Nire amak dio betitik izan naizela feminista. Oso txikia nintzenean,
familiako bazkarietan nire aitonak aipamen matxistaren bat egiten zuenean sutan
jartzen nintzela eta haserre erantzuten niola. Nerabezaroan mundua aldatzeko
grina nire egin nuen ;) eta borroka feminista euforiaz bizi izan nuen! Fakultatera
iristean, gogoan daukat egin nuen lehenengo lanetako bat feminismoari buruzkoa
izan zela. Nire ibilbide profesionalean ondoren, alor honetan kokatzen diren hainbat
ikastaro egin eta diseinatzen ditugun hezkuntza programekin gizon eta emakumeen
berdintasunaren eremuan eragitea egokitu zitzaidan.
Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaroa, beste bizi-une zeharo desberdin batean
iritsi da neurera eta biografia feminista txiki horren parte izango da hemendik
aurrera! Ama izan ondoren, haur batek nire bizia hankaz gora jarri eta berriro
oreka bilatu nahian nenbilela animatu nintzen ikastaroa egitera. Iazko
ikasturtean dagoeneko ibili nintzen egin edo ez egin bueltaka, eta azkenean,
aurten izena eman nuen ikastaroa hasten zen egun berdinean! Egutegia aztertu
eta saio presentzialera ezin izango nuela joan konturatu nintzen eta lehenengo
blokeko erritmoa nekez jarraitu ahal izango nuela. Blog honetan ez nuen
aurkezpen sarrerarik ere egin… Ikastaroaren irakasle eta antolakuntza talde
bikainaren gertutasun eta laguntzari esker ordea, aurrera egitea erabaki nuen,
eta maila pertsonalean, aitortuko dizuet, ikastaroak lagundu didala guztira
iristen ez den eta gauzak ezin hobe egiten ez dituen Leire honekin
adiskidetzen! :) Aurrerapen pertsonalen artean aipatu nahi nuke ere, astero egin behar izan
ditugun lan hauetan hartu dudan abilezia! Blogeko lehenengo sarrera egin
nuenean makina bat zalantza, kezka eta buruhauste izan nituen, eta hemen nago
momentu honetan lasai pantailaren aurrean idazten!
Nire sentipena da aipatutako erritmo azkar honek ez didala utzi ikastaroari
atera niezaiokeen zuku guztia ateratzen. Dena den, dagoeneko aplikatu ditudan
eta aplikatuko ditudan ezagutza garbiak eta hamaika baliabide eramaten ditut,
materialek ere nirekin jarraituko dute, beraz, edateko beharra dudanean laranjei
zukua ateratzen jarraituko dut! Eta ez pentsa, gurpil ero honetan bueltaka nenbilela
gozamenerako parada asko izan ditut: ikastarokideen ekarpenak eta iritziak irakurtzea
plazera izan da eta irakasleek proposatu eta idatzitako irakurketek hausnarketarako
mila momentu on eman dizkidate. Lehen betaurreko moreak jantziak banituen,
Irantzu Varelak dioen bezala, orain kataratetako ebakuntza egin dudala eta
betaurreko horiek, barruan, betirako ditudala sentitzen dut!
Ikastaroari ondorengo hitz/sentipenak lotzen dizkiot: ITXAROPENA,
hezkidetzaren bidetik, besteak beste, hainbeste behar dugun mundu parekide eta justuagoa
lortuko dugulako. ABERATSA, edukiei dagokionez horrelakoa iruditu zaidalako eta
ERABILGARRIA, esan bezala, erraz eta ez hain erraz aplikatu daitezkeen
hezkuntza baliabide asko topatu ditudalako.
Jendeari orokorrean zalantzarik gabe ikastaroa egiteko esango nieke. Are
gehiago, hasi naiz dagoeneko nire ingurukoen artean kanpaina egiten, jakin
badakidalako, pertsona horiek aktibatu eta motibatzeko balio izateaz gain,
irizpide garbi batzuk eta egiteko mila aukera zehatz jasoko dituztela.
Beraz, 22 aste hauetan lan talde polit hau osatu duzuen guztiontzat esker
oneko hitzak ditut bakarrik, bihotzez,
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina