2018/01/27

Curriculum hezkidetzaile baten alde borrokan

"Oinarrizko Hezkuntzak hezkuntza-eskubidea bermatu behar die pertsona guztiei; beraz, zuzentasun eta justizia sozialaren planteamendu etiko batetik, hezkuntzak aukera- berdintasuna eskaini behar du, inolako bazterketarik gabe, eta konpentsatu egin behar ditu desberdintasun ekonomikoak, sozialak, kulturalak eta pertsonalak". Heziberri 2020.


Argi eta garbi adierazten da lege berrian, baina, heziketa hezkidetzailea bermatzen diegu gure ikasleei?

2014an, Hezkidetzaren egoerari buruzko azterketa diagnostikoa Gasteizko ikastetxeetan (0-18urte) aurkeztu zuten. Bertan adierazten den bezala "diskurtsoa maskulinoa izan da, emakumea zer eta zein den esan duena... Genero asimetria begitantzeko, beraz, hezkuntza komunitatea sentsibilizatu beharko da; curriculumean hezkidetza sartu; irakasleak generoan formatu; eta azkenik, material didaktikoak egokitu". Zein garrantsitzua iruditzen zaidan hemen aipatu zuten guztia.



Emakundek, 1997.urtean Ikastetxearen hezkidetza-eredua egiteko Gida argitaratu zuen. Bertan, hezkuntza curriculum hezkidetzaile bat egiteko kontuan hartu behar diren iturburuak aztertu zituen. Goazen horiek laburbiltzera:
1. Iturburu soziologikoa: gizarte-antolamendua, gizarte baloreen osaketa eta transmisioa, jakintzen legitimazioa eta hierarkizazioa, gizartearen kultur ondarea, hezkuntza-sistemari egiten zaizkion kultur eta gizarte-eskariak eta ikasleen gizarteratze-prozesu jakin bat osatzen duten ezagutzak, prozedurak, jarrerak eta baloreak hartzen ditu kontutan.
Iturburu hau kontutan izanda gizarte-antolamendua horrela dago bananduta:
- Maskulinoa eta femeninoaren estereotipoak eraikitzen dira eta sexu eta genero nortasuna osatzen da. Ondorioz, talde bakoitza bere generoari dagozkion ezaugarrietara egotzen da.
- Gizonezkoak emakumezkoekiko nagusitu egin dira.
- Esparru publikoa hierarkizatu egiten da.

2. Iturburu psikologikoa: honen bidez ikasleen garapen ebolutiboak eta ikaskuntza-garapenak zer nolako prozesuak jasaten dituzten jakingo dugu. Beste alde batetik, pertsona bakoitzak ezagutzak nola hartzen eta lantzen dituen aditzera emango du, adinaren, ezaugarri psikofisikoen, egoera emozionalaren eta beste hainbateren arabera.
Denok dakigunez, sistema patriarkalaren ondorioz hezkuntzan eragin handia izan duten hainbat teoria psikologiko legitimatu dira. Teoria horietan, sexu-generoa hartu izan da nortasun pertsonala eratzeko oinarritzat. Horrek pertsonen garapen globala erabat baldintzatu da eta sexu-diskriminazioa biologikoki justifikatu izan da.
Sistema patriarkal honen ondorioz, maskulinoa dena gehiegi baloratzen da, eta femeninoa, aldiz, oso gutxi. Horretaz, mutikoek eta gizonek makronortasuna, autoestimu oso altua eta autokontzeptu positiboa dituzte. Neskatoek eta emakumeek, ordea, genero- nortasuna garatzerakoan, beren buruak gutxietsi egiten dituzte, gizartean ere hala baitaude estigmatizatuta.

3. Iturburu pedagogikoa: bertan oinarri teorikoa, hezkuntza-ereduak, irakastereduak eta hezkuntzaren hartzaileak eta helburuak hartzen dira kontutan. Lehen esan bezala, historian zehar garatu diren hezkuntza-ereduak sistema patriarkalaren arabera finkatutako genero maskulino eta femeninoaren hierarkizazioan oinarritu izan dira, eta hierarkizazio horrek eragin handia izan du hezkuntzan.

4. Iturburu epistemologikoa: Epistemologia historian zehar sortu diren botereek antolatu, hierarkizatu eta legitimatu diten jakintza-multzoa dugu, horiek guztiek "jakintza akademikoa" osatzen dutela. Eta jakintza akademiko hau izan da gizarte sistemek baliozkotzat hartu izan duten bakarra. Gainera, jakintza-mota hori zuten guztiek ospea hartzen zuten, izen handiko gizarte-estatusa eskuratzen zuten eta botere akademikoa osatzen zuten.
Iturburu honek azaltzen digunez, emakumezkoak ez dira inoiz kontutan hartu zibilizazioak eraikitzerakoan eta gainera, gizateriaren onerako burutu dituzten ekimenak eta lanak ez dira kontutan hartu. Horrela, gizonezkoek euren burua hartu dute ardatz gisa.

Teoria hau guztia praktikara eramateko eta egunerokotasunean hezkidetzan oinarrituriko curriculumak eta baliabide didaktikoak martxan jartzeko ezinbestekoa ikusten dut Gobernuaren partetik legeetan aldaketak egitea. Egia da curriculumean aldaketa itzelak egin behar direla, eta horretaz arituko naiz pixkat beranduago. Baina, zelan aurreratu alderdi guztietan, gure legeek oraindik androzentrismo hutsez beteta badaude? Zelan mundua aldatu, gure legeek gizonezkoen nagusitasuna defendatzen jarraitzen badute?


Esan bezala, curriculum hezkidetzaile bat eraiki ahal izateko hainbat pauso eman behar dira:
1. Diagnostikatu: Marian Morenok Queremos coeducar (27.orr) bere liburuan esaten duen bezala, lehenengo gauza diagnostiko bat egitea da. Horrela, non gauden eta nondik abiatu behar garen jakingo dugu.
Horretarako, Bilgune Feministak argitaratutako Hezkidetza Gidan behaketa taulak proposatzen ditu (44.orr "1.taula: hezkidetzailearen jokabideak aztertzeko fitxa, 60.orrialdean 2.taula: metodologiari buruzko behaketa fitxa eta 76.orrialdean: noiz da materiala hezkidetzailea?).
Materiala diagnostikatzea oso garrantzitsua da, "gizartearen ikuspegi zuzenagoa eta berdintasunean oinarrituagoa erakutsi baitiezaiekete ikasleei", Neli Zaitegi eta Maria Jose Urruzolaren ustez, Emakundek 1993.urtean argitaraturiko Nola landu eta aukeratu hezkidetzarako ikasmaterialak gidan azaltzen duten bezala.
Bechdel testa ere oso baliagarria da hezitzaileontzat. Filmetan, komikietan eta bestelako kultura-produktuetan genero-bereizkeria detektatzeko sistema erraza da test hau.


2.Erabakiak hartu: diagnostikatu eta gero, erabakiak hartzeko momentua da. Lehenengo eta behin, dagoena ikuspegi kritikoz aurkeztuz mantenduko dugun erabaki behar da, gero, horrela izatekotan, dagoena moldatu edo osotu behar da edota hezkidetzailea den batekin ordezkatu eta azkenik, falta dena osotu behar da.

Nire ustez, oso zaila da curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaileturik egotea. Alde batetik, oraindik ere sistema patriarkalean bizi gara eta horrek dena kutsatua egotea egiten du. Beste alde batetik, denon esfortzua behar da ikasmaterialak, testuliburuak, gidak, filmak, etab aldatzeko, eta badago jendea aldatzea nahi ez duena. Sistema patriarkal honetan ondo bizi dira, eroso eta ez dute aldatu nahi. Lehen esan dudan bezala, lehenik eta behin gobernuak lege asko aldatu behar dituela uste dut. Oinarritik ez bagara hasten, beste dena aldatzea oso zaila da. Hori bai, hemen jarraituko dugu Jo Ta ke lortu arte!



Eremu hezitzaileetan/jendartean baliabideetan hezkidetzan oinarrituriko begirada sustatzeko estrategia “betegarri” batzuk emozioak eta enpatia lantzea dira. Horiek barik, oso zaila ikusten dut denok ikuspegi hezkidetzaile bat lortzea.


Aurreko edizioetako post hau aukeratu dut, kontzeptuak primeran azaltzen dituelako eta argazki ugariz osotu duelako, askoz ere bisualagoa bihurtu du eta beraz, ulerterrezagoa. Nirea egin dut bere lehenengo argazkia.  

Azkenik, aurreko egun hauetan pil-pilean egon den gaia berriro ere mahai gainean jartzea gustatuko litzaidake: soldaten bateratzea emakumezko eta gizonezkoen artean.
Islandian aurrerapauso ederra eman duten eta soldatak berdindu dituzte. Baina, bitartean, gure gobernuko presidenteak horrela erantzun zuen kazetari batek honen inguruan galdetu zionean: "No nos metamos ahora en eso". Nire galdera da, noiz presidente jauna, noiz? 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina