2016/02/14

ZERNAHI GARA

Burua garela eta gorputza dugula saldu digute, batak agintzen duen bitartean besteak men egiten duela. Baina gure gizartean gorputza da pertsonari balioa ematen diona, objektuak, kanpotik ikusten denak. genitalen arabera banandutako bi mutur aurkezten dizkigute, bi gorputz eredu eta erdian amildegia. produkzio eta erreprodukzioarekin loturik ulertzen ditu sistemak heteroarauaren baitan kokatzen diren eta “ normalak” diren gorputzak, produzitzeko edo erreproduzitzeko makina bailiran. Gainontzekoak, transexualak, lesbianak, aniztasun funtzionala dutenak… gizartearen kanpoan egotera kondenatuz eta zigortuz.

Horren aurrean, gorputzaren ezagutza, moldeekin haustea, norbera bakarra eta errepikaezina dela aldarrikatzea eta bazterketaren aurrean zaintza erdigunean jartzen duen praktika kolektiboa ezinbestekotzat jotzen dut. Bestalde afektibitatea eta gorputzaren arteko harremana aztertzea garrantzitsua deritzot elkarren eraginaren gaineko ezagutza erronka handia baita.


Orientazio eta praktika sexualek, pertsonaren zaletasun afektibo sexualen inguruan hitz egiten digute eta hemen berriro ere etiketak ageri zaizkigu, “normal” eta “anormal” banaketa eginez. Heteroarauak, maitasun gorputz-subjektua nor den eta nor ez den definitzen du, lesbianak, transak, putak, itsusiak, ezkondu gabeko emakume zaharrak… maitasuna eskuratzetik at utziz.

Jendartean dugun erronka nagusia,normalitatetik at dauden eta onartuak ez dauden gorputz eta harremanekin aliantzak sortzean eta horiek bizitzean dagoela uste dut. Horrela sistemaren oreka eta zilegitasuna kolokan jarriz eta benetako disidentzia indartsua sortuz. Bide horretan, behar afektibo, emozional eta sexualak kolektiboki asetzeko zaintza eta laguntasun sare sendoak sortzea dugu erronka. Horrekin batera, errespetuan, askatasunean eta burujabetzan oinarritutako harreman parekide eta bizigarriak garatzeko tresnak behar dira.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina