2018/03/06

Gatazkek alderdi positiboa ere badute!


Aste honetako irakurgaiari esker, duela pare bat urte buruturiko ikastaro batean barneratutako zenbait ideia birgogoratu ahal izan ditut. Ikastaroan zehar, giza eskubideen eta gatazken kudeaketaren inguruan mintzatu ginen eta aste honetako irakurgaian bildurik dauden hainbat kontzeptu lantzeko aukera izan genuen. Aipatu beharra daukat, bai ikastaroa hura burutzen nenbilela, baita orain ere, atentzioa gehienbat deitzen didan ideia honako hau dela:


Askotan, “gatazka” kontzeptua zerbait negatibotzat hartzen da, indarkeriarekin hertsiki loturik doala uste baita. Argi dagoena da giza erlazio guztietan gatazkak sortzen direla; hauek, bi persona edo gehiagoren interesen, beharren eta baloreen arteko talka gisa defini daitezkeelarik.

Esan liteke, gatazkak ez direla onak edo txarrak izaten. Hala ere, hauei aurre egiteko moduaren arabera, positiboak edo negatiboak bilakatu daitezke. Hau da, modu negatiboan aurre egiten badiegu, indarkerairekin nahastu daitezke. Aldiz, modu positiboan erantzunez gero, gatazkak aldaketa eta ikaskuntzarako oinarri bihur daitezke.

Hori dela eta, gatazkak konpontzeko metodo egokiak erabiltzen ditugula ziurtatu behar dugu eta horretarako, trebetasunak eta estrategiak barneratzea ezinbestekoa da. Gatazka sortzen den momentuan esku hartzen badugu eta ez krisi bortitza izatera pasa denean, askoz ere errazagoa izango da irtenbide bat aurkitzea.

Hariari jarraituz, irakurgaian “bakea” kontzeptuaren inguruan egiten den  hausnarketa oso interesgarria iruditu zait. Egia da, bakea esaten dugunean, gatazkarik ez egotearekin erlazionatzen dugula. Hala ere “gatazka eza = bakea” formula hautsi beharra dago, izan ere:

Iazko sarreren artean, Ane Lenizena gomendatuko nizueke. Gaiaren inguruko ideia garrantzitsuenak modu labur batean azalduta egoteaz gain, gai hau landu ahal izateko atxiki dituen bi bideoak oso interesgarriak iruditu baitzaizkit.




Aipatzekoa da, baita ere, egunez egun hezkuntza testuinguruko partaideen kezka haunditzen doala elkarbizitzan ematen diren gatazkak direla medio. Hezkuntza sistemaren kalitatea hobetu ahal izateko, ikuspuntu integral batetik bizikidetza hobetu beharko litzateke eta horretarako, gatazken kudeaketari duen garrantzia eskaintzea ezinbestekoa da. Horretarako, hainbat baliabide uzten dizkizuet hemendik:

- Eskolako bizikidetzari buruzko monografikoa: Bertan, hezkuntza testuinguruan ematen den bizikidetzarekin loturiko hainbat hausnarketa, bizipen eta baliabideak bildurik daude.

- Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza ez formalaren esparruan bizikidetza eta bakerakohezkuntza: Elkarbizitza eta bakerako hezkuntzak Autonomia Erkidegoko eskola arloan eta arautu gabeko hezkuntzan duen egoerari buruz orain argitaratu diren bi ikerketa-lan dira, eta horien edukia da Jaurlaritzak aurrera eraman nahi duen bakerako hezkuntzari buruzko politikak garatzeko oinarria. 

- Jornadas convivencia 2013 – Mº José Díaz Aguado: Hezkuntza testuinguruan ematen den bizikidetzaren inguruko hizketaldia (10. minututik aurrera - Luze zamarra baina interesgarria).

Amaitzeko, hau guztia eremu hezitzailean lantzeko beharrezkoak diren erronketako batzuk honako hauek izan liratekeela esango nuke:

- “Gatazka” kontzeptuari atxikitutako esanahi negatiboa baztertzea.
- Elkarren arteko errespetua sustatzea.
- Gatazken kudeaketarako metodo egokiak azaltzea.
- Indarkeriaren erabilera irmoki gaitzestea bultzatzea.
- Zaintzen etika praktikatzea.
- Gatazken kudeaketan genero ikuspegia txertatzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina