2018/02/05

Orientazio hezkidetzailea askeago izateko!


Argi dago gizarte matxista batean bizi garela eta patriarkatuak bere baliabide eta erreminta guztiak erabiltzen dituela sistemak dagoen bezala iraun dezan. Pribilegio eta erasotasun asko dago jokoan eta botereari honek horrela izaten jarraitu dezan interesatzen zaio. Haur, agure, nerabe eta pertsona helduak gizarte beraren parte gara. Guztioi eragiten digu matxismoak eta gure jokaera eta aukerak sexu-genero sistemak baldintzatzen ditu nolabait. Akrostikoan planteatutako galderaren erantzuna beraz, ezezkoa da, orokorrean haurrek eta gazte ikasleek ez dutela askatasun nahiko benetan direna eta egin nahi dutena identifikatu eta horrekin koherentzian ekiteko.

Honen ildora, 2015ean argitaratutako PISA  txostenak genero estereotipoek ikasketetan nola eragiten duten eta zentzu honetan dagoen genero-arrailaren nondik norako nagusien berri ematen du; neskek autokonfiantza baxuagoa dutela, irakasleen eta familien aurreiritzi eta espektatibek haur eta gazteengan duten eragin handia, mutilek neskek baino 4 aldiz gehiago hautatzen dituztela ingeniaritza edo informatika ikasketak eta neskek proportzio berdinetan osasun zientziekin lotura dutenak erakusten digu ikerketak.

Gauza da, sistema hori bertan bizi garen pertsonen gehiengoarentzat kaltegarria eta diskriminatzailea dela, gure benetako izateaz aldentzen gaituela eta ez diola ongizateari batere onik egiten. Honetaz guztiaz jabetzeaz gain estrategiak bilatu behar ditugu mandatu matxistei, genero estereotipoei, muzin egin eta pertsona askeagoak eta zoriontsuagoak izateko.

Orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko erronkekin zerrenda amaigabea osatu dezakegu  baina oraingoan, guzti horietako batean ipini nahi nuke begirada: emakumeek kurrikulumean duten presentzia handitzearen garrantzia, ereduak eta erreferentziak izatea oso beharrezkoa delako neskek eta emakumeok egin dezakegula ikusi eta sinesteko.

Aste honetan landutako edukiek ondorengo oroitzapena ekarri didate gogora: Bigarren Hezkuntza ikasten nengoenean, anaiak kontatu zidan bere unibertsitateko kide bat Afrikara joan behar zela txinpantzeak behatu eta beraien jarreraren inguruko behaketa egitera. Kontakizun hark “Gorilas en la niebla” filma ekarri zidan gogora eta izugarrizko miresmena sentitu nuen aste batzuetan oihanean bizitzen egon behar zen neska harengandik. Pertsona hori, gaur egun nire laguna da. Gai hauekiko dudan interesaren berri duenez eta feminista amorratua naizela badakienez, orain dela egun batzuk bideo hau bidali zidan. Beste gauza askoren artean, argi eta garbi ikusten da orientazio eta aukera akademikoen gaian zein garrantzitsua den emakumeek egin dituzten ekarpenak erakutsi eta ezagutaraztea, azken finean, ezin da esan primatologian beste edozein disziplina zientifikotan baino emakume gehiago egotea kasualitate hutsa denik! Eraginen bat izango zuten hain ezagunak diren Jane Goodall, Dian Fossey edo Birute Galdikas-ek honetan guztian.



Zientziarekin jarraituz, PISA txostenak aipatzen zituen familia eta ingurukoen aurreiritzi eta espektatibak berrikusi eta sexismoa baztertzeko beharra argi uzten duen bideo bat partekatzen dut:

  

Joan den urteko post bat aukeratzekotan Uxanak idatzitakoarekin gelditzen naiz proposatzen duen infografiak gaia bikain laburtzen duela iruditzen zaidalako, orientazio hezkidetzailearen desafioak primeran argudiatzen dituelako eta bideoak oso ondo azaltzen duelako binarismo eta generoaren gaia: "Norabideari haize ufada anitza txertatzeko beharra"


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina