2019/11/23

Hezkidetzaren marko legala: luze eta zabala, baina gainontzeko markoekin koherentea?


Aste honetan hezkidetzaren marko legala izan dugu aztergai ikastaroan eta landutako ideia eta kontzeptu garrantzitsuenekin ondoko hitz-hodei hau osatu dut:




Ikastaroko aurreko edizioetako ikaskideen postak irakurri ditut eta gehien gustatu zaizkidanak izan dira ikuspegi kritiko nabarmena dutenak,  Argiñe Alacano Loitiren Paperak dena aguantatzen du izenburuko hau, kasurako, erreferentzia asko biltzen dituena eta bukaeran Mari Jose Urruzolaren hitzak bideo batean.

Ezagutu, gainetik bada ere, gaian aipatutako lege guztiak ezagutzen nituen, halere, ez nekien hainbeste elkargune edo puntu komun zituztenik. Harritu nau, adibidez, abenduaren28ko 1/2004 Lege Organikoak, Genero indarkeriaren Aurka Osoko Babesa EmatekoNeurriei Buruzkoak hezkuntzarekin lotutako hainbeste neurri proposatzen dituela jakiteak (harremana dutenak hezkuntza-sistemaren printzipio eta balioekin. curriculum eta material didaktikoekin, pertsona, prestakuntza eta egiturekin) edota Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak hezkuntzarekin lotutako neurri zehatz-zehatzak proposatzen dituela (adibidez, sexismoa edo emakumeen aurkako indarkeria erreproduzitzen duten material didaktikoak debekatzea eta berauetan hizkuntzaren erabilera ez-sexista bultzatzea, hala nola irudietan emakume eta gizonen arteko errepresentazio orekatua eta ez-estereotipatua) eta are hezkidetza proiektuak bultzatu behar direla esplizituki esaten duela. Horrek esan nahi du badagoela oinarri normatibo teoriko sendoa eta hortik tira eginda argumentu ugari dauzkagula hezkidetzaren alde egiteko.

Irudiaren iturria: Argiako artikulu hau


Hala, legediak eta hortik eratorritako planek hezkidetzaren aldeko arrazoi eta bide ugari ematen dizkigute esparru ezberdinetako eragile eta hezitzaileoi. Badirudi, diskurtso mailan behintzat, instituzio publikoek hezkidetza bultzatzen dutela, baina irudipena daukat oraindik ere zokoratuta dagoen zerbait dela, eta esparru orokor eta zentralago batera eraman behar dela iruditzen zait. Hezkuntza sistemaren zentroan ipini beharko litzateke hezkidetza (hezkuntza formala eragile garrantzitsuenetako bat da, ezbairik gabe, hezkidetza bultzatzeko eta behar-beharrezkoa da orain arte egindako lana sakontzea eta planak betetzea) baina hezkuntzaz harago ere joan beharko luke hezkidetzak eta gainontzeko sozializazio-agenteetara ere iritsi.



Esango nuke horretarako politiken koherentzia lortzea oinarrizkoa dela, are ezinbestekoa. Eta erronka eta behar izugarria dugula hezitzaile moduan eta parte garen erakunde edo elkarteetatik gobernuei koherenteak izan daitezen exijitzerako orduan. Hezkuntzatik (eta beste edozein politika sektorialek gidatzen duen esparrutik: berdintasun, ingurumen, e.a.) ezer gutxi lortuko da, horrekin kontraesanean datozen beste politikak bultzatzen badira. Iruditzen zait gaian ikusitako legeen eta Hezkidetza Planaren helburuak aurrera eramateko alor askotatik lan egin beharko dugula, maila ezberdinetan eta eragileen arteko aliantzak sortuz. 

Politiken koherentziaren osagaiak. Irudiaren iturria: OECDren webgune hau








1 iruzkin:

  1. Ederra zure ekarpena Unai, interesgarria Legerien ekarpena eta sortutako hodeia.
    Eskerrik asko.
    #Josune

    ErantzunEzabatu