2017/10/26

BORROKA DEZAGUN ESTEREOTIPO SEXUALEN AURKA!

Gizartean, gizonezkoen nagusitasunaren pentsamendua aspaldiko garaietatik datorren zerbait dela argi dago. Hainbeste jendek miretsi izan duen eta oraindik ere miresten duen “Biblia” begiratu besterik ez dugu egin behar. Bizitzaren sorrera Jainkoari egozten diotenen ustez, Eva Adanen saihets-hezurretik jaio zen.

Gure aiton-amonen garaietan ere, gizonezkoen nagusitasuna nabaria zen: erabaki garrantzitsuenak beraiek hartzen zituzten, etxeko lan guztiak emakumeak egiten zituen, haurren zainketaz ere azken hauek arduratzen ziren…  Emakume askorentzat, gizonaren ongizatea zen lehentasuna; honako hau super-gizakia zelakoan.

Gaur egunean, matxismo hori alde batera uzteko saiakerak geroz eta ugariagoak diren arren, oraindik ere gizonezkoen nagusitasun horien zantzuak aurki ditzakegu. Gainera, sexu-genero sistema oso nabarmen ikuskatzen da gizarteko hainbat aspektu ezberdinetan. Hona hemen adibide batzuk:


Neskei, normalean, haurren zainketarekin, beren irudia zaintzearekin eta etxeko garbiketarekin zerikusia duten jostailuak atxikitzen zaizkie (sukaldetxoak, panpinak, makillaje kutxak…). Mutilak, berriz, kirolen, dinosauruen, superheroien, automobilen… jostailuekin hornitzea oso ohikoa da. Koloreei dagokionez, neskek arrosa eta mutilek urdina. Esateko gehiagorik ez.


            Honen harira, youtuben ikusi dudan bideo hau gomendatzen dizuet. Bertan, neska txiki batek gai honen inguruko hausnarketa sakona egiten du: “zergatik erosi behar dituzte neska guztiek printzesak?”. Galdera interesgarria.


Horrez gain, lanbideen mundua ere oso zatituta dago sexuen gaiagatik. Neskekin maiz lotzen diren lanbideak erizaina, ileapaintzailea, andereñoa, zaintzailea, zerbitzaria eta antzerakoak izan ohi dira. Mutilak, aldiz, medikuekin, igeltseroekin, iturginekin, suhiltzaileekin…

Hona hemen, aurrez aipatutako guztiarekin loturiko beste bideo bat. Bertan, haurrekin eginiko ikerketa bat ageri da, estereotipo sexista hauek beste behin agerian geratzen direlarik.


Denboran zehar gizartean ezarri diren estereotipo sexistak dira, batez ere, guzti honen errudun. Zergatik oparitzen dizkiegu neskei kolore arrosa duten panpinak? Zergatik kamioi handiak mutilei? Zergatik pentsatzen dugu guztiok, suhiltzailea aipatzen dugunean, mutilekin? Eta zergatik neskekin ileapaintzailea aipatutakoan? Argi dago oraindik ere berdintasunerako bidean lan asko dugula egiteko…

Hariari jarraituz, aurreko edizioetako sarrerak irakurtzen nituen bitartean, Maitek sorturiko sarrera honek atentzioa deitu dit. Bertan txertatutako bideo horretan, koloreei eta sexuei egozten zaien harremanaren indarra oso ondo adierazten dela iruditzen zait; kolore arrosa jantzita duen haurra neska dela uste dute helduek eta, alderantziz, arropa urdinduna mutila. Gainera, hauen etorkizuneko lanbideen inguruan hitz egitean, estereotipo sexista horiek agerian geratzen dira. Harrigarria benetan!

Bestalde, ikasleekin gai hau lantzeko modu asko egon daitezkeen arren, neuk ipuinen bitartezko proposamena luzatzen dizuet. Ikastaroan zehar behin baino gehiagotan aipatu dugunez, haurrak txikitatik hezkidetzaren munduan heztea oso aberasgarria izango da etorkizunean berdintasunaren aldeko apustua egingo duten biztanleak sortzeko. Emaisia izeneko elkarteak sorturiko artikuluan irakur daitekeenez, ipuinen bidez umeek mezu desberdinak jasotzen dituzte eta barne adimen egituretan munduan eta beraien inguruan gertatzen diren gauzen irakurketa egiten joaten dira.

Guzti hau kontutan izanik, gelan landu daitezkeen ipuinak uzten dizkizuet hemen behean:

- Eta handia egiten naizenean zer? Aloñak, liburuko protagonistak, egun ezberdinetan lanbide ezberdinak probatzen ditu. Lehenik txalupan ibiltzen da eta gauza zoragarria dela konturatzean, berak handitan marinela izan nahi duela esaten du. Beste egun batean, ilea moztera joan eta berdina pentsatzen du. Horrela liburu guztian zehar: taxista, okina, lorezaina, sorgina…

Liburu honetan lanbide ezberdinak lantzen dira. Honekin, gelako haurren etorkizuneko interesak jakiteaz gain, lanbide hauen inguruko estereotipo sexistak barneratuta dituzten jakin ahal izango litzateke.


- La mitad de Juan: Liburu honetako protagonista Juan izeneko mutiko bat da. Mutiko honi burla egiten diote gelako beste mutilek, hauen esanetan, Juanek nesken gauzak egiten omen ditu (negar egin, futbolean ez jolastu, kamiseta arrosak jantzi…). Burla horiek ekiditeko, “neskenak diren” gauza guztiak kaxa batean gorde eta lurperatu egiten ditu. Baina, hau ez da izango zoriontasuna lortzeko eman beharreko urratsa…

                Ipuin honi esker, ikasleei pertsona bakoitzak dituen gustuak eta nahiak errespetatu behar direla irakatsiko zaie. Gainera, “nesken” eta “mutilen” arteko diferentzia hori hausteko erabilgarria suerta daiteke, gizaki guztiak “pertsonatzat” hartu behar direla helarazteko.

GIZARTEA ALDATZEA GURE ESKUETAN DAGO. 
BORROKA DEZAGUN ELKARREKIN SEXU-GENERO SISTEMAREN AURKA!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina