Nor naiz ni? Zer naiz ni? Nahi dudana naiz? Zerk bereizten nau besteengandik? Zerk egiten nau besteen antzeko? Zerk eta nork definitzen nau?... Identitateekin dantzan aritu gara aste honetan. Baina zer da identitatea?
Identitatea beste pertsonengandik bereiztea da baina talde baten partaide bihurtzen nau aldi berean. Eraikuntza pertsonala eta banakakoa da, baita eraikuntza soziala ere. Nor bere buruaren zentzua garatzean datza, esperientzia, bizipen ezaugarri eta pertzepzio pertsonalen bidez, kulturak gidatutako balio eta arauen eraginez barneratuz.
Bizi garen jendarte heteropatriarkalak pentsamendu dikotomiko eta hierarkikoa erabiltzen du mundua antolatzeko eta banatzeko. Hortaz, sexu-genero sistemak gure identitatearen eraikuntzarengan eragin zuzen, zorrotz eta eskasa du.
Sexu-identitatea baldintza biologikoetan oinarritutako identitatea da, pertsonari bere genitalen eta ezaugarri fisiologikoen arabera ematen zaiona. Genero identitatea aldiz, estereotipo eta rolei lotutako eraikuntza sozial eta kulturala da, gizateria bi multzotan sailkatu eta nolakoak izan eta jokatu behar dugun inposatzen duena. Hortaz, beste behin ere sexu-genero sistema bitarrak itotzen gaitu eta nolakotasuna azaltzen duten definizio horiei men egiten ez dionak baztertuko du jendarteak. Zorionez, bi arketipo zurrun hauek baino askoz zabalago, anitzago eta aberatsagoak dira identitateak. Sistema bitarra gainditzean, sexua zein generoa kultura eraikuntza mugatuak direla ohartu eta onartu ahala, aniztasunarekiko mapa berria zabalduko dugu, aniztasunarekiko errespetua bermatuz.
Genero-identitatea beraz, pertzepzio subjektiboari dagokio, indarrean dauden arauak pertzepzio hori bideratzen dutelarik eta une historiko zein geografiko ezberdinetan aldatu daiteke, beraz eraikuntza soziokulturala da. Horren adibide honako artikulua, non kolonizazioaren aurretik amerikarrek 5 genero ezberdin aitortzen zituztela azaltzen den eta maskulino zein femeninoak ziren ezaugarriak zituzten pertsonak goraipatzen ziren gainera.
Gauzak honela, gizarte orok genero-eskemak, arauak, jarraibideak edo estereotipo kulturalak dituztela onartuta, gizarte bereko gainerako kideekin identitate soziala osatzeko erabiliak dira eta ondorioz genero-identitatea sortzen da. Eredu hauek idealizatuta daude iruditeri kolektiboan eta komunitatean onartuta sentitzeko, jendeak ahal duen moduan egokitzen zaio generoen tiraniari. Baina zientziek (psikologia edo medikuntza kasu) teoria hauek legitimatu egiten dituzte eta pertsonen garapen integrala baldintzatzearekin batera, patologizatu eta sexu-diskriminazioa iraunarazten dute. Teoria feministak aldiz, genero-kontzeptuak kolokan jarri ditu eta identitatearen izaera aldakorra, anitza, erlatiboa eta etengabeko erikuntza mahaiganeratu eta aitortu du.
Genero-identitatea zer den eta bere garapenaren inguruko teoria ezberdinek azpimarratzen dutena kontutan izanik, norbanakoarengan ezezik, gizartearen eraikuntzarekin, gizarte-ereduarekin eta egiten dugun hautuarekin zer ikusia du.
Hortaz, heteropatriarkatuak pertsonen identitateak definitzeko eta sailkatzeko sexu-genero sistema oinarrian hartzen duen heinean, hierarkizazioak ahalbidetzen ditu. Jule Goikoetxeak aipatzen duen bezala, bien arteko aldea zenbat eta handiagoa izan gero eta des-demokratizazio sakonagoa emango da sistema kapitalista eta patriarkalaren barnean, pertsonak objektu gisa eta ez subjektu politiko moduan ulertzeko bide eginez, (sexu-genero, atzerritar-bertako, kultura maila, diru sarrerak, etabar-en arabera). Hortaz, jendartean eraldaketarako subjektu kategoria da gakoa eta izakia produktu kulturala dela pentsatuta, eraiki-deseraiki-eraiki prozesuan, aldakorra eta sortzailea da. Kultura moduak zalantzan jar daitezke zapalkuntza jarreren kontra joanez identitate anitzen askatasunean ezezik, instituzionalizazioa hautsiz ere, subjektu politiko gisa.
Honen guztiaren aurrean, berriz ere hezkuntza da jendartea eraldatzeko dugun tresnarik eraginkorrenetarikoa. Heziberri 2020 aztertuta, identitateen garapenaren inguruan islatzen duen honako esaldia aukeratu dut (126.orr:):
"Nork bere burua, norberaren taldea eta bizi duen mundua ezagutu eta ulertzea da, gizarte-zientzien jakintza eskuratuz, kritikoki erabiliz".
1) Norbera banakako pertsona dela eta gizartean beste pertsona batzuekin bizi dela ulertzea, eta pertsona horiekin lanean aritzea eta antolatzea askotariko ezaugarriak eta xedeak dituzten taldeetan, maila bat baino gehiagotan (familian, eskolan, auzoan, herrian, nazioan eta gainerako mailetan).
Aurretik aipatutakoa, aintzat hartzeko, funtsezkoa izango da curriculum ezkutuan ikasle guztiei aukera berdintasuna luzatzea eta genero-estereotipoak alboratzea. Hezitzaileak garen aldetik, inkontzientean barneratuta ditugun rol eta estereotipo horiek deseraikitzea eta eredu berriak ikasleei aurkeztea ezinbestekoa da. Norbanako bakoitzaren nahiak errespetetatzea eta bide horretan tutorizatzea eta orientatzea aurretik ditugun espektatibak bete ez daitezen. Norberaren banakotasuna onartu eta aniztasunaren aberastasuna kontutan hartu. Gainera, ikasleen identitatearen eraikuntzan, gure jarrerak neurtu, hizkuntza inklusibo eta hezkidetzailea erabili eta baliabide berriak sortu zein osatu beharko dira, aukera aniztasuna zabalduz eta eredu berriak eta ugariak eskainiz, beti ere, aniztasunaren trataera landuz eta errespetua oinarrian izanik.
Nire errealitate hurbilean eta genero-identitateen inguruan emandako aurrerapenak gogora ekarriz, ugariak dira desikasi behar izan diren eta oraindik desikasteko dauden sienesmenak. Aniztasunaren aurrean errespetua hazi bada ere, oraindik lan handia egiteko dagoela iruditzen zait. Diskurtso egokia zein den kontziente bagara ere, praktikan oraindik zailtasunak eta erresistentziak daudela iruditzen zait. Honekin harremanduta, adibide bat ekarri nahiko nuke gogora: Ikasle transgeneroena. Diskurtso teorikoa ondo badakigu ere, errealitate horrekin eskolan aurrez aurre topatzen garenean, kezka, ardura eta zailtasunak dira nagusi. Ondo egin nahi baina nahikoa formatuta ez gaudela ikusten dut. Soilik pertsona horren kasiustika azaltzeko hizkuntzarekin sortzen dira lehenengo zailtasunak. "neska jaio zen baina mutila sentitzen da"(!?!); transgenero eta transexual kontzeptuen arteko ezjakintasuna, zein aldagela erabili behar duen... ugariak dira egunerokoan agertzen zaizkigun erronkak eta gertatu izan zait aniztasuna arazo bezala ulertu duten hezitzaileekin aurkitzea. Antzeko fenomenoa gertatzen da intersexualitatearekin ere, ezjakintasuna handia da.
Gainera, iruditzen zait erresistentziak askotan norberaren sinesmenak kolokan jarri behar izatetik datozela. Orain arte eztabaidaezinak eta determinanteak ziren sinesmen horiek deseraiki beharrean aurkitzen gara eta gutako bakoitzaren gorputza eta burua zeharkatu behar duen prozesutik eratorriak behar dute izan. Beraz, hautu pertsonaletik pausua eman beharrean gaudela uste dut, gure eskema tradizionalak zalantzan jarriz eta kuestionatuz, ezjakintasunari formakuntzaren bidetik aurre eginez eta aniztasuna aberastasun gisa ulertuz.
Aurreko urteetako ikastarokideek egindako post-en artean, Identitateen garapena izenekoa aukeratu dut, izan ere, genero-identitateen inguruan emandako aurrerapenen zerrenda interesgarria iruditu ezezik, honen inguruan burututako hausnarketa gogora ekarri nahiko nuke: "prebentzio lana badago, baina sistematik ikasleei beraien lekua onartzen ez diegun bitartean, pertsona oso kontsideratzen ez ditugun bitartean, galdetzen ez diegun bitartean "zein dira zuen premiak?... beraiek obeditzen ikasten dute. Horrekin barneratzen den mezua honakoa da: "handiagoa naizenean txikiago bat mendean hartuko dut". Orduan planen eta programen bidez adabakiak jartzen ari gara, baina muinari oraindik ez diogu heldu".
Bukatzeko Napoka Iria taldearen "Disonantziak" kanta partekatu nahiko nuke, izan ere letra esanguratsua duela iruditzen zait.
DISONANTZIAK
Gustu, desio eta pentsaera
irakatsi eta ikasiak dira
lerrokatuz, sailkatuz hurkoa
hala eraiki dute mundua
ta nik, koloreztatuko nuke
nik nahi ditudan margoez
behin gau batez amestutakoa
norbaitek ezabatu baino lehen, inork ezabatu baino lehen
irakatsi eta ikasiak dira
lerrokatuz, sailkatuz hurkoa
hala eraiki dute mundua
ta nik, koloreztatuko nuke
nik nahi ditudan margoez
behin gau batez amestutakoa
norbaitek ezabatu baino lehen, inork ezabatu baino lehen
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina