kontuz ibiltzeko? Zergatik ez zaie gizonei eskatzen emakumeak errespetuz tratatzeko?


Indarkeria matxistari aurre egiteko, maskulinitate berriak sortzea eta autodefentsa feminista sustatzea oso baliagarriak izan daitezkeela aipatu dugu. Bi ideia hauetatik, abiatuz, ikasleekin honen inguruko lanketa aurrera eramatea ezinbestekoa litzateke. Honako hau egunerokotasunean transmititu beharko lirateke, pertsona guztien arteko errespetua bermatzeko, gizonek duten gehiegizko garrantzi hori alde batera uzteko eta emakumeen autoestimua eta autokonfiantza sustatzeko asmoz.

Sarean zehar begira ibili ostean, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako geletan landu ahal izateko “bortizkeria matxistaren aurkako hezkuntza proposamenak” aurkitu ditut. Hementxe uzten dizuet, ea baliagarriak suertatzen zaizkizuen.


Amaitzeko, hurrengo lerroetan gure eskoletan eta jendartean landu beharreko erronka garrantzitsu batzuk bildu ditut:

- Matxismoa eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera bultzatu.
- Eskola komunitatearen ahalduntzea eta sentsibilizazioa.
- Indarkeria matxista identifikatu eta horri aurre egiteko baliabideak eskaintzea.
- Mikromatxismoen identifikazioan zentratu eta berau salatu.
- Maskulinitate eredu berriak eta autodefentsa feminista landu.
- Indarkeria matxista jendarte osoaren arazoa dela ulertarazi.

2018/03/06

Gatazkek alderdi positiboa ere badute!


Aste honetako irakurgaiari esker, duela pare bat urte buruturiko ikastaro batean barneratutako zenbait ideia birgogoratu ahal izan ditut. Ikastaroan zehar, giza eskubideen eta gatazken kudeaketaren inguruan mintzatu ginen eta aste honetako irakurgaian bildurik dauden hainbat kontzeptu lantzeko aukera izan genuen. Aipatu beharra daukat, bai ikastaroa hura burutzen nenbilela, baita orain ere, atentzioa gehienbat deitzen didan ideia honako hau dela:


Askotan, “gatazka” kontzeptua zerbait negatibotzat hartzen da, indarkeriarekin hertsiki loturik doala uste baita. Argi dagoena da giza erlazio guztietan gatazkak sortzen direla; hauek, bi persona edo gehiagoren interesen, beharren eta baloreen arteko talka gisa defini daitezkeelarik.

Esan liteke, gatazkak ez direla onak edo txarrak izaten. Hala ere, hauei aurre egiteko moduaren arabera, positiboak edo negatiboak bilakatu daitezke. Hau da, modu negatiboan aurre egiten badiegu, indarkerairekin nahastu daitezke. Aldiz, modu positiboan erantzunez gero, gatazkak aldaketa eta ikaskuntzarako oinarri bihur daitezke.

Hori dela eta, gatazkak konpontzeko metodo egokiak erabiltzen ditugula ziurtatu behar dugu eta horretarako, trebetasunak eta estrategiak barneratzea ezinbestekoa da. Gatazka sortzen den momentuan esku hartzen badugu eta ez krisi bortitza izatera pasa denean, askoz ere errazagoa izango da irtenbide bat aurkitzea.

Hariari jarraituz, irakurgaian “bakea” kontzeptuaren inguruan egiten den  hausnarketa oso interesgarria iruditu zait. Egia da, bakea esaten dugunean, gatazkarik ez egotearekin erlazionatzen dugula. Hala ere “gatazka eza = bakea” formula hautsi beharra dago, izan ere:

Iazko sarreren artean, Ane Lenizena gomendatuko nizueke. Gaiaren inguruko ideia garrantzitsuenak modu labur batean azalduta egoteaz gain, gai hau landu ahal izateko atxiki dituen bi bideoak oso interesgarriak iruditu baitzaizkit.




Aipatzekoa da, baita ere, egunez egun hezkuntza testuinguruko partaideen kezka haunditzen doala elkarbizitzan ematen diren gatazkak direla medio. Hezkuntza sistemaren kalitatea hobetu ahal izateko, ikuspuntu integral batetik bizikidetza hobetu beharko litzateke eta horretarako, gatazken kudeaketari duen garrantzia eskaintzea ezinbestekoa da. Horretarako, hainbat baliabide uzten dizkizuet hemendik:

- Eskolako bizikidetzari buruzko monografikoa: Bertan, hezkuntza testuinguruan ematen den bizikidetzarekin loturiko hainbat hausnarketa, bizipen eta baliabideak bildurik daude.

- Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza ez formalaren esparruan bizikidetza eta bakerakohezkuntza: Elkarbizitza eta bakerako hezkuntzak Autonomia Erkidegoko eskola arloan eta arautu gabeko hezkuntzan duen egoerari buruz orain argitaratu diren bi ikerketa-lan dira, eta horien edukia da Jaurlaritzak aurrera eraman nahi duen bakerako hezkuntzari buruzko politikak garatzeko oinarria. 

- Jornadas convivencia 2013 – MĀŗ JosĆ© DĆ­az Aguado: Hezkuntza testuinguruan ematen den bizikidetzaren inguruko hizketaldia (10. minututik aurrera - Luze zamarra baina interesgarria).

Amaitzeko, hau guztia eremu hezitzailean lantzeko beharrezkoak diren erronketako batzuk honako hauek izan liratekeela esango nuke:

- “Gatazka” kontzeptuari atxikitutako esanahi negatiboa baztertzea.
- Elkarren arteko errespetua sustatzea.
- Gatazken kudeaketarako metodo egokiak azaltzea.
- Indarkeriaren erabilera irmoki gaitzestea bultzatzea.
- Zaintzen etika praktikatzea.
- Gatazken kudeaketan genero ikuspegia txertatzea.

2018/02/27

HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALA


Telebistan, komunikabideetan, liburuetan… maitasun erromantikoa zerbait positibotzat saldu izan digute, maiteminduta egotea (emakume eta gizon baten arteko maitasun erlazioa, zehazki) munduko gauzarik onena eta beharrezkoena dela azpimarratuz. Baina, MINDU hitza bere izenaren barruan daraman sentimendu batez fidatu egin behar al dugu?
Gaur egungo gizarte patriarkalak ugalkortasuna oinarri duen sexualitatea defendatu izan du, horrela, emakumez (baginadun) eta gizonez (zakildun) osaturiko bikoteak aukera bakartzat hartuz. Hala ere, sexualitatea eraikuntza sozio-kulturala denez, desikasia izan daiteke.

Hori dela eta, ezinbestekoa da inposatuta dagoen sexu-genero sistema binarioa baztertzea eta dauden sexualitate aukera anitzei ateak zabaltzea (LGTBIQ+). “Malgutasuna ahotan” izeneko artikuluan irakur daitekeenez, ZuriƱe Baztanek «binarismo basatia» dagoela aitortzen du. Berak argi du ez dela ez gizon ez emakume, generoa hori baino zabalagoa eta pluralagoa dela; baina gizon ala emakume gisara sozializatu behar du «binarismo basati» dela eta.
Iazko postei begira nenbilela, Aida eta Itsasoren hau benetan interesgarria iruditu zaidala esango nuke. Maitasun erromantikoari buruz idatzitakoa modu ezin hobean azaltzen duela uste dut “mutilek ligatzeko “matxote” izan behar direla sinesten duten bitartean, neskek, maitasun erromantikoaren tranparen biktimek, “basapiztia” “printze” bihutzea espero dute”.

Gainera, nesken eta mutilen sexualitatearen inguruan atxikitako taula oso ondo azalduta dagoela deritzot.

                                  NESKAK
                     MUTILAK
Sexualitaterik eta desiorik ez.
Sexualitatea eta desio geldiezina.
Sexu-esperientziez ezin dute hitz egin.
Sexu-esperientziez hitz egin dezakete.
Sexu-harremanetan maitasuna da garrantzitsuena.
Maitasuna ez da beraien bizi-proiektuaren erdigunea.
           
Honekin batera, aurrez aipaturiko maitasun erromantikoari kritika egiten dion “Sin medias laranjas” laburmetraia oso dibertigarria iruditu zaidala ezin uka nezake. Hementxe partekatzen dut zuekin:

Ikasleekin erabilgarria izan daitezkeen baliabideei dagokionez, hona hemen sarean zehar aurkitu ditudan gida, dokumentu, bideo… baliagarri batzuk:

- “Eskola orientazio sexualaren aurrean”: ALDARTE Bilbon sortu zen, 1994an, batetik, gay, lesbiana eta transexualen eskura eta horien ingurunearen eskura baliabideak jartzeko, eta, bestetik, gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko, azken batean homosexualitatearen, lesbianismoaren eta transexualitatearen normalizazioa pixkana-pixkana lortzeko.

- “Aniztasun afektibo-sexualaren aurreko jarrerak ikasgeletan”: Bizkaian eta Gipuzkoan Gehituk eta Guztiok Elkarteak (biak ere Berdindu! Zerbitzuko kideak) elkarrekin garatutako ikerketa izan da, gazteek (13-16 urte) sexu-aniztasunarekin zer jokabide duten jakin ahal izateko informazioa biltzeko asmoz.

- “Askatasun begiradak”: Genero eta aniztasun afektibo sexuala modu askean bizitzen laguntzeko unitate didaktikoa da hau. Jarduera gehienak Lehen Hezkuntzatik hasita egin ahal ditugu ikasleekin, baina bigarren hezkuntzan bestelako sakontasunean heltzeko aukera dugu. Ez dugu tolerantzia lantzerik nahi, ez baitugu besteen epairik nahi norberaren generoz, genero adierazpenak, edo maitatzeko eraz: askatasun gizartean bizi nahi dugu, gizarte askatzailean.

-“Genero eta aniztasun sexualerako gida”: Gutxieneko eskubideez baino, ezinbesteko eskubideez ari gara; hor - taz, gida hau eraldaketarako abiapuntu egokia izan daitekeelakoan gaude. Ikasle, irakasle, langile ez-irakasle, sindikatu eta familiei zu - zentzen diegu, gaiari beldurrik gabe helduz, eta ahal den neurrian hainbat irtenbide emanez.

- Maitasun erromantikoari buruzko bideoa.

- "Maitasun erromantikoa botere harremanen euskarri?": Maitasun erromantikoaren mitoan sakondu dugu; nondik dator? Nola aldatu mitoa historian zehar? Zergaitik sentiarazten gaituzte erdi eta ez oso? Zer ondorio ditu maitasun erromantikoaren mitoak gure harremanetan? 
Amaitzeko, hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronketako batzuk honako hauek izango liratekeela esango nuke:

- Heterosexualetik at geratzen diren egoerak zerbait normaltzat hartzea.
- Sexualitateari buruzko hitzaldi garatuagoak eskaintzea (ez mugatzea banakako maitasunera, erlazio heterosexualetara eta erlazio homosexualetara).
- Sexualitatea ikuspuntu biologiko eta fisiologikotik begiratzeari uztea (ugalketa sistemara ez mugatzea).
- Heziketa sexualaren inguruan egiten den lana errebisatu eta hobetzea.
- Maitasun erromantikoaren mitoak ezagutaraztea.

2018/02/23

Ez dago generorik genitaletan, egitura mentala da. Aber sartze zaigun gaztan!


Astean zehar egindako ibilbidearen ondorioz, generoa eta sexua eraikuntza soziokulturala direnaren ideia sendotu egin zaidala esango nuke. Sexualitatea bizitzeko hainbat modu dauden arren, gizarteak modu bitar batean bizitzea bultzatu izan du urteen poderioz.

Aipatu beharra daukat, sorpresan harrapatu nauela Erdi Aroan sexuaren inguruan zegoen pentsamenduari buruz irakurtzeak “Erdi Aroan, ez zeuden bi sexu. Bakarra zegoen: gizonezkoena. Emakumezkoena barnean sartutako sexutzat jotzen zen. Sexu txikiagoa, maskulinoa eta barrurantz”. Honekin konturatu gaitezke, sexu maskulinoaren nagusitasun hori duela hainbat eta hainbat urteetatik datorrela.

Gaur egunean, Erdi Aroko pentsamendu hori zertxobait moldatu den arren, oraindik ere aniztasun sexualaren gaian aurrera pauso ugari dago emateko. Astean zehar ikusi ahal izan dugu “neska” eta “mutila” aukerak hanka motz geratzen direla, beren burua bi termino horietatik at definitzen dituzten pertsonak ere badaudela.
Legeek, orain arte, aniztasun hori ez dute aintzat hartu izan. Legalki, persona guztiek “gizona/emakumea” artean kokatu behar izan dute beren burua. Hala ere, aipatzeko modukoa da zenbait herrialdetan aldaketak ematen ari direla gai honen inguruan, “tercer gĆ©nero” deritzon kontzeptua mahaigaineratua izan delarik.

Espainia oraindik ere ez da iritsi honako aurrera pausorik ematera, Lucas Platero soziologoak dioenez, kontzeptu hau herrialdeak bere barne hartu ahal izateko “borondate ezberdina eta pertsona libreagoak beharrezkoak lirateke”. Hala ere, Podemos alderdi politikoak “bitarra ez” den hirugarren generoa aitortzea eskatu du. Ea honako hau, proposamena izatetik, errealitate izatera pasatzen den…
Aurrez aipaturiko “pertsona libre” horiek sortu ahal izateko, etorkizuneko gizartearen oinarri izango diren pertsonak (gaur egungo haurrak) aniztasun sexualaren inguruan heztea ezinbestekoa iruditzen zait. Irakasleak garen aldetik, tutoretzako orduetan adibidez, gai honen inguruan mintzatzea oso aberasgarria litzateke. Horretarako baliagarriak suerta daitezke honako gida hauek (“Sexualitatearen koloreak” eta  edota “Genero eta aniztasun sexualerakogidaliburua”) edota honako bideo hauek.


Aurreko edizioetako sarreren artean, Aida eta Itsasorena aukeratuko nuke. Bere iritzi pertsonala emateaz gain, artikulu ezberdinetatik lortutako hainbat adituren hitzak ere bildu baititu. Gainera, Ur Handitan programak eginiko genero eta identitate sexualen saioa atxiki du bertan eta benetan ikusteko modukoa dela deritzot.

Amaitzeko, hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronkak honako hauek direla esango nuke:

- Sexu-banaketa bitarreko bi rolen arteko gunea zabaltzea.
- Aniztasun ororen aurrean errespetua adieraztea.
- Heteroarauetatik at mundu bat dagoela ikustaraztea.
- Genero rolak baztertzea.

2018/02/16

GEURE BIZITZAREN JABEAK


Identitatea nork bere burua sentitzeko duen modu pertsonala izanik, begi bistakoa da, urteetan zehar, gai honek gizarte patriarkalaren inposizio bat jasan duela. Identitatearen garapena haurtzaroan hasten da, baina ordutik, gizarteak oinarrian dituen bi arketipo zurrunen ideia helarazi zaizkigu. Zakila duten pertsonak mutilak eta alua dutenak neskak dira eta listo!

Genitalek agintzen al dute, ordea? Ez, horixe! Pertsona bakoitzak bere burua nola sentitzen duen kontutan hartzea da garrantzitsuena, horren atzean aurki daitezkeen sentimendu eta sentsazioak errespetatzea.



   
Gai honen inguruan aurreko edizioetako kideek idatzi dutena irakurtzen ari nintzela, Maiteren sarrera hau aipatzea gustatuko litzadake. Bertan atxiki dituen proposamena eta artikulua oso interesgarriak iruditzeaz gain, “Maskarak” izeneko dokumentala ere ikusteko modukoa dela iruditu zaidala ezin uka nezake.



Heziberri2020ri dagokionez, berau aztertzen jardun ostean, bertan ageri den esaldi hau azpimarratu nahiko nuke:

“Emakumeei eta gizonei esleitutako portaera-eredu soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritziak, estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera”

Honako atal hau txosten batean idatzita egotetik, modu praktiko batean aplikatzera iritsi ahal izateko, nire ustez ikasleak “pertsona” gisa tratatzea da garrantzitsuena. Neska edo mutila izateagatik aukera berdintasuna bermatzea beharrezkoa da, ikasleek eskubide berdinak dituztela argi izatea. Ikasle bakoitza dan bezalakoa onartzeak eta guztien arteko errespetua sustatzeak ere berebiziko garrantzia duela deritzot.

Amaitzeko, genero-identitateen inguruan nire inguru hurbilean emandako aurrerapenei buruz pentsatzen hastean, duela urte gutxi batzuk gertatu zen kasu bat etorri zait burura. Bizitza guztian neskatzat hartu genuen gazte bat (ile luzea zuenez, soinekoak jazten zituenez, “neska” izena zuenez… guztiok “neska” bat zela pentsatzen genuen), azken urteetan, bere itxura aldatzen hasi zela konturatu ginen. Ilea moztu zuen, “mutilen” arropak jazten hasi zen, kalera txapelekin irteten hasi zen…
Hasieran, harridurazko erreakzioa izan genuen guztiok, bat-bateko aldaketa hori ulertzen ez baikenuen. Batzuen ahotik entzun ahal izan nituen behin baino gehiagotan “mutila dela uste al du, ala?” eta antzerakoak. Mespretxuzko mezuak ziren horiek, atentzioa deitzen ari zela soilik  uste zutenenak.

Egun batean,  ordea, guztion ahoetara mezu harrigarri bat iritsi zen: “neska” horrek, bere ezagunei “mutil” izen batez dei ziezaioten eskatu zien. Hura zurrumurrua herrian zehar ibili zena! (herri txiki, infernu handi).

Esan nezake, genero-identitateen gaia lehen aldiz mahaigaineratu zela gure herrian eta mutiko horri esker, hainbat pertsonen aurre-ideiak guztiz ezabatuak izan zirela. Nire ustez, jendea orduan hasi zen genero- eta sexu-identitatea berdinak ez direla ulertzen eta egia esan, aurrerapen handia izan zela iruditzen zait.



2018/02/01

ETORKIZUN HEZKIDETZAILE BATEN ALDE

Badaude bizitzaren norabidea aurkitu ahal izateko laguntza beharrean ibiltzen diren pertsonak, bizitzan aurrera egiteko orientazioaren beharra izan dutenak. Bizitzako aspektu orokorrean ez ezik, hezkuntza munduan ere gertatzen da halakorik. Askotan, ikasleek arlo akademikoan orientatuak izatea eskatzen dute, beren etorkizuneko bizitza gutxika marrazten joateko aholkuak behar izaten dituzte.

“Orientatzeak esku hartze kontzientea izan behar du, etengabe martxan dagoena. Hezkuntzaren esparru eta etapa guztietan kontutan hartu beharrekoa da, curriculumean integratuta egon behar du eta hezkuntza komunitatearen inplikazioa funtsezkoa da”

Ikastaro guztian zehar aipatu dugunez, etorkizunean berdintasunean hezitako pertsonak egotea nahi dugu, genero-estereotipoetatik at hezitakoak. Honekin, emakumeen eta gizonen artean ezarrita dauden bidegabekeriaz josiriko ezberdintasunak apurtu nahi dira, “emakume” eta “gizon” izatearen aurretik, “pertsona” izateari garrantzia emanez.

Honetarako, hezkuntza eragileok berdintasunean oinarritutako interakzioak sortzea ezinbestekoa da, genero-estereotipoak alde batera uztea. Estereotipo horiek ikasleen bizitzarako garrantzitsuak izango diren erabakiak baldintzatu ditzateke; sexu batekoa edota bestekoa izateagatik, etorkizunerako aukerak mugatzea posible bihurtuz.


Berdintasun horretan oinarritutako hezkuntza bat aurrera eramateko, aurreko astean ikasgelan erabiltzeko moduko hainbat material baliagarri aipatu ditugu. Kontutan izanik ikastaro honetan adin tarte ezberdinetako ikasleekin lan egiten dugun kideak gaudela, adin ezberdinentzako baliabideak partekatzea pentsatu dut.

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloa: Txikienek ipuinak asko atsegin dituztenez, hona hemen beraiekin landu ahal izateko moduko liburu batzuk:



Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. zikloa: Aurreko urteetan hezkidetzaren inguruan ikusi dutena gehiago zabaltzeko, “Berdintasunean hezten” kanpainaren “Lehen Hezkuntzako umeentzako hezkidetza hiztegitxoa” aproposa izan daiteke.



Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa: Garai honetan irakurtzea askotan derrigorrezkotzat hartzen dutenez, gai hau jorratzen duen film bat jartzea egokia litzateke:


Iazko posten artean, Marivi Fernandezen hau oso interesgarria iruditu zaidala aipatuko nuke. Gaiaren inguruko hausnarketa oso sakona egiteaz gain, partekatu dituen baliabide anitzak oso interesgarria direla baiteritzot.

Amaitzeko, orientazio akademiko hezkidetzailea lantzea ezinbestekoa den aldetik, hona hemen berau posible izan dadin burutu beharreko erronkak:

- Hezkuntza arloko espezialisten ikuspuntu hezkidetzailea zabaltzea
- Parte hartze parekidea sustatzea
- Curriculum ezkutua ere kontutan hartu, hezkidetzailea izatea sustatuz.
- Estereotipatutzat hartzen diren ereduak ekidin
- Hezkuntza afektiboa garatzea, betiere berdintasunean oinarriturik.
- “Gizon” edo “emakume” izatearen gainetik, “pertsonak” garenaren ideia transmititzea.





2018/01/25

CURRICULUMA ETA BALIABIDE DIDAKTIKOAK MOLDATZEKO BEHARRA

   Historian zehar gizarteak matxista izateko joera handia izan duen arren, azken urteetan berdintasunerako pausuak ugariak izaten ari direla ukaezina da. Hala ere, oraindik ere gizonezkoek nagusitasun hori mantentzen dutela begi-bistakoa da, emakumezkoenganako zapalkuntzak presente jarraitzen duelarik. Gizarteko zenbait alderdi dira matxismo horrek barne hartzen dituenak; hala nola, hezkuntza.

     Hezkuntza gizarte patriarkalaren menpe dagoenez, matxismoaren zertzelada nabariak azaltzen dituela agerikoa da. Jakinekoa da gizonezkoek presentzia handiagoa izan ohi dutela testuinguru gehientsuenetan, emakumeak bigarren plano batera pasatuz. Eskoletan ere horrelakorik gertatzen da. Curriculumari edota hezkuntza baliabideei begiratu besterik ez dago benetako hezkidetza ematen ez dela ikusteko.


       Generoen artean dagoen alde hori laburtu ahal izateko, ezinbestekoa da curriculum hezkidetzaile bat sortzea. Curriculumak pertsonak generoaren arabera sailkatu beharrean, pertsona bakoitza izaki indibidual eta aske bat bezala hartu beharko luke, hezkuntza parekide bat lortu eta berdintasunerako pausuak ematea ahalbidetuz.


    Aurreko hau lortzeko asmoz, hainbat gida sortu dira. Hauetan, ikastetxeetan hezkidetzaren ikuspuntu hori nola sartu azaltzen dute. Hementxe uzten dizkizuet Eusko Jaurlaritzak sorturiko “Hezkuntza-sisteman hezkidetza etagenero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana” eta Ereinek publikatutako “Oinarrizko hezkuntzako ikastetxeetan hezkidetza eta genero-berdintasunarenplana lantzeko Gida”.


   Bestalde, hezkidetzaren pentsamendu hau zabaldu ahal izateko, etorkizunean protagonistak izango diren haurrak horren inguruan heztea ezinbestekoa dela deritzot; hau da, inguru hezkidetzaile batean heztea. Horretarako, eskoletako langile guztiei gai honen inguruko ikastaroak emateaz gain, ikasleek hezkidetzari buruzko ikasgai bat izatea beharrezkoa litzatekeela iruditzen zait.


Horrekin batera, ikas materiala birmoldatu eta eduki sexista ezabatu beharko lirateke, eduki hezkidetzaileak sartzeko. Emakundek lan hau errazteko asmoz, “Nola landu eta aukeratu hezkidetzako ikasmaterialak” txostena plazaratu zuen.


     Hezkuntzan aldaketak ikusi ahal izateko, ordea, gizartearen ikuspuntua aldatu beharko litzatekeela uste dut; gizartea aldatzen den heinean, hezkuntza ere aldatzen baitoa. Beraz, gizarteak betaurreko moreak jantzi eta modu parekide batean pentsatzen hasi arte, hezkuntza guztiz hezkidetzailea lortzea ezinezkoa dela uste dut. Hori dela eta, gizarte guztiaren mobilizazioa beharrezkoa da, berdintasunezko mundu baten alde egiteko.

     Amaitzeko, aurreko edizioetako postak irakurtzen aritu ostean, Ane Lenizek sorturiko honetan partekatutako bideo hau ikustera animatzen zaituztet. Bertan, Kataluniako herri bateko eskolan, patioak hobetu ahal izateko aurrera eramandako proiektu bat ageri da. Anek dioen moduan, “patioa ikaskuntza eta harreman espazio hezkidetzailea bilakatu dute, ikasleen eta familien parte hartze aktiboaren bidez.”