Teoria feministek sexua ere (eta ez generoa soilik)
eraikuntza soziokultural bezala ulertzen dute.
Sexualitatea ere bada eraikuntza soziala. Sistema
patriarkalak ugalkortasunera zuzendutako sexualitate-eredua sustatu eta
indartzen du (sexualitate eta praktika onak) eta kanpo dauden sexualitate-eredu
anitzak, kasurik onenean patologizatzen ez baditu, ez normaltzat hartzen ditu
(sexualitate eta praktika txarrak). Horregatik sexualitate-ereduen aniztasuna,
(LGTBIQ+) ikusezin bihurtuko da eta ez da positiboki baloratuko.
Ugalkortasun sexualitate-eredu hegemonikoak jendarte
heterosexuala beharko du 4. Horrek suposatzen du desira ugalketari lotuta
egongo dela eta, ondorioz, plazerra koitoarekin lotuko da. Koitoa harreman
sexualetan zentrala bihurtzean gorputzaren genitalizazioa emango da non
“gizonezko gorputza eta genitalak erreferentziazko gorputza eta genitalak
izango dira” 5 eta klitoria, ugalkortasunean funtziorik ez duela, baztertua eta
gutxiagotua geratuko da. Honen guztiaren ondorioz boterezko harremanak sortzen
dira, “… ugalketaren araberako emakume eta gizonen arteko harremanen
naturalizazioan datza emakumeen menpekotasuna.
Amaia Álvarez Uriak dioen bezala “Derrigorrezko
heterosexualitatea sexua, generoa eta sexualitatea sozialki eta ekonomikoki
arautzeko modu hegemonikoa da, harreman heterosexualak natural eta normal
bihurtzen dituena, horretarako, ugalketa eta familia nuklearra
jendarte-erakunde funtsezko bihurtuz”.
Azken urteetan sexua kontsumo-produktu bihurtu da eta
jendartea hipersexualizaturik aurkezten da iragarkietan, film, bideojoko,
hedabide eta zenbait ekoizpen kulturaletan batez ere neska eta emakumeen
errepresentazioari dagokionean.
Honekin batera ikus dezakegu sexua praktikatzea
osasunaren aspektu askorekin lotzen dela, zoriona emango digunaren ideia
transmititzen da (gozatu behar dugu) eta horren inguruko merkatua zabaltzen ari
da.
Sexu patriarkalaren negozioak, prostituzioa eta
pornografia, aurrera doaz. Kontuan hartzekoa da Beatriz Raneak egindako
ikerketan plazaratzen den mutil gazteen prostituzio-kontsumoaren gehikuntza
bere maskulinitate tradizionala aldarrikatzeko asmoz.
Gaur egungo egoera ezagutzeko dauden ikerketa batzuk:
- EMAKUNDEk argitaraturiko “EAEko nerabeak. Hurbilketa ahalduntzetik abiatuta” txostena
- Gehitu-k, 2008an Gipuzkoan egindako “Aniztasun afektibo-sexualen aurrean nerabeen jarrerak” ikerketa
Berdinduk 2013-1014 ikasturtean egindako “Aniztasun
afektibo-sexualen aurreko jarrerak eskolan” txostena: Sexu-orientazioen arteko
hierarkia nabaria da eta ikasleen erdiak baino gehiagok hautematen du eskola ez
dela espazio segurua. Dena den, aniztasun sexualarekiko jarrera hobera doala
ikusten da: gaia ezagunagoa da, bazterkeria ekintzak behera doaz eta pertsona
anitzak onartuagoak dira, beti ere nesken jarrerak mutilena baino irekiagoa
izaten mantentzen direlarik.
Horrekin guztiarekin, gazteek duten askatasun sexuala
kontzeptuari erreparatu
Eusko Jaurlaritzak aurten beste ikerketa bat egingo du
hiru lurraldeetan datuak gaurkotzeko asmoz.
Niri oso interesgarria iruditzen zaidan materiala
Rainbow proiektua da bai materiala oso oso ona delako geletan lantzeko bai
materiala izan arte eman diren pauso guztiak aztertzen baditugu, ikerketa barne
eta abiapuntu.
Zenbait idei aipatu nahi ditut:
- Rainbow (Intolerantziaren aurkako eskubideak, aurreiritzirik gabeko mundu bat eraikitzen, ingelesezko siglen arabera) Europar Batasuneko gay eta lesbianen, bisexualen eta transexualen elkarteak, ikastetxeak eta hedabideetako profesionalak harremanetan jartzen dituen proiektua da, haurrek eta gazteek identitaterako duten eskubidea sustatzeko. Horrela, homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatu ahal izango dira, estereotipoak aztertuz eta hezkuntza tresnen bidez zalantzan jarriz.
- Ikerketa bat egin da Italian, Espainian, Herbehereetan eta Bulgarian, ikuspegi orokorra lortu nahi baitzen Europan lehen hezkuntzan dauden genero-estereotipoekin eta homofobiarekin loturiko politikez eta teoriez. Ikerketak beste helburu bat ere bazuen: hain zuzen, parte hartzen duten herrialdeetako ikastetxeetan gauzatzen diren egungo esperientzien eta proiektuen konparaziozko ezagutza lortzea. Esperientzia eta proiektu horiek identitate sexuala izateko eskubidearekin lotuta daude, baita homofobiaren eta jazarpen transfobikoaren kontrako borrokarekin ere.
- Proiektu honetan lan egin duten 8 herrialde ezberdinetako irakasle, boluntario, psikologiako eta hezkuntzako profesionalen ahaleginak hiru produktu erabilgarri eskaini zizkigun gure helburuak lortzeko, horietako bat 6 eta 16 urte bitarteko ikasleak dituzten irakasleentzako tresna pedagogikoen sorta. Ikus-entzunezko zati bat du (bederatzi film labur) eta irakaslearentzako gida bat. Ikasleek filmen esanahia uler dezaten eta irakasleek portaera homofoborik gabeko ingurune askea lor dezaten laguntzeko jarduerak ditu zati horrek.
- Helburu askoren artean hau zegoen: Tresna pedagogikoen sorta bat sortzea, ikus-entzunezko zati batek eta irakaslearentzako gida inprimatuak osatutakoa, ikastetxeetan banatu eta erabil dadin, identitate sexualarekiko errespetua sustatzeko eta homofobia eta transfobiaren aurka borroka egiteko helburuarekin.
·
Estereotipoen ikerketaren
ondorio interesgarriak:
- Oraindik ere kezka sortzen digu honako hau egiaztatzeak: gizartean bizirik jarraitzen du haurren eta gazteen artean genero eginkizunak eta estereotipoak sortu, erreproduzitu, mantendu eta indartzeak. Eginkizun eta estereotipo horiek eredu heterosexista, sexista eta baita homofoboetan ere oinarrituta daude. Honako hau egiaztatu dugu egindako landa-lanean:
- Gustuak eta interesak oso mugatuta daude, estratifikazio sozio-espaziala dago eta, definizio ezberdinak ematen dira generoaren edo sexuaren arabera debekatuta dagoenaz eta baimenduta dagoenaz;
- Maskulinitate eta feminitateari buruzko idealak zurrunak dira, adibidez, mutilak gogortasunagatik eta indarragatik saritzen dituzte, eta neskak, hauskortasunagatik eta zainketengatik.
- Tabuak daude sexuaz eta, bereziki, sexu-harremanaz argi eta serio hitz egiteko orduan. Harreman heterosexualekiko predeterminazio handia dago.
- Eskolek eta familiek onartzen dute gizarteratzeko bide gisa eragina galtzen ari direla, gizarteratzeko eragile berri indartsuagoak daudelako (bideo jokoak, telebista, telebistako telesailak, filmak, etab.). Eragile berriok eginkizun maskulino eta femenino argiro konbentzionalak erakusten dituzte eta gazte eta nerabeei ereduak sortzen dizkiete. Zalantzarik gabe, zailagoa da eragile eta irudi berri horien ekintzari aurre egitea eta hori arautzea.
- Gazte eta nerabeekin komunikatzeko orduan, hezitzaileek aniztasunaren aurreko oztopo gisa eta aurreiritzien eta beldurren iturri gisa ikusi dituzte familien zailtasunak, beldurrak edo aurreiritziak -euren hezkuntzako eta bizitzako esperientzian bertan hartutakoak-.
- Prozesu horretan parte hartu dutenek ikusi dute oldarkortasuna edo agresibitatea, oro har, areagotu egin dela, ez bakarrik kuantitatiboki (eraso gehiago, baita nesken artean ere), baita kualitatiboki ere (hitzezkoa, gizartekoa, psikologikoa, ziberjazarpena...). Kezkatuta daude etengabe eraso homofoboak gailentzen direlako eta horiekiko permisibitatea dagoelako.
- Etengabeko agresibitate horrekin batera, askotan hitzezko jazarpena ere egiten da eta horrek hizkera homofoboaren eta transfoboaren forma har dezake. Irakasleek eskoletan ez dute eraginkortasunez lantzen gai hori.
- o Eragile askok adierazi dute oraingo egoera duela hamarkada batzuk baino askoz hobea dela. Adibidez, familia aniztasuna errealitate bat da Europako ikastetxe askotan. “Tolerantzia”, “errespetua” edo “berdintasuna” hitzak politikoki zuzena den eta gizartean onartuta dagoenaren barruan onartutako balio formalak dira. Hala ere, ikastetxe askori aniztasunaren erabateko esperientziarako bidea falta zaie.
- Ikastetxe ugarik adierazi dutenez, gai horien gaineko materialak gutxi dira eta, zenbait kasutan, zaharkituta daude. Haien ustez, era askotako materialak sortu behar dira publiko zabal batentzat, hala nola familia eta guraso elkarteentzat, haur zaintzaileentzat, irakasleentzat eta unibertsitateko ikasleentzat (gero irakasle izango direnak), ikasle, gazte eta adin guztietako haurrentzat.
- Beraz, elkarrekin lan egin dugu gida praktiko bat egiteko, irakasleek ikastetxeetan parte-hartzaileen artean integrazioa eta inklusioa sustatzeko baliabide gisa erabil dezaten, elkar ulertzeko eta elkarrekin bizitzeko moduak bilatzen lagunduko duen eremu komuna emanez. Konfiantza, identifikazio eta enpatia giroa sustatu nahi dugu, bada giro horrek erraztu egingo du, azken batean, identitate afektibo-sexualaren berri ematea eta gai horretan heztea, lasai baina zehatz-mehatz.
Arartekoari
eskatzeko helbide honetara idatzi:
Nola ulertzen
dugu afektibitatea eta sexualitatea?
Afektibitatea nork bere buruarekin,
gainontzeko pertsonekin, naturarekin, animalia eta objektuekin harreman
positiboak izateko pertsonen gaitasuna.
Afektibitatea laguntza, babesa, maitasuna, goxotasuna,
xamurtasuna eta elkar ulertzea, eman eta jasotzeko gaitasuna bezala ulertzen
dugu.
Sexualitatea plazerraren kudeaketa gisa
ulertu daiteke, desioaren espresio eta komunikazio bezala, nork bere buruarekin
zein gainerako pertsonekin.
Eta eskolan,
zein da egoera? Ikerketa guztietan agertzen den bezala hau da egoera:
- Materia guztiek maitasun-eredu bakarra transmititzen dute gehienbat: maitasun erromantikoa eta honekin batera osagarritasunaren ideia, derrigorrezko heterosexualitatea eta dominazio-meneko harremanen naturalizazioa.
- Heziketa afektibo-sexuala ez dago curriculum esplizituaren barnean, natur zientzietan eta biologian ugalketa aparatuen deskripzioaz eta fisiologiaz arduratzeko agindua dute, ez besterik.
- Heziketa afektibo-sexuala ikastetxe eta irakasleen sentsibilitate eta boluntarismoaren eskuetan geratu ohi izan da.
Ikastetxean/jendartean
lantzeko erronkak
Eskolak heziketa afektibo-sexual hezkidetzailea
sustatzeko behar-beharrezkoa da eredu heterosexista ugalkor hegemonikoa kolokan
jartzea. Nola? Ba hemen ideai batzuk:
- bere inposaketei kritika egin,
- botere harremanak eta genero rolak bistarazi-deseraiki,
- hedabideek eta sistema ekonomikoek sortzen dituzten “beharrak” aztertu,
- sexualitate aniztasuna eta eredu ez-normatiboak plazaratu,
- norberaren errepika-ezintasunaren ideia indartu eta
- berdintasun-, askatasun-, adostasun- eta begirunean oinarrituriko harreman desberdinen ereduak proposatu.
- Helburua izango da heziketa afektibo-sexual hezkidetzailea hezkuntza-eremu guztietan txertatzea
- Pertsonen sexualitateen diskurtsoak beren espresio anitzekin ikastetxeko harreman esparru guztietan integratzea.
- Neska eta mutil ikasle guztiak, trans*9 eta intersexualak, lesbiana diren ikasleak, gay diren ikasleak, heterosexualak, bisexualak, asexualak, pansexualak, harreman afektibo-sexualak bere buruarekin bakarrik dituzten ikasleak … izendatuak senti daitezen baita giza-sexualitatearen diskurtso normalizatuaren parte ere bai.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina