Indarkeria
matxista puri purian dagoen errealitate jasangaitza da. Hamaika
izen-abizen edo izendatzeko modu izan ditu urteetan zehar, eta
azkenaldian, kontzeptu honetan zentratzea aldarrikatu izan da
mugimendu feministatik. Zer eta, indarkeria mota honek nonbaiten
iturria badu, matxismoa
delako etengabeko pozoi-emaria ziurtatzen duen fenomenoa.
Emakumeari
ez ezik, maskulinitate hegemoniko ereduaren parte ez den gizaki orori
eragiten dion biolentzia estrukturala da. Eta egoera honen aurrean bi
estrategia nagusitzen dira orokorrean: maskulinitate
berrien ezagupena zein
hedapena, batetik; eta autodefentsa
feminista bere marko
guztietan, bestetik. Ibilbide estrategiko honekin bat egiten dut nik
ere, eta funtsezkoa deritzot bide horretan ondoko esparruei aurre
egin eta deseraikitzea:
maitasun erromantikoa, mikromatxismoen multzoa eta LGTBIQ+fobiak
pilare oso boteretsuak baitira sistema heteropatriarkal hau
sostengatzeko.
Baina
zer da maitasuna?
Zer ez da? Ez al da oso garrantzitsua lagunen maitasuna? Eta beste
maitasun motak? Zeintzuk izan litezke maitasun-eredu berriak?
Galdera sorta honek niri ere zer pentsatua ematen dit. Elkarrekiko
ardura eta zaintza oinarri duten harremanak izatea aldarrikatzen da
feminismoan, eta sinplea bezain esanguratsua iruditzen zait,
horretarako, oinarrizko abiapuntu hau: zerbait
konpartitzean, garrantzi bereko mailan jartzea,
hain zuzen.
Mikromatxismoak
inguraturik bizi gara, errutina eta egoera normalizatutan igerian.
Gehienetan oharkabean pasatzen zaizkigun indarkeria sotil eta
ikusezin horietaz ari gara kontzeptu hau darabilgunean. Ondoko bideo
hauetan islatzen dira egoera batzuk.
Baina izeberga
ere lagungarri izan daiteke adibide txikienak ulertzeko.
LGTBIQ+fobiak,
berriz,
heteronormatiboak ez direnenganako ezinkusia, arbuioa, gorrotoa edo
beldurra izateari deritzo, eta sentimendu hori patologikoa izan
daitekeela aipatzen da irakurgaian. Heteronormatibitatearen ondorioz
edozein pertsonak barneratuta izan dezakeen pentsamendu eta jarrera
litzateke. Patriarkatuak esleituriko sexu edo generoari ez
erantzuteagatik edota orientazio sexualagatik jasotako espresio
larriak zein txikiak.
Maskulinitate
eredu berriak
bilatzen, sustatzen eta hedatzen saiatzen diren gizon taldeak ere
aspaldi jarri ziren martxan. Ez dira horren ohikoak, baina
feminismoarekiko hurbiltasuna eta sentsibilizazioaz gain, konpromisoa
hartu nahi duen gizona antolatzen ari dela iruditzen zait. Kritikak
egiten bazaizkie ere, eta maiz, hankasartze eta kontraesanekin
aritzen badira ere, ezinbestekoak
iruditzen zaizkit niri,
euren ekinbidez sortutako askatze prozesu hauek. Egia da, ordea, oso
kontuan hartu behar dutela euren emozioak adierazteko, umeak
zaintzeko edota sexualitate desberdina esploratzeko prest dauden
bezala, beraien estatusa, ospea, boterea … uzteko prest egon behar
dutela. Alegia, ez dela posible sexismoak eragindako desorekarekin
apurtzea, gizonek boterea galdu barik.
Bestalde,
gogoan izan behar dugu autodefentsa,
arlo fisikotik
haratago doan zerbait dela: jarrerak, emozioak eta autoestimua
lantzen dira, besteak beste. Eta garrantzitsua iruditzen zait
dimentsio pertsonala
eta kolektiboa
barneratzea prozesu honetan.
Iazko
postak
begiratu eta zenbait baliabide eta hausnarketa interesgarri topatu
ditut argitaratutako idatzien artean. Hala ere, Amaia Chuecaren
hauxe
hautatu dut, batez ere, baliabide pila erantsi dizkiolako bere
gogoetari. Material esanguratsua dela iruditu zait, eta kaxoitik
ateratzeaz gain, egunerokoan lagunartean zein ikasleekin lantzeko
aproposak izan daitezkeen baliabideak hurbildu dizkigu. Hauek eta beste batzuk dituzue jarraian:
- Matxismoaren
inguruan aritu ziren UR HANDITAN saioan
- Pamela
Palencianoren NO SOLO DUELEN LOS GOLPES ere itzela iruditzen zait.
Bere monologoa ikusteko aukera baduzue, zuzenean joatea eta ondorengo
hausnarketan parte hartzea oso gomendagarria da indarkeria
matxistaren milaka aurpegiz ohartzeko. Baita norberak bere barnean
dituen zapalduaren eta zapaltzailearen rolez jabetzeko ere.
- Maitasun
erromantikoaren harira Ernai Gazte Antolakundeak baditu hainbat
ekimen martxan. Elkarrizketa eta bideo labur ugari egin izan ditu
MIKROMATXISMOAK eta egun indarrean dugun politika egiteko modu
heteropatriarkala salatzeko egindako erreportaia zein elkarrizketak.
Horietako batek azken hau jartzen du eztabaidan:
Leloren bat hautatzerakoan asko etor daitezke burura. Nik Uluka musika taldeak sortutako abesti baten letra hartu eta estribilloaren mezu nagusia ekarri nahi izan dut proposamen gisa ikasleekin lantzeko.
Maitasun erromantikoaren gaia jorratzen du abesti honek, eta maitasuna modu osasuntsuan bizitzeko gonbita luzatzen dio entzuleari: laranja erdiaren mitoa kolokan jarriz, ezezkoak ematera gonbidatuz, mamuak eta beldurrak alde batera uzteko indarra emanez, hortzak atera eta gaizki sentiarazten zaituen pertsonarekin harremanak etetera animatuz...
Abesti honen letra lantzearekin batera, hausnarketa egiteko galdetegia osatuko dugu talde txikitan erantzun eta hausnartu dezaten. 10-16 urte arteko gaztetxo zein gazteekin lantzeko aproposa izan daiteke... baita helduagoekin ere. Maitasuna eurak nola bizi duten behatu, entzun eta ulertzeko aukera paregabea izan daiteke hau. Eta horrez gain, maitasun erromantikoaren mito ankerrak deusezten laguntzeko eta euren sentimenduak modu askean adierazi eta bizitzeko bidean makinariak martxan jartzeko baliagarria izan daiteke.
Edozein tutoretza saio izan daiteke gai hau jorratzeko momentua. Otsailaren 14aren aitzakiapean, edo beste edozein data testuingurutan erabili daiteke. Batzuetan, ikasle taldean ematen diren egoerek ere erakus diezagukete noiz den gaia lantzeko une eta modu aproposena.
Azkenik,
argi dago HEZKIDETZAKO HELMUGA dela, besteak beste, beldurrik
gabe bizitzeko eskubidea eta indarkeriarik gabeko jendartea sortzea.
Bide honetan buru belarri aritzeko justifikazio askorik ez da behar:
- gure buruak maitatu, errespetatu eta lehentasunezko maila berean kokatzea. Norbera maitatu lehenik, ondokoa maitatu ahal izateko.
- indarkeria martxistaren kontzientzia hartzea eta gure egunerokoan duen eragin baldintzatzailearen dimentsioaz jabetzea, esku hartu ahal izateko.
- estrategia legitimo eta ezinbesteko gisa autodefentsa -fisiko, emozional...- sustatzea eremu profesional eta pertsonalean garatzeko.
- norberetik hasi, interes kolektiboen aldeko apustua egiteko.
- gure eremua aztertu eta eskuhartzeako tresnak eskuratzea, inguruan eragiteko,
- beldurretik aske bizitzeko erramintak eskuratu eta zabaltzea, emakumeon artean konpartitzea...
- autoestimua eta burujabetasuna izateko lan egitea.
- emakumeon arteko elkartasuna, enpatia eta konplizitatea indartzeko.
- indarkeria matxista identifikatu eta salatzeko jakintza nahikoa izateko.
- mekanismoak ezagutu eta jorratzea, beldurrari aurre egiteko
- ...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina