Aurrekoetan bezala, irakurgai eta ikus-entzunezko interesgarri mordoa
aztertu ahal izan ditugu eta oraingoan feminismoak izan dira protagonista. “Hezkidetzaren iturriak: feminismoak” izenburupean, aste honetako gaian, hezkidetzaren eta feminismoen arteko harreman estuan sakondu ahal izan dugu.
Hasteko,
mugimendu
feminista eta feminismoa(k) zer d(ir)en ikusi dugu: beren gertaera
mugarriak, lorpenak eta genealogia (mundu mailan zein Euskal Herrian), hainbat
autoreren arabera izan diren olatu edo saldoak (Arantza Camposen hau
iruditu zait bereziki zehatz eta argigarria) eta baita autore feminista askoren
esanak ere. Horiek
guztiak kontuan izanik, hauxe da feminismoa definitzeko egin dudan kartela,
maileguan hartutako irudiarekin:
Oharra:
Kartelaren hondoko irudia STEILASen “Erasoen
aurrean, denok bat!” unitate didaktikotik hartu dut, bigarren orritik
Aurreko
urteko ikaskideen ekarpenek ere gaian sakontzeko balio izan digute, batetik eta
bestetik tira eginez pila bat irakurri ditut eta 2015ekoetaraino ere iritsi naiz. Bat baino gehiago aukeratuko nituzke, baina bat bat aukeratzekotan, #AinhoaMA-ren
hauxe,
besteak beste, ematen duen feminismoaren definizioagatik (“guztion ongizatea helburu
duenez, ekologista, antikapitalista, antipatriarkala, anitzsexuala eta
multikulturala da”) eta erreferente bezala Silvia Federici aukeratzen
duelako, eta bere Caliban
eta sorgina aipatzen, beste egile batzuen liburu gogoangarriekin
batera.
Prestakuntza
akademikoan zehar feminismoa curriculum-eduki gisa ikusi al zuten galdetu diet
hurbileko sei pertsonari (Sorkin
elkarteko bi lankide eta Mugarik
Gabeko Ingeniaritza GGKEko lau kide) eta guztien erantzuna ezezkoa izan da.
Hein handi batean aurreikustekoa ere bazen erantzuna, guztiak arlo
teknozientifikoetako ikasketak eginak direlako (ingeniaritzaren adar ezberdinak,
matematika, albaitaritza), baina susmoa daukat beste alor batzuetako ikasketak
egindakoei galdetu izan banie, erantzuna antzerakoa izango zela. Halere,
feminismoaren gaia ez zitzaien arrotza eta unibertsitatean ikasi bitartean izan
zuten harekiko hurbilpenik, batzuk gradua ikasten ari zirela jarduera osagarri
ezberdinetan (ikastaro,
hitzaldi, mobilizazio ekintza…) eta beste batzuk gradu-ondoko ikasketak egitean,
ikasgai zehatzetan (adibide
bat).
Nabarmentzeko
moduko emakume feminista esanguratsu asko daude, baina nik gaur egungo eta
gertuko bat aukeratu dut: Uxue
Alberdi (Elgoibar, 1984)
(Uxueren pentsakera apur bat ezagutzeko ikus ahotsak.eus
ekimenaren baitan egin dioten elkarrizketako beste hainbat pasarte biltzen
dituzten bideoak edota edota Tribuaren berbak saiorako egin zioten beste elkarrizketa labur hau)
Kazetari, idazle eta bertsolaria, pentsalari eta sortzaile zorrotza iruditzen zait, ikuspegi feminista zeharka txertatzen du egiten dituen lan guztietan (izan narratiba, izan kazetaritza, izan bertsolaritza) eta bertsolaritza eta feminismoaren arteko harremana bereziki landu du azken urteotan. Horren erakusgarri, 2013ko hitzaldi hau:
Eta bereziki, 2019an argitaratutako Kontrako eztarritik saiakera (Susa, Lisipe bilduma). Lan hori ontzeko hamabost emakumezko bertsolari elkarrizketatu eta elkarrizketetatik emakume bertsolariaren jarduna azpiratzen duten 22 mugatze mekanismo detektatu eta izendatu zituen, liburuko sarreran dioenez: “Hogeita bi patroi edo mugatze-mekanismo errepikari identifikatu eta izendatu ditut emakume bertsokideen kontakizunetan; ez dira patroi isolatuak, elkar ukitzen dutenak, gurutzatzen eta gainjartzen direnak baizik. Mekanismook, izan, ez dira emakume bertsolariei bakarrik eta bereziki eragiten dietenak: gutxi-asko, eta partikulartasunak partikulartasun, azpiratze sistema orotan errepikatzen dira”. «Biolentzia ahoskatzeak bertsolaritzaren irudi idealizatua arrakalatzen du» izenburuaz Garan argitaratutako elkarrizketa honetan azaldu zituen liburuari buruzko hainbat kontu.
Ezbairik
gabe, feminismoari ekarpen teoriko eta praktikoak egiten ari den pertsona da
Uxue Alberdi, eta etorkizunean ere hala izaten jarraituko du. Gai oso zabala da
aste honetan ikastaroan landu duguna eta asko daukat oraindik ikasteko eta
barneratzeko (batez ere gizonoi eta feminismoari dagokionez), baina aurrerantzean "zer da feminismoa?"
galdetzen badidate, ezingo dut "pasapalabra" erantzun!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina