2018/01/25

CURRICULUMA ETA BALIABIDE DIDAKTIKOAK MOLDATZEKO BEHARRA

   Historian zehar gizarteak matxista izateko joera handia izan duen arren, azken urteetan berdintasunerako pausuak ugariak izaten ari direla ukaezina da. Hala ere, oraindik ere gizonezkoek nagusitasun hori mantentzen dutela begi-bistakoa da, emakumezkoenganako zapalkuntzak presente jarraitzen duelarik. Gizarteko zenbait alderdi dira matxismo horrek barne hartzen dituenak; hala nola, hezkuntza.

     Hezkuntza gizarte patriarkalaren menpe dagoenez, matxismoaren zertzelada nabariak azaltzen dituela agerikoa da. Jakinekoa da gizonezkoek presentzia handiagoa izan ohi dutela testuinguru gehientsuenetan, emakumeak bigarren plano batera pasatuz. Eskoletan ere horrelakorik gertatzen da. Curriculumari edota hezkuntza baliabideei begiratu besterik ez dago benetako hezkidetza ematen ez dela ikusteko.


       Generoen artean dagoen alde hori laburtu ahal izateko, ezinbestekoa da curriculum hezkidetzaile bat sortzea. Curriculumak pertsonak generoaren arabera sailkatu beharrean, pertsona bakoitza izaki indibidual eta aske bat bezala hartu beharko luke, hezkuntza parekide bat lortu eta berdintasunerako pausuak ematea ahalbidetuz.


    Aurreko hau lortzeko asmoz, hainbat gida sortu dira. Hauetan, ikastetxeetan hezkidetzaren ikuspuntu hori nola sartu azaltzen dute. Hementxe uzten dizkizuet Eusko Jaurlaritzak sorturiko “Hezkuntza-sisteman hezkidetza etagenero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana” eta Ereinek publikatutako “Oinarrizko hezkuntzako ikastetxeetan hezkidetza eta genero-berdintasunarenplana lantzeko Gida”.


   Bestalde, hezkidetzaren pentsamendu hau zabaldu ahal izateko, etorkizunean protagonistak izango diren haurrak horren inguruan heztea ezinbestekoa dela deritzot; hau da, inguru hezkidetzaile batean heztea. Horretarako, eskoletako langile guztiei gai honen inguruko ikastaroak emateaz gain, ikasleek hezkidetzari buruzko ikasgai bat izatea beharrezkoa litzatekeela iruditzen zait.


Horrekin batera, ikas materiala birmoldatu eta eduki sexista ezabatu beharko lirateke, eduki hezkidetzaileak sartzeko. Emakundek lan hau errazteko asmoz, “Nola landu eta aukeratu hezkidetzako ikasmaterialak” txostena plazaratu zuen.


     Hezkuntzan aldaketak ikusi ahal izateko, ordea, gizartearen ikuspuntua aldatu beharko litzatekeela uste dut; gizartea aldatzen den heinean, hezkuntza ere aldatzen baitoa. Beraz, gizarteak betaurreko moreak jantzi eta modu parekide batean pentsatzen hasi arte, hezkuntza guztiz hezkidetzailea lortzea ezinezkoa dela uste dut. Hori dela eta, gizarte guztiaren mobilizazioa beharrezkoa da, berdintasunezko mundu baten alde egiteko.

     Amaitzeko, aurreko edizioetako postak irakurtzen aritu ostean, Ane Lenizek sorturiko honetan partekatutako bideo hau ikustera animatzen zaituztet. Bertan, Kataluniako herri bateko eskolan, patioak hobetu ahal izateko aurrera eramandako proiektu bat ageri da. Anek dioen moduan, “patioa ikaskuntza eta harreman espazio hezkidetzailea bilakatu dute, ikasleen eta familien parte hartze aktiboaren bidez.”


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina