2018/02/02

Orientazioaren genero-arraila

EskOlan eta kalean
noRbera
gIdari izanik,
osasuntsu Eta
Nortasun propioz
hazten eTa hezten
laguntzeA da 
 orientatZea.

Bidailagun Izanik
pertsona bakoitza altxOr gisa 
Ahalduntzea!

Orientazio hezkidetzailea sustatzen den Gida planean, helburu nagusia pertsona anitzen garapen integrala lortzea da. Nork bere bizitzan zehar bere burua orienta dezan, bizitza pertsonalaren, familiarraren, sozialaren zein profesionalaren ardura osoa hartu eta aitortzeko zeregina azaltzen da idatzirik. Planak eta gidak tarteko, azterketa sozialak ere ugariak dira, eta datu pila agertzen dira urtez urte, argi uzten digutenak, teorian eta diskurtsoan aurrerapauso handiak ematen ari bagara ere, praktikara salto egiterako garaian oraindik, oso atzean geratzen garela.

2015ean argitaraturiko PISAren txostenean agerian jartzen da egindako ikerketa guztietan genero-arraila mantentzen dela: irakasleen aurreiritziek kalifikazioetan duten eragina, familien espektatibek islatzen duten ondorioa... Nola itxi, ordea, genero-arraila hori?

Ingurukoon aurreiritziak eta espektatibak berrikusi eta sexismoa baztertzea da gakoetako bat. Txosten horretan proposatzen diren neurrien artean zientzia irakasgaietan nesken konfiantza sendotzea, ziurtasunez bizitzeko askatasuna eta errefortzuak ematea... azaltzen da; mutilen jarrera hobetzeko ikasteko orduak eta laguntzak zaintzea proposatzen du, jokoan emandako denborak neurtzea... besteak beste.

Kontua da, arazoa ez dela ikasleetara mugatzen. Lan merkatuko egoera ere antzekoa baita datuen arabera (Emakumeen %33ak lanaldi partziala dauka gizonen %6aren aurrean; mundu mailan emakumeek %24 gutxiago irabazten dute; entrepresen zuzendaritza lanpostuei begiratzen badiegu estatu espainiarrean goi-mailako ikasketa unibertsitarioak dituzten pertsonen %60 emakumeak dira baina zuzendaritza postuen %13a betetzen dute...). Saioa Alkaiza Guallarrek artikulu honetan esaten duen moduan, “gakoa ez da zenbat emakumek egiten duen lan, non eta nola egiten duen baizik”. Lanaren banaketa sexualak oraindik indarrean jarraitzen du: batetik, emakumeen enplegu gehiengoa zerbitzu-sektorean dagoelako eta, bestetik, lan erreproduktibo guztiaren pisu handiena emakumeek eramaten dutelako.

Eta nola mantentzen da sistema hau? Curriculum esplizituak eta curriculum ezkutuak egunerokoan gauzatzen duten lanagatik. Hortik abiatuta lan egin behar dugu tutoreok zein orientatzaileok. Jakinik zein den errealitatea, zein indargune eta zein ahulgune ditugun profesional gisa, zenbaterainoko eragina izan dezaketen gure jarrerek, hitzek eta orientabideek ikasleengan eta belaunaldi berriengan... Horren harira artikulu interesgarria publikatu zuen Mikel Idiakezek Argian duen blog atarian.

Tutoretza-lanaren helburua ei da garapen pertsonala, besteekiko harremanak, lanbide-orientazioa eta ikasketa-prozesuak garatzen laguntzea. Eta horren ardura, tutorearena izateaz gain, irakasle-talde osoarena da. Honekin batera koordinazioa eta elkarlana sustatzeko familia edota legezko tutoreekin zein jendarte-eragileekin harreman zuzena mantentzea garrantzitsua izango da fruitu emankorrak nahi baditugu.
Ondorio nagusi gisa, aurrerapausoak nabarmendu arren errealitatean hankamotz gabiltzala esango nuke. Esaterako, curriculuma oraindik androzentrikoa dela, hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren erabilpena ez dagoela orokortuta, espazioa eta baliabideak guztienak direla onartuta dugun arren oraindik ere mutilak nagusitzen direla, guztin kezkak, zalantzak, nahiak, proiektuak… garrantzi berekoak direla adierazten badugu ere, neskei arreta gutxiago ematen zaiela... eta zerrenda amaigabe bat osa genezake halako adibideekin.

Irakurgaian azaltzen den gisa, Pilar Aristizabal Llorentek bere tesian aipatzen duena ekarri nahiko nuke gogora: “Herrialde garatuenetan, Finlandian kasu, garrantzi handia ematen zaie etxeko lanarekin lotutako ikasgaiei. Horrela, oinarrizko irakaskuntzan, astero, hiru ordu dituzte, sukaldatzen, arropa garbitzen eta etxea zaintzen ikasteko eta horrez gain curriculumean etxeko ekonomia eramateko ikasgai berezi bat daukate”. Ez al ginateke ezberdin heziko zaintzari, elkarrerantzukizunari, emozioei, lehentasunezko behar eta premiei... dagokien garrantzia emango bagenie?

Funtsean, tutoretza eta orientazio hezkidetzailerako hezkuntza gakoak ondorengo neurrietan aplikatu genitzakeela konpartitzen dut:
  • Generoarekin erlazionaturiko aurreiritzien kritika, tutoretza eta orientazio jarduera zein espazioetan txertatu
  • Berdintasunezko hezkuntza afektiboa garatu
  • Elkar ardura eta zaintza tutoretzan sartu
  • Parte hartze parekidea sustatu
  • Lanbidea izatearen garrantzia indartu
  • Bizitza mota eta lanbide anitzen eredu ez-estereotipatuak aurkeztu
  • ...

Iazko erreferentziei so eginez, Ane Lenizen posta ekarri nahi izan dut gogora. Hausnarketa konpartitzeaz gain, amaierako erronkak eta artikuluan bildutako tribial feministaren aipuak ere arreta piztu didalako. 



Hala ere, ez nuke posta bukatutzat eman nahi egunotan aspaldi kutxa batean gordeta nuen bertsosorta hau zuekin konpartitu barik: Itxaso Paiaren Begi Umelak. Gure neska gazteengan eraikitzen ditugun espektatiba eta mezuak zer nolakoak izan daitezkeen presente izateko. 

On egin!




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina