2017/10/26

Borroka dezagun sexu-genero sistemaren aurka!

Aste honetan sexu-genero sistemaren inguruan sakontzeari ekin diogu eta honen bidez, sexu (biologikoa) eta genero (kulturala) hitzen esanahiak garbiago ikusi ahal izan ditut, bai eta sexu-genero sistemarena ere.

Honen inguruko informazioa bildu ostean, nire ingurua erreparatzeari ekin diot eta berehala ohartu naiz, sexu-genero sistemaren eraginaz. Zenbait esparrutan, sistema horrek inposatutako ideiak aldatzearen alde egiten den arren, barneratuta ditugun sexu-genero estereotipoak ugariak dira.

Esaterako, ikastetxeetako ikasleen amantalei erreparatuz, gaur egun kolore eta diseinu ezberdinetako amantalak dauden arren, oraindik ere, neska eta mutilen kolore bereizketa nabari da. Neskak pastel koloreko eta loretxoez beteriko amantalak erabiltzen dituzten bitartean, mutilek kolore biziagokoak eta lauagoak erabiltzen dituzte. Gauza bera gertatzen da, jolas orduetan hauen ekintzei erreparatuz gero; mutil gehienak futbolean jolasten dute eta neskak berriz, antzerki, dantza edota antzekoak egiten dituzte.

Horretaz gain ordea, aipatzekoak dira baita ere, Interneteko bilaketak; bertan, sexu-genero sistema bete betean ikus baitaiteke. Adibidez, lanbide ezberdinen marrazkiak bilatzerakoan, aurkitzen diren adibideak ikaragarriak dira. Emakumeak soilik zaintza eta etxeko lanekin erlazionatutako ekintzetan agertzen dira, gizonezkoak beste lanbide guztietan ikus daitezkeelarik. Hau ikusirik:


Gai honekin jarraituz, aurreko urteetako sarrera bat gomendatu nahiko nuke, oraingoan ere, Ane Lenizena. Izan ere, oso sarrera osatua izateaz gain, oso interesgarriak iruditu zaizkit sexu eta genero gaiarekin lotuta partekatu dituen bideoak; hauen bidez, gai honekin lotuta, pertsona ezberdinen errealitatea ikusteko aukera dago. Gainera, ikasgeletan lantzeko proposatutako STEE-EILAS sindikatuaren “Estereotipoak apurtuz” material didaktikoaren berri ematea ere asko gustatu zait.

Azken baliabide horrekin batera, nik txikienekin gai hauek lantzeko hainbat ipuin ekartzea pentsatu dut. Izan ere, UNICEF-en artikuluak garbi aipatzen duen moduan, haurren lehenengo urteetako genero sozializazioari esker, genero estereotipoen oinarriak finkatzen dira. Horregatik eta haurrei ipuinak asko gustatzen zaizkiela jakinda, gai hau beraiekin lantzeko baliabide paregabeak direla iruditzen zaizkit. Hona hemen, Lekeition adin ezberdinentzat proposatutako gida. Horrekin batera aipatzekoak dira, Adela Turinen ipuinak: “Rosa Caramelo”, “La historia de los Bonobos con gafas”, “Arturo y Clementina” eta “Una feliz catástrofe”.
Ipuinez gain ordea, “Gipuzkoako nerabeentzako ekipamenduetan (gaztelekuak) genero ikuspegia barneratzeko oinarrizko gida” ere ekarri nahiko nuke bertara, bertan nerabeekin gauzatzeko hainbat jarduera gomendatzen baitira. 

Azkenik aipatu, argi dagoela, hau guztia lantzeko eremu hezitzailetik hastea beharrezkoa dela eta denok batera lan eginez lortu ahal dugula. Baina egia da, askotan oztopoen aurrean aurkitzen garela. Batetik, gizarteak sexu-genero estereotipo ugari barneratuta ditu eta horietan arreta jartzen ez bada, zaila izango da ondorengoei horiek ez helaraztea. Gainera, egunerokotasuneko materialetan ere maiz islatzen den zerbait denez, horrek ere ez du asko laguntzen. Bestetik, askok lan gehiegi dela pentsatzen dute eta erosotasunarengatik gauzak dauden bezala ustera jotzen dute. Baina, aurreko astean aipatu bezala gauza ez da lan gehiago egitea, gauzak beste modu batera egitea baizik, betiere genero ikuspegia erabiliz. Hori honela izanik:




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina