Jaiak, eduki sinbolikoz beteak ditugu, gure kulturaren eta errealitatearen adierazle dira. Jaiak bizitzaren erdigunean kokatzen ditugu, jendartearen balioak, nortasunak, ideologiak eta egiturak birsortzen dituztelako. Jaiek jendartean dauden gatazkak, zapalkuntzak eta diskriminazioak adierazten dituzte: hierarkia anitzak, botere harremanak, indarkeria, rol banaketa… Orokorrean, heteroaraua den eredua indartzen dute, horregatik, jaiak bere jendarte eredua hedatzeko baliatzen ditugu.
Guzti honengatik
eta jaiak herritar guztiok berdin bizitzeko eskubidea dugulako, funtsezkoa
iruditzen zait ospakizunetan eta jaietan ere genero ikuspegia txertatzea.
Ditugun jaiak aztertu eta zer erreproduzitzen hari garen jabetzeaz gain, guzti
honi buelta eman ahal izateko behar diren bitartekoak sortzea.
Zorionez, gaiak
eskatzen duen garrantziaz jabetuta, Euskal Herrian norbanako naiz eragile
ezberdinek proiektu eta ekimen interesgarriak martxan jarri dituzte azken
urteetan egoerari aurre egin asmotan.
“Festa dezagun gaurdanik geroa “, Bilgune Feministak eta Emaginek elkarlanean eginiko
dokumentala. Emakumeen parte hartzearen eta jai ereduen inguruko gogoeta
feministetatik abiatzen den Euskal Herriko jai ereduen erakusleiho txiki bat
da:
“Bazterreko
dantzariak” euskal dantza taldea sortu nahian dabiltza Ibai Fresnedo eta Kepa
Blazquez. Oso interesgarria iruditu zait sortzen hasi berriak diren proiektua,
zuzenki aste honetan lantzen hari garen edukiekin bat datorrelako beraz hemen
Naiz egunkarian egindako elkarrizketatik ateratako hitz batzuk:
“Euskal dantza
tradizionaletan hain errotuta dauden ohitura eta adierazpen heteronormatiboekin
talka egin izan dugu egun urteak joan urteak etorri. Euskal kultura bera eta
berau osatzen dugun identitateak, ez gara hatzapar hauetatik aske: piztitzarrak
aspaldi harrapatu gaitu. Piztiak ederkitxo daki nori eman espazio publikoa eta
fokoa; heteroaraua erreproduzitzen duen orori. Euskal dantzetan ere fokoa
piztitzarraren eskuek gobernatu dute eta gobernatzen dute. Euskal dantza
tradizionalen eremuan bazterrekoak garenok ez dugu inoiz lekurik izan eta ez
dugu leku esanguratsurik oraindik ere. Bazterreko izate hori ordea ez da
inolako kontzeptu korapilotsua: bazterrean gaude inposaturiko normaltasunetik
kanpo gaudenok. Bollerak, marikak, transexualak, beltzak, musulmanak, gurpildun
aulkietan gaudenak, lodiak.... Gu guztiok ezin izan dugu, edo hobeki esanda,
piztiak ez digu inoiz utzi, euskal dantzen alorrean presentzia izaten, gure
lekua izaten, agertokiko fokoa guretzat bakarrik izaten. Beti izan gara
bazterrean, beti bazterreratu gaitu piztiak.
Sueltoan mutilak
neskari gona altxatzeko keinua egin ohi duenean, ez al litzateke izugarria
izango neskak autodefentsa feministaz erantzutea gona altxatzeko keinua egin
dion mutilari? Mutilek espiritu gerlari eta lehiakorra adierazi beharrean
ezpata dantzan, ez al litzateke posible euskal dantzek luma marika edo bolleroa
TRANSmititzea? Desira eta erotika heterosexualaren espresio/birprodukzio
etengabea islatzen duten polkak ezingo lirateke irauli? Janzkera sexistak eta
elemetu sinboliko falikoak moldatu ahalko genituzke bazterreko dantzarion arma
moduan erabiltzeko? Bere buruari galdetu ahal dio inoiz euskal kulturak nola
egin behar dudan agintariena dantza, gurpildun aulkian nagoen honek ezin baitut
makurtu ikurrina airean bueltaka dabilenean?
Zure ustez ere
posible al da beste errealitate bat eraikitzea euskal dantzen iruditerian? Nork
eragotzi behar digu gure sorkuntza prozesu propioa sortzea? Zergatik ez ipini
zalantzan hainbeste urtetan bazterreratu gaituen euskal dantza tradizionalaren
markoa?
Proiektua ez da gauerdiko ahuntzaren eztula: sekulakoa egingo baitugu!! Sekulakoa egiten hasi baikara jada! Hortaz, badakizu, urtetan euskal dantzan bazterrean izan duzun lekua utzi, baina bazterreko izateari utzi gabe, agertokiaren erdigunea hartzeko gogoz bazaude, ez izan zalantzarik.Dantza hain pertsonala den heinean politikoa ere badelako!
Interesa baduzu
jarri lasai harremanetan: bazterretakodantzariak@gmail.com “
Guzti hau
ikastetxean nola landu? Ze erronka ditugu?
- Hezkuntza
komunitateak, gaiarekiko konpromisoa eta ardura hartzea (zuzendaritza,
irakasle, guraso, haur eta gazte).
- Ikastetxean
ospatzen ditugun ospakizun eta jaiak aztertu eta behatzea, horretarako behar
diren ardurak banatuz eta bitartekoak sortuz (formazioa…)
- Bitarteko
praktikoak sortu. Adibidez taula bat sortu ospakizun bat prestatzerakoan aztertu
beharreko puntuekin: musika, estereotipoak, rolak, jantziak…
- Bestelako jaiak
ezagutarazi, eredu berriak sortu.
- Aniztasuna sustatu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina