2019/11/16

Nik jai eta zuk ere bai!


Jai eta ospakizunei buruz hausnartzen eman dugu astea ikastaroan eta gaia aitzakitzat hartuta osatu dudan akrostikoa duzu goikoa.

Aurreko urteko ikastaroko kideen ekarpenetatik,  Argiñe Alacano Loitiren Zer nolako jaiak (nahi) ditugu? izenburukoa aukeratu dut. Luzetxoa izanik ere, oso gustura irakurri dut bukaeraraino, gai asko jorratzen dituelako (Gabonetako opariak, musika, tradizioa, sorginak...) adibideak emanez eta orotariko baliabideak partekatuz (irudiak, bideoak, musika, artikuluak…). Eta asko gustatu zait Euskal Herriko Bilgune Feministari leloa maileguan harturik egin dion bukaera: Festa dezagun gaurdanik geroa!


Asteko irakurgai nagusiaren bitartez konturatu naiz jai eta ospakizun guztietan dagoela zer kritikoki aztertu eta zer berrikusi, baita oharkabean pasatzen zitzaizkidan horietan ere. Adierazpide argiki sexistak dituzten eta aspalditik askori kontzientzia piztu diguten jaiez gain (Hondarribiko Alardea, kasurako, urtero medioetan azaltzen dena eta, besteak beste, Arantxa Urretabizkaiak Bidean ikasia liburuan kontatu duena), beste jai askotan, ia guztietan, baita gertuenekoetan ere, ematen dira adierazpide ez-parekideak (sexismoa eta/edo arrazismoa islatzen dutenak).


Ikusi ditugunetatik oso interesgarriak iruditu zaizkidan hiru adibide: Olentzero eta Mari Domingiren inguruko hausnarketa (Oier Araolazak Mari Domingi ez! Queer-Olentzero bai! artikulutik abiatuta hausnarketa sakona egin daiteke gaiaren inguruan, ikus artikuluan bertan aipatutako bibliografia), inauterietako mozorroak zeinen estereotipatu eta arrazistak diren (ikus Ohioko unibertsitateko We’re a culture, not a costume kanpaina) eta mozorroek duten potentziala frogatzeko generoa eraikuntza soziala dela, ia-ia performatibitate hutsa (irakuri June Fernandezen Lumak eta mozorroak artikulua).

Irudia: Goian aipatutako We’re a culture, not a costume 2011ko kanpainako posterrak, Ohioko unibertsitateko ikasle arrazializatuek eginak.


Goian aipatutako June Fernandezen Lumak eta mozorroak artikulua ilustratzen duen irudia (Argia, 2013ko urriaren 06a). Argazkiaren egilea: Kali Sánnchez. Iturria, Pikara Magazine. (CC)


Hezkidetzaren bitartez jaiak eta ospakizunak lantzeko gako batzuk izan litezke egun “seinalatu” moreetatik kanpo ere sexu-genero sistema birsortzen duten ereduak berrikustea eta sistema horretatik harago doazen ereduak erakustea, gizon-emakumeen arteko harreman berdinzaleak sustatzeko, eta arrazismoa eta bestelako bazterkeria motak detektatzeko eta desargerrarazteko ahaleginak egitea.

Nire ustez hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronka nagusia da helduok (eskolan, irakasleek; baina baita familian, guraso eta bestek ere) hausnarketa egitea eta oinarrizko formakuntza izatea lehenik. Izan ere, Amelia Barquinek bere Kinka blogeko artikulu honetan dioen moduan:  Nire iritziz formazioa behar dute irakasleek, bai, feminismoan formazio sendoa. Azken urteotan ikusi dugu erakundeak irakasleengana hurbildu direla ikasleekin gai batzuk lantzeko proposamenarekin (hezkidetza, tratu txarren kontrako ekimenak…). Baina irakasleek ezin dute kanpotik datozen jarduera horien ejekutore hutsak izan; kontzientzia feminista garatuta eduki ezean, proposamen horien funtsa oso eskasa izango da. (…) Hori lortzen den egunean, agian ez da beharrezkoa izango kanpotik irakasleei sekuentzia didaktikoak ekartzea haien ikasleekin jorratu ditzaten; irakasleek beraiek jakingo dute noiz eta nola jokatu, zer indartu, zer proposatu ikasleei”.

Lan hori egin ezean, zaila izango da denontzat diren jai eta ospakizunak lortzea; eta hori da, hain zuzen ere, helburua: “hik lan eta nik jai” egoeratik “hik jai eta nik ere bai” egoerara pasatzea. Izan ere, guztiontzat onartezinak beharko luketen jai eta ospakizun ez-parekideek, lan eta buruko min asko ematen dizkiete kolektibo jakin batzuei, eta horrela jai daukagu!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina