2015/11/15

FEMINISMOAZ HAUSNARTZEN

Askatasunaren bidean feminismoa dugu ardatz, feminismoak bizi estilo bat izan behar du, politika egiteko estilo bat, hezteko, harremantzeko, gozatzeko, borrokatzeko estiloaren ardatz. Patriarkatuaren kateek hamaika aurpegi dituzten bezala, horiek apurtzeko hamaika modu daude eta asko ikasi dugu historian zehar egondako borrokengandik eta asko izan dira borroka horien lorpenak.


  • Emakumeon kontrako eraso agerikoenak ikustaraztea lortu da. 
  • Emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunean saltoak eman dira (ikasteko hezkubidean, bozka hezkubidean, lan merkatuan.)
  • Harremantzeko eredu ezberdinei bide emateko lehen hastapenak eman dira. 
  • Borroka feministen aldarrikapenak kaleetatik instituzioetara eramatea lortu da. 
  • Emakumeak eraldaketarako agente politiko gisa aritzeko bide batzuk ireki dira. 




Fruitu garrantzitsu eta handiak izan dira borroka feministaz lortutakoak, baina asko dira oraindik eman beharreko urratsak eta egin beharreko lana. Izan ere, berdintasun faltsuaren garaian bizi garela esan genenzake, emakumeon zapalkuntza hainbat eremutan nabaria den arren, beste batzuetan, berriz, sotila edota ia ikusezina da. Borroka feministen aldarrikapenak kaleetatik instituzioetara eramatea lortu dela esan genezake eta hori aurrera pausu gisa kokatzen dut, baina borroken instituzionalizazioak arriskutsuak izan daitezke. Izan ere, berdintasunaren diskurtsoa leku guztietara hedatu da eta horrek eraso sotilak identifikatzea eta arazoaren errora jotzea zaildu dezake. Beraz, oraindik lan handia dugu egitekoa eta lorpenak asko dira borrokatu beharrekoak. Esaterako:


  • Emakumeon kontrako eraso estrukturalak ikustarazi eta horiei aurre egitea. 
  • Aukera berdintasunean sakontzea (lan baldintzetan eskubide berdinak izatea, lan erreproduktiboaren errekonozimendua, ikasketetarako aukaera berdintasuna bermatzea) 
  • Harreman osasuntsu eta horizontalak bermatzea. 
  • Instituzioak kaleko borroka eta aldarrikapenen zerbitzuetara jartzea.
  • Emakumeak ahalduntzeko bermeak jartzea eta  parte hartze eta erabakigune politikorako espazioak bermatzea. 


Guzti hau hezkuntzan lantzeko aukera handiak baina aldi berean gainditu beharreko oztopoak aurkitzen ditugu. Hezkuntza sistema eta eskola instituzio gisa ulertuta uste dut ezinbestekoa dela kaleko aldarrikapenen  mesedetara egotea eta dauden eskakizun ezberdinei erantzutea. Hezkuntzak hezkidetzailea izan behar du, eta horretarako berdintasun faltsuaren diskurtsotik atera eta patriarkatuaren errora jotzeko bitartekoak eskaini behar ditu. Erronka nagusiena uste dut eskakizun ezberdinei erantzuteak dakartzan kontraesnak gainditzean dagoela. Eskolak gizarte feminista bat eraikitze bidean, pertsona askeak sortu behar ditu eta horretarako tresna, bideak eta prozesuak eskeini behar dira. Adibidez:


  • Pertsona kritiko eta burujabeak hezte aldera: eztabaida markoak zabaldu behar dira, parte hartzerako gune ezberdinak sortu, eztabaidetarako bitarteko ezberdinak eskaini etb.
  • Aniztasunaren trataera ezinbestekoa da, aukera berdintasuna eta askatasunean oinarritutako garapen bat bermatzeko, sexu-genero estereotipoak aintzat harturik horiek gaindituko dituen heziketa eskaintuz. 
  • Zaintzan, negoziazioa eta adostasunean oinarritutako harremanak bultzatzea, betiere horizontaltasuna ardatz, botere harremanak gaindituz. 
  • Emakumeon ahalduntzerako espazio eta baliabideen eskaintza egitea eta maskulinitate ereduen inguruko eztabaidak sustatzea. 
  • Hezkidetza proiektu integral gisa ulertu eta praktikara eramatea. 
Bide horretan gazteon harreman ereduen inguruan lantzeko ernai gazte antolakundeak ateratako mikromatxismoen inguruko dossierra bidaltzen dut. 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina