Aspaldiko garaietatik, zoritxarrez, indarkeria matxista gure inguruan oso
presente egon den gai bat da. Aurrez aipaturiko indarkeria hori, gizonek
gizartean duten nagusitasun horretaz baliatuz, izaten dituzten emakumeenganako erasoak
hartzen ditu bere barne. Eraso guztiak, ordea, ez dira beti esplizituak izaten;
asko oharkabean pasatzen baitira (mikromatxismoak, kasu).
Aurreko edizioko Ane Lenizen sarrera uzten dizuet hementxe, Ernaik
sorturiko mikromatxismoen inguruko bideo batzuk partekatu baitzituen gainerako
ikaskideekin. Oso interesgarriak suerta daitezke ikasleekin landu ahal izateko;
baita, askotan nabari ez ditugun edota normaltzat hartzen ditugun matxismo
sutil horiek bistaratu ahal izateko.
Gaur egunean, harro esan dezakegu geroz eta jende gehiagok egiten diela
aurre honelako egoerei, indarkeriaren zantzuak ageri dituzten ekintzak irmoki gaitzetsiz.
Talde feministak lan handia egiten ari dira honen harira, emakumeok ditugun
eskubideak bistaratu eta patriarkatuari aurre egin diezaiogun, indarkeria
matxista zapaltzeko asmoz.
Amorrua ematen du, ordea, matxismoaren ondorioz sorturiko eta gizonek
aurrera eramaten duten indarkeria mota honekin amaitzeko, emakumeei eskatzen
zaiela esku har dezaten. Zergatik ibili behar dute emakumeek kontuz ibiltzeko?
Zergatik ez zaie gizonei eskatzen emakumeak errespetuz tratatzeko?
Indarkeria matxistari aurre egiteko, maskulinitate berriak sortzea eta
autodefentsa feminista sustatzea oso baliagarriak izan daitezkeela aipatu dugu.
Bi ideia hauetatik, abiatuz, ikasleekin
honen inguruko lanketa aurrera eramatea ezinbestekoa litzateke. Honako hau egunerokotasunean
transmititu beharko lirateke, pertsona guztien arteko errespetua bermatzeko, gizonek
duten gehiegizko garrantzi hori alde batera uzteko eta emakumeen autoestimua
eta autokonfiantza sustatzeko asmoz.
Sarean zehar begira ibili ostean, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako
geletan landu ahal izateko “bortizkeria matxistaren aurkako hezkuntza
proposamenak” aurkitu ditut. Hementxe uzten dizuet, ea baliagarriak suertatzen
zaizkizuen.
Amaitzeko, hurrengo lerroetan gure eskoletan eta jendartean landu beharreko
erronka garrantzitsu batzuk bildu
ditut:
- Matxismoa eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera bultzatu.
- Eskola
komunitatearen ahalduntzea eta sentsibilizazioa.
- Indarkeria matxista
identifikatu eta horri aurre egiteko baliabideak eskaintzea.
- Mikromatxismoen
identifikazioan zentratu eta berau salatu.
- Maskulinitate eredu
berriak eta autodefentsa feminista landu.
- Indarkeria matxista
jendarte osoaren arazoa dela ulertarazi.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina