2018/02/26

NOLA HELDU NAIZ NI HONAINO

    Aste honetako posta Onintza Enbeitak pasa den ostiraleko Berria egunkarian idatziriko  ISTRIPUA izeneko artikuluarekin hasi nahiko nuke. Bertan jaio garen toki, garai eta moduaren arabera, era batekoak ala bestekoak izatera kondenatuak garela dio. Halaber, kondena hori ez du istripu bezala hartzen, kulturalki sorturiko zapalkuntza dela dio. 



   Iazko posten artean arakatzen ibili ondoren, Maite Magisteritza-k idatzirikoa aipatu nahiko nuke egin duen hausnarketa  asko gustatu zaidalako. Berak dio sailkatze zorrotzaren beharrak elkarbizitzari min handia eragiten diola eta guztiz ados nago. Horren harira, ezinbestekoa da denon egoera entzun, ulertu eta errespetatzea. Hurrengo bideo hau sistema binarioa azaltzeko dagoen bailabide bikaina dela deritzot.


     Laburra da eta oso bisualki azaltzen du aniztasuna. Nerabeekin lantzeko aproposa dela deritzot. Bertan kontzeptu ezberdinen esanahia jasotzen du: sexu biologikoa (jaiotzetik naturak ematen diguna), sexu identitatea (zer sentitzen garen), sexu orientatzioa (ditugun nahi edo desirak) eta genero adierazpena (gizartean ezarritako rol eta estereotipoek zehazturikoa). Gainera, kontzeptu guzti horiek dituzten aukera anitzak erakusten ditu, era sinple eta ulergarrian azalduz.

   Astean zehar egindako ibilbidearen ondorioz sorpresa izan da nire buruarekiko dudak eta ziurgabetasunak sentitu izana. Izan ere, sortu zaidan zalantza zera da, nolakoa izango nintzateke ni sistema heteropatriarkal honek ezarritako estereotipoen menpe jaio ez banintz? eta zer egin dezaket ondorengoek nire adinean duda hau ez izateko?

   Jakinmina sentiarazi didate irakurgaian aipatu izan den Josebe Iturriozen hitzek. Sexua eta Generoa” bideoan kontzeptu bi hauen arteko ezberdintasuna azaldu ondoren, “Pertsona Transgeneroak” nortzuk diren eta nola sentitzen diren adierazten du. Gainera, deigarria da pertsona horiek aldaketak jasateko jasotzen duten tratua instituzioen aldetik. Izan ere, ebakuntza bat egin baino lehen osasuneko psikiatria sailetik pasatu behar dira, zoroak izango balira bezala. Azkenik, “Generoa estetikan oinarritutako diagnostiko medikua da” bideoan, genero identitate ugariak egon daitezkeela azaltzen du. 



    Hortaz, zeintzuk dira nire buruari eta inguruari botatzen dizkiodan erronkak?
  • Instituzioen partetik laguntzak eta babesa eskaintzea. 
  • Gure egunerokotasuneko elkarbizitza denon artean zaintzea, urkoa errespetatuz.
  • Gure gorputzei askatasuna ematea, albokoak dioenari so egin gabe.
  • Nire gorputzari gehiago entzun eta kasu egitea.
  • Rolak eta estereotipoak apurtzera ausartzea, berauek deseraikiz.
  • Irakasleok eredutzat jardutea eta hezkuntzan zein curriculumetan genero eta sexu aniztasuna bistaratzea.

    Erronka guzti hauek garatzeko, jendeari ahotsa eman behar zaio, jendeak dioena entzun behar da. Eta horretarako bide egoki bat da Lesbianen ahotsa entzuten hastea.



  Azkenik, Kattalin Minerren “Nola heldu naiz ni honaino” liburuaren gomendioarekin agurtzen naiz gaurkoan. 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina