2018/02/27

HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUALA


Telebistan, komunikabideetan, liburuetan… maitasun erromantikoa zerbait positibotzat saldu izan digute, maiteminduta egotea (emakume eta gizon baten arteko maitasun erlazioa, zehazki) munduko gauzarik onena eta beharrezkoena dela azpimarratuz. Baina, MINDU hitza bere izenaren barruan daraman sentimendu batez fidatu egin behar al dugu?
Gaur egungo gizarte patriarkalak ugalkortasuna oinarri duen sexualitatea defendatu izan du, horrela, emakumez (baginadun) eta gizonez (zakildun) osaturiko bikoteak aukera bakartzat hartuz. Hala ere, sexualitatea eraikuntza sozio-kulturala denez, desikasia izan daiteke.

Hori dela eta, ezinbestekoa da inposatuta dagoen sexu-genero sistema binarioa baztertzea eta dauden sexualitate aukera anitzei ateak zabaltzea (LGTBIQ+). “Malgutasuna ahotan” izeneko artikuluan irakur daitekeenez, Zuriñe Baztanek «binarismo basatia» dagoela aitortzen du. Berak argi du ez dela ez gizon ez emakume, generoa hori baino zabalagoa eta pluralagoa dela; baina gizon ala emakume gisara sozializatu behar du «binarismo basati» dela eta.
Iazko postei begira nenbilela, Aida eta Itsasoren hau benetan interesgarria iruditu zaidala esango nuke. Maitasun erromantikoari buruz idatzitakoa modu ezin hobean azaltzen duela uste dut “mutilek ligatzeko “matxote” izan behar direla sinesten duten bitartean, neskek, maitasun erromantikoaren tranparen biktimek, “basapiztia” “printze” bihutzea espero dute”.

Gainera, nesken eta mutilen sexualitatearen inguruan atxikitako taula oso ondo azalduta dagoela deritzot.

                                  NESKAK
                     MUTILAK
Sexualitaterik eta desiorik ez.
Sexualitatea eta desio geldiezina.
Sexu-esperientziez ezin dute hitz egin.
Sexu-esperientziez hitz egin dezakete.
Sexu-harremanetan maitasuna da garrantzitsuena.
Maitasuna ez da beraien bizi-proiektuaren erdigunea.
           
Honekin batera, aurrez aipaturiko maitasun erromantikoari kritika egiten dion “Sin medias laranjas” laburmetraia oso dibertigarria iruditu zaidala ezin uka nezake. Hementxe partekatzen dut zuekin:

Ikasleekin erabilgarria izan daitezkeen baliabideei dagokionez, hona hemen sarean zehar aurkitu ditudan gida, dokumentu, bideo… baliagarri batzuk:

- “Eskola orientazio sexualaren aurrean”: ALDARTE Bilbon sortu zen, 1994an, batetik, gay, lesbiana eta transexualen eskura eta horien ingurunearen eskura baliabideak jartzeko, eta, bestetik, gizartean eta hezkuntzan esku hartzeko, azken batean homosexualitatearen, lesbianismoaren eta transexualitatearen normalizazioa pixkana-pixkana lortzeko.

- “Aniztasun afektibo-sexualaren aurreko jarrerak ikasgeletan”: Bizkaian eta Gipuzkoan Gehituk eta Guztiok Elkarteak (biak ere Berdindu! Zerbitzuko kideak) elkarrekin garatutako ikerketa izan da, gazteek (13-16 urte) sexu-aniztasunarekin zer jokabide duten jakin ahal izateko informazioa biltzeko asmoz.

- “Askatasun begiradak”: Genero eta aniztasun afektibo sexuala modu askean bizitzen laguntzeko unitate didaktikoa da hau. Jarduera gehienak Lehen Hezkuntzatik hasita egin ahal ditugu ikasleekin, baina bigarren hezkuntzan bestelako sakontasunean heltzeko aukera dugu. Ez dugu tolerantzia lantzerik nahi, ez baitugu besteen epairik nahi norberaren generoz, genero adierazpenak, edo maitatzeko eraz: askatasun gizartean bizi nahi dugu, gizarte askatzailean.

-“Genero eta aniztasun sexualerako gida”: Gutxieneko eskubideez baino, ezinbesteko eskubideez ari gara; hor - taz, gida hau eraldaketarako abiapuntu egokia izan daitekeelakoan gaude. Ikasle, irakasle, langile ez-irakasle, sindikatu eta familiei zu - zentzen diegu, gaiari beldurrik gabe helduz, eta ahal den neurrian hainbat irtenbide emanez.

- Maitasun erromantikoari buruzko bideoa.

- "Maitasun erromantikoa botere harremanen euskarri?": Maitasun erromantikoaren mitoan sakondu dugu; nondik dator? Nola aldatu mitoa historian zehar? Zergaitik sentiarazten gaituzte erdi eta ez oso? Zer ondorio ditu maitasun erromantikoaren mitoak gure harremanetan? 
Amaitzeko, hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronketako batzuk honako hauek izango liratekeela esango nuke:

- Heterosexualetik at geratzen diren egoerak zerbait normaltzat hartzea.
- Sexualitateari buruzko hitzaldi garatuagoak eskaintzea (ez mugatzea banakako maitasunera, erlazio heterosexualetara eta erlazio homosexualetara).
- Sexualitatea ikuspuntu biologiko eta fisiologikotik begiratzeari uztea (ugalketa sistemara ez mugatzea).
- Heziketa sexualaren inguruan egiten den lana errebisatu eta hobetzea.
- Maitasun erromantikoaren mitoak ezagutaraztea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina