2018/01/31

TXERTATU GENERO IKUSPEGIA ORIENTAZIO ETA AUKERETAN!

Aste honetan orientazio eta aukeren inguruan bildutako informazio eta datuek argi utzi didate, oraindik ere, gure gizartean eta batez ere, lan merkatuan, desoreka handiak ematen direla generoaren arabera. Guzti hori, gizartean genero ikuspegia ez erabiltzearen ondorioa delakoan nago.

Askotan orientazioaren gaia, hezkuntza esparruko orientatzaileen lana dela uste da, baina hori ez da horrela; guztion lana baita, ikasleak orientatzearena. Ikasleek egunerokoan jasotzen duten informazioarengatik beraien ekintzak modu batera edo bestera gauzatzen dituzte. Horregatik, inguratzen dituenak estereotipo eta sexismoetan oinarritutako mezuak helarazten badizkiete, hauek, horien baldintzapean egingo dute aurrera. Beraz, argi dago, hezkidetza landu behar den gai bat dela, betiere genero ikuspegia erabiliz.



Gai honekin lotutako aurreko urteetako sarrerak behatu ostean, gaurkoan Maite A. S. -rena gomendatzea pentsatu dut. Berak dioen modura “hezkuntza eragileok genero-ikuspegiaren betaurrekoak kendu gabe aztertu behar dugu zer gertatzen den, zergatik, zer egin eta nola. Beraz, orientazioa eta aukera akademikoak ere genero ikuspegitik ikertu, pentsatu eta planifikatzea funtsekoa da”. 

Asko gustatu zaizkit, baita ere, partekatu dituen bideo ezberdinak. Horietako batean, ikasgeletan aipatzen ez diren zientzialari emakumeen ekarpenen inguruko kritika moduko bat egiten da. Azken finean, hezkuntzara gizonezkoen ekarpenak bakarrik eramaten baditugu, momentu horretatik, orientazio eta aukeren inguruan genero estereotipoak indartzen besterik ez dugu jarraituko.  Elena Simon Rodriguez-ek esan bezala: “Eskolak ez du genero bazterkeriak sortzen baina elikatu , hezi eta inertziaz erreproduzitzen du beste norabiderantz ez jokatzeagatik”. Horregatik, ezinbestekoa izango da, hezkuntza, genero ikuspegia erabiliz planifikatzea.


Gai honi jarraiki, aste honetan bildutako datu eta baliabide interesgarrienekin ondorengo aurkezpentxoa egitea erabaki dut, orain arte ezagutzen ez nuen Genial.ly programa erabiliz. Hona hemen egindako lana:



Amaitzeko, orientazio akademiko hezkidetzailea lantzeko hainbat erronka daudelakoan nago, hala nola:
  • Hezkuntza komunitate (irakasle, guraso, ikasle) osoaren formakuntza eta gaiarekiko kontzientziazioa garatzea.
  • Berdintasunean oinarritutako hezkuntza afektiboa garatzea, parte hartze parekidea ere sustatuz.
  • Bizitza mota eta lanbide anitzen eredu ez-estereotipatuak aurkeztea, lanbide izatearen garrantzia azpimarratuz.
  • Hizkuntza hezkidetzailea erabili, estilo agresiboa kolokan jarriz.
  • Neska/emakumeen ahalduntzea sustatzea eta beren autokonfiantza handiagotzea; emakumeen ekarpenak eta emakumeak garatutako konpetentziak baloratuz.
  • Emakume eta gizonen errepresentazio orekatua islatzea eta elkarren ardura eta zaintza tutoretzan sartzea: elkarbizitza arauak birdefinitu, elkar ardura eta zaintza ardatz hartuta.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina