2017/05/03

Betirarte!



Zenbait emakume zain egoten dira,

zerbait noiz aldatuko
eta deus ez da aldatzen, beraz,
beren burua aldatzen dute.”

AUDRE LORDE

(Itzulpena: Danele Sarriugarte-Poesia Kaierak-SUSA)


Ikastaroa bukatzen ari da, ez da ibilbide motza izan, eta beste ikastaro kideek iada esan duten bezela, ez da ibilbidearen hasiera besterik. Zuei denoi eskerrak ematea besterik ez da geratzen, eskerrik asko bakoitzari zuen experientziak, iritziak, gertakizunak, bakoitzaren jakinduria konpartitzeagatik.

Ibilbide hontan berriro topo egingo dugulakoan nago, eta seguru orduan ez garela orain garenak izango: ikastaroan zehar berplanteatzen, desikasten eta ikasten, eraldatzen etengabe aritu gara eta espero dut, hala jarraitzea!

ahalduntzea

aliantzak

jakintza kolektiboa

Hauek dira denon artean eraiki dugun ikastaroarentzako aukeratu ditudan hitzak, uste dut, beraien kabuz hitz egiten dutela.


Ikastaroko jarduerak egiterakoan maiz lagun izan dudan abesti bat da hurrengoa, jarduerak egiterakoan askotan entzun dudana. Hor doa!




Ikastaroan zehar, ikasi dut norberaren lotsak, beldurrak tresna bikaina izan daitezkela bertatik ikasteko. Izan ere, bakoitzaren lotsek asko esaten dute bizi garen gizarteaz, Mari Luz Estebanek Argiako Hezkuntza da gorputzarekin eta gorputzetik egiten den zerbait artikuluan azaltzen duen bezala.

Lotsa sentitzen dugunean, gure ni-a oso gutxitua sentitzen dugu eta oso esperientzia garrantzitsua da, ez bakarrik modu negatiboan. Josune Irigoienek dio lotsa kontrol mekanismo bat dela, genero ikuspegitik eta emakumeen kasuan gorputzari oso lotua; lotsak ondo erakusten digu patriarkatuaren gune beltzak non dauden. Eve Sedwick-ek dio zerbait transgreditu izanaren sentsazioa dela lotsa, nahiz eta batzuetan zer transgreditu dugun oso ongi jakin ez. Horren bidez eratzen dugu gure identitatea. Lotsatzen diren umeek erakusten digute non dauden arazoak, eta ez da euren arazoa, gizartean ditugun problemak identifikatzeko da baliagarria. Gorputzak lotsatzen baditu, erakusten digute gorputzari lotuta zein arazo ditugun gizarte honetan. Horregatik, lotsa mekanismo interesgarria izan daiteke ikasgelan lantzeko.

Guk ikastaroan zehar, gure gertakizun, lotsa eta beldurrak konpartitu ditugu, eta bertatik ikasi dugu, hauek zergatik pasatzen zaizkigun konpartitu eta ulertzeak hauek indargune bilakatzen lagundu digu. Garrantzitsua dena da lotsa eta beldur horiek kolektibizatu egin ditugula, eta hori ariketa ausarta da.


Aipu ezagun bati jarraiki, hau esango nioke hezkidetza esku hartzen ikastaroa egitera hurbildu daitekeen norbaiti:

Hezkidetzen ez duenak, ez daki zer den hau! Beraz, animatu!



Ondo segi sorgintxook eta betirarte! 

2017/05/02

HASIERA BESTERIK EZ DA IZAN!

Ikastaroaren hasierako hitzak dira honakoak:

Hezkidetza dela-eta, etxeko lanak jarri dizkiot neure buruari. Egia esan, gaiaren inguruan urrats gutxi eman ditugu ikastolan, eta zuzendaritzatik irakasleoi ikastaroaren berri iritsi zitzaigunean, lehendabizi gaitegia gainbegiratu nuen. Segituan konturatu nintzen asko nuela ikasteko”.

Eta bai ikasi ere. 3 hitzekin definitu beharko banu ikastaroa, honako adjektiboak erabiliko nituzke: hezigarria, sakona eta ederra. Zenbat gauza desikasteko, zenbat ikasteko! Zenbat buruhauste! Zenbat gozamen! Asteburuetan aritu naiz lanean eta, egia esan, gogorra izan da larunbat eta igande guztiak hipotekatuta izatea; baina merezi izan du, bai horixe!


Hezkidetzaren alde egitean garrantzitsua da konplizitateak eta sinergiak biltzea”.

Eta hori da egin duguna ikastolan. Hezkidetza taldea osatu dugu, eta aurten aurrerapauso handiak eman ditugu. Hasieran aurreikusitako helburuak gainditu egin ditugu, beraz, oso-oso harro gaude egindako lanaz. Halere, egindakoa hasiera besterik ez da izan.





Ikastaroaren 2. jardueretako behaketak egiten gozatu dut gehien: “Usoa, aste honetan, zer egingo dugu etikan? Dilemak landuko ditugu? Mikromatxismoak antzeztuko ditugu? Bideoak ikusiko ditugu? Behaketak egingo ditugu?”. Ikasleekin hurbileko errealitatea zuzenean begiratzea eta hausnartzea plazera izan da.


Diozue zuen asmoa izan dela hezkidetzaren inguruko hainbat gairen inguruan inarrostea eta, oinarrizko gakoak argi utzi ondoren, sakontzeko bideak eskaintzea. Bada, nigan behinik behin, bete-betean asmatu duzue! Horrenbestez, 22 aste hasiera baino ez dira izan; gure artean mugitu den guztia barneratzeko eta prozesatzeko 250 ordu baino askozaz ere gehiago behar baitira.


Bide-lagun izan zareten guztioi muxu bero bana.





Izan untsa eta eskerrik asko bihotz-bihotzez.







Laister arte!

22 aste izan dira, bakoitzaren erritmoek eta denborek markatu dute parte hartzaile bakoitzaren intentsitatea. Fin-fin aritu zarete batzuk, ahal izan dugunean besteok. Baina hezkuntza eremuak duen garrantziaz gehiago jabetu eta pertsona bakoitzaren garapen urteetan esku hartzeak duen garrantziaz gehiago ikasi dugu.

Indarkeria estrukturala mantendu eta emakumeen zapalkuntza bermatzen duen heteropatriarkatuari aurre egiteko ezinbestekoak dira estrategiak garatzea. Indarra eta baliabideak bideratu behar dira emakumeen ahalduntzera eta maskulinitate eredu ezberdinen lanketara. Hori da modua jendarteak markatzen dituen rol eta estereotipoen gainetik pertsona bakoitzak bere identitatea modu askean garatu eta lantzeko eta pertsonen arteko harremanak tratu onean oinarritzeko.

Presio sozialak eragiten dituen frustrazioak eta ondorioz garatzen diren botere harremanak amaitzeko bidea horixe da. Pertsona bakoitzaren askatasunetik lortuko dugulako askatasun kolektiboa.

Halere hezkuntza sistemari dagokio estrukturalki hezkidetza proiektuak garatzea eta kurrikulumean txertatzea dagokion garrantzia aitortuz. Horrela ezean, herri bakoitzeko ikastetxearen edo udalaren esku geratzen baita baliabide ekonomikoak jartzea estrategiak garatzeko. Eskumenak hezkuntza sailarenak izanik, hezkuntza sistemak garatu behar du estrategia ikastetxe guztietarako, horretarako beharrezko baliabideak bideratuz.

Bidea luzea da, baina estrategia integralak garatuz lortuko dugu.

Konfidantza, indarra eta adorea. Hiru hitz horiekin eta honako kantarekin deskribatuko nuke sentitzen dudana eta ikastaroan irakurritako testuek eta jendearen ekarpenek eman didatena. Baina batez ere indarra eta adorea, guztiok dakigulako beharrezkoa dela bidean aurrera egiteko.

https://www.youtube.com/watch?v=k6uDEoHucjQ


Plazerra izan da!


2017/05/01

Hezkidetzan eskuhartzen: ERALDAKETA FEMINISTARAKO TRESNA.

Iritsi gara ikastaroaren amaierara. Bide hau hasi genuen eta dagoeneko 22 aste bete ditugu, Bide honetan  norbanakoan zein gure inguru hurbilean sentimendu, bizipen eta hausnarketa ugari burutu eta konpartitu ondoren, egindakoaz oso balorazioa positiboa egiten dut, nahiz eta batzuetan ikastaroko erritmoa jarraitzea gogorra egin zaidan.

Ikastaroan landutako gai ezberdinak, eskuhartzeak, zuzeneko behaketak...aukera eskaini didate nire burua eta nire inguru hurbila betaurreko moreak jantzita ikusteko, behatzeko... eta identifikatutako hainbat egoeretan proposamen hezkidetzaileak egiteko. Bide honetan zerbait azpimarratu beharko banu hauxe litzateke: Ikastaroak  ERALDAKETARAKO eskaintzen dituen tresnak.




Beraz, bide hau egin eta gero, zaila egiten zait hasitako bidea etetea, horregatik hasitako bideari jarraipena emateko konpromezua hartzeko gogotsu nago. Gaur egun oraindik gure eskolak hezkidetzaileak izan ez arren, gure erronka bilakatu behar dugu eskola hezkidetzailea bihurtzea, Horretarako urratsez urrats bide hau egiten geroz eta pertsona gehiago biltzen jarraitu behar dugu, elkarlanean, saretzen, esperientziak trukatzen, guneak sortuz... eta gure haurreskola, eskola eta unibertsitateetan sujeto eraldatzaile feministak bilakatzen.

Eskerrik asko guztioi. Marrubizko muxuak!!!!.

Amaitzeko, irakurtzeko gomendatzen dizuedan liburu bat " Guztiok izan beharko genuke femnista" Chimamanda Ngozi Adiche da bere egilea.