2017/01/25

Curriculuma eta baliabide didaktikoen inguruan hausnartzen

Sormena nire gaitasunik preziatuena ez den arren, aste honetan landutakoari buruzko gogoeta komiki bidez egin nahi izan dut:



Inguru hurbilean begirada azkar bat ematearekin nahikoa da curriculuma eta baliabide didaktikoak sistematikoki hezkidetzaturik ez daudela ikusteko. Izan ere, zaila da gizarte patriarkala baliabide eta materialetan ez erreproduzitzea. Kontzientzia hartu gabe sortzen diren baliabideek halabeharrez errepikatuko dituzte gizartean hain erroturik dauden estereotipoak. Baina, noski, gure esku dago hori aldatzea. Zaila baita, baina ez ezinezkoa.

Iazko ikastarokideen post-en artean #Edurne-rena gomendatzen dizuet: Baliabide hezkidetzaileak eskolan! Estetikoki erakargarria izateaz gain, eskematikoa eta irakurterraza da. Gainera, sareak sortzearen garrantzian indar egiten du: egindako lana elkarbanatu eta baliabide horiek erabili nahi dituenaren eskura jartzearen garrantzia aipatuz.


Bukatzeko, eremu hezitzailean dagoeneko baliabideen inguruko hausnarketa mahai gainean jartzea lortu dugula azpimarratu nahiko nuke. Baina oraindik ataza ugari ditugu aurretik: curriculuma aztertu eta baliabideak diagnostikatzeaz gain, erabilgarriak diren horiek identifikatu eta praktikara eramatea falta zaigu. Izan ere, eskura ditugun baliabide gehien gehienak ez dira hezkidetzaileak, eta ondorioz oraingoz beharrezkoa da dagoena moldatu, ordezkatu eta baliabide berriak sortzea.

Beraz, nik ere indar egingo dut saretzean: egiten dugun lanak are balio handiagoa hartuko du zabaldu egiten badugu, besteon eskura jarri eta baliabide hezkidetzaile euskaldunak bateratzen baditugu!

Diagnosi prozesu eta parte hartze adibide bat ere utzi nahi dut hemen, emaitza gisa praktika on bat izan duena: hezkidetza patioan. 
Eskolako patioa hobetzeko Dovella (Katalunia) eskolan aurrera eramandako proiektu bat azaltzen da bideoan. Patioa ikaskuntza eta harreman espazio hezkidetzailea bilakatu dute, ikasleen eta familien parte hartze aktiboaren bidez. Bideoa katalanez dago, baina azpitituluak jar daitezke (itzulpena oso ona ez bada ere ondo uler daiteke diotena).


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina