Identitateen garapenaren gaia oso gai konplexua iruditu zait. Izan ere,
identitateak ezinbestekoak dira gizartean bizitzeko. Patriarkatua eta
heteronormatibitatea azaltzen dira gure identitateak eraikitzen direnean.
Pertsona egitura hegemonikoaren, hierarkikoaren eta baztertzailearen mende
gaude, eta egitura horrek diskriminatu egiten ditu identitate batzuk beste
batzuen aurrean.
Argi dago, identitateak anitzak direla eta horrek
aberastasuna dakarrela. Esan beharra daukat, aste honetako irakurgaiari esker,
aniztasun horrek dakarren kontzeptualizazio anitza ezagutzen lagundu didala; hala
nola, zisgenero, zisexual, queergenero, pangeneroa… hitzak.
Zer da ordea identitatea? Hona hemen, gai honekin lotuta atera dudan
ideia nagusiarekin sortutako irudia.
Aste honetan, aurreko urteko sarrerak irakurri
ostean, Ainhorena gomendatzea pentsatu dut. Hausnarketa argia egiteaz gain,
asko gustatu zait partekatu duen ondorengo bideoa.
Bertan ikus daitekeen bezala, haurrek gurasoek
esaten dizkieten gauzetatik abiatuz beraien ideiak eraikitzen dituzte. Modu
honetara, ingurukoekiko izaten dituzten gizarte-harremanetatik beraien
identitatea eraikiko dute, norberaren
portaerak eta horiek jasotzen dituzten erantzunen arteko trukaketetan. Leloak
dioen bezala, “Emakumea edo gizona ez
dira jaiotzen, egiten baizik”.
Hori honela
izanik, garrantzitsua izango da, batez ere, haurrekin egunerokotasunean
erabiltzen ditugun hitzei erreparatzea. Amelia Barquin Lopezek Argia aldizkariko elkarrizketan dioen bezala: "Genero-identitatea askatasunez
erabakitzen utzi behar zaie umeei".
Heziberri 2020 aztertu ostean, identitateen garapenarekin
lotutako ondorengo bi zatiak hautatzea pentsatu dut:
“Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da,
desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes
eta laguntza zehatzak emango dizkiena. Hezkuntza inklusiboak aniztasunaren
adierazpen guztiak hartzen ditu aintzat: hizkuntza, kultura, gaitasunak,
sexu-orientazioa, generoa eta baliabide sozioekonomikoak.”
“Oinarrizko Hezkuntzak pertsona guztien
hezkuntza-eskubidea bermatu behar du. Horrenbestez, zuzentasunaren eta justizia
sozialaren ildoan, hezkuntzak aukera berdinak eskaini behar ditu, bazterketarik
egin gabe –ezaugarri pertsonalengatik edo sexu-orientazio, kultur nortasun edo
generoagatik–, eta gainditu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak,
sozialak, kulturalak eta pertsonalak.”
Guzti
hori kontuan hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da curriculum ezkutuan
ikasle guztiei aukera berdinak ahalbidetzearen alde lan egitea; hauengana
zuzentzeko erabiltzen diren jarrerak, hizkuntza, baliabideak… aintzat hartuz
eta betiere estereotipoak alde batera utziz.
Egia da, nire inguru hurbilean, genero-identitateen inguruan gero eta aurrerapen gehiago
ematen ari direla, batez ere, hezkuntza eremuan gero eta ekintza
hezkidetzaileagoak antolatzen ari direlarik. Gainera, identitate anitzei
dagokionez, ingurukoek gero eta informazio gehiago dutelakoan nago. Hala ere, oraindik
ere sinesmen faltsu ugari daude desikasteko. Beraz, lanean jarraitu beharra
dagoela uste dut.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina