2017/01/23

PARTAIDETZA, AHALMENA

PUBLIKOA
ARDURA
HARREMANAK
TRANSPARENTZIA
AKTIBOA
IDEIAK
AHALDUNTZEA
EKINTZA
TALDEA
ZABALTZEA
AUKERAK

Nik ikusi dudanaren arabera, eskolan haurren partaidetza zabala izaten da eta ez nuke esango sexu aldetik ezberdintasuna ematen denik iritziak ematerakoak, esperientziak elkarbanatzerakoan… Galdera bat egin eta neska-mutikoek gogotsu altxatzen dituzte eskuak. Baina ez naiz irakaslea eta ezin dezaket erabat ziurtatu. Iruditzen zait, heldutasunera iristen goazen heinean galtzen dugula emakumeek partaidetzarako “aukera” hori. Horretarako arrazoi batzu, partaidetzarako zailtasunak atalean agertzen dira irakurgaian eta bi azpimarratuko nituzke:

Lehena “Partaidetza-kultura eskasa, publikoa eta pribatuaren arteko dikotomiaren indarragatik, emakumeen eragina handiagoa izanik. Egia da emakumeen presentzia azkenengo hamarkadetan handitu dela eremu publikoan, baina beste aldetik, etxeko-pribatuan gizonen inplikazioa eta konpromisoa ez da neurri berean eman, beren espazioa ez bailitzan. Eta dikotomiaren logikari jarraituz, eremu publikoa emakumeena ez balitza”. Honen inguruan gaineratuko nuke espazio pribatuan gizonen konpromisoa areagotzen ez bada, emakumeena ezin dela publikoan indartu, batez ere zaintza kontuak ematen direnean. Kalitatezko partaidetza bermatzeko “denbora” behar da. Eta dagoeneko ikusi dugu denboraren erabileran ematen den berdintasun eza. Partaidetza eta konpromisoa aipatzen da, eta emakumeak askotan ez du parte-hartzen, horretarako denborarik ez duelako, eta hortaz konpromisoa bermatu ezin duelako. Apurtu beharreko gurpil zoroa.



Bigarrena: "Informazioa jaso, adostasunak lortu eta erabakiak hartu ohi dira askotan horretarako egokiak ez diren gune ez formaletan, bertan emakumerik ez dagoenean". Esate baterako bilera luze baten ondoren edo udalbatza baten ostean “pote bat hartzera” edo “bazkaltzera” joaten direnean. Eta nortzu joaten dira horretara? Beste erantzunkizunik ez duenak, zaintzarik egin behar ez duenak, eskolan inor jaso behar ez duenak, denbora duenak, alegia. Eta zoritxarrez, oraindik ere foro informal horietan hartzen dira erabakiak eta are gehiago, bertan indartzen dira laneko konfidantzazko harremanak horrek enpresa munduan duen eraginarekin.

"Hartuko dugu potetxo bat bileraren ondoren....?" "Uff nik ezin!! Banoa..." 


Eskolari dagokionez, nire esperientzia ez da irakaslearena, batzordeetan parte hartzen duen guraso bezala baizik. Ikuspegirik zorrotzena ere jarrita esan dezaket emakumeen partaidetza bermatuta dagoela, zabala dela, inolako oztoporik gabe ematen dela. Baina gurasoen alderditik, hau ere ez da eremu produktiboa, erreproduktiboarekin harremana duena baizik. Arlo produktiboan, enpresa munduan, emakumeen iritzia askotan gutxiesten dela ikusi/nabaritu/jasan izan dut.

Iazko ikaskideren postei dagokionez, Bego Mentxakarena aipatuko dut, material ugari eskaintzen duelako.


Hezkidetzari dagokionez, oso garrantzitsua iruditzen zait haurrei partaidetzaren garrantzia adieraztea, zertan datza, zergatik, nola… eta besteen iritziak errespetatzen erakustea. Hori eskolan jorratzea garrantzitsua baderitzot ere, partaidetzarako jarrera emankorra era berean baina modu sakonean etxean lantzea ezinbestekoa da. 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina