2016/02/20

HEZIKETA AFEKTIBO-SEXUAL HEZKIDETZAILEA BAI ALA BAI



Sexualitatea sexua eta generoa  bezala eraikuntza soziokulturala da.
Pertsona guztien heterosexualitatea aurresuposatzen da, ez dago aniztasun afektibo-sexualarentzako tokirik, aniztasun funtzionala, zentzumenezkoa edo psikikoa dutenen sexualitatea ikusezina da eta estigmatizatu egiten da, asexualitatearen existentzia saihesten da … eta baita sexualitate desberdinen arteko hierarkia ezarri ere.
Hainbat ideia argitu behar ditugu Heziketa afektibo-sexualaren inguruan:
  • Etengabe egiten ari gara heziketa afektibo-sexuala.
  • Hizkuntzaren bidez, errealitatea isla dezakegu edo aldaketak sustatu;
  • Afektibitatea eta sexualitatea estuki erlazionaturik daude, berdin denbora laburreko harremanak badira edo luzeak badira.
  • Afektibitatea pertsonaren osagai estrukturala da, emakume eta gizonen garapen integralerako oinarrizko gaitasuna.
  • Sexualitatea plazerraren kudeaketa gisa ulertu daiteke, desioaren espresio eta komunikazio bezala, nork bere buruarekin zein gainerako pertsonekin.
  • Sexualitatea aniztasuna da, nork bere modu propioan bizitzen du; hortaz, pertsona beste sexualitate dago eta sexualitateei buruz (pluralez) hitz egin dezakegu.
Heziketa afektibo-sexual hezkidetzaileak heteroarautik, genero jazarpenetik eta sexu binarismotik haratago joan nahi du, pertsonen, harreman eta bizitza modu desberdinen aniztasuna bistarazi eta normalizatu, nor den moduan onartua sentitu eta bere afektibitatea eta sexualitatea aske espresatzen bizi ahal izateko.

Nik uste dut heziketa afektibo-sexualak curriculum barruan sartuta egon beharko zuela ikastetxe  guztietan  lantzen dela bermatzeko eta ez geratzeko zentro edota irakasle batzuen esku.
"Hablamos de sexo con adolescentes" dokumentalean "% 90ko 14-17 bitarteko gazteak informazio sexualaren eskasaz kexatzen dira eta interneta eta pornografia dira informazio iturria" diote. 2009 urtean  jasotako datuak dira baina, ziur aski, gaur egun ere horrelakoa da. Beraz, esku-hartzea premiazkoa da hain garrantzitsuak diren pertsonaren garapenerako afektibitate eta sexualitatearen heziketa hezkidetzailea zentroetan txertatzeko.

 Heziketa afektibo-sexuala lantzeko baliabideak

SEXUMUXU ekimena DBHn Hezkuntza sexuala lantzeko proposatuta dago. Nerabeek afektu eta sexu arloan dituzten premiei aurre egiteko beharrezkoak diren konpetentzien barnerapen egokia sustatzea da honen helburu nagusia. 
Teknologia berrietan oinarrituriko bideojolas interaktiboa da eta DBHko hirugarren eta laugarren mailetako ikasleei dago zuzendua. Bertan, hiru eremu nagusi daude; ikasleentzat, irakasleentzat eta gurasoentzat. Horietako bakoitzean baliabide desberdinak, gaiarekin harremanduriko dokumentuak eta esteka interesgarriak daude.

Beldur Barik proiektu pilotua. DBHko maila guztietan heziketa afektibo sexuala lantzeko materiala lagungarria da. Proiektua aurreko ikasturtean eraman zen aurrean hainbat institututan baita aurten ere. Behin betiko materiala dutenean kontuan hartzekoa da.

 Heziketa afektibo-sexuala nire inguruan

Hainbat urtetan lan egin dudan DBH eta Batxilergoko institutuan Sexu Afektibo Hezkuntza arloa lantzen da institutua sortu zenetik DBHko 2. mailatik 4. mailara.  UHIN BARE programan ikastetxe pilotua izan zen beste bi institutuekin batera eta horri esker irakasleen formazioa eta material egokia lortu zituzten. Programa badago diseinatuta heziketa afektibo-sexuala DBHko zentroetako Proiektu Curricularrean txertatzeko.
Nik uste dut salbuespena dela heziketa afektibo-sexuala curriculum barruan egotea eta zoriontzekoa dela. Hala ere, badaude hobetzeko hainbat puntu hala nola: ikasle guztiekin lantzea; irakasleek prestakuntza berriz jasotzea; zeharkako arlo moduan ere lantzea; gaiak eta materiala eguneratzea: aniztasun sexual eta gorputz anitz guztiak hierarkizatu gabe lantzeko, afektibitatea gehiago  eta sexualitateko modu guztiak lantzeko, eta gurasoei gaiarekiko formazioa eman beharko zitzaien.

Bestalde, oraingo lankideek beraiek egondako institutuetan  heziketa afektibo-sexuala ez zela lantzen diote;  heziketa sexuala tailer batean lantzen zutela baina afektibitaterik ez.


Ikastetxearen lantzeko erronkak 
     
     
  • Eskola-komunitate osoaren sentsibilizazioa eta prestakuntza hezkidetza ikuspegitik.
  • Edozein lan esparrutan curriculum ezkutuaren bidez heziketa-eragile guztiak heziketa afektibo-sexuala egiten ari garela onartzea eta hausnarketa pertsonal eta kolektiboa egitea.
  • Afektibitatea eta sexualitatearen heziketaren garrantzia onartuz (pertsonen garapen integralerako) eskola-komunitate osoaren konpromisoa hartzea plan integral bat diseinatu eta aurrera eramateko.
  • Emakumeen eta gizonen sexualitatearen inguruko mitoak deseraikitzea baita maitasun erromantikoaren mitoa eta amatasunarena.
  • Heziketa afektibo-sexuala aniztasunean heztea.
  • Sexualitate anitzen diskurtsoa normalizatzea.
  • Norberak bere gorputzaren autoezagutza eta onarpena eta gorputz desberdinen edertasuna, erakargarritasuna, sentsualitatea eta abarren balorazioa ahalbidetzen duen heziketa sustatzea
  • Aisialdia eta sare sozialak benetako askatasunez, segurtasunez eta eraldaketak gauzatzeko esparru bezala erabiltzeko erremintak ematea.
  • Hizkuntza hezkidetzailea erabiltzen duen heziketa izatea, espresio sexista, LGTBIQ+fobikoak, lodifobikoak edo beste edozein bazterkeria-adierazpenak aldarazten duena eta aniztasun afektibo-sexualaren adierazpen guztiak aipatzen dituena.
  • Material didaktikoetan aniztasunaren presentzia sustatzea identitate, harreman afektibo-sexual eta familia-motak, besteak beste, haien arteko hierarkiarik gabe agertuz eta emakume eta gizonen arteko parekidetasuna bermatuz.
  • Ikastetxea zein beste lan esparruak identitate pertsonal eta afektibo-sexual anitzak aske esperimentatzeko eta espresatzeko gune bihurtzea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina