Izugarria da hezkidetzaren defentsari zuzendutako lege-erreferentzien kopurua, legedi gaztea dudarik gabe beste esparru batzuetakoekin alderatuz gero. Lege horietako askotan egindako zuzenketek agerian uzten dute bidea egin egin dela baina urruti dugula helmuga. Justiziazko ispirituak zeharkatzen ditu guztiak, ezin bestela izan bizikidetza bermatzea helburu duten legezko testuetan.
Urte luzez entzun eta irakurri ditugu Hezkidetzari lotutako legeek jomuga duten helburuez. Horiek lortzeko moduetatik eta ekintzetatik irakurgaian berritzaile egin zaizkidanak erreskatatuko ditut.
Eskoletan epikoa, handia izan da narratiben epizentroa. Nola eta nondik eraiki ditzakegu bestelako epikak? tankerako galderen inguruan hitz egiten digute Lokatza, pentsamendu feminista narrasean podcastean. Eskoletan epikoa ahaztu gabe jendartearen alde anonimoa, bizitza aurrera daramatenena gehitzeko gonbita luzatzen du Marian Moreno Llanezak bloke honen irakurgaiaren hasieran. Iritsi da, antza, kontakizun berriei, intimoagoei lekua egiteko ordua. Horren lekuko, aurretik laidoztatua izan zen, Annie Eurnaux-ek irabazitako azken Literatura Nobel saria.
Legea ere bide beretik doa balioak eta emozioak lantzeko guztiok ezinbesteko dugun hezkuntza afektibo-sexualaren beharra azpimarratzen duenean. Mutilak beraien burua zaurgarri agertu eta sentimenduez umetan bezala hitz egitera ausartuko diren unearekin egiten dut amets.
Esperantzara kondenatuak gaudela eta, DBHko mutil gehienen arduren aurreko jarrera buruan, poza eragin dit norberaren eta hurkoaren zaintzari eskainitako atalak, Curriculumari dagokion 17. artikuluko c) atalean dionak:
“Beharrezko jakintzak gehitzea, etxeko lanak eta pertsona zaintza dela eta, neskek nahiz mutilek gaur egun dauzkaten eta etorkizunean izan ditzaketen beharrizanen eta erantzukizunen ardura har dezaten”
Curriculumarekin jarraituta emakumeek gizadiaren garapenari egindako ekarpenak txertatu behar dira jakintza arlo guztietan. Banakakoen ekarpenez gain egin diezaiogun justizia edozein mugimenduk baino iraultza gehiago ekarri duen feminismoari bere historia ezagutzera emanda!
Nagore Iturriotzek pedagogia bera ezbaian jarri eta transgresiorako gonbita egiten du https://www.pikaramagazine.com/2019/03/hezkidetzatik-pedagogia-feministarantz/ Pikaran idatzitako artikuluan.
Inor gutxik izango du, modu irekian behintzat, elkarbizitza helburu duen testuon edukiaren kontra azaltzeko ausardiarik. Youtuber eta influencer batzuk baina sare sozialen bozgorailuaz baliatzen ari dira “genero desinformazioa” deritzona egiten eta zabaltzen, mito matxistak betikotzen. Politiko batzuek eta aipatutako pertsonaia ospetsu horiek esandako mantrak tokia hartzen ari dira hezkuntza esparruetan ere. 2021eko Gazteria eta Genero Barometroak dionaren arabera negazionismoa gero eta gehiago zabaltzen ari da nerabeen artean, indarkeria matxista gai ideologikoa dela esaten baitute horietako batzuk.
Gauzak horrela, ezin egokiagoa curriculum-aren atalean aipatutako esku-hartze hau: Informazio eta komunikazioa teknologien erabilera kritiko eta segurua lantzea.
Batzuen ohoreak eta izen onak, botereak azken finean, besteen sufrimenduak baino pisu handiagoa izateagatik ez-ikusiarena egietari uzteko garaia iritsi da, bestalde.Tratu onen aldeko apustuari lotuta eta pertsonala politikoa ere badela ideiarekin bat eginez ospatzen dut lege berriak edozein susmoren aurrean horren jakinarazpena egitera derrigortzeak.
Bistan da balioen aldaketa sustatuko duen Curriculumaren aldaketa dela legeek agindutakotik errealitatera jauzi egiteko tresna.
Oraintsu arte aldaketa aurrera eramango dugunon formakuntza Zuzendaritza taldeen borondatearen eta sentsibilitatearen araberako izan da. Ongi-etorriak legearen 32. artikuluak aipatzen dituen prestakuntza-planak!.
Hezkuntza eredu eta proiektu berriak ez dute lur hartuko baliabiderik gabe. Ulertezina da alde horretatik Hezkidetza plana hainbat urtez izandako ikastetxeek hori galtzea, hezkidetza berez dabilen jostailua balitz!
Argigarri egin zait aurretik idatzitako Legea, gizarte aldaketarako tresna legeen elementuez gain horiek aurrera eramateko lidergoez eta baliabideez hitz egiten duelako eta, lurra hartuta, legeen eraginkortasuna ezagutzeko baliabideak eskaintzen dituelako.
Lehen hezkuntzako neska-mutilen mintzo argiak mahai gainean uzten du egiteko dugunaren itzela!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina