Azken urte
hauetan, mundu parekideago baten alde zenbait gauza egiten hasi diren arren,
oraindik ere, sistema patriarkala nagusitzen den mundu batean bizi garela esan
dezakegu. Izan ere, bazter ezberdinetara (hezkuntza, lanbideak, hizkuntza) erreparatuz
gero, asko dira agerian gelditzen diren sexismoak, genero estereotipoak behin
eta berriro azpimarratuz.
Hori honela
izanik, beti esan ohi dugun moduan, hezkidetzaren gaiarekin lotuta lan ugari
dugu egiteko. Horretarako ordea, hau da, mundu parekideago bat lortu ahal
izateko, ezinbestekoa izango da, elkarren indarrak batzea eta denon artean
aurrera egitea; egunen batean amesten dugun mundu ideal horretara iritsi ahal
izateko.
Mundu ideal
horretan pentsatzen jarriz, eta batez ere, hezkuntza esparruari erreparatuz,
hezkidetzan oinarrituriko curriculumak eta baliabide didaktikoak martxan
daudela, hainbat eremutan nabarituko nuke, hala nola, ikasgaietako jardueretan,
erabiltzen diren baliabideetan, espazioetan eta batik bat, ikasleen elkarrekiko
harremanetan. Ikasleek barneratzen dituzten ideiak, beraien hitzetan kanporatu
ohi ditituzte; esaterako, hori mutilena da eta hori neskena bezalako adierazpenetan.
Beraz, gure eskoletan hezkidetzaren alde lan eginez, hainbat gauza aldatu
beharko genituzkeela uste dut.
Hala ere, zaila
da dagoeneko, sistematikoki curriculuma eta baliabide didaktikoak hezkidetzaturik
egotea. Aurretik esan bezala, gaur egun oraindik sistema patriarkala nabari da
eta horrek zuzenean eragiten du gure ekintzetan, askotan konturatu ez arren,
sistema horren eraginez, guk ere mezu estereotipatuak helarazten ditugularik.
Gainera, zenbaitek horren aurka lan egiteko gogorik ez dutela erakusten
nabari dut, lan handiegia dela iruditzen zaielako edo. Horren eraginez, askotan
gauzak dauden bezala utzi ohi dira, behin eta berriz akats berdinak errepikatuz.
Beraz, gauzak
aldatu ahal izateko, eta batez ere, hezkuntza eremuan begirada hori aldatu ahal
izateko, estrategia modura ondo egongo litzateke, lehenik eta behin, bertako
profesionalen artean gai honek duen garrantziaren inguruko kontzientzia zabaltzea,
gauzak agerian utziz eta adibideak emanez. Horretaz gain, etapa bakoitzean
burutzen diren ekintzak hezkidetzaren ikuspuntutik aztertzeko arduradun bat
izendatzea ere ideia ona izango litzatekeelakoan nago.
Hausnarketarekin amaitzeko, aurreko urteko sarreretatik
Ane Lenizena gomendatzen dut. Asko gustatu zait, gai honen inguruan berak sortutako
honako komiki hau.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina