Irudian ageri den esaldiaren ideia garrantzitsua da, gure historia ikertu, eta berriro lehen planora eraman behar dugu. Protagonismoa izateak identitatean du eragin zuzena eta ez badugu erreferentziazko eredurik, uneoro, aitzindari eta pareta apurtzaile moduan irudikatuko dugu gure burua. Batzuetan, halabeharrez horrela izango da baina, beste batzuetan gure aitzindarien lan eskergari esker beste mota batetako mundu bat erakutsi dezakegu. Historian zehar egon egon ginen, hori jadanik ezin digute ezkutatu, hau horrela dela jakinik testu liburuetan edo erreferentziatzat hartzen ditugun ikusentzunezkoetan txertatu beharrak ditugu emakumeon testigantza, aurkikuntza, bizimodu, etabarrak. Gainera ez gara 0tik abiatzen nahiko lan egina dago eta egiten ari dira. Saretzeaz eta estrategiak erabiltzearen indarraz jabetu behar gara horretarako.
Berregin, eraiki eta birformulatzeko, bizikletaren pedalei ematea besterik ez dago. Kontzientzia feminista izateak edo garatzeak inplizituki ekintza izan behar du oinarri. Bestela, bere horretan gera daiteke aldatu beharreko sistema patriarkala. Bizikletak, emakumeon historian, askatasun tresna irudikatzen du, horrek leku batetik bestera, edota espazio desberdinetan mugitzeak ekarri zigulako (beste gauza askoren artean). Modu berean ikuspegi edo kontzientzia feminista izateak; androzentrismoa, sexismoa eta ekarpenen lapurketa detektatzen laguntzen gaitu eta honek mugiarazi beharko ginduke. Horregatik, berregitearen ohitura hartu eta has gaitezen gurpilak biratzen.
Iazko ikastarokideei begi keinua egiteko momentu honetan, egindako aukeraketa hauxe izan da:
“Ez etsi zailtasunen aurrean, onena hortik sortzen da eta”
Bazterretako pertsonei egiten die erreferentzia izenburuak, eta indartsu edo aberasgarriena hortik sortzen dela baieztatzen dut nik ere! Modu labur eta argian plazaratzen ditu gai honetako ideiak Ainhoa Calvok.
Aukeratu dudan emakume aitzindaria, Mari Angeles Etxebarria Begiristain (Amasa, Billabona 1923-1976) da, sendabelarretan, zauri kangrenatuetan eta hainbat sukar sendatzen zen aditua. Bakar bat aukeratzea zaila egiten zait, bakarka eta modu kolektiboan aritzen ziren sendalari edo sorgin ugari baitzeuden Euskal Herrian. Urteetan eta ahoz ahoko trasmisioaren bitartez bereganatu zituen sendabelarren erabilerak Mari Angelesek, eta herriko edo kanpoko pertsona ugari lagundu zituen. Guzti hau ezkutuan egin behar izaten zuen ez baitzen onartzen emakumeek jakinduria edo gorputzaren ezagutza izatea. Entziklopedietan edo Googlen aurkituko ez duzuen emakumea da bera, bazterrekotzat zuen bere burua baina, bizitzari gogor ekiten zion horietako bat. Amonaren izena hona ekarri eta plaza birtual honetara atera nahi izan dut. Bera bezala jakinduria handiko milaka emakumek protagonismoa izateko eskubide bera dutelako, gure ingurumarian milaka ditugulako eta itzalpetik ateratzeko eskubidea dugulako. Berak aspaldi galdu zuen aukera blog hau irakurri ahal izateko, baina, bere bitartez hamaika Mari Angeles edo sorgin omendu nahi izan ditut.
Guzti hau eremu hezitzailean lantzeko erronkak zeintzuk diren aipatu duzue jada. Beraz, emakumeen protagonismoa berreskuratzeko beharrezkoak diren kontzeptu edo hitzekin bukatuko dut.
PROTAGONISMOA
AHALDUNTZEA
EKINTZARA JOTZEA
IKUSGARRITASUNA
JAZARPEN MEKANISMOAK BAZTERTZEA
ETA EDUKI HAUEK DANAK PLAZARATZEA!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina