Identitatea nork bere burua sentitzeko
duen modu pertsonala izanik, begi bistakoa da, urteetan zehar, gai honek gizarte
patriarkalaren inposizio bat jasan duela. Identitatearen garapena haurtzaroan
hasten da, baina ordutik, gizarteak oinarrian dituen bi arketipo zurrunen ideia
helarazi zaizkigu. Zakila duten pertsonak mutilak eta alua dutenak neskak dira
eta listo!
Genitalek agintzen al dute, ordea? Ez,
horixe! Pertsona bakoitzak bere burua nola sentitzen duen kontutan hartzea da
garrantzitsuena, horren atzean aurki daitezkeen sentimendu eta sentsazioak errespetatzea.
Gai honen inguruan aurreko
edizioetako kideek idatzi dutena irakurtzen ari nintzela, Maiteren sarrera hau aipatzea gustatuko litzadake. Bertan atxiki dituen proposamena eta artikulua oso interesgarriak iruditzeaz gain, “Maskarak” izeneko dokumentala ere
ikusteko modukoa dela iruditu zaidala ezin uka nezake.
Heziberri2020ri
dagokionez, berau aztertzen jardun ostean, bertan ageri den esaldi hau
azpimarratu nahiko nuke:
“Emakumeei eta gizonei esleitutako portaera-eredu
soziokulturaletan oinarrituta eraiki diren sexuaren araberako aurreiritziak,
estereotipoak eta rolak ezabatzea, sexu bateko zein besteko ikasleei beren
buruak erabat garatzeko aukerak eskaintze aldera”
Honako atal hau txosten batean idatzita egotetik, modu praktiko
batean aplikatzera iritsi ahal izateko, nire ustez ikasleak “pertsona” gisa
tratatzea da garrantzitsuena. Neska edo mutila izateagatik aukera berdintasuna
bermatzea beharrezkoa da, ikasleek eskubide berdinak dituztela argi izatea.
Ikasle bakoitza dan bezalakoa onartzeak eta guztien arteko errespetua
sustatzeak ere berebiziko garrantzia duela deritzot.
Amaitzeko, genero-identitateen inguruan nire inguru hurbilean emandako aurrerapenei
buruz pentsatzen hastean, duela urte gutxi batzuk gertatu zen kasu bat etorri
zait burura. Bizitza guztian neskatzat hartu genuen gazte bat (ile luzea
zuenez, soinekoak jazten zituenez, “neska” izena zuenez… guztiok “neska” bat
zela pentsatzen genuen), azken urteetan, bere itxura aldatzen hasi zela
konturatu ginen. Ilea moztu zuen, “mutilen” arropak jazten hasi zen, kalera
txapelekin irteten hasi zen…
Hasieran, harridurazko erreakzioa izan
genuen guztiok, bat-bateko aldaketa hori ulertzen ez baikenuen. Batzuen ahotik
entzun ahal izan nituen behin baino gehiagotan “mutila dela uste al du, ala?”
eta antzerakoak. Mespretxuzko mezuak ziren horiek, atentzioa deitzen ari zela
soilik uste zutenenak.
Egun batean, ordea, guztion ahoetara mezu harrigarri bat
iritsi zen: “neska” horrek, bere ezagunei “mutil” izen batez dei ziezaioten
eskatu zien. Hura zurrumurrua herrian zehar ibili zena! (herri txiki, infernu
handi).
Esan nezake, genero-identitateen gaia lehen
aldiz mahaigaineratu zela gure herrian eta mutiko horri esker, hainbat
pertsonen aurre-ideiak guztiz ezabatuak izan zirela. Nire ustez, jendea orduan hasi
zen genero- eta sexu-identitatea berdinak ez direla ulertzen eta egia esan,
aurrerapen handia izan zela iruditzen zait.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina