2021/11/01

Emakumeen kontrako izurritea

 

Genero-indarkeriaren irakurgaietan datu eta estatistika asko agertzen dira. Datu horien atzean pertsonak gaude. Datuek errealitatearen zati bat erakusten dutela iruditzen zait, izan ere zenbat kasu eta egoera daude ikusi edo identifikatzen ez dugun genero-indarkeria dagoena? Eta honek are gehiago haserretzen nau, benetan kuantifikatu ahalko bagenu gizartean ematen den genero-indarkeria guztia esan bait genezake  inguru guztietan ematen dela eta etengabe. Hortaz, emakumeen %35ak indarkeria hau jasaten duela adieraztean motz gelditzen garela uste dut, denok (emakume denok) noizbait edo behin baino gehiagotan jasan dugun biolentzia dela uste baitut, eta soilik emakume izateagatik.

Hala ere, estatistikek eta datuek emakumeok bizi dugun egoera larria ikusarazteko ezinbestekoak direla ere uste dut. Hemen bi adibide atentzioa eman didatenak:

  • Mutilen %20ak uste du genero-indarkeria ez dela existitzen, “asmakizun ideologikoa” dela. Duela lau urte baino bi aldiz gehiago. Bereziki kezkarria den datua. HAUSNARKETA: datu honek larritu egin dit baina errealitate bat badela ere erakutsi dit. Feminismoaren gorakadarekin lotua dagoela ere uste dut, izan ere, gizartearen zati handi batek feminismoaren beharra geroz eta ageriagoan uzten duen bitartean, kolektibo eta pertsona gehiago honen kontrako jarrera hartzen ari direla uste dut.
  • Kontzientzia feminista handiagotu egin da: nesken artean beren burua feministatzat jotzen duen portzentaia % 46,1etik % 67,1era igo da; mutilen kasua igoera motelagoa da %23tik % 32,8ra pasatu da. HAUSNARKETA: korronte feminista aspalditik martxan dagoen mugimendu bat izan arren, badut sentsazioa azken urteetan gorakada handia izan duela eta geroz eta sentsibilizatuagoak gaudela. Badirudi genero-indarkeria neskek pairatzen dugun indarkeria denez gure esku dagoela honen kontra aritzea. Ezin dugu ahaztu gizartearen erdiak emakumeak garen bezala beste erdiak gizonezkoak direla eta guztion ardura dela honen aurka egitea. Gainera, botere sistema heteropatriarkalak eragiten duen ondorioen artean gizonek esparru guztietan boterea izatea da, eta hortaz, oso garrantzitsua da gizonek ere honen inguruan hausnartzea, prebentzio neurriak hartzea eta esku hartzea.

 

IKASTETXEETAN GENERO-INDARKERIAREN PREBENTZIORAKO ESKU-LIBURUA

Aukeratutako aurreko edizioetako posta hau da:

Aske izan nahi dut

Honen arrazoia edukian dago. Berak irakasle emakumezko bezala eskolan pairatzen duen indarkeria aipatzen du. Gai hau oso mamitsua da, nik askotan pentsatu eta beste kide eta lagunekin partekatu dudan gaia da. Ni heziketa fisikoko irakaslea naiz. Lehenengo ordezkapena 3. eta 4. DBH ko ikasleekin izan zen. Aitatasun baja bat ordezkatu behar nuen eta lanarekin hasi aurretik saio horiek ematen zituen irakaslea ezagutzeko beta izan nuen. Irakasle hau gizonezkoa, gaztea, altua, jatorra eta karismatikoa zela ikusi nuen. Berak hainbat gako eta argibide eman zizkidan saioak aurrera eramateko. Ni garai horietan oso gaztea nintzen eta gainera fisikoki txikia eta argala. 20 egun izan ziren orduan aitatasun bajak irauten zuena baina 20 egun horiek oso luze joan ziren. Hasieratik onartu behar izan nuen bakarrik emakume izateagatik askoz lan gehiago egin beharko nuela “nire lekuan jartzeko” edota ikaskuntza komunitateak ni errespetatzeko. Eta ez nago soilik ikasleen jarreraz hitz egiten ari, irakasleen aldetik ere pairatu bait nuen hau. Askotan gertatu zitzaidan beste irakasle bat gimnasioan sartzea eta denbora bat ni bilatzen pasa eta gero “Jo enizun topatzen, ikasle bat dirudizu!” esaldia entzutea. Askotan gertatu zaidan egoera da eta uste dut esparru guztietan gertatzen bada ere esparru batzuetan oraindik gehiago ematen dela.  Kirola eta heziketa fisikoaren eremua hauetako bat dela uste dut eta honen lanketa, formakuntza eta esku hartzearen garrantzia azpimarratzen dut.


Hortaz, hau guztia lantzeko erronkak ugariak dira baina irakasleen formakuntzarekin hastea ezinbestekoa dela deritzot. Ondorengo belaunaldiak hezkidetzan eta genero-indarkeriarik gabe hezteko gakoa oraingo hezitzaileen prestakuntzan eta balore egokien transmisioan baitago, besteak beste.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina